Amaia Merino: “Pelikula bat indartsuagoa da diskurtso politiko bat baino”

Non dago Mikel? plazaratu berri du. Lehenago, Asier eta biok egin zuen. Aurretik, 24 urteko ibilbide luzea egin du zinemagile moduan Ekuadorren. Tasio pelikulako neskatxa gazte hura -ederragorik, ezta margoetan ere- aktore izatetik zinema zuzendari izatera igaro da. Irudiak nahiago ditu hitzak baino. Halere, elkarrizketan gogoeta interesgarriak utzi ditu.

Amaia, ze emakume interesgarria zaren eta ze elkarrizketa gutxi egin dizkizuten, dizkizugun.

Berria naizelako.

Ez horren berria. Itzal handiko bi pelikula egin dituzu, Asier eta biok eta Non dago Mikel?. Biotan zuzendarikidea izan zara. Bion kontura, elkarrizketa gehiago egin dizkiete beste zuzendariei, Aitor Merinori eta Miguel Angel Llamas Pitu-ri.

Niri ez zait gustatzen batere elkarrizketak egitea, hitz egitea, eta ahal dudan guztietan saihesten dut.

Inoiz, irudiak hitzak baino gehiago maite dituzula esan didazu.

Nire kasuan, irudietan, ekintzetan, egunerokotasunean askoz gehiago sinesten dut hitzetan baino. Gure inguruan hitz gehiegi ikusten ditut gaur egun. Batzuetan, oheratzen naizenean hori pentsatzen dut: nola da posible horrenbeste hitz izatea gure inguruan?

Genero kontu bat izan daiteke? Gizonok errazago esaten diogu baietz elkarrizketa bati.

Ez dakit. Asier eta biok pelikularen garaian normala zen, anaia zelako aurpegia jartzen zuena. Eta orain, Pitu oso jatorra da, eta esaten diodanean berak egiteko, onartu egiten duelako, animatzen delako.

Irudien mundua oso gogoko duzu oso aspaldidanik: umetan, Albaniaren konkista, Akelarre eta Tasio pelikuletan parte hartu zenuen, aktore.

Aita saltsero samarra zen. Barañainen oso taberna berezia zuen: Carpanta. Batzuek gogoan izango dute. Aita eta tabernan lan egiten zuten beste bi gizon handiak, lodiak eta bizardunak ziren. Albaniaren konkista pelikularako estrak behar zituztela ikusi zuten. Aurkeztu ziren, eta berehala hartu zituzten. Horrela sartu zen aita mundu horretan. Gero, pelikula baterako haurrak behar zituztela esaten zutenean, aitak eramaten gintuen, eta beti hartzen gintuzten. 

Ez zen horren erraza. Adinkideak gara, eta nik ere egin nuen Tasio pelikularako casting-a, Udal Ikastolan. Ez ninduten hartu.

Nik ez nuen ikastolan egin. Lizarran egin nuen. Aitak Lizarrara eraman ninduen. 12 urte nituen. Montxo ikusi nuen han, ile luze kizkurrarekin, bizarrarekin, argal-argal. Mutil batekin dantza egiteko eskatu zidan, herrietan bezala. Eta atera ginenean, aitak papera niretzako zela esan zidan. 

Pelikulako herriko plazako eszena mitikoa da hori, “Más guapa ni en pintura” (Ederragoa ezta margoetan ere) esaten dizutenekoa. 

Oso autentikoa da pelikula, eta, bereziki, eszena hori. Jendeari asko gustatu zitzaion, baina niri ez. Lizarran estreinatu zenean, eszena hori ikusi nuenean, zinemako aulkiaren azpian ezkutatu nahi izan nuen. Sekulako lotsa eman zidan.

Pelikulako eszenen artean ederrena da eta.

Denborarekin berrikusi nuen, eta ulertu nuen. Baina orduan ez.

Edonola ere, aktore lanak gustatu zitzaizkizun.

Bai. Bizitza horrelakoa da. Aukera hori aldez aurretik pentsatu gabe izan zen. Abestea eta dantza egitea gustatzen zitzaidan, baina ez nuen halakorik aurreikusi.

Baina aktore ikasketak egin zenituen.

Gero bai. Pelikulak egin nituen han eta hemen, eta, halako batean, horretan segitzeko ikasketak egin behar nituela erabaki nuen. 17 urterekin, Iruñea utzi eta Madrilera joan nintzen. 47rekin itzuli naiz.

Tartean, buelta askotxo emanda. Zer moduz aktore ikasketak?

Aktore izateko ikasketekin txunditu nintzen, zein lan sakona den ikusita. Aktore lana arina dela, dena glamourra dela iruditzen zaigu, baina ez da hala. Lan handia egin behar da, oso serio eta oso zintzo. Horrek harrapatu ninduen ni: jendea, nire ikaskideak eta ni neu biluzik eta interesgarri ikusteak. Dramaturgia, estruktura, hori guztia asko gustatu zitzaidan.

