Maria Jauregi: “Entzutea oso gutxi egiten da egun”
ETAk erail zuen Juan mari Jauregiren alaba da Maria Jauregi Lasa. Baina ez hori bakarrik. Duela bi urte isiltasuna hautsi eta biktimen alorrean iritzi propio ausarta garatzen ari den ahotsa da. Entzutea merezi duen ahots interesgarri horietakoa.
JONI UBEDA: Eskerrik asko, Maria, TTAPen gonbidapena onartzeagatik.
MARIA JAUREGI: Zuei.
Euskadi Irratian Maite Artolari eskaini zenion elkarrizketa jende askorentzat gogoangarria izan zen. Emozioa, isiluneak… ez zen zuretzat batere erraza izan. Eta kazetaritzaren alde esango dut Maite Artolak oso lan ona egin zuela. Nola gogoratzen duzu zuk elkarrizketa hura?
Nire bigarren elkarrizketa izan zen. 2018ko iraila zen, lehen elkarrizketa Radio Euskadin egin bainuen. Dani Alvarezek animatu ninduen pausoa ematera. Orduan ere emozio handiko uneak bizi izan nituen. Ez nago ohituta komunikabideen aurrean hitz egitera, eta publikoaren aurrean hitz egitea ere kosta egiten zait. Urduri jartzen naiz, eta aitarekin zer gertatu zen oroitzean hunkitu egiten naiz beti.
Elkarrizketa haietatik ahalduntze modukoa bizi izan duzu. Hainbat hedabidetan agertu zara, zure iritzi propioa lantzen ari zara… Ahalduntze modukoa bizitzen ari zara?
Egia esan, bi elkarrizketa horiek eskaini eta gero, jende asko gerturatu zitzaidan. Eskerrak ematera hurbiltzen zitzaizkidan, eta ez nuen horrelako harrerarik espero. Esango nuke hedabideetan agertzera animatu nautela ere politikari batzuen aldetik entzun ditudanek, ez ditudalako gustuko izan. Haserre modukoa sortu zen, eta hori askatu beharrean nengoen.
Twitter, tarteko.
Bai!
Hitz egingo dugu Twitterri buruz, aurrerago. Bilbon gaude, Azkue Fundazioak atsegin handiz utzi digun aretoetako batean. Bilbon bizi zara, baina zu Gipuzkoako Legorretakoa zara. Haurrak ditugunok lehen urteetan haurtzaroa biziberritu ohi dugu. Alde handia Bilbo eta Legorreta artean, eta zeinen haurtzaro ezberdina zurea eta zure umeena. Bilbon bizita, maiz joaten zaizu gogoa Legorretako haurtzarora?
Bai. Erabat ezberdina da. Legorreta herri txiki-txikia da eta haurtzaroa eta gaztaroa kalean eman nuen. Beti kalean, bakarrik, gurasoen beharrik gabe. Bilbon, adibidez, ez duzu askatasun hori. Baina bai Legorretak eta baita Bilbok ere gauza onak eta txarrak dituzte. Bilbon, adibidez, inorekin topo egin nahi ez baduzu, galtzeko aukera asko dago. Ez duzu etengabe “agur, agur” esaten ibili behar. Herri txiki batean, aldiz, jende guztiak ezagutzen zaitu. Aldaketa hizkuntzari dagokionez nabaritu dut. Haurrak eskola publikoan daude, D ereduan, baina ikaskide gehienek etxean ez dute euskaraz hitz egiten. Euskaraz gehiago hitz egin dezaten ahalegintzen naiz. Tira, badakit euskararekin arazorik ez dutela izango.
Zure bizitzan aitarena aipatzea saihestezina da. Atentatuaren ostean zer moduzko harremana izan duzu sorterriarekin, Legorretarekin?
Ez dut inoiz Legorretarekin haria moztu. Betiko lagun taldearekin jarraitzen dut. Aitarena gertatu aurretik kanpoan ikasten ari nintzen. Baina aitarena gertatu eta gero, ez nituen ikasketak moztu eta herriarekiko harremana ere ez nuen eten. Lagun batek esaten dit ea nola egiten dudan Legorretan festa dagoen aldiro bertan egoteko.
