Amaia Albes: “Moda munduan sartzen zarenean beti pentsatzen duzu irteera gutxi dituela, baina apustu bat da”
Oihal eta hari artean bizi da Amaia Albes moda diseinatzailea. Txikitan amamaren galtzak josten hasi zen, eta ezkontza-soinekoak eta alfonbra gorrirako diseinuak egiten ditu orain. Bizi izateko modu bat da moda harentzat, eta berezko estiloa daukala argi utzi digu arrasatearrak.
Amaia Albes, arrasatearra zara, moda diseinatzailea. Ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko!
Zer da moda zuretzat?
Espresatzeko modu bat. Eta beste hainbat gauza: artea egiteko modu bat, bizi izateko modu bat…
Noiz eta nola hasi zinen josten?
Ba, 11 bat urte izango nituen lehen aldiz makinaren aurrean jarri nintzenean. Agian, lehenago. Nik gogoratzen dudanez, amamari laguntzen. Amama ikusmena galtzen hasi zen, eta jolasean-edo esaten zidan: “Lagundu egidazu jostorratzari haria jartzen”. Eta horrela hasi zela uste dut. Orduan hasi nintzen apur bat engantxatzen.
Eta gogoan duzu zer izan zen josi zenuen lehenengo gauza?
Amamaren galtzak; kar-kar. Amamari galtzak konpontzen lagundu nion. Bere garaian, galtzak apurtzen zirenean konpondu egiten ziren. Ez gaur egun bezala, berriak erosten ditugula. Amama horretara ohituta zegoen, eta hura izan zen nire lehenengo gauza.
Eta gerora, moda ikasketak egitea erabaki zenuen.
Bai. Apustu potentea izan zen. Zalantzan egon nintzen, ze beti gustatu izan zait eta nerabezaroan nire jantziak eta moldaketak egiten nituen. Josteko makina txikitxo bat neukan, eta harekin egin nituen.
Bai? Eta ze gauza egiten zenituen?
Ama kokoteraino zegoen! Garbigailuan tindatu, moztu… Orduan ez neukan josteko teknika handirik, eta, orduan, galtzak korapiloekin moldatzen nituen. Gehienbat, izaten zen kamisetak moztu, beste oihal batzuekin konbinatu eta dendetan aurkitzen ez nuena, nerabezaroan, neuk egiten nuen.
Eta gero, ikasketak egitea erabaki zenuen, moda ikasketak. Baina kanpora joan behar izan zenuen, hemen aukera handirik ez dago eta.
Bai; hasi nintzen begira, eta zalantzak izan nituen moda ikasteko. Moda munduan sartzen zarenean beti pentsatzen duzu irteera gutxi daukala eta zaila izango dela lan mundua. Eta egia da, baina apustu bat da.
Babesa izan zenuen inguruan?
Bai, handia. Etxekoak, lagunak… Egia da oso gaztea nintzela orduantxe, eta ikuspuntua ere ezberdina zen. Hasiera batean, Bartzelonara joatea zen asmoa, baina hasi nintzen ikusten horrek zituen zailtasunak, ekonomikoki ere ze karga zituen. Eta hasi nintzen begira homologazioak, tituluak… eta Donostiara joatea erabaki nuen.
Eta gero, lanean hasi zinen zenbait enpresarentzat. Kontatu, nola gogoratzen duzu etapa hura?
Gogoratzen naiz ikasketak izan zirela 3-4 urte, eta oso labur, gutxi iruditu zitzaidan. Hasi nintzen lanean enpresa batean, eta proiektu oso polita izan zen, ze sozialki helburu bat zuen. Irakasle ere ibili nintzen ostean, baina beti, nahiz eta lan munduan egon, itzultzen nintzen etxera eta jarraitzen nuen nire proiektuekin. Nire gauzak egiten nituen etxean, eta gero, lanera joaten nintzen, eta heldu zen momentu bat gaueko ordu txikietan egoten nintzela josten. Eta gurasoek esan zidaten: “Zergatik ez zara animatzen zerbait zeure kabuz eta zeure kontura egitera?”. Eta orduan hasi zen dena pentsatzea, bideragarritasun plana egitea… Orduan hasi zen dena.
Orduan hasi zen dena; eta nola doa?
