Amagoia Mujika Tolaretxipi: “Euskal prentsa oso indartsu dago”

Martxelo Otamendik aro bat osatu du Berria egunkarian. Udaz geroztik, berriz, Amagoia Mujikaren esku dago euskarazko egunkari nazionalaren ardura nagusia. Talde-lanaren aldeko apustu sendoa egin du, elkarrizketan behin baino gehiagotan adierazi duenez.

Amagoia Mujika, ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko.

Udaz geroztik Berria-ko zuzendari zaitugu. Denbora tarte bat izan duzu rol berrian murgiltzeko. Zerk eragiten dizu buruko min handien eta, aldiz, zerk ematen dizu aurrera egiteko indarra?

Buruko min gehien, esango nuke kanpora begira egin behar den lan horrek. Beti egon naiz oso lotua erredakzioari, eta kosta egiten zait. Kasu honetan bezala, normalean galderak nik egiten nituelako; orain, galderei erantzutea dagokit. Publikoki agertu behar hori gehiago kostatzen zait niri.

Gehien gogoko dudanaren aldetik, orain, aurretik egiten nuena egiten jarraitzea da. Ardura gehiagorekin, baina gogoko dut erredakzioan egotea, eta iruditzen zait orain garai oso konplikatuak bizi ditugula eta erronka handiak ditugula aurretik. Taldean lan egitea gogoko dut, eta, alde horretatik, oso pozik nago, Berria-n lantalde oso ona daukagulako eta ilusioa badagoelako.

Zure beldurren harira, erakunde bat ordezkatzen duzu, eta, hein batean, bada lan instituzionala zurea.

Autoexijentzia maila ere handia da. Askotan, hanka sartzeko beldurra izaten dut. Ez ote naizen karguak behar lukeen mailan egongo.

Zure aurrekoa plazagizona zelako.

Gainera, hori! Egia esan, ez dut askorik pentsatzen horri buruz. Martxelo Otamendi, gainera, ez da edozein. Haren ibilbidea ezaguna da eta herri honen alde egin duena asko da. Zuzendari postua eskaini zidatenean, lehen aldian, barre egin nuen. Behin egin zidaten proposamena barneratzen hasi nintzenean, oso argi nuen nire erara egingo nuela. Azkenean, bakoitza den bezalakoa da eta oso diferenteak gara eta oso egiteko modu ezberdinak dauzkagu.

Zuzendari izan aurretik, hainbat sailetan aritu zara lanean. Ardura postuak izan dituzu. Kargu berrian kazetari izateari eusten diozu?

Nahiko genukeena baino gutxiago, segur aski. Badaude egunak, adibidez, batera eta bestera ibili behar dudana, eta ez gaude eguneroko saltsan. Hilabete hauek oso zailak izan dira, aldaketa betean egon garelako, eta hor tokatu zaigu beste gauza batzuk egitea, baina nire asmoa bada kazetari lanak egiten jarraitzea. Hori da, azkenean, gogoko dudana. Orduan, hori ez nuke utzi nahi.

Zer-nolako harremana daukazue erakundeetako ordezkariekin? Badago nolabaiteko joko bat. Gauza bat da publikoan esaten dena, erakundeetako ordezkariek jendaurrean adierazten dutena, eta bestea bileretan adierazten dena. Aldea dagoelako.

Sekulako aldea dago. Orain arte, tokatu zait politikariak, unibertsitateko arduradunak eta abar ezagutzea. Pribatuak izan dira, neure burua aurkezteko. Orain arte ez dut topatu inongo hesirik, tentsiodun egoerarik… Oso amablea izaten ari da prozesua.

Erosoa.

Oso erosoa, bai. Hartu-eman pertsonal horretan, ez dena publikoa, ez dut inongo arazorik eduki. Eta, gainera, esango nuke sorpresa atseginak izan ditudala.

Eraldaketa sakona bizitzen ari zarete Berria-n. Bada aldaketa handi bat, irakurleek ikusten ez dutena. Barrukoa izan da, edizio-sistema goitik behera aldatu delako. Bestalde, kanpora begira, diseinua ere berritu duzue. Oso aldaketa handiak izan dira, oso denbora tarte txikian. Eta, gainera, zuzendaritzan aldaketa gauzatu da. Zirkuan egiten den jauzi mortal hirukoitz horietakoren batean ikusi duzu zeure burua? Antzekoa egiten ari zinela sentitu duzu zure baitan?