Atentatu bat jasan edo senideren bat galdu duten ETAren biktima batek baino gehiagok lagunen artean eta eremu intimo horretan bizi izandako hausturak aipatu izan dituzte. Gogorra egiten zait niri hori. Ez dakit zuk horrelako egoerarik bizi izan duzun…
Nire aitaren aurkako atentatua 2000. urtean izan zen, eta gizartean beste modu batean hartzen ziren horrelako gertaerak. Gure kasuan, gizartearen aldetik babesa jaso eta sentitu dugu. Legorretan, lagun taldeari dagokionez, ez dut inoiz baztertu nautenik sentitu. Gainera, atentatua izan eta lehen egunetan, lagunak etxera etortzen zitzaizkidan bila. Ez dut inoiz moztu harreman hori.
Zeu babestuta sentitu zara, beraz.
Bai, nire kasua hori da. Patria eleberria irakurri nuen, Fernando Arambururena, eta ni ez nintzen nobelan aipatzen denarekin identifikatuta sentitu.
Elkarbizitzari eta biktimei dagokienez, badira oso erabiliak eta handiak diren adierazpenak. Biktimak osotasun modura erabiltzen dira, maiz. Bestalde, egin dizudan aurreko galderaren harira, elkarbizitzan keinu txiki asko beharko genituzkeela iruditzen zait. Biktimak tarteko, lagunen artean gertatu izan diren haustura horien aurrean, bizitzak aurrera segitzen du. Lagun izan zirenek berriro elkar ikusiko dute. Askotan, oso distantzia gutxira daude batzuk eta besteak, eta, hala ere, distantzia horrek salbaezina dirudi.
Garrantzi handikoak dira keinu txiki horiek. Komunikabideetatik kanpo gertatzen direlako, gainera. Esan dizudan bezala, hedabideetan agertu nintzenetik, jende asko gerturatu zait. Nire lanbidean, esaterako, nire burua aurkezteko garaian inoiz ez dut esaten noren alaba naizen. Maria naiz. Elkarrizketa horiek egin eta gero, jende asko hurbildu zait agurtzera, edo besarkatzera. Eta eskerrak ematera. Keinu txikiak dira, baina handiak, aldi berean. Beharbada, euskaldunoi gure sentimenduak adieraztea kosta egiten zaigu gehiago. Badago jendea nahi izan bai baina ausardia faltagatik ez dena gerturatzen. Pixkanaka, eta egoera berri honetan –tira, urteak dira ETA desegin zela–, dena erraztuko dela pentsatzen dut.
Eman eta jaso. Bueltan jaso duzuna asko izan da, Maria, baina kontziente zara zure adierazpenekin jende askori barruan zeraman karga hori arindu zaiola.
Irudipen hori daukat, hori da sentitu dudana.
Beharbada, eta eremu sozialistaren inguruko biktimen kasuan, batzuk bazarete giza eskubide guztien alde agertzen ari zaretenak. Etenik gabe. Nabarmentzekoa da hori.
Nire kasuan, gure etxean, pertsona guztien giza eskubideak defendatu dira beti. Eta hori horrela zen aitarena gertatu baina lehen eta baita gero ere. Balio horri eutsi diogu beti. Gizartean oraindik pauso asko eman behar dira.
Bai, zeren eta badirudi bakoitza gure esfera soziologiko eta politikora mugatzen garela. Bilbon, esaterako, presoen eskubideen aldeko manifestazio jendetsuak egiten dira urtero. Baina, era berean, eskubide horiek defendatzen dituzten askori iraganarekiko ikuspegi kritikoa berbalizatzea kosta egiten zaio.
Aurrera begira, herri honetan jasan dugun biolentzia aitortzea garrantzitsua izango da. Mota askotako biolentziak jasan izan ditugu, eta nik uste dut oso garrantzitsua dela biolentzia mota guztiei legitimazioa kentzea. Biolentziaren erabilerarekin ezin dira helburu politikoak lortu. Uste dut hori oso garbi geratu beharko litzatekeela.
“Errespeturik gabe gizarteak ezin du aurrera egin”
Diozun hori, nabarmena izanik, oso aukera ausartzat hartzen da oraindik. Eta hauxe lotu nahi dut Twitter sare sozialarekin. Zure txioen bidez jarraitzen zaitugu askok. Zure ekarpenak oso kontuan hartzen dira. Zer moduzko harremana duzu Twitterrekin?
Lehen elkarrizketa haiek egin eta gero, Twitter kontua zabaldu nuen. Biktimen erabilerarekin edo biolentzia ezberdinen aitortzarekin lotutako txioak idazten ditut.
Eramangarria zaizula dirudi, baina ez da erraza izango. Har dezagun adibide kaskar bat: boxeoan lehen kolpea eman eta gero, bueltan jaso dezakezunari aurre egin behar diozu. Geroz eta gehiago nabarmentzen diren pertsonen kasua da hori. Txalo asko jasoko dituzue, baina baita txistuak ere. Erantzun brillanteak eta baliagarriak jasoko dituzu, baina baita atseginak ez diren iruzkinak ere.
