Alaia Martin Etxebeste: “Kosta egin zait neure buruari aitortzea bertsolaria naizela”

Alaia Martin Etxebestek (Oiartzun, 1987) irabazi du azkeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Harekin hitz egin dugu bertso-eskolen garrantziaz, haren ibilbideaz eta txapela irabazteak ekarri duenaz, besteak beste.
Alaia Martin Etxebeste, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko.
Zein izan zen buruz ikasi zenuen lehendabiziko bertsoa?
Bertso-eskolan hasi ginenean, irakasleek astero bertsopaper bat ekartzen zuten, eta uste dut interesez eta ilusioz ikasi nituen lehen bertsoak Txirritaren Norteko Ferrokarrilarenak izan zirela. Istorioa kontatzeko gaitasunaz gain, kantatzeko moduak eta sorrarazi zidan harridura-mailak oroitzapena utzi zidan.
Etxetik datorkizu bertso-zaletasuna?
Ez nuke esango bereziki bertsozaleak izan direnik etxean, baina amaren aldeko aitonak ba omen zuen zaletasuna. Gogoan dut behin aitona eta anaia Hitzetik hortzera ikusten ari zirela elkarri puntuak jartzen hasi zirela eta nik, halako batean, puntu bati erantzun niola. Familian gehiago dago kultura-zaletasuna eta hitzarekiko maitasuna, hitzarekin jolasteko plazererako ohitura. Anaia ere bertsolaria da; beraz, oihartzun horiek ere bazeuden etxean, baina bertso-eskolan izena eman nuen, eskolako eguerdiko tartean egiten zelako eta nire gertuko lagunak bertan apuntatu zirelako. Kasualitate-pilaketa handi bat izan zela uste dut.
Zer aurkitu zenuen bertso-eskolan?
Lagun-tarte eder bat. Gustatzen zitzaidan saltsa eta lagunartekotasuna, baina nire baitara jotzeko joera handia izan dut ere, eta bertsoak barne mundu hori ordenatzeko erremintak ematen zizkidan. Garai hartako drama eta poz handi guztiak bertsotan jaso nintzakeen, eta gerora ere beti lagundu izan dit. Ahoz gora esaten ausartzen ez nintzen eta hauskor bihurtzen ninduten gauzak esateko aukera eman zidan bertsoak, paperean tokia zuten horiek guztiak. Horrek engantxatu ninduela esango nuke.
Bertso-eskolak oso garrantzitsuak dira.
Funtsezko papera betetzen dute. Uste dut oso eskuzabalak izan zirela beraien denbora eta ilusio inbertsio ahalegina egin zutenak, bertsoa demokratizatu egin zutelako. Demokratizatu zuten tresna bezala, plazer bezala, kultur jardun bezala eta hizkuntzan gaitzeko diziplina bezala. Bertso-eskolak adierazteko, eragiteko eta saretzeko leku bat dira. Zenbait ingurunetan arnasgunea ere badira, eta, bestetik, bertso-eskoletan sortzen dira bertsolariak, balizko gai jartzaileak, bertsozaleak, epaileak eta bertsoa estimatzen eta gozatzen ikasiko duen jendea. Alde horretatik, balio handia dute. Gero, bertsotan hasten garenean eta oholtzara igotzen garenean, lehendabiziko aldi horietan oso garrantzitsua da atzean talde bat edukitzea eta hanka sartzeko laborategi bat izatea. Hori oinarrizkoa da. Ez atzera egiteko, ez erabat traumatizatuta geratu eta zuloan geratzeko. Bertso-eskola sare bat da, ohe elastiko bat da, salto egin, min handirik hartu gabe erortzeko. Hori izan da hastapenetan Oiartzungo bertso-eskola niretzat. Gero, Santutxuko bertso-eskola izan zen, Bilbon bizi izan nintzenean. Lagun artean sortu ditugu Añorgan eta Oiartzunen, baita ahalduntze eskola ere, niretzat benetan garrantzitsua izan zena garai batean. Orain, denbora faltagatik, ez naiz joaten, baina uste dut ekarpen handia egin duela eta egiten duela; beste nonbait kokatzeko eta beste nonbaitetik abiatzeko plaza izan da.
“Plaza, batez ere, plazer-iturri da niretzat“
Ze bertsolari miresten zenituen hasiera hartan?
Ez ziren asko eta ez ziren hain ikonikoak eta ukiezinak. Oiartzungo bertso-eskolako nire kideetako askok beraien idolotxoak bazituzten. Nik ez; niretzat erreferentziak nagusia bertso-eskolako gertuko lagun haiek ziren, haiekin liluratzen nintzen eta pizten zitzaidan bertso-grina. 2001. urtean, bertso-eskolatik Donostiako Belodromoko finalera eraman gintuzten, eta hor badaukat zerbaitek astindu ninduen sentsazioa. Zerbaitek piztu ninduen. Maialen Lujanbio dut gogoan, bakarka buruz buruzkoan egin zuen bertsoaldia. Ia buruz ikasi nuen, ahaleginik gabe, momentuan inprimatu izan balitzait bezala. Belaunaldi hark guregan izan du eragin bat. Gerora, asko estimatu dut Unai Iturriagaren mamia eta umorea uztartzeko modua. Eta gaur egun erreferentzia gazteagoak ere asko ditudan bezala, orduan interesgarriak egiten zitzaizkidan bertso batzuk baditut artxibatuta. Maialenek 2001eko hartan gutun bat egin zuen bertsotan, eta nik pentsatu nuen: “Horrela egin al daiteke bertsotan?”.
