Alexander Anasagasti: “Orain, esperientziaren kartarekin lehiatzen naiz”

2019an Fittest in Spain saria irabazi zuen crossfit-ean izarra den Alexander Anasagastik (Donostia, 1991). Gaur egun, atleta eta entrenatzaile lanak uztartzen ditu.

Crossfit-ean erreferentzia izan zara Europan. Nola heldu zinen kirol horretara?

Egunerokorako balioko zidan entrenamendu mota baten bila nenbilen, jende asko bezala. Fisiko ikusgarria izatea eta sasoi onean egotea bilatzen nuen. Nire ametsa superheroia izatea izan da betidanik, dena egin dezakeen pertsona bat izatea: korrika egin, pisua altxatu, dominadak egitea… Kickboxinga urte luzez egin izan dut eta pisua altxatzen ere ibili nintzen, baina nire entrenamenduetan aldaketa sakona egin nuen eta crossfit-ean hasi nintzen. Nire bertsiorik onena lortu dudala uste dut.

Lesio larriak izan dituzu azken urteetan, eta lehiatik kanpo ibili zara. Zer moduz zaude orain?

2018an lesio larria izan nuen, eta 2019an berriro erori nintzen. Ordutik batailan bizi naiz, eta nire gaitasun fisiko eta mentalak hobetu behar izan ditut egoera iraultzeko. Filosofia aldaketa egin dut. Dagoeneko ez dut Games lehiaketara joateko antsietate hori eta besteak baino hobea izateko antsietate hori. Nire motibazioa, orain, kirolaz gozatzea da. Orain, esperientziaren karta dut nire eskuan, eta horrek goi mailako lehiaketez gozatzea ahalbideratzen dit.

Mens Health aldizkariko azalean agertu zinen 2019an. Zuretzat garrantzitsua izan zen?

Ezusteko handia izan zen, egia esateko; kar-kar. Nire aitak erosi izan zuen aldizkaria gazteagoa nintzenean. Azalean agertzeak harro sentiarazi ninduen.

Zer da Training Culture?

Nik sortu dudan enpresa bat da, online entrenatzeko zerbitzua eskaintzen duena. Jendeari behar duenean laguntzen saiatzen gara, norberaren helmugen arabera. Nire entrenatzaileak lagundu zidan horretan, eta orain, zerbitzu hori eskaintzen dut.

Zer duzu gustukoago, entrenatzailea izan edo atleta izan? Non zaude erosoago?

Ez dakit zer egiten dudan hobeto… Biek alde ona eta txarra dutela esango nuke, eta biak aldi berean jorratzea ez da batere erraza. Atleta bezala, zure ardura bakarra entrenatzea da, baina horrek dedikazio eta presio maila handia eskatzen dizu. Hori ez du jende askok jasaten. Entrenatzaile bezala ez duzu horrenbesteko presiorik, baina ardura maila eta lan karga oso handiak dira.

Modaren mundua gustuko duzu? Modelo lanak ere egiten dituzu…

Moda eta arropa oso gustuko ditut, eta horrekin loturiko proiektuetara beti animatzen naiz. Egia esateko, proposatzen didaten ia denera animatzen naiz; kar-kar.

Elikadurak zer-nolako garrantzia du zure egunerokoan?

Handia. Aurten nire errendimenduan aldaketa handia sumatu dut horri esker. Jendeak ez daki benetan zein den elikadurak gure errendimenduan duen boterea. Nik nutrizionista bati esker lortu dut.

Konta egiguzu ezagutzen ez dugun zure zaletasunen bat.

Bideojoko-zale amorratua naiz, baina ez dut jolasteko denbora askorik… Nagusi egiten garen heinean ardurak ere handitzen doaz-eta…

Crossfit-az gain, zein beste kirol maite duzu?

Arte martzialak. Denboraldiz kanpo kickboxinga egiten saiatzen naiz; baita jiujitsua ere. Kickboxinga egiten 9 urtez ibili nintzen.