Asko eta asko ezizen baten atzean ezkutatzen dira. Norberak adieraz dezakeenaren iritziaren aurrean, badira irainekin erantzuten duten pertsonak. Horrelakoak gertatzen zaizkidanean, ez diet kasurik egiten, zuzenean blokeatu egiten ditut. Ez du merezi.
Eta, halere, txiokatzen jarraitzen duzu. Zeren eta badira kontua itxi edo erabiltzeari utzi dioten pertsonak.
Normala. Nik ere denetik entzun behar izan dut. Stockholmgo sindromea dudala, adibidez. Beste behin, RTVEn Arnaldo Otegi elkarrizketatu behar zutela eta, elkarrizketa hori egin behar zela defendatu nuelako “basura terrorista” deitu zidaten.
Espainiako presidentea aukeratzeko inbestidura saioan, Pedro Sanchez presidentegaiak zure eta Iosu Elesperen txioak hizpide izan zituen. Oposizioari, biktimen gaiarekin, aurre egiteko aipamena izan zen. Zuen txioak gobernu akordioaren aldekoak ziren. Sanchezen adierazpen harekin telefonoa mezuz beteko zitzaizula imaginatzen dut…
Ez pentsa. Senarraren lehengusu batek aipatu zidan, baina egia da Sanchezek abizena aldatu egin zidala. Mujika aipatu zuen.
Egia. Ulertu genuen nori buruz ari zen, halere. Presidentea Euskal Herrira hurbilduko da, seguru. Imagina dezagun Pedro Sanchezek zu eta zure antzeko biktimak ezagutzeko aukera baliatu nahi duela. Zer esango zenioke?
Gauzatxo bat esango nioke. Dagoeneko Espainiako presidentea denez, bere garaian Ibarretxe lehendakariak ETAko biktima guztiei behar bezalako babesa ez emateagatik gizarteari barkamena eskatu zion moduan, presidenteari ETAkoaz gain herri honetan beste terrorismo mota batzuk izan zirela onartzea eskatuko nioke. Eta estatu terrorismoa, GALen existentzia, izan zela onartzea. Berak zuzenean ez zuen ardurarik izan, baina alderdi modura eta Espainiako Estatuaren ordezkari modura ardura hori badute. Onarpen hori elkarbizitzarako pauso handia litzateke.
Inbestidura saioan, Espainiako giroa oso gaiztotuta dagoela antzematen zen. Era berean, badira arnasguneak. Eta, horren harira, iazko martxoan, Madrilen izan zenuten egonaldia aipatu nahiko nuke. Javier Gallegoren Carne cruda irratsaio hura oso interesgarria izan zen, Axun Lasarekin batera agertu zinenekoa. Maria San Miguelek zuzentzen duen Valladolideko Proyecto 43-2 antzerki konpainiak euskal gatazkaren harira egin zuen trilogiaren emanaldiak ikustera gonbidatu zintuzten.
Madrilen Viaje al fin de la noche trilogiaren azken antzezlana ikusi genuen. Biktima izandakoen hurrengo belaunaldiari buruzkoa da. Eta funtzioaren ondoren, solasaldia antolatu zuten. Axun Lasa eta biak izan ginen solasaldi hartan.
Hizpide izan dugun irratsaio hura interesgarria izan zen. Sarean dago entzungai.
Axun Lasarekin ez nintzen ordura arte sekula egon, eta horrelako espazio batean elkarrekin aritzea plazer handia izan zen. Axunek lan piloa egin du, bizikidetzaren alde. Sufritutakoak sufrituta, gainera. Oso pertsona ausarta da. Miresten dut.
Trilogia horren bigarren antzezlana ikusi nuen nik, eta, deserosoak izanagatik ere, kulturaren bitartez asko ikasi daitekeela iruditzen zait. Gomendagarria da.
La mirada del otro antzezlanaz ari zara. Nik hori Bilbon ikusi nuen, eta negar malkotan irten nintzen. Antzezlanaren eszena asko etxean bizitakoarekin lotu nituelako. Zehazki, amak bizitakoak. Hiru obratan, osotasunean hartuta, jasan ditugun biolentzia ezberdinak oso ondo islatzen dira. Bestearen sufrimenduan sartu eta ulertarazteko ariketa garrantzitsua iruditzen zait niri. Hemengo herrietan ikusteko aukera egongo balitz, oso positiboa litzateke.
