Alex Sardui: “Euskal Herrian kafe antzokiak sortzeak salbatu egin gaitu”

Plazetan zein aretotan, jarraitzaileek laukote gernikarraren kontzertu bakoitza azkena balitz bezala bizi dute. Emanaldiz betetako agenda izaten du Gatibuk, baina Durangoko Plateruenan Ilaski Serranoren galderei erantzuteko tarte bat hartu du taldeko abeslari Alex Sarduik.

Zer moduz? 

Ondo.

Hasteko, galdera gaitz bat. Zeure burua nola definitzen duzu?

Segun eta ze ikuspuntutatik… Alex Sardui kuadrillako beste bat da eta musikan, Gatibuko abeslaria, gehiago barik.

Azaldu kanpoko bati zer den Gatibu, ze hizkuntzatan abesten duzuen.

Ze euskara mota erabiltzen dugun esateko, argitu beharko litzaioke, lehenengo, zazpi euskalki daudela Euskal Herrian eta horietatik guk bizkaiera aukeratu dugula, geurea delako.

Bizkaiera. Aurreiritzi askori aurre egindakoak gara, bai bata eta baita bestea ere, baina une honetan posizio eroso baten gaude.

Uste dut bizkaitarrok dugun burugogorkeriari esker bizkaiera onartuago dagoela gaur egun duela 15-20 urte baino. Gure euskara lasai edonon erabiltzeko moduan gaude.

Berbetan ere ahots polita daukazu; guapoen ahotsa daukazu.

Ba, igual, banaiz; kar, kar, kar.

Noiztik abesten duzu.

Betidanik. Familian beti eman digute aukera abesteko, gurasoekin, osabekin, lehengusuekin. Ez dakit noiztik nabilen abesten, baina gure aitak dauka grabazio bat zintan eginda 3 urte nituela Aitorren hizkuntz zaharra edo halakoren bat abesten.

Ahotsa behar da abeslari izateko, baina ahotsa bakarrik ez, badaukazu ahotsa eta badaukazu beste zeozer. Agertokian egoteko behar den karisma hori.

Nik uste dut badaukadala karisma hori, lotsagabetasun hori. Agertokian norberak ez badu aurrera egiten, entzuleek egiten dizute aurrera eta norberak atzera. Entzuleek behar dutena da aktibitatea, baten bat zerbait esango diena. Ez diot nigatik, orokorrean ari naiz. Antzerkian asko ikusten da hori; gaitasun hori dute antzezleek eta horregatik sartzen zara hainbeste obran.

Ez diot bilatu duzunik, baina oso ezaguna zara Euskal herrian.

Lehen, ez gintuen inork ezagutzen, baina orain bai, ondorio bat da. Euskal Herriko edozein lekutara joaten naizela, ezagutu egiten naute.

Plateruena Kafe Antzokian gaudela; ze garrantzitsua halako espazio propioak izatea, ezta?

Honek ez dauka parekorik. Euskal Herrian antzokiak esango nuke kulturaren %50 direla. Kaleko kultura, behintzat, halako lekuek salbatu dute.

Topagune zuendako, topagune programazio aldetik, programatu behar delako eta topagune guretzat, zuok ikustera gatozenentzat.

Euskal kultura zaleendako abiapuntu bat da. Asteburu baten plantxo bat egin nahi baduzu, begiratzen duzu zer dagoen Bilboko antzokian, Durangon, Ondarroan… gustatzen zaigulako euskal giro honetan murgiltzea. Oso euskaldunak garelako.

Gazteek inbidia ematen dizute?

Segun zertan. Nik uste dut askatasuna galdu dutela gazteek, nortasuna. Lehen, etortzen ginen kontzertuetara eta zoramena izaten zen; ez zen kontzertua ez zen beste ezer existitzen. Orain, jendea ikusten dut apurtxo bat zuhurragoa, itxura eta halakoak zaintzen. Hori da askatasuna murriztu egin delako. Lehen, oso libreak ginen, libre adierazten ginen eta gure gurasoak are libreago eta haiek baino gehiago gure aitaita-amamak.

Zubi lana egiten duzu belaunaldi gazteagoen eta zaharragoen artean. Telebistako galetan musikari zaharrekin ikusi zaitugu, eta, aldi berean, azken diskoan musikari gaztez inguratuta.

