Alaitasuna fabrikatu

Arantxa Urretabizkaia

Duela gutxi galdetu zidaten, elkarrizketa batean, noiz egin nuen negar azken aldiz, eta erantzun nuen ez nekiela noiz, baina jakin banekiela aspaldi izan zela. Onerako edo txarrerako, ez naiz negartia.

Elkarrizketa bukatu zenean pentsatu nuen ez dela niri edo beste elkarrizketatu batzuei galdera hori egiten dioten lehen aldia, eta ulertzen dut zergatia: egiten dugunaren azpitik dagoena azaleratzeko asmoz. Elkarrizketa ugari egin dut galdegile gisa hamarralditan, eta beti esaten dut benetako lana galderak egitea dela, ez erantzutea. Aise egiten dut bat galdegilearekin.

Gauza da negarrari buruz galdetu izan didatela; ez, ordea, barreaz. Galdetuko balidate noiz egin dudan barre azken aldiz, egiari zor, erantzun beharko nuke atzo bertan edo, agian, duela bizpahiru ordu. Baina, agian, ez nuke hori erantzungo,  sasoi honetan alaitasuna eskandalagarria izan daitekeelakoan.

Argi dezadan barrea eta alaitasuna ez direla gauza bera, baina negarrak ez du ere beti iturburu bera: pozaz ere egin daiteke negar. Normalean, ordea, barrea alaitasunarekin lotzen da eta negarra tristurarekin. 

Alaitasuna, sarritan, arinkeriatzat harzen da, baina ezer gutxi da hain beharrezkoa bizitzan. “Bizitza ez da beti jai, inoiz tristea ere bai, baina badira mila motibo kantatzeko alai”, idatzi zuen Amurizak eta Imanol Larzabalek kantatu.

Motibo horien bila jarduteko gonbita baikorra.

Defenda dezagun alaitasuna, eta berez ez badatorkigu, fabrika dezagun.