Aloña Erauskin: “Bihotzak eztanda egiten didan momentuan bukatuko da mundua, ez lehenago”


Bihotzeko arazo larri batekin jaio zen Aloña Erauskin (Berrobi, 1999). Ordutik hona, 26 urte igaro dira, eta, gehienez 24 ordu bizi izango zela esan zioten arren, argi dago bizitzari poztasunez eta itxaropentsu heldu diola.
Aloña, ezagutzen ez zaituenarendako: 24 orduko bizi-itxaropena eman zizuten, eta hemen zaude oraindik; kontatu apur bat zure historia.
Bihotzeko arazo larri batekin jaio nintzen, 1999an. Halaber, 24 orduko bizi-itxaropena eman zidaten medikuek, baina, zorionez, mende laurden bat daramat bizirik, nire gorputzak sortu zuen beste malformazio bati esker. Biriketara doan arteria oso potoloa nuela izan ninduen amak, eta horrek organo horiek segituan odolez beteta Aloña txikiaren heriotza ekarriko zuela ulertu zuten adituek. Baina, azaldu dudan bezala, malformazio batek beste bat ekarri zuen, eta horri esker nago bizirik; arteria horretan balbula txiki bat sortu zen, ezustean, eta horrek kudeatzen du biriketara isuri beharreko odol kantitate egokia. Horrez gain, beste arazo batzuk dauzkat: aurikula eta bentrikuluak alderantziz jarrita, esaterako. Hau 23 urtez ongi egon da; egonkor, behintzat. Urteroko osasun azterketaz gain, ez nuen gainerako trabarik sentitzen egunerokotasunean. Aldiz, aurten, hiru urte egingo ditu takikardia larri bat izan nuen egunetik, eta nire bizitzak klik egin zuen unetik. Arritmia hura estresaren ondorio izan zela ulertu dugu. 23 urterekin nire adineko pertsonek eduki ohi duten bizitza estiloa neukan: gizarte hezitzaile lanean ari nintzen, bigarren gradu bat ikasten hasi nintzen… Gaur egun erakusten diguten bizitza estilo hori. Nire bihotzak ezetz esan zuen, nik ezin nuela bizitza estilo hori izan. Gaixotasunak, bihotzak, heriotzaren eta bizitzaren artean jarri ninduen berriz ere, eta ordutik oso argi izan dut zertan ez dudan berriz hanka sartuko.
Nola eragin dizu horrek, esperientziak eta kardiopatiak berak zure bizitzan?
Ulertu behar izan dut nire bizitzan lehenengo dagoen pertsona ni naizela. Beti izan dut enpatia handia, eta besteei laguntzeko nahia, saltsa guztietan sartzekoa eta denari baietz esatekoa. Orain, lehenengoa naiz. Oso argi daukat mundua ez dela bukatzen lan batengatik, ezta hitzordu batengatik. Mundua bukatzen da, nire kasuan, bihotzak eztanda egiten didan momentuan. Zaila izan da. Depresio bat pasatu dut. Bizitzak krak bat egiten dizunean, egoera berri horretara ohitu behar duzu. Badakit gaixotasunak okerrera jo duela eta kontu handiagoarekin bizi behar dudala eta baldintzatuago nagoela; baina, era berean, gertatu zaidan guztia ikasketa bat izan da, eta eskertuta nago pasatu zaidan guztiarekin. Bestela, ez nuen proiektu hau hasiko eta ez nuen aukera edukiko hain gaztetatik nire bizitza nik kontrolatzeko, neure buruaren jabe izateko.
Zer moduz zaude gaur egun gaixotasunaren aldetik?
Pozarren eta ahoa bete-bete eginda, esango dizut azkenean ongi nagoela. Gaur bertan lagun bati Whatsapp bidez esan diodana transkribatuko dizut: “Aspaldiko partez, oso ongi nago; gorputzak bikain erantzuten dit eskatzen diodan guztian”. Egia esan, ahantzita nuen sentsazio askatzaile hau. Aurreko bi urteetan oso lotuta sentitu naiz; hainbat zentzutan, gainera. Beldurrek gain hartuta nengoen; betidanik oso pertsona independentea izanagatik, ezinak oso mendeko bilakatu ninduen. Segurtasunik gabeko pertsona. Edozertarako laguntza behar nuen, egunerokotasuneko erabakietan zein jardunetan. Osasun-proba asko eta txosten potolo zein zurbil asko jasotzeak ere ziur ez didala batere lagundu. Lan-munduan ere borroka asko egin behar izan dut ezgaitasuna lortzeko… Orain, atzera begira jarrita, harrituta geratzen naiz eraiki dudan guztiarekin. Lehen gizakian sinisten banuen, orain zer esanik ez. Uste dut barne indar berezi bat badugula, momentu kritikoetarako gordea, gainera, eta behar dugunetan hortxe egon ohi dela, aurrera egiten laguntzeko, babesteko. Ezin aipatu gabe utzi Donostiako zein Madrilgo kardiologia esparruko adituak; mediku ezin hobez inguratuta gaudela aipatzea zilegi da, eta eskerrak hemendik eurentzat. Azaldutako barne indarra hor egonagatik, ez bagara zientziaren eta pertsona zoragarri hauen eskuetan jartzen, alfer-alferrik ari garela uste dut. Bihotzeko profesionalez gain, nik talde sendo bat dut atzean eta denek dute zeresan handia eta garrantzi bera nire hobekuntzan. Ibarrako Ekin fisioterapia zentroko Goarrek hilero tratatzen ditu zikatriza medio ditudan postura ezegokiak zein zerbikaletan biltzen zaizkidan tentsio-guneak, Tolosako Lasai psikoterapia zentroko Joana terapeutagatik ez balitz sinisten dut Aloña eta Aloederr –biak, bai biak– aspaldian desagertuta egongo zirela; eta, azkenik, Tolosako Itsaso Ugartemendia fisioterapia zentroan astean bitan egiten ditudan pilates pertsonalizatuei esker lortu dudan ahalduntzea eta nire gorputzarekiko kontrola ere bikainak direla esan nahiko nuke. Talde bikaina osatzen dugu; zuek eta nik elkarrekin!
