Amagoia Gurrutxaga: “Artisten lan baldintzaz hitz egiten hasi beharko genuke”
Artista jendea eskubide osoko langileak direla aldarrikatzeko sortu zen Lanartea. Zeregin horretan ari dira, administrazioaren eta gizarte zabalaren aurrean eragin nahian.
ELKARRIZKETA
Amagoia Gurrutxaga Uranga, Lanartea euskararen langile profesional elkarteko koordinatzailea zaitugu. Eta, harira joanda, bada gabezia bat kultur jardueretara loturiko lanaldiarekin. Batez ere, kasu honetan, euskaraz bizi diren sortzaile eta artistekin. Zulo beltz moduko bat badaukagu. Administrazio bakoitzak bere irizpideak ditu, burokrazia zail samarra da; nahiz eta aro digitalean egon, Internet bidez egin beharreko hori oso konplikatua izatera iristen da. Sarean ibili den edozeinek ikusi ditu adibide makurrak, fakturazioa dela, ogasuna dela. Horri buruz, egia esan, gauza handirik ere ez da esan.
Ez. Guk geure artean txantxa egiten dugu. Oso diru gutxi mugitzen dugula, zeren eta gehiago mugituko bagenu, seguru aski, gure egoeraz gehiago arduratuko ziren. Baina ez. Orduan… Lanartea sortu zuen 2018-2019an, euskarazko kultur jardueretan hamarkadak daramatzan jende batek, horretara emanak. Autonomoak ziren, eta dira. Badute atzera begirako ikuspegia eta konturatu ziren gazteak, orain murgiltzen ari den jendea, beraien zailtasun bertsuekin edo okerrago zebiltzala. Beterano haiek diote gaur egun beraiek hasi zirenean baino askoz betekizun administratibo eta fiskal gehiago betearazten zaizkiola sektoreko jendeari. Izan autonomo, ala ez. Hau da, monetizatu nahi denean norbere sormen edo interpretazio lana, geroz eta izapide gehiago bete behar dituztela. Hainbesteraino –zeren eta normalki jendea ez da aditua arlo horietan–, beste bati pagatu behar dio gauza horiek egin ahal izateko. Adibide xume bat: 120 euroko hitzaldi bat kobratzeko sei izapide bete behar dira. Eta bakarren bat, horietako bat, fisikoki entregatu behar da.
Hori gertatzen ari da.
Gertatzen ari da, bai. Eta ikusleak uler dezan, orain bogan dago nekazarien protesta. Bada, guk hori bera urteak daramatzagu eskatzen. Gure errealitatera egokitutako eskakizun batzuk dira. Ez dugu esaten ez dugula konturik eman nahi. Gure eguneroko errealitatearen neurrikoa izatea nahi dugu. Sinplifikatzea, hitz batean. Guk ez dugu inongo dirurik soberan gestoriari pagatzeko.
Kasuren batean, hizlariren batek burokraziaren aurrean etsi eta kobratzeari uko egin izan dio.
Hori Julen Gabiriak esan du, duela gutxi, sare sozialetan. Eta guk badakigu ez dela bakarra. Orduan, egun dagoen betekizun eta exijentzia mailaren ondorioz, bi aukera ditu: edo erabakitzen du ez duela kobratzen, baina ahal duelako, beste lan bat duelako. Baina batek erabaki dezake ez duela lan hori egingo, ezin duelako permititu kobratu gabe orduak horretara bideratzea. Dioguna da zentzurik ez daukan eta gehiegizkoa den eskakizun burokratikoekin gizarte honen kapital kulturala murrizten ari direla.
Besteak beste, Lanartean horregatik sortu zen. Bitasun horretan zaudete: batetik, elkartea ezagutzera ematea eta, bestetik, lorpen batzuk erdiestea. Oraindik orain, lan asko dago elkartea ezagutzera emateko.
Guk ez daukagu diru askorik, ohikoa den bezala gure mundutxo honetan; ez gara bakarrak egoera honetan gaudenak. Lanarteak langile bakarra izaki, ez gara jaungoikoa ez eta jainkosa ere. Eta orduan, sektoreko barruko erakunde desberdinekin aritu gara harremana lantzen, diagnostikoa partekatzen… Indarra egin dugu erakundeen aurrean gure egoera ezagutarazten. Eta saiatu gara, geroago hitz egingo dugun liburuen bitartez, gazte sortzaileei buruzko dokumentalaren bitartez eta podcastaren bitartez, baita gure egoera zein den iritzi publikoari ezagutarazten ere.
Orain, gehiago izango litzateke kanpora begirako lana egonkortu, zabaldu eta ahalik eta kide gehiago gurera erakartzea. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta lan hobea egin ahal izango dugu, ordezkatzaileago izango garelako. Pisu gehiago ere izango dugulako iritzi publikoan edo erakundeen aurrean aritzeko.
