Alex Txikon: “Nola da posible guk Everestetik pandemiaz aurreikusten genuena gure agintariek ikusi ez izana?”

Alpinismoan, aizkoran eta beste hainbat kiroletan ere ibilitakoa da Alex Txikon (Lemoa, 1981). Azken urteetan neguko espedizioetan murgilduta ibili da Everest inguruan, munduko gailurik altuena neguko egoera gordinetan zapaldu nahian.

Kaixo, Alex, zer moduz? Osasunez ondo?

Bai, oso ondo. Gertukoen artean kasu bat izan dugu, lagun batek osaba galdu du, 86 urteko gizona, eta, gainerakoan, harrituta gertatzen ari denarekin. Hollywoodeko film batean gaudela dirudi. Ez nuen inondik inora espero horrelakorik bizitzea egokituko zitzaigunik.

Nola bizi duzu egoera hau? Kalera arduraz ateratzen zara,  kutsatzeko beldur zara, ala lehenago edo geroago denok pasa beharreko zerbait bezala ikusten duzu?

Ez daukat inolako beldurrik. Normala da. 38 urte dauzkat eta sasoiko nago. Beste kontu bat da 60, 70 edo 80 urte izanez gero. Alde handia dago. Bai daukadana da kezka eta mina, zahar egoitzetan gertatzen ari denagatik, adibidez. Bere garaian arnasgailu nahikoa ez izateagatik orain zaharrak hiltzen ari direla ikusteak penatu eta mindu egiten nau. Gu Everesteko behe kanpalekuan geundela Tibet bertan geneukan eta Wuhan ere nahiko gertu, eta bost mila metroko altueran egon arren albisteak iristen zitzaizkigun. Gure artean komentatzen genuen birusa lehenago edo geroago Euskal Herrira helduko zela. Nola da posible guk han aurreikusten genuena gure agintariek ikusi ez izana? Nola da posible martxoan, etxera itzuli ginenean, oraindik materiala falta izatea? Horrek erakusten digu norberari zuzenean eragiten ez dionak ez digula batere inporta.

“Beste kirolekin alderatuta mendizaletasunak lehen zeukan tokia galdu du”

Beti hara eta hona dabilen pertsona bat izanda, nolakoa izan da zuretzat etxean egon beharra?

Esango nuke onura bat izan dela niretzat. Tristea da esatea, egoera oso larria delako, baina niri pertsonalki mesede egin dit. Martxoaren 5ean iritsi ginenetik ekainaren erdialdera arte bidaia piloa nituen programatuta, Hungariara, Bulgariara, Frantziara, Alemaniara, Italiara hiru edo lau aldiz… Dantzan ibili beharko nukeen batetik bestera. Azkenean, gu dirulaguntzetatik, hitzaldietatik, eta abarretatik bizi gara, eta egoera honek balaztarazi egin dit. Dena gelditu egin da eta nire onena atera behar izan dut proiektu berriak martxan jartzeko. Liburu batean gabiltza lanean, baita film batean ere… Oso motibatuta nago. Ez dut uste datorren urtera arte gu ibili ohi garen paraje haietara joateko aukerarik izango dugunik, eta, gainera, enpatiagatik, ez dut joan nahi ere. Segun eta zein herrialdetara gaitza eramanez gero kalte handia eragin dezakegu. Gaurko gizarte teknologiko eta indibidualista honetan ez da ohikoena, baina besteekiko enpatia ere beharrezkoa da.

Zu ohituta zaude mendian espazio txikietan denbora luzez egotera, denda barruan zein iglu barruan. Esperientzia horrek itxialdia hobeto eramateko balio izan dizu?

Bai; psikologikoki prestatuago gaude. Baina ez mendizaleok bakarrik. Gizarte honetan jende asko dago ziurgabetasun handiarekin bizi dena, soldata finkorik gabe, etorkizunean zer gertatuko den jakin gabe: zinema munduan, antzerkian, soinu teknikan, musikan… Horrela bizi garenontzat errazagoa da egoera honi aurre egitea. Etxean, gainera, erosotasun guztiak dauzkagu. Behe kanpalekuan borrokan ibiltzen gara Internet harrapatzeko, eta etxeko Internet-pintxoa ere oso motela den arren [barre],behar dugun guztia daukagu.

Behintzat, ez zara Nanga Parbateko goi kanpalekuetan bezala ibili behar,  ikusi-makusira jolasten, beste zereginik ez dagoelako…

Horrela ibiltzen gara mendian, bai, animaliak asmatzen [barre]. Etxean argindarra daukagu, ur beroa, janaria… eta, hasieran kontrakoa zirudien arren, komuneko parera ere bai [barre].Egoten jakin beharra dago. Garuna da giharrik garrantzitsuena eta hori erabili behar da, burua eta intuizioa.

“Ziurgabetasunarekin bizitzera ohituta gaudenok prest gaude egoera honi aurre egiteko”

Eta zer esaten dizu zure intuizioak? Honetatik zerbait ikasiko dugu ala dena lehengora itzuliko da?