Axun Lasa aipatu dugu. Joxean Lasaren anaia da, GALek Joxi Zabalarekin batera torturatu eta erail zuena. Aldaba Txikikoa da, eta zure lasatar familia Legorretakoa. Baina esan beharra dago, belaunaldi berriei begira, ez zaretela familia. Nola definituko zenuke Axun Lasa?
Ausarta da, jasan duen guztia jasan eta gero. Eta, gainera, bestearen azalean jartzeko gaitasuna erakutsi du. Aldi berean, berak ere autokritika egin du. Konturatu da agian berak ere min egin diola norbaiti. Garrantzi handia ematen diot autokritika egiteko gaitasun horri.
Egoera oso itsusia bizitzea tokatu zitzaien Lasa eta Zabala familiei, gorpuzkiak Tolosako hilerrira ekarri zituztenean. Ertzaintzaren tanketa bat zegoen hilerriaren sarbidea oztopatuz, eta kazetariak handik negarrez ateratzen ikusi nituen. Familiak zigor erantsia jasan zuen, orduko hartan. Urte batzuetara, Axunek torturak pairatu zituela adierazi zuen. Ondo ikusten dut biolentzia ezberdinak jasan dituztenen arteko enpatia hori, zuek biok islatzen duzuena.
Aipatu duzun hori oso gogorra da. Anaia Joxean eta Joxi Zabala torturatu, hil eta desagertarazi nahi izan zituzten. Oso gogorra da hori, eta azken agurra emateko aukerarik ez edukitzea… pentsatzen dut oso momentu zailak izango direla haiek.
Zure jokabideaz gain, ulergarria eta oso humanoa da biktima modura oso haserre egotea, eta barkamenik ez onartzea. Horrelako biktimekin egotea egokitu al zaizu? Nolakoak izan dira elkartze horiek?
Biktimekin ez dut harremanik, baina esan nahi dut pertsona bakoitzak horrelako egoeren aurrean modu ezberdinean erantzuten dugula. Guztiak errespetatu behar ditugu. Alderantziz, nirekiko errespetua eskatzen dut ere. Baten batek pentsa dezakeelako ni erotuta nagoela, edo Stockholmgo sindromeak jota nagoela. Nik beraiek errespetatzen ditudan bezala, besteek ere ni errespetatzea nahiko nuke.
Zuk garatu duzun jokabidearen oinarrian heziketa dagoela adierazi izan duzu.
Ezberdin pentsatzen dutenak errespetatzen erakutsi didate beti. Giza eskubideak errespetatzea etxeko arau nagusia da. Errespeturik gabe gizarte batek ezin du aurrera egin. Funtsezkoa da hori. Elkarbizitzan, amankomunean dauden puntuak bilatu behar dira, zubi lanak garatu eta aurrera egin. Horretarako, bestearen azalean jartzeko gai izan behar dugu, bestea entzuten saiatu… eta entzun. Entzutea oso garrantzitsua da. Eta, egun, entzutea oso gutxi egiten da. Espainiako Parlamentuan politikariek ematen duten irudi hori zatarra da.
Belaunaldiak igaro beharko dira, entzun izan dut maiz, gure artekoa konpontzeko. “Tira, ez dezagun hainbeste itxaron”. Horixe izan ohi da nire erantzuna…
Zaila da, pausoz pauso joan behar da, ematen ditugun pausoak sendoak izan daitezen. Dagoeneko pauso batzuk ematen ari dira. Euskal gizartean pauso batzuk eman dira, udalerri askotan lanean ari dira. Bizikidetza planak eta memoria lantzen, denak kontuan hartzen dituen memoria inklusiboa garatzen… Bide onetik goazela iruditzen zait. Nahiz eta oraindik biktima asko aitortza jaso gabe egon. Beharrezkoa da biktima guztiak kontuan hartzea, eta, presoei dagokienez, hemendik urrun egoteak ez dauka inongo zentzurik. Pausoak emateko daude, baina ttipi-ttapa aurrera egitea espero dut.
Ea, ba, zure jokabide eraikitzaile hori hedatzen doan.
Ahaztu, ezin da ahaztu. Garrantzitsua da pertsona guztiak kontuan hartzea, eta entzutea. Gertaturikoa oso modu ezberdinean bizi izan dugulako. Denei entzunez, lortuko dugulakoan nago.
Mezu positibo horrekin amaituko dugu. Eskerrik asko, Maria.
Zuei.