Beteranoak entzutea beti da gauza ederra. Bakoitzak bere egiteko modua duen arren, esperientzia horretatik xurgatu egin behar da. Gazteekin egotea ere asko gustatzen zaigu. Musikalki oso ondo prestatuta daude, talde oso onak dira, baina ez dute lehengo presentzia irratietan, kalean… Zailagoa dute, ez dago dudarik. Esaterako, lehenago, zuek egiten zenuten saioa Euskadi Gaztean zapatu goizean maketa lehiaketak-eta antolatzen… Hori oso garrantzitsua zen euskal taldeendako.

Gazteekin jarraituta, egiten duzu gogoetarik horri buruz? Hau nire gogoeta da: gutxiago falta da ametsak betetzeko. Lehenago, sentitzen nuen bide luzea geratzen zitzaigula, eta horrek ematen zuela indarra.

Gazteek hori dute eta hori behar dute. Gaztetatik murriztuz gero, zahar bilakatuko duzu, eta ez da ona. Ez da ona musikarendako, ez beste edozein arlotan. Ez da ona katea jartzea gazte bati. Gazteak imajinazioa du, gaitasuna du gauza estratosferikoak pentsatzeko… Eta hori ezin da geratu.

Utopiarako, mundua aldatzeko…

Gure seme-alabek hori behar lukete eta gauza berriak atera, nahiz eta norberak astakeria dela pentsatu. Izan ere, astakeria horri forma emanez gero, eta eurak forma hartzen badoaz, esperientziarekin, ametsa bete egiten da. Eta ametsa aldaketa da.

Zalantza barik. Bide horretan, baikortasuna gakoetako bat da eta zuk transmititu egiten duzu. Zu apur bat ezagututa, igartzen da zure barre egiteko moduan. Baikortasun hori erakutsi egiten duzu. Pertsonalki une oso txarrak bizi izandakoa izanda ere, beti aurre egiteko izan duzun indar hori.

Behea jotzeko ez da askorik behar izaten. Sarri, pentsatzen ez duzun lekutik dator disgustua eta prestatuta egon behar da horiek altxatzeko. Baina nola prestatu? Ostiak hartuta. Eta zuk ere badakizu, nire moduan, aurpegi apur bat dugunok ostia handiagoak hartzen ditugula. Hortaz, indar handiagoa behar izaten dugu zulo horretatik irteteko. Baina, azkenean, ikasi egiten duzu eta zulo horiek ez dira hain sakonak izaten eta zerua ez dago hain hurbil. Neurria hartu behar da eta, ahal denean, umorea atera. Eta ezin denean, zurekin elkartu eta barre batzuk egin… Kar, kar, kar. Barre egiten duen jendea, umorea duena, gehiago bizi da.

“Ezagunak bagara, busti garelako da”

Gatiburi buruz ari gara, baina  ze zoriontsu ginen gu Exkixu entzuten! Aurkitu zintudan irrifartsu… zenioten.

Bai, gure lehen singlea, 25 urte.

Oso modernoa zen bere garairako. Garai hartan sartu zen trikitia popean ere. Talde batzuek keinu batzuk egin zenituzten gaur egun ezagutzen denari ateak zabaltzeko.

Bai; agertokian ezberdinak ginen, hori bai egia dela. Eta Exkixugaz suertea izan genuen; izan ere, alboka erabili genuen abestietan eta alboka une latzak igarotzen ari zen… Begira gaur egun Huntzak ze arrakasta izan duen trikitia jota. Musikalki desberdina da, baina bertoko instrumentua ere erabiltzen du. Halako taldeak behar dira eta neska gehiago ere bai. Izan ere, neskak oso potenteak dira eta gustua ematen du neska bat ikusteak agertokian indarrarekin.

Zer duzue abeslariek lau letra hartu, lau akorde, istorio bat osatu eta gu engantxatzeko? Zer magia du horrek?

Musikak magia dauka eta hitzak oso magikoak dira. Euskal Herrian hitzekin oso exigenteak gara, letra bat heltzen zaizunean ez zaizu sekula ahazten. Hori guri gertatu zaigu Kortaturekin, Hertzainakekin… sasoi hartako taldeekin. Eta jendeak hartzen duenean letra berea balitz bezala gauza handia da. Agertokian zaudenean eta jendea entzuten duzunean abesten, ufa.. Agirretxe futbolariak esaten zuen gola sartzean emozioak goia jotzen zuela, topea dela tope, eta arrazoia dauka. Eta musikan berdina gertatzen zait. Klimax hori lortzen duzuenean zabaldu egin behar duzu; izan ere, ezin da kontrolatu. Egunen baten musika uzten badut, horren falta igarriko dut gehien. Zenbat kaka irteten den hor.

Musturrek sartunde zabiltza leku guztietan; saltseroa zara. Busti egin behar dugu egile edo iritzi emaile moduan gure profesioagatik, baten batek ezagutzen gaituelako?

