Alex Gibelalde: “Jaurlaritzak ‘kontralobby’ lanak egin beharko lituzke ingurune digitalean euskara sustatzeko”
Beasaindar gazteak eskarmentu handia eta ibilbide luzea du Silicon Valleyko argi-ilunetan. Google, Twitter eta HBO entzute handiko enpresetan lan egin ondoren, egun, audioliburuen alorrean dabil buru-belarri murgilduta, Storytel enpresa suediarrean. Bere ibilbide oparoaz eta euskararen presentziaz ingurune digitalean aritu gara solasean.
Kaixo, Alex! Ongi etorri Keler gune honetara. Aurreko elkarrizketa guztietan hizpide izan ditut euskara, ingurune digitala, sare sozialak… baina bereziki alor horietan mugitzen ez zen jendearekin. Orain, Google eta Twitter gisako enpresetan aritutako norbaitekin hitz egiteko aukera daukat; beraz, niretzat, plazer hutsa da. Eta hortik hasiko gara. Zer egiten du beasaindar batek Googlen? Nola eman zenuen jauzi hori?
Hamabi urte pasa dira Googlen sartu nintzenetik, 2006an izan zen. Jendeak ez zuen gehiegi ezagutzen orduan. Bilatzaile bezala, bai, baina ez bestela. Orduntxe izan zen boom-a. Eta ni izugarri erakartzen ninduen Googlek: bulegoak ikusita nituen, berritzailea zen lan egiteko eran… Gainera, obsesio bat nuen: ez nuen trajea jantzita lan egin nahi. Enpresa ikasketak egin nituen eta marketin arloan hasi nintzen lanean, baina Internet ere asko gustatzen zitzaidan…Garai hartan, Googlen lan egiteko lan eskaintza bat ikusi nuen, Dublinen lan egiteko, zehazki, marketin digital edo adwords alorrean. Orduan hasi zen Adwords Espainian sartzen, eta jendea behar zuten bertan lan egiteko. Egia esateko, ez nekien zertan egin behar nuen lan. Banekien Google enpresan izango zela, Dublinen, eta ETEekin (PYMEak) lan egingo nuela. Horixe besterik ez nekien. Curriculuma bidali nuen, pare bat entrebista egin zizkidaten telefonoz eta egun batean Dublinera eraman ninduten. Hiru egun geroago, lan eskaintza jaso nuen.
Adwords aipatu duzu. Zer lan egiten zenuen?
Google enpresa amerikarra da eta bilatzailearen egoitza nagusia Ameriketako Estatu Batuetan zuen. Urte eta erdi lehenago hasia zen Google Adwords. Marketin munduan ez dabilenak ez du jakingo, baina Google Adwords ia dena izan da Googlerentzat. Hori da Googlek dirua egiteko asmatu zuen eredua. Berak asmatu zuen eta, ondoren, Interneteko beste enpresa guztiek kopiatu egin dute modelo hori. Nahiko erraza da: bilatzailean bilatzen duzun momentuan, zure enpresa azaltzen da. Zuk hitz horiengatik eskaintza bat egiten duzu eta, azkenean, zentimo batzuengatik Google bilatzailean atera zaitezke. Egia esanda, ni sartu nintzenean, lehenengo urteak izan ziren. Nire lanaren oinarria zen Espainiako enpresei, ETEei bereziki, laguntzea ematea aukera hori ezagut zezaten. Googlek negozioa mugitzen hasteko munduko toki ezberdinetan lantaldeak sortzen ditu. Dublinekin hasi zen eta nik han hiru urte pasatu nituen. Gero, Madrilen bulegoak ireki zituzten eta Madrilera joan nintzen. Nire lana nahiko erraza zen: enpresei Googlen publizitatea ipintzeak zituen abantailak adieraztea.
Beti erakutsi izan digute Googleko lan-egoitzen irudi idealizatua edo: espazio irekiak, langileak mahai-futbolean… Halere, pentsatzen dut benetako irudia ez dela juxtu hori izango, ezta?
Oso enpresa dibertigarria zen. Lan egiteko oso enpresa erraza, malgua, janaria doan… Gauza horiek oso ondo etortzen dira. Baina, bestalde, oso enpresa zorrotza da. Hiru hilabetez behin, langilearen ebaluazioa. Horren bitartez erabakitzen da nola zoazen aurrera enpresan. Azken finean, oso azkar doa dena eta presio handia duzu.