Hala sortu zitzaizun Nazca izeneko telesaila egiteko aukera.

Casting-a egin eta berehala esan zidaten baietz, 19 urterekin. TVEren telesail bat izan zen, inor gutxik ikusi zuena. Urte bat eta zortzi hilabete eman genituen telesaila grabatzen, Kuban, Mexikon, Dominikar Errepublikan… Oso talde polita osatu genuen kubatarren, txiletarren, madrildarren eta mexikarren artean. Ni nintzen euskal herritar bakarra. Hamazazpi ataleko telesaila grabatu genuen.

“Pozik gara ‘Non dago Mikel?’ pelikulak eragindako erreakzioekin, baina hitzetatik ekintzetara igaro behar dute”

Eta handik Ekuadorrera, Quitora; nola?

Telesaila grabatzen hango mutil bat eta biok maitemindu egin ginelako. Hasieran, ez genuen uste elkarrekin segituko genuenik. Ni Madrilera bueltatu nintzen, ikasketekin jarraitzeko. Baina bera bisitan etorri zen. Gero, ni Ekuadorrera joan nintzen, ikusteko zer moduz sentitzen nintzen han, eta 24 urte geratu nintzen han.

Kameraren bestaldeko lana han ikasi duzu. Eta edizio eta gidoi irakaslea ere izan zara.

Nire kabuz ikasi nuen, egitearen poderioz, hanka sartzearen poderioz. Pelikula anitz muntatu nituen. Halako batean, han zinema institutu bat zabaldu zuten, eta han aritu nintzen irakasle.

Nolakoa da zinemaren sektorea Ekuadorren?

Iruñekoa bezain ertaina dela esan genezake? Ez da handia, ez da txikia. Gauzak egiten dira, nahiko, eta interesgarriak.

Aurreko batean zenioen halako sektore txikiei sekulako mesedea egin diela teknologia berrien garapenak, dena demokratizatu duelako.

Bai, ba. Lehen, pelikula bat egitea oso garestia zen, eta 2000tik aurrera bat-batean kamerak eta editatzeko tresnak erabat merkatu ziren. Aldi berean, dokumentalak zer diren ikasten hasi ginen. Dokumentalgintzan ideia bat aski da hasteko. Horrek guztiak boom bat ekarri zuen.

Dokumentalgintzan bide asko zabaldu dira, kontatzeko moldeetan…

Aukerak asko dira, baina teknikari eutsi behar diozu, nolabait; bestela, bidean gal zaitezke eta.

Asier eta biok pelikula handicam eskuko kamera batekin hasi zineten grabatzen.

Halako kamera batek gertutasuna ematen dizu. Eta inor gutxik pentsatzea pelikula bat grabatzen ari zarela. Turistek ere eramaten baitituzte halakoak. Lasai eta gertutik lan egiteko aukera ematen dizu, nahiko kalitate handiarekin. Eta merkea da.

Pelikula egiteko Euskal Herrira etorri zinen, anaiak ala istorioak erakarrita?

Istorioak berak erakarri ninduen. Euskalduna izatea bizitza osoan barruan daramazun zerbait da. Eta gure gatazkak asko pentsarazten dizu. Anaia Madrilen bizi izan da, eta ni Ekuadorren, eta biok bagenuen horretan sakontzeko beharra. Asier Aranguren guretzako beti izan da erreferente bat. Halako batean, espetxetik atera behar zuen. Anaia Madrilen zegoen eta ni Ekuadorren, baina anaiari esan nion: egin behar dugu. Biharamunean zen ateratzekoa, anaia erotuta ibili zen kamera lortzeko. Eskatu bati, eskatu besteari… Azkenean, oso diru gutxirekin kamera bat erosi zuen, eta horrela hasi zen Asier eta biok.

Hori zure itzuleraren hasiera izan zen.

Hein batean, bai. Baina gauzak egiten dituzunean ez dakizu zer-nolako erantzuna jasoko duten. Asier eta biok Euskal Herria, Madril eta Ekuador artean egin genuen. Izan zuen harrera ikusita, bururatu zitzaidan, agian, Euskal Herrian lekutxo bat egongo zela niretzat. Hori hasi nintzaion buruari bueltaka.

Itzulera ez zen erraza izanen. Bideo-elkarrizketa batean, “nosotros los ecuatorianos” (Gu ekuadortarrok) esaten ikusi zaitut, hango gaztelanian. Hango pasaportea daukazu, ezta?

Ekuadortarra naiz, bai. Eta hango pasaportea gustuko dut. Bestea, ez.