Elkarte eta finkatutako erakunde horiekiko feedbacka zer moduzkoa izaten ari da?
Oro har, oso ona. Bereziki, batzuekin. Adibidez, jada hirugarren urtean sartuta gaude Bertsozale Elkartea, Idazle Elkartea, Itzultzaile Elkartea eta Galtzagorri Elkartea fiskalitate arloko eskakizun batzuk antzeman eta gure ustez onargarriak diren proposamen batzuk adosten. Kontziente gara ezin dugula guk gure burbuilatik lan egin. Kultur jarduera asko dira, eta bakoitzak ditu bere ezaugarriak, baina egia da badaudela arazo batzuk diziplina guztiak zeharkatzen dituztenak. Kasu honetan, fiskalitatea. Lan hori egin dugu, bereziki, sortzaile den jendearentzako. Zergatik? Espainian arranditsu azaldu izan zaigun artistaren estatutuaren kontu hori, bereziki, jendaurreko emanaldietan ari den jendearentzat da. Eta guretzako artistak ez dira horiek bakarrik. Artista da idazten duena, irudiak egiten dituena, itzultzaile lanetan ari dena. Bertsolariak ere ahozko literatura egiten du. Nahiz eta jendaurrean egin, sortzen ari dira. Horiek guztiak ahaztuak direla uste dugu. Gu zentratu gara, oraingoz, arlo horretan eta lanketa diseinatu dugu beraiekin.
Horrek lotura du urrian Oiartzunen egindako jardunaldiekin? Euskal langileen estatutua lantzen aritu zinetelako.
Espainian lantzen ari diren horretan ere fiskalitatea, betebehar administratiboak eta zergak klabeak dira. Eta guk esaten genuen, bale, oso ondo. Baina Espainian Espainiako kultur sistemaren neurriko sistema bat egiten dute. Estatutu bat. Guk esaten duguna da gu askoz txikiagoak garela, hoberako eta txarrerako.
“Kultur industriaren txostenetan gutxien aipatzen dena oinarrizko katebegia da“
Eta bere ñabardurak dituena.
Jakina; hasteko, guk ez ditugu milioika hartzaile potentzial. Merkatua da dena, eta horren neurriko gauzak egin behar ditugu.
Artista bat izan daitezke konprometitua, kausa askoren alde, baina, ezer baino lehen, langileak dira. Liburuan Koldo Izagirrek aipatzen du zenbat min egin dien eurei artista adierak. Izan ere, langileak dira, komunitatearen alde lan egiten duten pertsonak. Kontzientzia hartze hori falta izan da?
Eta falta da oraindik. Hori da gure erronketako bat. Gure estatutuetan jasota dago subjektu kultural izatetik nahi dugula pasatu subjektu ekonomiko izatera. Guri aitortzen zaigu komunitateari zenbat ematen diogun gure iruditeria kolektiboa eraikitzeko, euskaldunagoa trinkotzeko ludikotasunetik, plazeretik, sormenetik, baina gero, hori zenbakietara ekartzerakoan… “A, baina zuk gogoko duzu hori”, entzun behar izaten dugu. Baietz diogu, baina bokazioa ez da zigortu behar. Dioguna da artistak ere jan egin behar duela, hark ere bereari lanorduak eskaintzen dizkiola. Bestela, gaur egun jende askok ulertzen duen bezala, dirua daukanak bakarrik ahal du izan artista. Orduan, pribilegioak dituena bakarrik izango da artista, eta iraun artistagintzan. Begira zer esaten ari naizen! Gurea lanbide bat da, bere ordaina merezi duena, eta, gaur egun, gauden gizarte honetan ordaina dirutan dela. Orduan, guk hori aldarrikatzen dugu. Eta egia da iritzi publikoan –maite gaituen jendeak eta oso gertuko jendeak ere bai– gaia ateratzen dugunean zalantzak daudela. Guk aldarrikatzen dugu gu ere langileak garela eta guk ez dugula negar egiten. Hori ari gara aldarrikatzen.
Esku artean daukat Profesionalak izan ginen urtea liburua. Pasarte bat aukeratu beharko bazenu, zein litzateke hori?
Zaila egiten zait bat aukeratzea, baina gaur egon naiz pentsatzen. Badago Amatiñoren aipamen bat, El correo-ko euskaltzaletasuna auzitan jartzen duena. Oso ironikoa iruditzen zait. Area eta gehiago, 40 urte igaro eta gero hori irakurtzea.