Horrek hurrengo lanetarako izugarrizko eskarmentua emango zizun… Googlez hitz egitean, ezin dugu datuen kontua saihestu. Googlek guri buruz dena daki: zer bilatu dugun, zein bideo ikusi dugun, gure historia gordetzen ditu… Guzti-guztia gordetzen du, baldin eta ez badugu funtzio hori ezgaitua, eta, izanda ere, dena daki… Esaten den bezala: “Produktu bat doan erabiltzen badugu, produktua gu geu gara”. Zer daki benetan Googlek guri buruz?
Googleri dena esaten diogu. Inori baino gehiago. Bilatzailean pilatzen ditugu gure pentsamendu guztiak, mugikorretik esaten dugu non gauden, gure oporrak hor bilatzen ditugu… Zuk esan duzuna egia da. Zergatik da Google dohainik? Gu produktua garelako. Eta gure datuak nori saltzen dizkio? Lehen esan dugun enpresei. Googlek erabiltzaileak erdian jartzen ditu eta sekulako zerbitzuak eskaintzen dizkio. Enpresei, berriz, erabiltzaile horiengana iristeko aukera ematen die. Nik uste dut Googlek oso ondo landu duela arlo hori, ez baita inoiz oso instrusiboa izan: publizitate naturala edo natiboa erabili izan du. Zer esan nahi du horrek? Ez dela programa bat eteten iragarkiak ipintzeko. Zure esperientzian bertan iragarkiak txertatzen dira. Ez dago etenik.
Googlek goia jo du edo iruditzen zaizu oraindik osasuntsu dabilela?
Hori oso galdera zaila da. Alde batetik, baietz esango nuke. Berrikuntza aldetik, agian, bai. Google Adwords edozein enpresak nahiko lukeen esne-behia izan da, amets bat: une oro jendea klik eta klik. Halere, kontuan izan behar da 2000ko hamarkadan ez zeudela sare sozialak; ez zegoen Amazon, orain dagoen bezala… Googlek, lehen, pastelaren %100 zuen. Pastela handitzen joan da, baina beste batzuk ere hasi dira zatiak hartzen; batez ere, Facebook eta Amazon. Azkenean, enpresa hauek publizitatetik jaten dute eta publizitate arloan lan asko egiten ari dira. Amazon hor ari da eta Facebooken azken 10 urteak ikaragarriak izan dira.
Googleri eman diogun errepaso txiki hau amaitzeko, ze ikasketa ateratzen duzu haiekin egondako urte haietatik?
Lan egiteko modu zehatz bat ikasi nuen: kolaboratzailea, azkarra eta erantzukizun handikoa. Erabakiak azkar hartu behar ziren eta zure ustez ondo aterako zen horren alde apustu egin behar zenuen. Zirt edo zart, azkartasuna eta aurrera. Googleren kultura aurrera begiratzean datza. Aurrera, aurrera, aurrera eta aurrera. Esan ohi da hobe dela barkamena eskatzea baimena eskatzea baino. Baimena eskatzen baduzu, besteek stop, stop, stop egiten dizute eta ez dizute uzten aurrera egiten. Eta han alderantziz zen: aurrera bota eta, oker ateratzen bada, bueno; ondo ateratzen bada, aldiz, oso arrakastatsua da.
Eta Googletik Twitterrera. Ez da hain ohikoa, ezta? Nola izan zen hori?
Sektorean asko mugitzen gara, egia esateko. Googleko zuzendari bat Twitter Espainiara joan zenean, marketina martxan jartzeko pertsona bat behar zuen. Gu Googlen zazpi pertsona ginen momentu hartan marketinean, eta niri eskaini zidan. Oso harreman ona genuen. Niretzat, oso erronka polita izan zen. Twitterren, gainera, ekarpen handiagoa egin nuen: lan asko egin nuen enpresa mailan, baita publizitatean ere. Twitterren ikusi zuten Espainian erabiltzaile mordo bat zituztela; izan ere, Espainia oso arrakastatsua izan da Twitterrentzat. Eta galdera zen: nola lortu dirua? Talde bat egin zuten eta ni hantxe egon nintzen. Alde batetik, enpresei erakutsi behar nien nola erabili gure sare soziala euren helburuak lortzeko eta, bestetik, jende ezaguna edo celebrity-ak erakartzea (futbolariak…). Zenbat eta jende ezagun gehiago egon Twitterren, orduan eta erabiltzaile gehiago. Hori izan zen nire lana. Garai interesgarria izan zen, baina 10 urte Sillycon Valleyko hiru hilabeteko ebaluazio horiekin eta estres puntu horrekin… Momentu batean, presio hori jaisteko gogoa izan nuen.
