Amaia Urrestilla: “Errealitatetik urruntzen diren edertasunak bilatzea gustatzen zait”


Ile-apaintzaile eta makillaje munduan bere tokia egiten ari da Amaia Urrestilla (Zumaia, 1996). Ohiko makillajeez gain, fantasiazkoak eta protesiak ere egiten ditu, eta telebistan, musika-ekitaldietan eta zineman ere lanean buru-belarri dabil.
Lehenik eta behin, Amaia, konta egiguzu nondik datorkizun zure ogibide egin duzun zaletasun edo pasio hau?
Zaletasuna txikitatik datorrela esan dezaket. Beti izan dut garbi ile-apaintzaileen edo makillatzaileen mundua gustuko nuela. Ahal nuen guztietan lagunei orrazkerak egiten ibiltzen nintzen, edota amaren makillajearekin jolasten nintzen. 16 urterekin etxekoek animatu egin ninduten ile-apainketa zikloa egitera Zarautzen. Bukatu, eta ile-apaindegi batean lan egiten hasi nintzen, baina segituan jakin nuen ikasten jarraitu beharra nuela, ez nuela nahi hori bakarrik.
Telebistan, zineman, ikuskizunetan, Mitoaroa-n… saltsa guztietan sartuta zaude; zein proiektu dituzu esku artean?
Ahal dudan saltsa guztietara animatzen naiz, denetik egitea gustatzen zait eta. Iraila potente bukatu dut, Zinemaldiarekin; oso intentsua izaten da, eta urria nahiko lasai hartu nahi dut. Iragarki bat egin berri dut aste honetan, eta bi aste ditut euskal musika talde baten proiektu bat prestatzeko. Film labur bat ere badut esku artean, baina oraindik ezer lotu gabe. Momentuz, lasai. Abendu inguruan telebistara bueltatuko naiz, baina, bestela ere, ateratzen zaizkidan gauzak egiten saiatuko naiz.
Ohiko makillajeez gain, fantasiazkoak eta protesiak ere egiten dituzu, ezta?
Bai! Asko gustatzen zait efektu berezien mundua, eta protesiak egiten ikasteko gogoz nengoen; beraz, 2023an Madrilera joan nintzen ikasketa horiek egitera.
Zer du fantasiak horrenbesteraino gustuko izateko?
Beti gustatu izan zait fantasia. Zineman ere irudi politak eta fantasiazko estetika duten filmak gustatzen zaizkit. Errealitatetik urruntzen diren edertasunak bilatzea ere gustatzen zait. Protesiekin ere, zauriez gain, gogoko dut makillajeari buelta bat ematea edertasuna moldatuz.
Erreferenterik baduzu makillajearen munduan?
Moda edertasunean asko gustatzen zaidan makillatzailea Pat McGrath britainiarra da. Alexis Stone britainiarrak ere bere burua karakterizatzen du protesiak erabiliz, eta lan izugarria egiten du. Euskal makillatzaileen artean, Angela Ruiz bizkaitarra dago fantasiazko makillajeak zein efektu espezialak egiten. Harekin lan egiteko aukera izan dut, eta sekulakoa izan da. Gaur egun, sare sozialekin, milaka artistaren lana ikusteko aukera dugu, eta beti ikasten da zerbait.
Bartzelonan eta Madrilen egin dituzu ikasketak; Euskal Herrian badago lanik?
Euskal Herrian lana badagoela esango nuke. Euskal zinema topera dago eta kanpotik ere grabaketa asko ari dira hemen egiten. Euskal musikan ere gero eta proiektu artistikoagoak egiten ari dira eta makillajea kontuan izaten dute.
Zein zuzendarirekin edo sortzailerekin lan egitea gustatuko litzaizuke?
Mundu mailan pentsatuta, Tim Burtonen estetika asko gustatzen zait. Makillaje dibertigarriak izaten dira, eta edertasun ilunak ere bai; biak nahasten ditu.
Eta zein famatu makillatu nahiko zenuke?
Rihanna esango nuke; txikitatik izan dut erreferente musika, moda eta edertasun aldetik. Beraz, hura makillatzea gustatuko litzaidake.
Konta egiguzu makillatzen gertatu izan zaizun anekdota bitxiren bat.
Lehengo urteko Zinemaldian, Nico eta Iñaki Williams futbolariaren ama makillatu nuen, baina ez nuen ezagutzen. Makillatzen ari nintzen bitartean, hitz egiten ari ginen, eta haren mugikorrak jo zuen. Bideo-dei bat zen, eta esan zidan: “Begira, nire semea da!”. Eta pantailara begiratu nuen eta Nico Williams zen; kar-kar.
Irla desertu batera makillatzeko tresna bakarra eraman beharko bazenu, zein izango litzateke?
Makillaje bakarra eraman beharko banuke, betileetako maskara eramango nuke.