Bai, kar-kar. Jauzia ematerakoan, bai. Prozesua oso luzea izan da eta hasieratik lantalde osoarekin egin nahi izan dugu aldaketa. Argi genuelako aldaketa denon artean egin behar genuela. Sistema guztia eta lan ordutegia aldatu dugu. Egun batetik besterako jauzia zen eta azkeneko 4-5 hilabeteak izan dira bilerak eta bilerak eta bilerak. Non sartu gara? Geure buruari egiten genion galdera. Zeren eta zuzendaritzan egon da aldaketa, baina erredakzioaren zuzendaritzan apenas izan da aldaketarik. Lan egiteko modua aldatu dugu, sistema guztia aldatuz. Inpresioa zen, gehiago, urik gabeko igerileku batean jauzi egitera gindoazela.

Taldean aritzeko aukera ematen du ‘Berria’-ren egiturak

Aldaketak egin behar dira. Baina, bestalde, egunerokoan lanean dabilenari aldaketa egiteko momentua, gehienetan, beti oso une txarrean datorkio. Inoiz ez da momentu egokia.

Egia da. Argi ikusten genuen aldatu behar hori; batez ere, digitalean. Webguneari beste garrantzi bat ematen hasi ginen pandemia aurretik. Jendea horretara ohitzen hasi zen. Bestalde, garai hartan oraindik paperaren mentalitatearekin jokatzen genuen. Garai batean, aurreikuspenak orrialdeka egiten ziren. Hori dena bukatu da. Edizio digitalerako idazteak, bestalde, ez du esan nahi korrika eta presaka idatzi behar dugunik. Hori ikastea kosta zaigu. Azken ordukoak eman behar dira, noski. Baina, era berean, eskertzen da albiste bat hartu eta lantzea, testuingurua eskaintzea… Lan egiteko modua asko aldatu da. Lehen, paperera begira geunden, lantaldeak horretara begira zeuden. Egun, webgunean idazten dugu lehenengo, eta, gero, batez ere, aktualitateko Harian papereko atalean zer argitaratu erabakitzen dugu. Lehen, alderantziz zen. Horren ondorioz, lan-txandak aldatu egin dira: lehenago hasten gara lanean eta lehenago bukatzen dugu. Horrek guztiak antolaketa izugarri ona eskatzen du. Plangintza bat garatzen ari gara, eta, ondorioak aztertu eta gero, aldaketatxoak egiten joango gara aurrerantzean. Orokorrean, aldaketarekin gustura gaude.

Zure hitzak aipatuko ditut segidan: “Gure begirada propioa”. Horixe eskaini nahi diezue irakurleei.

Komunikabide bakoitzak bere zigilua dauka. Zer-nolako egunkari nazionala egingo genuke oraintxe hutsetik hasiko bagina? Galdera horrekin abiatu genuen hausnarketa. Guk gure begirada jarrita daukagu euskaran, noski. Hezkuntzan ere bai, ingurumenean, feminismoan, hizkuntza gutxituetan, bazterrekoetan… Laburbilduz, hori izango litzateke gure begirada. Euskal Herritik begiratuta, eta Euskal Herriarentzat. Munduan gu bezalako herri txikiengan ere begirada jartzen dugu. Zanpatua daudenak edo hizkuntza bat gainetik daukatenak.

Kultur mundutik natorrelako izango da, baina ez du preziorik Gorka Urbizuren Hasiera bat Berria-ren azalera eramateak. Jakinaren gainean izango zarete, baina ez dakizue zer-nolako poza ematen dion horrek kultur munduko jendeari.

Esango nuke kultura atala gure kuttuna dela. Beste gaiak inportanteak dira guretzat, baina kultura atala zaintzen dugu bereziki.

“Gure begirada propioa” diozu, eta ulertzen dut zer esan nahi duzun, baina ez da batere erraza –batez ere, apustua digitala denean– gure hori, sareak geroz eta basatiagoak dira eta. Nire hori gainditzen denean, gehienbat.