“Momentu batean, Sillycon Valleyko presioa jaisteko gogoa izan nuen”
Eta orduan, HBOra pasatu zinen…
HBOk Espainian sartzeko planak zituen, eta, ez dakit nola, baina deitu egin zidaten. HBO mundu osoan dagoen enpresa bat da, besteak beste, hain ezagunak diren Tronu jokoa, Sexua New Yorken… sailak ditu. Garai hartan, arazo handi bat zuten: Netflix inongo akordiorik gabe sartzen hasi zen, arrakasta handiz, eta dena Internet bidez eskaintzen. HBO 2013. urtean hasi zen probak egiten Interneten, herrialde nordikoetan. Ondo joan zitzaien, eta, akordioak direla-eta herrialde batzuetan ezin zutenez sartu, hurrengo pausoa Espainia izan zitekeela pentsatu zuten. Eta niri deitu zidaten, batez ere, plataforma Espainian sartzeko eta marketin zein merkaturatze estrategiak garatzeko, Tronu jokoa sartzeko…
Eta hortik orain zauden tokira duela sei hilabete. Storytel-en zaude, audioliburuen mundura pasatuta. Askotan, ematen du Internetek, sare sozialek, eta abarrek irakurtzetik kentzen dutela jendea. Agian, irakurketa beste modu batzuetara egiten da, ezta? Aldi berean, beste ate batzuk zabaltzen dira. Azaldu egiguzu audioliburuen mundu hori zertan den…
Trantsizioa kontatuko dizut. Asko gustatzen zait Europako iparraldeko kultura. Suedian bizi izan nintzen urtebetez, ikasle nintzenean, Erasmusen, eta bertako enpresa batean lan egin nuen. Nire HBOko lankide bat Storytelera pasatu zen, Suediara. Eta gero, ni. Storytelek badaramatza 12 urte han. Lehenengo urteak, gainera, oso zailak izan ziren, mugikorrik ez zegoelako eta audioliburuak entzutea nahiko zaila zelako. Duela 3-4 urte zabaltze lanetan hasi ziren, batez ere, Amazonen Audible edo horrelako konpetentziarik ez dagoen tokietan. Badaude beste jokalari batzuk audioliburuen munduan. Oso sektore interesgarria iruditzen zait. Kultura eta betiko irakurtzeko aukera, baina formatu ezberdinetan. Ameriketako Estatu Batuetan, urtero %20-30 igotzen ari da. Editoreentzat ere dirua lortzeko beste kanal bat bihurtzen ari dela-eta bitxia da: e-book-ek ez zuten inoiz espero zen arrakastarik lortu, eta audioliburua, berriz, hasi da hazten. Hemen oraindik kostatzen ari da. Jendeak ez du ezagutzen formatu hau, eta ez dago ohituta.
Bitxia da, bai. Azkenean, TTAP aldizkaria ere beste formatu batzuk probatzen ari da. Elkarrizketa hau, adibidez, irakurri, ikusi eta entzun egin daiteke… Zer eskaintzen du Storytelek Audiblek edo bestelako batek eskaintzen ez duena? Badu berezitasunik?
Bai. Storytel harpidetza zerbitzu bat da. Audiblek eta beste batzuek pay per listen aukera eskaintzen dute; hau da, entzuten duzun hori ordaintzen duzu. Guk Netflix moduan egiten dugu: hilabetean tarifa bat ordaintzen duzu, eta nahi adina liburu entzun ditzakezu.
Ni, beste asko bezala, ez nago ohituta Interneteko zerbitzuen truke ordaintzera, baina horrelako zerbait ordaintzeko prest egongo nintzateke, zalantzarik gabe. Halere, ez da erraza izango ohiturak aldatzea, ezta? Horretan zabiltzate orain, ezta?