Ondo. Orain, beste erronka bat daukat. Ama izan naiz duela 8 hilabete, eta erronkarik handiena hori da. Nik pentsatzen nuen orain arteko erronkarik handiena izan dela enpresa bat sortzea krisi garai sendo hartan. Baina ikusi dut bizitzak etapa ezberdinak dituela. Honaino iritsi naiz pandemia bat erdian izanda, ezkongai guztiek ezkontzak bertan behera utzita… Ondo, baina erronkaz erronka eta etapaz etapa joan behar da.
“Asko gustatzen zait sortzea eta fantasia, eta ezkongaiek hori ematen dute”
Nolakoa da soineko bat egiteko prozesua?
Esperientzia bat. Ezkongaiei beti kontatzen diet hori deitzen didatenean, eta gero, bizi dutenean esaten dute: “Lehenago etorri izan banintz, gehiago gozatuko nukeen.” Niretzat, prozesua, azkenean, bezeroa ezagutzea da; ezkongaia, kasu gehienetan. Hura ezagutzea, harekin elkartzea. Lehen hitzordua izaten da hartu-eman bat, ikustea ea feeling hori daukagun eta diseinatzea zerbait, nire bat-bateko hori; hura apur bat ezagututa burura zer etortzen zaidan. Solasaldi labur bat izaten da, eta, gerora, proposamen bat egiten diet diseinu konkretu batzuekin, eta, poliki-poliki, hasten gara oihalak topatzen, neurriak hartzen. Egiten dugu toile edo prototipo bat izara edo antzeko oihal batean, ikusteko patroiak ondo doazela, eta orduan hasten gara soinekoa josten. Prozesua ez da luzea, baina polita da, ikusten dituzulako diseinuaren arlo guztiak eta nola doan eraikitzen soineko hori.
Argi izan zenuen ezkontza-soinekoak diseinatu nahi zenituela?
Bai. Asko gustatzen zait sortzea eta fantasia. Eta, azkenean, ezkongaiek hori ematen dute. Ez dituzu hainbat muga, kaleko arropa diseinatzeko orduan bezala. Horrek diseinatzeko orduan eta oihalak aukeratzeko orduan askatasuna ematen du, eta horregatik ere izan daiteke red carpet edo alfonbra gorriak ere asko gustatzen zaizkidala; han ere sorkuntzak askeagoak direlako eta izan daitezkeelako soineko potenteagoak.
Eta zenbat orduko lana dago halako soineko baten atzean?
Ufff… Ez nuke jakingo esaten. 200 ordu egon naiz josten; egon dira 40 ordukoak, 100ekoak… Eskulan handia dagoenean, orduek hegan egiten dute.
Zugana doazenek ideiak argi izaten dituzte?
Denetarik dago. Gaur egungo sare sozialekin eta ditugun baliabide guztiekin, askotan, argazkiekin etortzen dira. Baina egia da bakoitzak daukala pertsonalitatea eta izateko modua; probatu ere egin behar da gorputzean, eta ni saiatzen naiz esaten: “Ba, hau zure gorputzarentzat hobeto doa”. Denetarik dago, baina esan daiteke gehienak argazkiekin datozela.
Saiatzen zara zure estiloa jartzen guztiari, nahiz eta haiek gauza ezberdinak eskatu?
Esango nuke baietz. Haiek ere esaten didate. Ez naiz egoten konbentzitzen “hau edo bestea egin”, baina egia da gura barik animatzen ditudala. Hala ere, ez dut nahi izaten askorik sartu, ze gero norberak eraman behar du eta eroso egon behar du horrekin, eta hark bizi behar du egun hori.
Duela hilabete batzuk, zeresana eman zuen albiste batek. Sophie et Voila ezkontza-soinekoak egiten dituen marka euskaldunak Tamara Falcorentzako soinekoa diseinatu behar zuen, eta, azkenean, bertan behera utzi zuten diseinua, ustez bezeroak eskatu zielako beste marka baten oso antzekoa zen soineko bat. Zer egingo zenuke zuk halakorik gertatuz gero?
