Edurne Ormazabal: “Sormena sustatzeko ezin da geldirik egon”

Komunikazioan ibilbide luzea egin eta gero, Tabakalerako zuzendari nagusia Hego Euskal Herriko kultur industrian dagoen egitasmo handienetakoaren arduraduna da. Erantzukizun handienak ere ez du bere irribarre zabala zapuztuko.

Eskerrik asko Edurne, lehenik eta behin, Tabakalera Ttap aldizkariaren elkarrizketak egiteko gune bilakatzen utzi diguzuelako.

Nahi duzuenerako, hemen gaude. Ongietorriak izango zarete.

Donostia 2016 joan zen, Tabakalera bertan geratu da. Komunikazioaren munduan ibilbide luzea egin eta gero, 2018aren hasieratik Tabakaleran zuzendari nagusi lanetan zaude. Zuzendaritza postuetan 5 izen agertzen dira, bostak emakumezkoak. Ez dira antzeko kasu asko egongo…

Egongo da, agian, baina nik ez dut gure inguruan antzeko kasurik ezagutzen. Nik esango nuke, gainera, horren eragina nabari dela. Gure arteko harremanetan, badu bere eragina.

Lan talde osoa kontutan hartuta ere, emakumezko asko dago bertan lanean. Ez dut inoiz kontaketa zehatza egin, eta beraz ez dakit orotara zein den proportzioa, baina emakumeak kopuru osoaren erditik gora baino askoz gehiago gara.

Ez ohikoa izan da Tabakaleraren lantaldea osatzeko modua, izan ere, zuzendari orokorraren postua beranduago erabaki eta aukeratu zelako. Abantaila da besteek urratutako bidean murgiltzea? Ala ez?

Beti ere gauzak hasieratik ondo planifikatu eta diseinatuta daudenean, eta egitura bat horrela pentsatuta dagoenean, errazagoa da. Ardura postu bat edota organigramako beste postu bat txertatzean berrantolaketa bat egin behar da. Hasierako markoa ondo diseinatzen bada, eta funtzionamendua ona bada, beti ere hobea izango da.

Ekimen pribatuak eta publikoak elkarlanean, jarduera oso ezberdinen eskaintza egoitza berean… nola daramazue hori guztia uztartzea?

Ondo daramagula esango nuke. Beti esaten dut, Tabakalarentzat gutariko bakoitza aberasgarria dela. Ekimen pribatuen artean Kutxabank da indartsuena, bestela, gainerako erakunde gehienak publikoak dira. Guztion artean aberasten dugu Tabakalera. Gure bulegotik bakarrik kudeatu beharko bagenu, eta eskaintza guk bakarrik osatu beharko bagenu, oso konplikatua izango litzateke. Eta garestia. Nik oso ondo daramat, eredugarri izan behar dugula iruditzen zait gainera. Bai kudeaketa mailan, eta baita ezberdinen arteko lanketan. Baita ikusleari egiten zaion eskaintzan ere. Ez daukat dudarik, aberasgarria da.

Nolanahi ere, bertigoa sentitu behar da, eraikin honetako solairu ezberdinetan barrena ibiltzeko ia-ia mapa bat hartu behar denean…

37.000 metro karratu dira, eta onartu behar dizut goizero-goizero Tabakaleran sartzen naizenean korapilo modukoa egiten zaidala eztarrian. Gauza asko nahasten dira ardura horretan: Segurtasuna, arkitektura gaiak, mantenimendua,… gai askotan ez nago trebatuta, baina lantalde ona osatu dugu.

Ardura handi horiek etxera eramaten dituen horietakoa al zara? Behin hemendik aterata distantzia hartzen asmatzen al duzu?

Oso zaila da lanaldia amaituta ardurak hemen uztea. Etxera eramaten dira, eta buruari buelta asko eman. Batzutan onerako, zeren eta arazo baten aurrean beste irtenbide bat eman diezaiokedala bururatzen zait. Beste kasu batzuetan ez da ez soluziorik, ez irtenbiderik aurkitzen. Eta horrela bueltaka eta bueltaka egoten naiz.

Zure ibilbide osoko ardura handiena al da?