Ez dut uste ezer ikasiko dugunik. Argi ikusi da gaitz hau hiri handietan hasi dela, populazio handiko guneetan. Adituek diote gauza ziklikoa dela eta berriz gertatuko dela, eta inflexio puntu bat izan beharko luke, baina ez dut uste hala izango denik. Nik egunero hitz egiten dut Nepalgo jendearekin, eta han, lehen, mundu guztiak nahi zuen hiriburuan bizi, seme-alabak eskola onenetara bidali, erosotasuna irabazi norbere sustraiak eta jatorria atzean utzita. Orain, berriz, euren bailaretara itzultzen ari dira. Nire ustez, Euskal Herrian ere hori egin beharko genuke. Garai baten, baserriak fabrika txikiak ziren, norberarentzako garaian garaiko produkzioarekin. Eta, ahal den neurrian, horra bueltatu behar genukeela uste dut. Munduan zazpi mila milioi biztanle gaude, laster bederatzi mila milioi izango gara eta honek ez du gehiagorako ematen. Erregai fosilak, haragi kontsumoa… ez dago horrela jarraitzerik. Onartzen dut ni neu naizela kontraesanetan erortzen lehena, baina hausnarketa hori egin beharko litzateke eta aitortzen dut ezkorra naizela zentzu horretan. Ondorio positibo bat ateratzearren, uste dut zerbitzu publikoek, osasun publikoak, esaterako, goi mailakoak direla erakutsi dutela eta horrek pribatizazio prozesua gelditzeko balioko digula.

Inflexio puntua beharko lukeela diozu. Ekar dezagun hausnarketa hori mendiaren eremura. Berriz Everesten jende ilarak ikusiko ditugu? Berriro zabor pilaketak kanpalekuetan botata?

Orain da momentu ona  Nepal eta Pakistango turismo sailetatik urtebeteko geldialdia egiteko. Erdizka hasi beharrean, hartu urtebete, garbitu dena, diru inbertsioak egin, saritu zamalari eta han lanean ari diren milaka pertsonaren lana eta nora goazen ondo pentsatu. Everesteko jende ilaren irudia icebergaren punta da, baina, horren azpian, aipatzen ez diren gauza asko eta asko daude: langileen lan erregulazioa, parke nazionalen erregulazioa, plastikoen kontsumoa mugatzeko legeak… Oso ekosistema delikatua da eta ehunka milaka pertsona joaten dira urtero. Eta jendeak ulertu behar du hamar egunez dutxatu gabe egon behar baldin bada, egon egin behar dela; ezin direla zuhaitzak moztu kanpalekuetan ura berotzeko; ura edan nahi bada, gero ezin direla botilak bidean botata utzi motxilan gehiegi pisatzen dutelako. Ikusten ez diren sakoneko gauza asko aldatu behar dira.

Mendiaren ikuspegi kontzientziatu eta erromantiko horretatik abiatuta, Alex, konta egiguzu zer diren Katmandu eta Nepal zuretzat.

Herri berezi bat da, non beti oparitzen dizuten irribarre bat, non jendeak ez daukan maltzurkeriarik, turismoarekin kontaktu zuzenean ez dauden guneetan, behintzat. Beti gustura sentitu naizen herri eder bat da Nepal. Gainera, orain bete da Martin Zabaletak Euskal Herriko beste mendizale batzuen laguntzarekin Everesteko tontorra lehen aldiz zapaldu zueneko berrogeita hamargarren urteurrena. Andres Espinosa eta garai hartako mendizaleen bizipenei buruz ere asko irakurri dut, argazkiak ikusi ditut.. eta hara noan bakoitzean berrogei urte egiten dut atzera, eurek han ibiltzen ziren garaiak imajinatuz. Nepalek bizirik nagoela sentiarazten dit. Sentipenak azal-azalean izaten ditut han.

Euskal mendizaleen bizipenak aipatu dituzu eta zure esaldi bat ekarri dit gogora: garai baten, espedizio batek gailurra egiten zuenean, herri oso baten lorpena zen. Gaur egun, lorpen pertsonala da.

Hala da. Asko aldatu da. Lehen, futbolaz aparte, kirolari erreferente gutxi genituen. Gaur egun, asko zabaldu da kirol eskaintza eta erreferenteak ere areagotu egin dira. Nesken kirolari dagokionez, adibidez, oso positiboa da. Baina mendizaletasunak galdu egin du lehen zeukan tokia.

Mendizaletasuna bera ere aldatu egin da? Garai bateko laguntasuna  lehia bilakatu da?

Beti gertatu izan da. Gorantz goazenean, ahal izanez gero, albokoa zapaldu egiten dugu ez dezan aurrera egin. Baina ez gara konturatzen beherako bidean pertsona horrekin berriro topo egingo dugula. Lehia horrek ez du merezi. Ni pertsonalki poztu egiten naiz besteen lorpenekin. Lehiakortasuna ona da, hein baten; mendi lasterketen gorakada ikusi besterik ez dago, baina, aldi berean, mendizaletasunaren deportibizazioak  erromantizismoa kaltetzen du. Gaur egun, erlojua, kronoa, marka… Hainbeste teknologiarekin estralurtarrak bezala goaz eta hori gabe badirudi ez zaudela bogan. Gauza bera gertatzen da sare sozialekin. Ez nuke hau esan behar, ni ere hortik bizi naizelako, baina gorroto ditut. Tontoa sentitzen naiz, askotan, sare sozialetarako bideoak egiten ditudanean. Teknologia gauza politak egiteko baliagarria da, baina ez etengabeko kontsumo behar bat sortzeko. Lasai bizi behar dugu, pertsona onak izan, kaletik gurutzatzen duzun auzokidea agurtu, irribarre egin…

Luze zabal hitz egin dugu egungo egoeraz eta etor daitekeenaz, baina koronabirusaren krisia lehertu zenean Everestetik etorri berria zinen, eta azken galdera horretaz egin behar dizut: buelta asko eman diozu hirugarren saiakeran ere tontorra ez egiteari? Laugarren saiakera bat egongo da egunen baten?

Ez dut horretan pentsatu ere egiten. Liburu berriaren proiektuan nago murgilduta buru-belarri, pelikula berrian eta nire egunerokotasunean. Jendea hiltzen ari den bitartean beste horretan pentsatzeko adina odol hotzik ez daukat.