Niri gertatzen zaidana da etortzen direla argazkiekin eta esaten diedala nik ez dudala hori kopiatu behar. Argazki bat ekartzen badizute, ez dauka zentzurik neurrira egiteak. Neurrira egiteko aukera emanda, zergatik kopiatu eginda dagoen bat? Ez diot zentzu handirik ikusten. Ze, gainera, nik uste dut norberarentzako egokitu behar dela dena. Bai diseinua, bai oihalak, bai koloreak… dena. Niri ez zait pasatu orain arte “hori dagoen bezala kopiatu eta hau nahi dut”. Ez zait pasatu, eta zorionez.
Eta inork eskatuz gero, zer esango zenioke?
Ezetz. Ez bada haren amamak eramandako zerbait, kasuren bat egon daiteke: “Nire amamak hau eraman zuen eta berdina nahi dut.” Hor, agian, ez dago aukerarik erosteko. Hainbat faktore daude, baina niri ez zait gustatzen kopiatzea.
Eta gertatu zaizu alderantziz? Norbaitek zure diseinu bat kopiatu duela?
Ez dakit. Baina nik uste dut gaur egun dena asmatuta dagoela. Orduan, oso zaila da esatea: “Hark kopiatu egin dit”. Ez dut denborarik galtzen horretan, ze uste dut modak tendentzia batzuk dituela, eta urte batean eramaten badira bizkarrak airean, ba, egongo dira kointzidentziak.
“Pizten ari zaigu ‘green’ kontzientzia, baina kontsumo ohituretan asko dago aldatzeko“
Zer sentitzen da zure diseinuak alfonbra gorrian ikustean?
Ufff! Niretzako hori errekonozimendu bat da, sari bat da. Eta emozionatu egiten naiz.
Eta nola iristen zara horra? Ze zurea marka txikia da. Nola lortzen da norbaitek alfonbra gorrian zure diseinu bat eramatea?
Pentsatu nahi dut lanagatik eta konstantziagatik izan dela, eta egin dudan lan horren emaitza dela.
Alfonbra gorrietarako dagoeneko diseinatu duzun zerbaiten bila etortzen dira ala hutsetik hasten da prozesua?
Denetarik izan dut. Beti saiatzen naiz gordetzen sortzeko tarte txikiak, eta soinekoak sortzen joaten naiz. Badauzkat soinekoak duela urtebete hasi naizela sortzen, eta joaten naiz aldatzen eta joaten naiz bukatzen. Orduan, izaten ditut soineko batzuk eginda, eta gero, izan dut aukera beste batzuk neurrira egiteko. Denetarik egon da.
Geratu zara inoiz inspirazio barik?
Eduki izan dut lan-kargagatik estresa deitzen dioguna gaur egun. Topera zaudenean eta ez dakizunean nondik jo, baina da deskantsu beharra daukazula. Hala ere, uste dut inoiz ez naizela zuri geratu bozeto baten aurrean. Oraingoz. Baina, baita ere, asko laguntzen didatelako oihalek. Nik, behintzat, asko topatzen dut oihala eta oihal horrek ze aukera emango didan lantzeko orduan, gero bozetoa egiteko. Saiatzen naiz katalogoekin eta oihal ereduekin jolasten lehenago manikian, eta gero, bozetoa egiten dut.
Horrek errazten dizu gero lana.
Bai; niri gustatzen zait ikustea. Askotan, aldrebes ere egin izan dut: ideia bat etorri, eta gero, oihala topatu horretarako. Baina, askotan, zailagoa izaten da, ze momentu horretan ez badaukazu oihal mota hori, edo ez badago tendentzian, ibili behar duzu zoroen pare topatzen. Orduan, ibiltzen naiz atelierrean dauzkadan zatiekin.
Eta moda etengabe aldatzen doala jakinda, nola egokitzen zara unean uneko tendentzia horietara?
Nik uste dut gura barik eraman egiten gaituztela sare sozialek, egunerokoak, bezeroek, oihalen agenteek… Baina nik uste dut diseinatzaile ia gehienok, errebelde puntu horrekin, esaten dugula: “Ba, ez dut egin behar hau eta egin behar dut guztiz kontrakoa”. Horrela ibiltzen gara, baina gura barik; gaur egun oso konektatuta dago, eta horrek eragina dauka, nahitaez.
Zein esango zenuke dela zure estiloa?
