Alarmak berandu

Ander Izagirre

Angela Vergara kongresukide kolonbiarrak bideo dramatiko bat zabaldu zuen bere semea Estatu Batuetan jasaten ari zen egoera salatzeko. ICE poliziak kalean atxilotu zuen Rafael Alonso, 22 urtekoa, eta hemezortzi egun zeramatzan “espetxean kateatuta, baldintza negargarritan”. Amak larritasun handiz zioenez, Rafaelek ez zuen trafiko arau txiki bat ere urratu, lanerako baimena eta osasun-asegurua zeuzkan, eta 2028rako hitzordua emana zioten egoitza-baimenaren inguruan erabakitzeko. 

Sare sozialetan iseka egin zioten Vergarari, Alderdi Kontserbadoreko kidea zelako eta hilabete batzuk lehenago Trumpen aldeko mezu sutsuak argitaratu zituelako, Vergarak “ordena” deitzen zuenaren alde. Polizia arrazista horrek bere semea ahalik eta azkarren askatzea opa nion nik, eta bakean bizitzen utz ziezaiola. Baina goazen pixka bat harago: Vergararen semeak paperik izango ez balu ere, eta delituren bat egin balu ere, ez luke horrelako traturik mereziko. Edonork defendatzen ditu errugabeen eskubideak, nola ez ba; kontua da pertsona guztienak errespetatzea, baita ustezko errudunenak ere, baita errudun konfirmatuenak ere, inork ez duelako merezi kaiola batean ixtea, tratu txarrak jasotzea edo inolako bermerik gabe auskalo zein herrialdetako espetxe batera deportatua izatea han usteldu arte. Pertsona guztien eskubideak defendatzea komeni zaigu, justizia hutsagatik eta egoismoagatik: ez bazaizkigu alarmak pizten errudun baten eskubideak urratzen dituztenean, errugabe batenak urratzean piztuko zaizkigu, eta ordurako berandu ibiliko gara.