Durangoko Azokan kaleratu zenuen liburua, autobiografikoa; zer moduzko esperientzia izan da liburua idaztea?
Izugarria izan da Bizi bihotzak eztanda egin arte! liburua idaztea. Pentsa, paper eta tintazko alaba moduan deskribatzera iritsi naiz zenbait momentutan. Kristorena, benetan. Aurreko urteko martxoan izan nintzen Maitane Ormazabal coach-arekin nire pozkast-erako elkarrizketa bat egiten, eta nire ilusioa liburu bat idaztea zela komentatu nion. Hark Zorrotz argitaletxeari aipatuko ziola esan zidan, eta hurrengo astean mahai gainean nuen proposamena. Abuztuan entregatu nuen liburua, sei hilabete nahikoak izan ziren barruan nuen guztia askatzeko. Oso argi neukan hasieratik zer kontatu nahi nuen. Egia da idazten zoazen heinean beti zerbait gehitzen edo kentzen duzula, baina, gutxi gorabehera, banekien nire gurasoak elkarrizketatu nahi nituela, baita nire senarra Xabi ere, eta, nola ez, terapian sortutako gatazka zein trauma guztiak landu ostean liburuan txertatuko nituela. Nire errealitatea hasieratik orain arte kontatzea zen xede nagusia, eta momentu onak bezain txarrak ikusgarri egitea. Madrilera La Paz ospitalera joan naizen guztietan sortu zaizkidan sentimenduak eta tribunalean egondako egunean bizitakoak mugikorreko oharretan idatzi ditut, eta etxera iristerakoan zeregin bat izaten nuen; jasotako ohar horiek guztiak liburura pasatzea. Niretzako sekulako terapia izan da. Utzidazu zuzentzen ez nuela Durangon aurkeztu, Berrobin baizik. Nire herrian egin nahi nuela oso argi nuen, nire herritarrekin eta gertukoenekin, goxo. Hau Maitanek aurkeztu eta gidatu zuen; elkarrizketa intimo bat egin zidan etorritako guztien aurrean eta Sua Enparantza artistak gitarraz pare bat kantu jo zituen –bat momentu horretarako eta d tributxoarentzako sortua–. Hemendik bai, abenduan Durangoko Azokara joateko aukera etorri zen, eta, oraindik ere egunarekin oroitzean, oilo-ipurdia jartzen zait. Honatx etxera iristean sareetan partekatu nuen testuaren zatitxo bat: Nork esango zidan amets polit hau egia bihurtuko nuenik gaur? Izugarria izan da bizitu dudana; bihotzean sentitu dudan guztia… Zenbat maitasun! Egia esango dizut gaur Durangora iritsi garenean lotsa pixka bat eman dit Zorrotz Argitaletxearen standean sartu eta boligrafoa hartzeak, kar-kar! Maitaneren ondoan nengoen; bera bere liburuarekin eta ni nirearekin; eta noski nork eskatuko ote zidan niri sinatzeko, edota argazkitxo bat ateratzeko… edo are hobea; elkar besarkatzeko? Nire ezusterako asssssko izan zarete eta Euskal Herriko txoko ezberdinetakoak gainera: “ Alo propio gaur etorri gara pantailetatik kanpo ezagutu nahi zintugulako”. “ Alo, mila esker egiten duzun lanagatik. Oso ausarta zara!”. “ Alo, aurten bizitzak gogor eman dit eta zure tributxoaren parte izateak asko laguntzen dit aurrera jarraitzeko”.
Nola bururatu zitzaizun Aloederr podcasta sortzea? Zergatik?