Esango nuke elegantzia puntu bat daukadala, baina nahiko kañeritoa batzuetan. Momentuaren arabera, sartu dezaket puntu kañero bat.
Ezkontzarako soineko beltza? Zure kasuan, bai.
Nik beti bai. Beltza beti bai, ondo geratzen bazaio pertsonari, ze denoi ez zaigu beltza ondo geratzen. Baina nik uste dut baietz. Edo, behintzat, niretzako zuri-beltza. Zuri-beltza da tandem onena.
Amaia, zure akademia ere sortu duzu; zergatik?
Lehen kontatu dizuedan bezala, bere garaian, enpresarekin hasi aurretik, proiektu sozial baten egon nintzen lanean, patroiak eta produktu bereziak ateratzen. Eta sozialki helburua zen birgizarteratzea. Ibili nintzen lanean irakasle; asko gustatu zitzaidan irakasle izatea. Gerora ere, kultur egitasmoetan eta inguruko herrietan ere ibili naiz irakasle, eta utzi egin behar izan nuen lokal berriaren obrarekin hasi nintzenean. Ze, orduan, topera heldu nintzen eta esan nuen: “Zerbait utzi behar dut, momentuz, eta egunen batean bueltatuko naiz.” Egia da pandemiak piztu zidala berriro hori, jendearekin egoteko behar hori, eta esan nuen: “Geroago egitea pentsatzen nuen, baina orain da momentua.” Eta oso pozik.
Eta zer egiten dute zure ikasleek? Zer ikasten dute?
Denetarik daukagu. Etortzen dira gazte-gazteak. Eduki izan ditugu ume mordo bat 8-10 urtekoak; denetarik dago. Nork bere helburua dauka: badaukagu bere marka propioa sortu nahi duen jendea eta badaukagu deskonektatzera datorren jendea. Eta nik beti esaten dut terapia moduko bat dela, ze joskintzak daukan gauza on bat da bertan egon behar duzula guztiz kontzentratuta.
Nola ikusten duzu zuk, Amaia, egungo moda kontsumoa?
Txarto, baina uste dut hasi dela pizten green kontzientzia hori. Hala ere, uste dut asko dagoela aldatzeko, neu barne. Izan ere, denok gurpil berean sartzen gara eta kontsumo ohitura batzuk ditugu; eta ez kontsumoa bakarrik, ze akademian asko ikusten dut: “Jantzi berri bat egin nahi dut”. Baina armairuan daukagunari bigarren bizitza bat ematea ere oso garrantzitsua da.
Eta erosteko orduan? Gutxiago baina hobeto erosi?
Nire ustez, bai. Kalitate hori, iraungo diguna erosi. Betirako ez da ezer, baina iraungo diguna eta aukera gehiago emango diguna. Uste dut pentsatu behar dugula hamar aldiz, ez bi aldiz, erosi aurretik. Eta, ahal bada, gertuan erosi.
Nortzuk dira zure diseinatzaile gogokoenak?
Hori izaten da beti egiten didaten galdera, eta izaten ditut boladak. Beti dago hor Balenciaga; eraikitzeko orduan beti izango da erreferente bat. Zutabe bezala, Balenciaga, eta, gainera, museora joatea niretzat lagungarria izaten da eta deskonexio puntu bat aurkitzen dut han. Hara joaten naiz, isiltasunean piezak ikusi, ikusi nola eraiki dituen eta oihal motak nola erabili dituen… Erreferente bat da.
Erreferente bat, hemen, Euskal Herrian. Euskaldunok estiloa daukagu, Amaia?
Bai, eta uste dut kanpora goazenean ikusi egiten zaigula. Baina aldatu ere egin da. Eta horrek eragina dauka gertu daukagulako dena. Lehen, tendentziak beranduago heltzen ziren; gaur egun, geroz eta lehenago heltzen dira, eta orokorragoak dira tendentziak. Horrek gugan eragina dauka, eta sare sozialek ere bai; handia.
Non ikusten duzu zeure burua hamar urte barru?
Berdin banago, oraintxe bertan sinatuko nuke!
Eskerrik asko! Jarraitu diseinu bikain horiek sortzen eta lanaz gozatzen. Eta eskerrik asko, benetan, gaur gurekin egotearren.
Mila esker zuei!