Bai, dudarik gabe. Eta gehiagorik ez! (kar, kar) Hemen bukatzen dira nire ardura eta erronka profesionalak.

Asko pentsatu al zenuen, ardura hartu aurretik?

Bai, asko pentsatu nuen. Buelta asko eman nizkion.

Poz txikiak jasoko dituzu ere. Zer da, behin barruan sartuta, bereziki harritu zaituen egitasmo edo proiektu zehatza?

2deo egitasmoa aipatuko nuke. Zerotik abiatu da, eta nire esperientziarekin zerikusia badu. Hor ere oso lantalde majoa osatzen ari gara, eta disfrutatzen ari naiz.

Uztailean egin zen 2deo egitasmoaren aurkezpena. Bertan adierazi zenuen euskara, ikus-entzunezkoak edota laborategia bezalakoak Tabakalerarekin bikain txertatzen zirela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du egitasmoa, eta guri eskatzen diguten helburu nagusia anbiziosoa da oso. Zuek ere ondo ezagutzen duzue errealitate hori, eta azkenean helburua euskaraz sortutako ikus-entzunezko produktuen kontsumoa handtzea da. Hitz egiteko asko dago, 2deo egitasmoak bakarrik ez du hori lortuko.

Helburua kontsumoa areagotzea da. Gazteen artean egindako azterketen arabera euskarazko edukiak kontsumitzeko interesa egon badago.

Hori da, beharbada ez da asmatzen formatu eta produktu egokiekin. Horren inguruko hausnarketa egitearekin batera, helburua formatu berriak eta produktu berriak egitea izango da. Ez dira, noski, 2deo egitasmoak egindakoak izango baizik eta sektoretik eta sortzaileengatik eginda. 2deok katalizadore lana egin beharko du.

2deo hasiera fasean dago, datorren urtean abiatzeko prest?

2019ko martxo bukaera aldera espazioa prest izatea espero dugu. Dagoeneko ari dira lanean, eta aurten deialdi bat baino gehiago egingo da. Nahiko genuke apirilerako, behin irekita dagoenerako, espazioa beteta egotea eta lanerako prest izatea.

Tabakalera plazako Taba taberna-kafetegian topo egin genuen uda amaieran, haurrek hainbeste soinu ateratzen duten gunean. Ni neu, dena esatera, bertan nintzen haurrekin. Eta zurekin topo egin eta Ttaperako elkarrizketa egitea proposatu nizun. Ez zara palazioan gotortzen den horietakoa, pentsatu nuen nik orduan. Zer nabaritzen duzu zuk erabiltzaileen artean nahastuta zaudenean?

Egunero hartzen dut kafea bertan, egunero bazkaltzen dut bertan. Tabakalera, nik ulertzen dudan moduan, espazio publiko bat da. Nortasun hori eman izan zaio hasiera-hasieratik eta landu izan diren proiektu guztietan nortasun edo izaera hori beti presente egon da. Hiritarrek horrela ulertu dute. Beharbada pentsatu ez ziren beste erabilera batzuk hartu ditu Tabakalerak.

Sozializatzeko gune bezala, adibidez.

Hori da, eta hori oso positiboa iruditzen zait niri. Hiritarrek, gainera, eskubidea dute espazio hori okupatu eta beharrezko ikusten duten erabilpena emateko. Hori arazo bihurtu daiteke, elkarbizitza edo konbibentzia arazoak dauden heinean, kalean eta beste espazio publikoetan ematen diren bezala. Elkarbizitza ondo antolatuz gero, oso positiboa da.

Nik neuk gogoko dut plazara jaistea, bertan egon eta ikustea, baita aditzea ere. Aita-amak seme-alaba txikiekin erakusketara hurbiltzeko bisita antolatuak egiten saiatu gara… Beste erabilpen batzuk piskanaka-piskanaka iradokitzen joatea gure ardura ere bada. Bisitaria, beharbada, euria ari duelako gerturatu da, edota goiko bisitak ikusi nahi dituelako bertaratu da. Baina bertara sartu eta liburutegian liburua erosi du, edo erakusketara sartu da, edo hurrengo egunean konferentzia interesgarria dagoela irakurri eta itzuli egingo da. Beste bide berri horiek eraikitzen goaz.