Sare sozialen kontuan, denbora gutxian gauzak asko aldatu dira. Den-denak presazkoa dirudi, urgentzia batean biziko bagina bezala. Erredakzioan horri buruz gogoeta egin dugu. Inportantea da hor egotea, baina, nire ustez, inportanteagoa da modu pausatuan lan egitea. Zeren eta hainbeste informazio jasotzen dugu, anestesiatuta bizi garela dirudi. Azkenerako, gauzak ahaztu egiten zaizkigu. Aktualitatearen erdian kokatzea gure burua eta albisteak patxadaz kontatzea, hori gero eta inportanteagoa dela iruditzen zait.

Zuzendari postura itzulita eta gure sektorean sarreren eta gastuen arteko oreka beti oso kontutan hartu beharrekoa izanik, zer moduz moldatzen zara Excel-ekin eta kalkulagailuarekin?

Zorionez, ez dago hori gure lanen artean. Guk dirua gastatzen dugu, “hara edo bestera joan nahi dugu” esaten diegu kontu-hartzaileei, eta eurak dira posible den edo ez adierazten digutenak. Zuzendaritza nagusia daukagu eta zenbakien berri ematen da nola goazen ikusteko. Eta hor, noski, parte hartzen dut, baina zenbakiak xehatzen ez.

Urnietan gaude, Sarobe Arte Eszenikoen Gunean. Nazio mailako egunkari bateko zuzendaria zara, eta oinez joan zaitezke zure lantokitik bizitokira eta sorterrira, zure gurasoen bizitokira. Ez dakit jabetzen zaren zelako zortea daukazun.

Egunero jabetzen naiz. Benetan esaten dizut. Adibidez, neguan, ez naiz oinez joaten. Autoz joaten naiz. Lehen, autobusez, baina orain ez dakizu oso ondo noiz pasatzen diren. Baina bai, lau minututan lanean nago. Udan eta udaberrian, askotan, oinez joaten naiz, edo korrika, lantokian dutxa bat daukagulako. Luxua da.

Era berean, Martin Ugalde kultur parkean zaudete. Andoainen bi erreferentzia ditugu euskal kazetaritzan. Rikardo Arregi bat, Euskal Herrian ematen duen kazetaritza sari nagusiak haren izena darama. Eta bestalde, Martin Ugalde. Zuek familiaren aldetik, gainera, lotura estua duzue Martin Ugalderekin. Ez dugu ahaztu behar Ugaldek azken urteak diru-kontuak enbargatuta eman zituela. Gehiagotan gogorarazi beharko genuke. Euskal prentsak pasa behar izan zituen petralkerien adibidea da hori. Eta ez duela hainbeste, gainera.

Martin Ugalde niretzat oso pertsona inportantea izan da. Batetik, familia delako, aitaren lehengusua, eta gurekin harreman handia eduki zuen. Eta bestetik, Egunkaria-ren sorreran hura egon zelako, eta horregatik gertatu zitzaion gertatu zitzaiona. Nik asko apreziatzen dut, izan delako politikoki beti nahiko bertso askea. Harentzat euskara zen inportanteena, eta beraren ametsa zen Euskaldunon egunkaria bezalako egunkari bat egitea euskaldun guztientzat. Eta horren ondorioak pairatu behar izan zituen, eta bukaera oso oso gogorra izan zen harentzat. Asko sufritu zuen, eta pena da horrela bukatu izana.

“Aktualitatearen erdian kokatzea eta albisteak patxadaz kontatzea gero eta inportanteagoa da”

Seguru poz handia hartuko zukeela zeu zuzendari lanetan ikusita.

Pentsatzen dut baietz.

Egin duzuen eraldaketa handian lan fluxuak eta ordutegiak moldatu dituzue. Zenbateraino moldagarria da hori kazetaritza sena duten profesionalekin?