Aipatzen du El correo-ko erredakzioan euskaraz jakingo duen jende asko egongo ote dela, baina hori haren irakurleek ez dutela antzematen. Kazetaritzari eta profesionaltasunari lotuta dagoena aukeratu dut nik. Martin Ugalde kultur parkean gaude, Andoainen. Bertan duzue egoitza eta liburu honen babeslea Andoaingo Udala izan da. Andoaingo Bastero Kulturgunean ere egin zenioten segidan hizpide izango dudan pasarteari aipamena. Zeruko Argia-k, 1976. urte hartan, Leitza eta Tolosa artean torturak jasan zituen Amparo Arangoaren argazkiak argitaratu zituen. Ausartu ziren Argia-koak, 1976 hartan, argazki haiek argitaratzen. Ikusita Guardia Zibilak garai hartan sortzen zuen beldurra. Ausarta izan zen ekimena, eta behar-beharrezkoa. Joxe Arregiren kasua ere hor dago. Argazkiek ere garrantzia baitute informazioa zabaltzeko garaian.
Bai. Eta, akaso, jakina izango zen, baina nik ez nekien liburu hau egiten hasi arte. Argazki horiek atera zituenetako bat Patxi Zabaleta izan zen. Hori dio Elixabete Garmendiak, liburuko elkarrizketan. Azken finean, kazetaritzaren ikuspegi integrala aldarrikatzen da liburuan, eta hala ulertu izan duen jendea agertzen da. Elixabete bera, eta baita Olariaga ere. Eta zuk aipatu duzu Joxe Arregi. Baina atera kontuak kasu hura ere antzekoa izan zela. Hau da, ezkutuan atera eta gero banatu zirela. Hala moduz. Baina begira zer-nolako arrastoa utzi diguten irudi haiek gure buruan. Eta Arangoarena berdina. Koldo Izagirre liburuaren koordinatzaileak dio garai hartan euskaldun jenderentzat oso garbi zegoela euskaraz esaten zitzaiola egia, euskarazko medioek esaten zutela egia, beste guztia zela bertsio ofiziala.
Elixabete Garmendia aipatu duzu. Hari egindako elkarrizketa ageri da liburuan. Eta bada beste bat Antton Olariagari egindakoa. Pasarte bat irakurriko dut: “Marrazkilaria nintzela esan nion Ogasuneko funtzionarioari eta frogatu behar izan nuen ez nintzela marrazkilari teknikoa, aparejadorea, baizik eta artistikoa. Lehen aldia nire bizitzan ez nintzena egiaztatzeko agiria eskatzen zidatela. Eta folklorikoen, toreroen eta artisten alorrean eman zidaten alta. Lola Floresen sailean ote nengoen galdetu nuen, eta baietz. Saltoka irten nintzen bulego hartatik, benetako artista banintz bezala”. 45 urte igaro eta gero, etxetik bertatik ezagutzen dudalako egoera, artisten erregimenean dagoen langile batek langabezia kobratu ahal izateko, Lanbidera doan aldiro leihatilan dagoen langileak Madrilera deitu behar izaten du, artista batzuk oraindik ere toreroen eta beste horien erregimenean daudelako.
Oraindik ere indarrean dago. Eta bertsolariak egoera xelebrean daude. Horregatik, Madrilen egiten ari diren artistaren estatutu horretan ez dira akordatu bertsolariekin. Guk dioguna da Espainian ez dagoela bertsolaritzarik; ez, behintzat, pisu espezifiko batekin. Eta gurean, aldiz, kristoren pisua dauka. Horregatik diogu gure errealitatera ekarritako zerbait behar genukeela.
“Artistak, subjektu kultural izatetik, subjektu ekonomiko izatera pasa behar duela diogu”
Olariagaren elkarrizketan badago beste aipamen bat: “Sortzaileak aspalditik ginen langile, baina orain konturatu gara”.
Erromantizazio bat egon delako eta denok erori garelako erromantizismo horretan.
“Mundu errealean inongo muntarik gabeko atal bat osatzen dugu musikariok. Jendeak ikusi nahi du eszenatokian zernahi; hau da, salbaia, andrea jotzen duena, drogadiktoa… baina ez du ikusi nahi miserablea. Hori da show business-aren lehen lezioa. Arrakastari lotuta dago, eta inork ez du beste bidea erakutsi nahi. Halere, hasi gara pausotxo batzuk ematen, norbanako jakin batzuen ekinez, Lanartearekin, baina luzerako da, gizarte osoaren lana baita”, Ruper Ordorikari irakurri diogu Berria-n.
Pozik gaude, aitortza bezala ulertzen dugulako, baina, batez ere, ez delako berdina hori nik esatea edo Ruper Ordorikak esatea. Eta iruditzen zait gai hori geroz eta ahots pertinente eta itzaltsu gehiago aipatzen ari direla. Eta, bueno, zenbat eta gehiago atera, orduan eta inportanteagoa. Egin behar dena da desromantizatu, egin behar da monetizatu. Zeren eta kultur industriaren txostenetan, kasualitatea, gutxien aipatzen dena industria horren oinarri-oinarrizko katebegia da. Hau da, artisten lan baldintzaz, bizi baldintzaz. Hortik hasi beharko genuke hitz egiten.