Ezagunak bagara, busti egin garelako da. Bustitzea zer da, iritzi bat izatea? Kataluniari buruz? Askatasunari buruz? Hori da bustitzea? Nik uste dut hori dela norberak duen iritzia. Baina bustitzea, nire ustez, dagoeneko bustita gaude. Musikaria, taldea, agertokira igotzean dagoeneko bustita dago. Irratian mikrofonoa jartzen dizutenean dagoeneko bustita zaude, jendeak horrela ez ulertu arren.

Katalunia jarraitzen duzu? Lotura estua duzue bi herrietako musikariek?

Bai, baina estilo ezberdinetan; gu askoz ere rockeroagoak gara. Lotura hori existitzen da eta gustatzen zaie hona etortzea. Izan ere, Katalunian musika asko disfrutatzen da, baina hemen pasioa dago. Esaterako, han talde nagusiak 1.200 lagun sartuko ditu aretoan. Hasierako taldea ikusten, berriz, 300 egongo dira. Hemen 800 hartuko ditu talde nagusiak eta 700 egongo dira hasierakoa ikusten. Hori hemen bakarrik gertatzen da.

Ametsei buruz aritu garenean aipatu duzu askatasuna berba. Askatasuna nola ulertzen duzu? Banakoa, kolektiboa…

Nik uste dut kolektiboa banakoak egiten duela; hortaz, askatasun indibiduala badaukazu, transmititu egin dezakezu; zurekin egin dezaket berba askatasunari buruz, eta bion artean, hiruren artean, hamarren artean, ehunen artean… sortu dezakegu istorio bat askatasunari buruz. Pentsa dezakegu, esaterako, gure herriak ze askatasun mota behar duen, eta, baleuka ere, herri horren barruan gure askatasuna nolakoa izango litzatekeen. Musikari naizen aldetik, askatasuna lortzea oso garrantzitsua da norberak esan nahi dituenak esateko, inor iraindu barik, baina norberaren gauzak kanporatuz. Eta jendeak onartzen duenean, aske izan nahi duten seinale. Uste dut euskaldunak orokorrean nahiko libreak garela, behintzat, pentsamenduz, nahiko zentzudunak garela arlo horretan eta ikusten dut egunen baten herri moduan askatasuna lortzea posible dela, eta indibidualki herri horri emateko gai garela musikariak, telebista, irratiak, egunkariak, politikariak, tabernariak, igeltseroak… Uste dut orokorrean nahiko burudunak garela euskaldunak.

Aske maite. Aske maite. Maitasuna da mundua mugitzen duen motorra?

Aske bizitzea eta aske maitatzea beharrezkoa da, norbera hazteko eta irizpide batzuk edukitzeko, polita da hori. Baita inguruan dagoena ezagutzeko ere.

Eta Euritan dantzan. Nahiz eta euria izan, dantza egiteko gogoa.

Hori da jokoa eta horregatik egin genuen letra hori. Gainera, letra egin genuenean, krisiak goitik behera polito kolpatu gintuen. Eta bai; azkenean, euria edo elurra egin, aurpegi ona ipini behar zaio eguraldi txarrari. Euskaldunok badakigu hori egiten eta hori gura izan genuen transmititu, etorriko direla denbora hobeak.

Tarteka plisti-plasta bustitzea ere…

Putzuan sartuta, formak zaindu barik. Umetan zer duzu gustukoen euria egiten duenean, ba, bustitzea, putzuan salto egitea… Hori berezkoa dugu eta umetasun hori ez dugu galdu behar. Halako zorakeriak egin egin behar dira, hori ere aske izatea da.

Atzera begiratu eta ze ondo pasa dudan da… eta aurrera begiratu eta zer ikusten da?

Egiteko gogoa.

Ze ondo. Hori non erosten da?

Egindakoak balio du, baina eginda dago. Agian, egun baten erretiratzen bagara, jendeak esango dit zer egin dudan, ez nik. Baina aurrera begira egin behar da lan. Hemen dugu Durangoko Azoka, oso garrantzitsua euskal sortzaileendako, eta horra begira gauza asko egiten dira. Horrek data bat ematen dizu eta ondo etortzen da lan egiteko.

Bidean sorpresa eder asko eramandakoak gara, ezustekoak pertsonatan.

Hori oso garrantzitsua da. Pertsona bat ezagutzen duzunean eta aditzen duzunean espektakularra da.

Eskua emango dizut. Lehen aldia agertoki baten gainean gaudela biok?

Ba, bai.

Hurrengoan, koruak egitera nator.