Gauzak asko aldatu dira. Lehen, ohituagoak geunden lanera sartu eta presarik gabe irteteko. Aldatu egin da hori, baina egia da jende askori esan behar zaiola etxera joateko. Batzuetan, ezinbestekoa da zerbait pasatzen denean. Lan fluxuak moldatu egin ditugu egunean zazpi orduz aritzeko, baina ez dira zazpi ordu. Esan nahi dut: egun batean bederatzi ordu egin behar baldin badituzu lanean arratsaldeko bostetan zerbait pasa delako, egin behar dituzu. Baina gero, ahal denean, zazpi ordu beharrean bost sartuko dituzu. Joera berria markatzen ari gara, eta batzuetan lortzen dugu eta beste batzuetan ez.

Esango nuke garai bertsuan ekin geniola kazetaritzari. Loraldia izan zen euskal prentsan; bereziki, euskal prentsan. Dena egiteko zegoen garaia izan zen. Edizio eta antolaketa lanak, kazetaritzaren jarduna… Bazen militantzia modukoa. Horrek bere onurak eta kalteak zituen, eta orain, beste garai bat bizi dugu. Sektorea profesionalizatu egin nahi da.

Gu hasi berritan, kazetaritza egiteko zegoen. Egunero sortzen ziren gauzak esateko modu berriak. Garai hartan, zerbait sortzen ari zinen ilusio hori zeneukan. Eta egia da garai hartan denak ginela adin bertsukoak. Egun, batzuetan, eskertuko nuke militantzia hura. Era berean, iruditzen zait aldarrikatu behar ditugula lan-baldintza hobeak.

Bestalde, euskarazko prentsak izan duen garapena oso handia izan da. Sektorea zein egoeran ikusten duzu?

Sektorea, oro har, oso indartsu dagoela, kalitate izugarria duela, eta gero, ez diola konpentsatzen kalitate horrek. Beti gabiltza arriskuan, biziko ote garen, beti itolarrian. Penurietan ez. Horrek, askotan, frustrazio bat ere sortzen du, baina kalitate aldetik esango nuke ez daukagula inoren inbidiarik pasa behar. Egun, Berria eta beste edozein aldizkari hartu eta sekulako kalitatea topatzen duzu.

Elkarrizketan aipatu duzu eta askotan aipatzen duzu talde-lanarena; hori praktikan nola gauzatzen ari zarete?

Hasteko, azkenean, sail bakoitzak dauka bere taldea. Gaiak erabakitzeko orduan, taldean erabakitzen da, eta erredakzio zuzendaritzan ere talde bat gara. Berria-ren egiturak taldean aritzeko aukera ematen du, eta nik uste dut askoz aberatsagoa dela, aberasgarriagoa egunkari batentzat edo edozein enpresatan ari zarela. Nire kasuan, ez dakit bakarrik lan egiten. Izango da zalantza asko edukitzen ditudalako edo planteatzen ditudalako. Badago jende bat askoz ere ziurragoa dena, baina lan egiteko modu hori erosoa eta naturala egiten zait.

Proposatzen eta entzuten dakien zuzendaria zara, orduan.

Saiatzen naiz.

Hasiera-hasierara itzulita, zerk piztu zuen zugan kazetaritzan murgiltzeko gogoa?

Umetatik gustatu izan zait asko idaztea. Ameriketako Estatu Batuetan egon nintzen urtebetez, 18 urterekin, eta han nengoela Egunkaria-ren zero zenbakia atera zen. Ahizpak postaz bidali zidan ale bat. “Nik hemen lan egin nahiko nuke”, pentsatu nuen nire baitan. Euskal Filologia edo Kazetaritza gogoko nituen, ziurrenik gauzak ikasteko kuriositate hori izan dudalako. Argi nuen idatzi behar zen lanbide bat aukeratuko nuela.

Ibilbide luzea egin duzu Berria egunkarian. Orain, zuzendari postuan zaude. Aro oso luze baten ondoren dator zurea. Zureak iraungitze-data bat du?

Argi daukat denbora bat emango dudala honetan, baina ez behar den denbora baino gehiago. Ez dugu jarri epe jakinik. Baina etorkizunean argi dut jarraitu nahi dudala kazetaritzan. Nire ilusioa eta kezka ere bada gure kazetaritzak iraungo ote duen eta nola.

Bitartean, lan ona egin dezazula, eta zorterik onena.

Eskerrik asko.