“Publikoaren eta pribatuaren kudeaketan eredugarri izan behar dugu”

Hona datozenen asteasun maila neurtzeko baliabiderik ba al duzue?

Egin izan dira, esaterako, gure newsletterrera izena emanda daudenei inkesta bidali diegu. Emaitzak oso positiboak izaten dira, baina egia da aipatzen dudan kasu konkretu horretan dagoeneko gurekiko nolabaiteko atxekimendua badagoela. Beraz, inkesta horren emaitza erlatibizatu egin beharko litzateke. Egia da, halere, jende askok parte hartzen duela. Eta, orohar, oso modu positiboan. Horrek ez du esan nahi zer hobetzerik ez dagoenik.

Halaxe da, hain zuzen ere zure izendapena iragartzen zen prentsa oharrean adierazten zenez, Zuzendaritza Nagusiaren egitekoa proiektuaren ordezkari izatea da. UBIKeko langileen egoera prekarioa argitara eman den sasoi honetan, zein da zure postutik egiten duzun irakurketa?

Erakunde bezala badugu erantzukizuna. Eta niri pertsonalki, etxe honetako arduradun bezala, egoera horrek kezka handia eragiten dit. Horrelako gaiak, isilpean.

Diskrezioz?

Diskrezioz konpondu behar da. Eta nik uste dut akordio batera iritsiko garela. Enpresak bere papera jokatu behar du, eta nik uste dut ez zaigula gehiegi kostatuko akordio batera iristea. Konponbidea eman behar diogu egoera honi. Komunikabideetan ez dugu konponduko, eta honek isilpeko lana eskatzen du. Horretan ari gara.

Andoainen bada DBH eta Batxilergoko ikasleentzat Erreportari Gaztea Saria izeneko lehiaketa, eta iaz ikasle talde batek saria lortu zuen UBIKi buruz egindako lanagatik. Besteak beste, zera zioten: “UBIK bisitatzea garai berri bateko liburutegi batean barneratzea da, esperientzia bakarra eta paregabea. Merezi duena”. Probintzia mailako ikasleentzat erreferentzia da, lehiaketara halako lanak aurkezten dituztenean.

Ia astero-astero Donostitik kanpoko eta Euskal Herritik kanpoko bisitaldiak jasotzen ditugu. UBIK eredugarria da, liburutegia ulertzeko beste modu bat. Eta sormenari oso lotuta. Arantza Mariskal UBIKeko zuzendariak esan ohi du helburu nagusia hiritarren sortzeko gogo hori piztea dela. Bakoitzak bere mailan sormenerako gaitasuna baduela erakutsi nahi da UBIKen.

Erreportaje horretan ikasle gazteek Arantza Mariskal UBIKeko zuzendariari honako galdera egin zioten: “Nola ikusten duzu UBIK hemendik 5 urtetara?”. Eman zuen erantzunaren zati bat irakurriko dizut: “Bizkor ibiltzea, gaurkotasunari egokitzea, etengabe sortzea… Gure asmoa beti eraldatzen eta hobetzen joatea da, nahiz eta argi ez ikusi nola aldatuko den. Denbora bat hartu behar da ondo antolatzeko, hausnartzeko, pentsatzeko…. Baina ezin dut imajinatu”. Tabakalera osoarentzat baliagarria den hausnarketa al da?

Balio du, bai. Horrelako erakunde batek, bereziki sormena bultzatzea bere zeregin nagusietakoa duenean, ezin du geldirik egon. Adi egon behar dugu, kanpoan zer egiten den begiratu, inguruan zer gertatzen ari den erreparatzea, indarrak non jarri eta non ez,… Hau da, etengabeko autokritika eskatu behar diogu gure buruari. Arantza Mariskalek dioenarekin guztiz bat nator. Niri ere ez zait batere erraza egiten hemendik bost urtera Tabakalera zer izango den aurreikustea.

Ohikoa delako lan eta lan aritzea, eta hausnarketari tarterik ez uztea

Arduradunoi, eta lantaldeari dagokigu hori. Programazioa osatu beharra dago baina nik, iritsi nintzenetik, etengabe esaten diet “denbora hartu behar dugu: Benetan inportantea ondo pentsatzea da”. Zertarako gauden hemen, zer egin behar dugun eta nola bete behar ditugun gure zeregin nagusienak. Denbora tarteak hartu behar ditugu lanketa horiek egiteko, eguneroko zoramenetik kanpo.

