Amaia Aberasturi: “12 urterekin jakin nuen aktore izan nahi nuela”
Amaia Aberasturi Franco (Gautegiz-Arteaga, 1997) zinemako eta telebistako aktorea da. 2020an, Goya sarietarako izendapena jaso zuen, emakumezko aktore protagonista onenaren atalean, Akelarre filmean egindako lanagatik. Egun, Beguinas telesailean dihardu.
Zer proiektu dituzu esku artean 2023ko amaierarako, Amaia?
Proiektu aukera batzuk daude, baina oraindik ez dago ezer baieztatuta. Beguinas-en estreinaldia ere egiteke dugu.
Zer konta diezagukezu Beguinas serieari buruz?
Garaiko drama da, XVI. mendean girotua. Beginetxeetako bizitza birsortzen du; emakume askeen komunitateak ziren, Jainkoari eskainiak, baina eliz bitartekaritzarik gabe. Nire pertsonaia, Lucia, emakume indartsua da, inspiratzailea. Matxinatzea eta bere patua zalantzan jartzea erabakitzen du, inkisizioari aurre egitea eta garai hartako pentsamoldean eskandalua sortzen duen maitasun-istorio batean murgiltzea.
Yon Gonzalezek ere parte hartzen du serie horretan. Zer moduzkoa izan da berarekin lan egitea?
Egia esan, plazera izan da. Oso aktore eta pertsona ona da. Elkarrekin ditugun sekuentziak hartualdi bakarrean grabatu dira. Oso dibertigarria izan da haren ondoan lan egitea.
Noiz erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela?
Beti gustatu izan zait gorputz-adierazpenarekin zerikusia duen guztia. Txikitan eta nerabezaroan, ordu askoan dantzatzen nintzen, eta gaur egun ere, asko gustatzen zait. 12 urterekin pelikula baterako casting batera joatea erabaki nuen: Zigortzaileak. Protagonista izateko zortea izan nuen, eta filmaketa horretan aktore izan nahi nuela jakin nuen.
Zer suposatu zuen Goya sarietarako izendapenak?
Itzela izan zen. Akelarre pelikulako pertsonaiaren atzean lan handia dago eta oso zoriontsu egin ninduen izendapenak. COVID-ak markatutako urtea izan arren, ilusio handiz bizi izan nuen. Betetako ametsa da.
Ez da Bienvenidos al Eden seriaren hirugarren denboraldirik egongo. Telesail askorekin gertatzen ari da. Audientzia gailentzen da?
Ez dakit zerk eragin zuen seriea bertan behera uztea. Telesail handia da, eta aurrekontu handikoa. Pena ematen dit hain amaiera irekian utzi izanak.
Zaldizale amorratua zaitugu. Nondik datorkizu zaletasun hori?
Natura eta animaliak maite ditut. Etxean beti egon gara landa-eremuarekin harremanetan, baina, egia esan, ez dakit nondik datorkidan zaldi gainean ibiltzeko zaletasuna, etxean ez baita inor ibiltzen.
Nola deskonektatzen duzu lanetik? Eta sare sozialetatik? Erabat deskonektatu dezakezu?
Ez naiz sare sozialei oso adi dagoen pertsona bat. Deskonektatzeko, familiarekin etxean egoteak balio dit: txakurrak paseatzeak, kirola egiteak, hondartzak…
Zein da zure ametsetako bidaia?
Hainbeste lekutara bidaiatu nahi dut… Galdera hau egiten didaten bakoitzean, ez dakit zer esan. Islandiak atentzioa ematen dit. Leku paradisiakoak gustatzen zaizkit, eta hondartzaz eta eguraldi onaz gozatzea.