Nik Netflixen barneko esperientzia ezagutzen dut, HBOn ere berdina izan zen eta hemen, oraindik gehiago, Storytel ez delako hain ezaguna. Ez gaude ohituta edukien truke ordaintzera. Netflix hori asko eta azkar aldatzen ari da. Spotify ere bai: aukera ematen dizu zerbitzu gehiago izateko. Gero eta gehiago sartzen ari dira Internet munduan harpidetza eredu horiek.
Bai… eta nahi duzuna kontsumitzen duzu hilabetean zehar. Gainera, esan behar da audioliburuak norbaiten irakurketatik haratago doazela, dramatizazioa ere badago…
Bai, bai! Profesionalekin egiten dugu lan, eta editorial guztiekin. Oraindik 1.500 titulu ditugu, gehienak gaztelaniaz. Katalanez ere baditugu. Oraindik, tamalez, euskaraz ez dugu, baina lan egingo dugu euskaraz ere izateko. Askotan galdetzen didate zeintzuk diren erronkak eta nik beti esaten dut bi direla: audioliburuak sektore gisa hor jartzea eta baita enpresa bezala haztea ere. Horietan gabiltza orain.
Pasa gaitezen, orain, ingurune digitalera eta euskarara. Euskaldunok beti sufritzen ibiltzen gara ingurune digitalean: pauso bat aurrera eta hiru atzera. Zer egin dezakegu handi horiek –Google, Twitter, eta abar– kontuan izan dezaten euskara eta zerbitzu horiek euskaraz eman ditzaten?
Errealistak izanda, zenbat eta handiagoak izan, orduan eta zailagoa da. Enpresa hauek txikiak direnean, lan egiteko modu berritzailea dutenean, sentsibilitate handia erakusten dute kultura guztiekin, hizkuntza gutxituekin, etab. Google Espainian nengoela, adibidez, proiektu ugari egin genituen. Nire lankide batek, Clarak, arriskuan dauden hizkuntza guztiak mapa batean jarri zituen, Unescorekin batera lan eginez. Baina, bestalde, enpresa hauek burtsan daude, diru asko mugitzen duten enpresak dira, eta alderdi erromantikoa gero eta gehiago baztertzen ari dira. Azkenean, dena negozio eremura pasatzen dute. Eta, tamalez, handi horiekin oso argi ikusi nuen hori gertatzen zela.
Orduan, beraiek behar dutena da: erabiltzaileak, erabiltzaileak eta erabiltzaileak.
Zenbat eta jende gehiagok erabili eta publizitatea saldu ahal izan, ba, edozein hizkuntzatan aritzeko moduan ipiniko dute zerbitzua. Ez da erraza.
Amaitzeko, hari horretatik tira eginez, Euskal Herriak bitartekaritza sendo bat izango balu –denon izenean ibiliko dena, protokoloren bat edo…–, zerbaitetarako balioko lukeela iruditzen zaizu?
Uste dut enpresa horiek lobby lanak egiten dituzten bezala, kontralobby lana egin beharko litzatekeela. Eusko Jaurlaritzak herri estrategia bezala egin beharko luke. Ezin da talde txiki bat joan ate joka. Horrela ez duzu ezer lortuko. Duela urte batzuk lortzen zen Google Maps, adibidez, euskaraz azaltzea… baina uste dut orain agenda politikoan sartzeko gai bat dela. Ez da hain erraza… Herri estrategia bat egin beharko litzateke eta kongresuetan daudenean, adibidez, beraien negoziazioetan horrelako puntuak sartu beharko lituzkete. Ez dago besterik.
Ederki. Eta Alex, aurrera eta atzera hainbeste ibili ondoren, non ikusten duzu zeure burua etorkizunean? Edo pixka batean geratzea gustatuko litzaizuke?
Storytelen geratzea gustatuko litzaidake. Oso enpresa polita da. Kulturala. Lan egiteko oso atsegina da. Eta bada ordua pixka bat lasaitzeko. Bidaiatzen dut, baina lasaixeago nabil. Oraingoz, orduan, Storytelen geratzea gustatuko litzaidake.
Alex, zoragarria izan da. Ea hurrengoan elkar ikusten dugunean zer kontatzen didazun!
Ea, ba, zer kontatzen dizudan!