Zure nortasun agirian zer jartzen duen galdetzen badizute, erantzun originala emateko moduan zara, beraz.

Kitokoa eta kitto.

Eta halako batean, Non dago Mikel? pelikula egiteko aukera. Baina oso abiapuntu zailarekin, proiektuan lur hartu zenuenerako, material guztia grabaturik zegoen eta.

Pitu-ren eskutik jaso nuen proiektuaren berri, 2017an, Ekuadorren nengoela, baina hanka bat hemen nuela. Oso gogorra eta tristea izan zen Ekuador uztea, baina unea iritsia zen. Aukera eman zidaten proiektuan parte hartzeko, eta, jakina, baietz esan nien, noski. Bere garaian, hura guztia bizi izan nuen, manifestazioak, eta abar.

Adinkideak gara, 1970ekoak gara biok. Gure belaunaldiaren lehen manifestazioak izan ziren Mikelen desagerpena salatzeko egin zirenak.

Ze beldurra. Bizitza erreala.

Zinemak betetzen ari zarete: Euskal Herrian, Bartzelonan, Madrilen… Lehen asteburuan, Espainian, lehen bost pelikularik ikusienen artean izan zen.

Eta hori dokumentala izanda, nagusiki euskaraz izanda, jorratzen duen gaia jorratuta… Oso pozik gaude.

Ahantzi gabe Donostia Zinemaldian estreinatu zenutela.

Eta aipamen berezia eman ziguten.

Eta bestelako lorpenak ere ekarri ditu: Espainiako presidenteordeak, Pablo Iglesiasek, Madrilgo estreinaldian parte hartu du, eta Espainian torturatu egin dela aitortu du.

Ez da zernahi, ez. Gauzak gertatzen direnean, azkar sortzen dugu iritzia. Baina, denborarekin, hori orekatu egin behar da. Nahiko ezohikoa izan zen. Ez genuen espero.

Atzerrian bizi zarenean, euskal gatazka barruan daukazu beti. Banuen horretan sakontzeko premia

Iglesias eta Irene Montero, Berdintasun ministroa, gonbidatu egin zenituzten?

Ez, haiek gonbidatu gintuzten gu. Gure sarrerak ordaindu zituzten.

Baina aldez aurretik deitu zenieten?

Alderantziz izan zela uste dut. Haiek deitu zutela, Madrilgo estreinaldira joan nahi zutela esanez. Guk estreinaldirik ez zela izanen esan genien. Eta orduan, lehen emanaldira joanen zirela esan ziguten. Orduan, guk Madrilera joatea erabaki genuen, jakina. Garrantzitsua izan da. Hitzak sinbolikoak baldin badira, ongi etorri eta eskerrik asko. Baina gero, egiazko ekintzetara pasa beharko genuke, eta ez dakit nik egingo duten.

Egia, aitortza eta erreparazioa eskatu ohi da. Aitortzatik badu horrek.

Aitortu zuen, bai, publikoki.

Beste lorpen bat: zuen pelikularako dokumentazio lanaren karietara azaleratu diren Peroteren eta Gomez Nietoren elkarrizketaren grabazioa iker dadila eskatu duela Nafarroako Parlamentuak, aho batez.

Nafarroan aho batez erabaki hori hartzea ez da ohikoa. Nik baino hobeto jakingo duzu hori. 

Aurrekoan, Euskalerria Irratian, pelikula bat diskurtso politiko bat baino eraginkorragoa izan daitekeela esan zenidan.

Bai, nola ez, bada. Pelikula bat ikusteko, lagunekin hitzordua lotzen duzu, etxean prestatzen zara, bidea egiten duzu, sarrera erosten duzu, telefonoa itzaltzen duzu eta ordu eta erdiz isilik esertzen zara, komunitatean, pelikula ikusten. Horrek enpatia berezia sortzen du. Uste ohi dugu parlamentuak eta hitzaldi politikoak direla eraginkorrenak, baina, agian, gauza hauek, konturatu gabe, sakonago sartzen dira.

Beste zuzendaria, Pitu, 19 urterekin torturatua izan zen. Iruñeko estreinaldian esan zuen pelikula torturatzaileekiko bere mendeku txikia dela, eta ez duela epaiketarik edo espetxe zigorrik nahi haientzat, itsusia litzatekeela berak preso bat behartzea torturatzaile batekin ziega konpartitzera. A ze antipunitibismo erakustaldia.

Asko gustatu zitzaidan. Oso interesgarria da bere ikuspegi hori.

Zenbaitek ezin izan dute ikusi pelikula. Mikelen ama Garbiñek, neska-lagun ohi Idoia AIerbek, lagun ohi Jon Arretxek.