Aurten, uztailean, bi urte egingo ditut Aloederr proiektuarekin. Azkar pasa dira, baina lanketa oso potoloa dagoela ikus daiteke bertan; aldaketa eta garapen bat ere antzeman daitezkeela uste dut. 2023an eztei-bidaian nengoela, nire senarrari ikasturte hartan zerbait egin behar nuela esan nion; gizarte arazoen inguruan eta ikusgarritasunaren inguruan lotutako zerbait egin nahi nuen. Bidaiaren ostean, pertsonaia famatu pila bati idatzi nien proiektua azalduz. Nire sorpresarako, denek proiektu interesgarria zela esan zidaten eta beraien etxeko ateak zabaldu zizkidaten. Haietako batek esan zidan proiektuak zentzu handiagoa izango zuela lehen podcast saioan nire istorioa kontatzen banuen. Modu horretan, etxean nengoen goiz batean, kafesnea egin, mototxa jarri, ezpainak gorriz margotu eta mugikorrari play eman nion. Atera zena atera zen. Oso hasiera indartsua izan zuen, eta ez nuen, inondik inora, halakorik espero. Jendeak ikustea espero nuen, baina izugarriak izan diren mezu pribatu batzuk iritsi zitzaizkidan hasiera-hasieratik. Jarraitzaile batek mezu hau bidali zidan: “Nire aita minbiziarekin dago, eta bizitza ulertzeko zure moduak asko lagundu dit”. Hori irakurtzean konturatu nintzen nire istorioa noraino iritsi zen. Izan ere, bakoitzak bere mundura eta bere errealitatera eraman du pozkast atal bakoitza, eta lagungarria izan da. Azkenean, hori gizarte hezkuntzako gakoa da eta nik ehuneko ehunean bete dut. Egia da liburua atera ostean proiektuaren atal hau apur bat alde batera utzi dudala… Ez naiz saltsa guztietara iristen. Liburu bat argitaratzeak atzean lan handia du; nire ezusterako, urrutira iritsi da hau ere, eta merezi duen tokia eman nahi diot. Aurkezpenak, irakurle taldeekin saioak, milaka mezu, eta potoloenak esango nuke gaztelaniara pasatzea eskatu didaten horiek direla. Aloederr kontua hasieratik euskaraz jorratu dut eta hala egiten jarraituko dut, baina, familian zein inguruan bezala, tributxo honetan ere badaude gure hizkuntza ulertzen ez duten pertsona batzuk, eta haiei opari hau egin nahiko nieke. Aurten, gaztelaniara pasatzen saiatuko naiz Bizi, bihotzak eztanda egin arte! Liburua. Denbora asko emango dit honek, baina oso gustura berridatziko dut, pasarte guztiak gogorarazteko baliagarri izango delako, ziur.
Kazetaritza ikasi nahi izan zenuen, baina ezin… Arantzatxoa gelditu zaizu?
Kazetaria ez banaiz da gaixotasun honekin jaio nintzelako. Kazetaritza Leioan ikasten da, eta, nire gaixotasuna kontuan hartuta, ideia hori burutik kendu zitzaidan. Gizarte Hezkuntza ikasi nuen, azkenean, eta izugarri gustatu zitzaidan. Zoritxarrez, denbora gutxian eduki dut aukera arlo horretan lan egiteko, baina egin dudanean sentitu dut nire lanbidea dela. Osasun arazoa izan nuenean, gelditu egin behar izan nuen, eta, gauza asko ulertu ondoren, erabaki nuen benetan gustuko nuen zerbait egin behar nuela, ez jada sortuta dagoen zerbait. Hor hasi nintzen Aloederr proiektuarekin. Gizarte hezkuntza da, azken finean: kritika soziala egiten dugu, saretzea, osasun arazoak ikusarazten ditugu, osasun mentala lantzen dugu… eta, aldi berean, komunikazioa, elkarrizketen bidez. Horrelako proiektu bat sortu gabe zegoela uste dut. Ez nuen ezagutzen gaixotasunetik eta bakarrik, baliabiderik gabe, halako zerbait sortu duen pertsonarik. Gaur arte ez dut podcastengatik zentimo bat ere kobratu. Baina, aldi berean, dena eman dit. Nire osasunari kalte egingo ez dion eta gustatzen zaidan lantxo bat eduki dut, eta berriz bizirik sentitu naiz horri esker. Txikitatik telebistaren beste aldean ikusi eta miretsi dudan jende zein platoak ezagutzen ari naiz, gainera. Ez kazetari moduan, baina bai nire bihotz ausartaren eskutik, gizarte hezitzaile, eduki sortzaile eta idazle moduan. Ez dakit zer den hobea, e? Kar-kar….
Zein da zuretzat plan perfektua?
Zer galdera polita! Merezi bezala erantzungo dizuet: plan perfektu bat baino gehiago, egun perfektu bat azalduko dut. Goizean esnatu eta hain gustuko dugun Berastegiko ibilaldia egingo nuke egunero, eguzkipean, senarrarekin eta gure txakurrarekin. Polit jantzi eta Oriora joango nintzateke egun-pasa egitera, itsasoa ikusi eta hari begira bazkaltzera; gu hirurok familian, lagun artean, iloba txikiekin, berdin izango lidake norekin, eta eguna gurasoen txokoan amaituko nuke, familian bilduta, aitak dituen ardo goxo horietako batekin sutondoan afalduz. Ez dut askorik behar: osasuna eta maitasuna. Kito.
Zein da jaso duzun gomendiorik onena?
Nik neure buruari egunero eman ohi diodana: “Alo, bizi bihotzak eztanda egin arte!”.