Atzokoari begira jarriko gara, elkarrizketaren amaiera aldera. Gaztea irratia, Eitb… komunikazioaren esparruan ibilbide luzea egin duzu. Faltan botatzen dituzu? Kanpotik zein da zure begirada bi hedabide horiekiko?

Bihotzeko bi proiektu izan dira nireak: Katu kale telebista saioa eta Gaztea. Katu kale urruti geratu zen eta Gaztean egin genuen lanaz oso harro nago. Egin behar zuen ibilbidea egin zuen eta une honetan musika irrati entzunena da. Haren eragina nabarmenduko nuke nik. Erdarazko irrati kate pribatuetan euskarazko musika entzuten dudanean, nolabait, Gazteari esker da. Ez dut dudarik Gaztearen eraginez izan dela. Hizkuntzarekiko langa batzuk aspaldi hautsi genituen, eta hori lortu ahal izateko zerbait egin genuen. Baita musikariek ere.

Katu kale aipatu duzu eta horri buruz galdetu nahi nizun ere. Telebistaz ari garenean, La bola de cristal mitifikatzen dute askok. Gu, ordea, etxean Katu kaleren jarraitzaile fidelak ginen. Denboraren kontua izango da hainbeste mitifikatzen dugula? Esaidazu zuretzat ere esperientzia bikaina izan zela…

Oso, oso era librean landutako edukia izan zen Katu Kale. Lantalde fenomenoa sortu zen –Fermin Etxegoien, Ixiar Uria–, ezagutza handia zutena. Hori alde batetik, eta intuizioa bestetik. Sekulako lan piloa egiten genuen, ia-ia astelehenetik igandera: kontzertuak grabatu, elkarrizketak egin, hara eta hona ibili ginen, Miles Davis elkarrizketatu genuen… garai hartan Euskal Herrian zegoen musika eszenak berak ahalbidetu zigun eduki horiek lantzea.

Kariño handiarekin gogoratzen dugu Katu Kale…

Ez dut inoiz horrela gozatu lanean. Pertsonengatik, lortu genuen giroagatik eta genuen anbizioagatik. Gogoan dut Cancer Moon taldeari buruzko erreportajea editatzen zenbat ordu sartu genituen. Josetxo Anitua bera etorri zen, eta berarekin batera editatu genuen. Gauero gaueko ordu txikietan amaitzen genuen, eta hala ere ez ginen konforme geratzen. Eduki guztiak, oro har, mimo handiz lantzen genituen.

Zinemaldiari dagokionez, inbidiaz begiratuko dizute izarrak eta glamourra gogoko duten zaletuek. Glamour hori gogokoa dute askok.

Ni, ordea, ez naiz batere mitomanoa. Baina disfrutatzen dut Zinemaldian. Sartu eta atera egiten dut, denbora tarte jakin batean.

Esperientzia onak bizitzea tokatuko zitzaizun.

Bai. Aukera eman dit oso jende interesgarria ezagutzeko. Gu bezala, pertsonak dira. Sigourney Weaver etorri zenean, plan bat egiteko enpeinu handia jarri zuen. Bere senarra surfzalea izanik, surf plana egina zuen hurrengo egunerako. Bakarrik zegoen eta plan bat egitea proposatu zidan. Nik, ordea, lan egin behar nuen. Baina emakumea zoragarria iruditu zitzaidan. Oso interesgarria. Guztiak ez dira horrela, eta denekin ez duzu horrelako harremanik lortzen. Eta errespetagarria da hori. Batzuk iritsi, saria jaso, filma aurkeztu eta badoaz. Beste batzuk kuriositate handiagoa izaten dute, euskarari buruz adibidez.

Enbaxadore modukoa zara, hein handi batean

Saiatzen gara, arraroak ez garela uler dezaten. Edo bai…

Edo bai, baina gure hizkuntzarekin eta gure kulturarekin. Eskerrik asko zure arretagatik, Edurne.