Tristea eta oso gogorra da. Askotan, lotura ikusten dugu torturaren eta gerora pairatzen diren gaixotasun batzuen artean. Are gehiago, aitortzarik ez badago, gezurti bat zarela esaten badizute, horrekin bizi behar baduzu.

Ze indarra Garbiñek. Zeinen ongi hitz egiten zuen.

Baita Idoiak ere. Ez ahaztu 21 urte zituela, torturatu egin zutela, espetxetik pasa zela, ateratzerakoan jakin zuela mutil-laguna desagertua zegoela, eta esaten zutena esaten zutela. Ze indarrez hitz egiten zuen kameren aurrean. Ni horrek harritu egiten nau. Eta Garbiñe beste garai bateko emakumea da. Miresmen osoz diot hori. Nahiko nuke halako amona izan, indar eta lasaitasun horrekin. Gauzak di-da esaten zituen.

Ion Arretxeren La sombra del nogal (Intxaurrondoaren itzala) liburuan kontatu zuen xeheki pairaturiko tortura. Baina pelikula honetan utzi duen lekukotza ere sekulakoa da: ze modu indartsu eta sinesgarria, tortura kontatzeko.

Bai, oso. Gertatu zena objektiboki kontatzeaz gain, hemendik, eta hemendik, eta baita hemendik ere hartzen du kontakizuna, eta kolore asko ematen dizkio. Meteoritoak dira. Izugarria da. Ikuslearengan sekulako eragina du horrek. Astindua eragiten du.

Horiekin guztiekin eta ETBren artxiboko irudiekin, egun haiek familiak eta euskal gizarteak nola bizi izan zituzten kontatu nahi izan duzue. Eta horretarako, zenbait material bazterrean utzi dituzue: Peroteren eta Gomez Nietoren arteko elkarrizketaren grabazioa, forentseetako bati egindako elkarrizketa… Pitu-ri oso gogorra egin omen zaio.

Pitu-k dio nik kendu dudala hori guztia, baina, egiazki, bion artean egin dugu. Pelikulak, gehienez, 80 minutu eduki zitzakeen. Gure lana zen ia dena kentzea, %5 horrekin gelditzeko. Gainontzeko guztia baztertu behar genuen. Nire lan egiteko modua da galdetzea: zer egin nahi dugu pelikula honekin? Norentzako egiten dugu? Zer eragin nahi dugu ikuslearengan? Zertarako egiten dugu? Hori da gehien kezkatzen nauen galdera. Hori zehazten duzunean jakiten duzu nola egin. Hori guztia bion artean aztertu genuen. Eta gero, erabakitakoarekin fidel, zorrotz, borrokalari izan behar duzu; bestela, bidean galdu egiten baitzara. Dena dela, bazterrean utzitako hori ez da zakarrontzira joan. Pitu-k ahotsa.info webgunean websail bat sortu du, Galdutako objektuak, erabili ez genituen hainbat eszenarekin, eta oso interesgarriak dira.

Hara bideratu duzue Peroteren eta Gomez Nietoren grabazioa, eta horixe da Nafarroako Parlamentuaren adierazpenaren sorburua.

Askotan galdetu digute zergatik ez dugun sartu pelikulan. Hasieran, erantzun bat prest nuen. Baina orain uste dut denborak argituko duela horrekin asmatu genuen. Zalantzak ditut. Dena dela, Pitu-ri esaten nion: jendea ezin duzu etsita eta minduta utzi pelikularekin, ezin duzu gorrotoa bultzatu, beste mezu bat zabaldu behar duzu.

Eta zigorgabekeria pelikulan ederki islatzen duzue Barrionuevoren garaiotako adierazpenekin, guardia zibilen abokatu zarpailarenekin…

Bai; horregatik, galdera da: noiz itxi hori? Bestalde, audio horiek pelikulan sartuta baleude askoz errazagoa litzateke ikusi nahi ez duenak, prentsak eta, saihestea. Beste modu batean azaldu da kontua, baina azaldu da.

Prentsa aipatu duzu: agenda politikoan tokia lortu duzue pelikularekin. Mediatikoan ere bai, baina gehiago Katalunian Euskal Herrian baino. TV3en prime time-an jorratu dute gaia. ETBn, ez…

Harrigarria da, bai. Salbuespenak salbuespen, EITBn ez dugu interes handirik ikusi. Ez dakit zergatik. Gaia izango da? Edo EITBn bai ala bai euskaraz egiten dugulako? Ez dakit. Prentsa kontuak Sonia Uriorekin landu ditugu. Asier eta biok pelikularekin ere berak landu zuen harremana. Oso ona da. Baina, alde horretatik, ezer gutxi lortu dugu. 

Zinemaldi gehiagotara eramanen duzue pelikula?

Zinemaldiaren ondotik ez da iritsi besteetara. Baina iritsiko da, bai. Gure nahia da orain zinema aretoak betetzea.