Hitzari eta komunikazioari lotuta dago zure ibilbidea.
Uste dut umetatik oso garbi izan dudala sorkuntzara bideratu nahi nuela nire bizitza, eta gero, hitzera hurbildu nintzen. Gurasoek esaten dute oso nire munduan ibiltzeko umea nintzela, baina gero, bat-batean, antzerki bat egiten niela. Gauza asko gustatzen zitzaizkidan, eta, azkenean, Ikus-entzunezko Komunikazioa aukeratu nuen. Ikus-entzunezko ikasketek bazuten zinemarekin, gidoigintzarekin lotura, eta hortik tira egin nuen, oso ikasketa eremu zabala ikusten nuelako. Hainbat aukera ematen zizkidan, eta, gainera, Bilbora bizitzera joan nahi nuen.
Nola oroitzen duzu oholtzara igo zinen lehen aldia?
Oso gaztetatik jarri gintuzten oholtzan, eskolarteko lehia testuinguruan. Zorionez, inozentzia garai batean harrapatu ninduen; hau da, bertsoarekiko interes berezirik ez nuen, eta ez nuen sufritu. Uste dut horrek lagundu zidala jarraitzen; izan ere, nire kide askok han egin zuten atzera; sufrimendu eta espektatiba hartan. Nik ez neukan espektatiba handirik eta ez nintzen gerora batzuetan izan naizen bezain autozigortzailea. Plazari dagokionez, esango nuke 2011ko Gipuzkoako Txapelketaren finalera iritsi izanari esker hasi nintzela maizago plazan ibiltzen. Mugarria han dago. Gaztetxoagotan ere ibiltzen ginen eta oso oroitzapen onak ditut. Oso lagunartean ibiltzen ginen. Karmele Mitxelenarekin oso eder gogoratzen ditut une haiek. Plazetako bidea gorabeheratsua izan da, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, baina beti mantendu da nire bizitzan bertsotan egiteko tartetxo hori. Azken urteetan zentralitatea ematen joan naiz, eta sorkuntzari dagokionez oso eskertuta nago. Neure buruarekin bakea egin nuen jabetu nintzenean hori zela egin nahi nuena eta hori egiten ari nintzela. Hau da, plazan jardun, herriak ezagutu eta bertsokideekin batera hausnartu.
Nola ikasten da bertsotan?
Uste dut hainbat modu daudela bertsotara iristeko eta denak direla zilegi. Gaur egun bertsogintza nola irakasten den eta nik nola ikasi eta irakatsi nuen desberdina da. Orain, bat-batean trebatzen dira, esperimentatzen, plazera hartzen… Guri, berriz, oinarri oso garbia jarri ziguten: bukaera pentsatu, antzeko hitzak bilatu eta hasi abesten. Ez gelditu. Orain, gauzak aldatu egin dira. Baina, beste ofizio askotan bezala, interesa, pasioa, denbora eta bakoitzak bere bidea aurkitzea behar dira.
“Bertsoak barne mundua ordenatzeko erremintak eman zizkidan”
Noiz sentitu zinen lehenbiziko aldiz bertsolari?
Niri kosta egin zait neure buruari aitortzea bertsolaria naizela. Kosta egin zait, hitz horren sakralizazioa oraindik hor dagoelako eta hitz horren barruan bakoitzak bere burua non kokatu nahi duen graduazio handia dagoelako. Hori deseraikitzen saiatu naiz. Askotan zalantzan jarri ondoren, 2011n finalera iritsi ondoren neure buruari aitortu nion bertsolaria ere banaizela. Momentu batean apustu bat egin nuen eta oraindik berregiten dut bertsolari izateko eta aritzeko nahi hori. Horretan nabil; beraz, banaiz.
Bizikidetza ona dute plazak eta txapelketak?
Esango nuke bizikidetza badutela. Eta esango nuke ere posible dela bata bestea gabe bizitzea. Badira plazan gutxiago dabiltzanak eta txapelketetan izena ematen duten bertsolariak eta badira plazan asko dabiltzanak eta txapelketan ez dabiltzan bertsolariak. Hau da, bertsolaritza bizitzeko eta plaza habitatzeko gero eta modu gehiago egon daitezela pentsatu nahi dut, eta zilegitasun antzekoa aitortu behar zaiela. Nire kasuan, esango nuke plaza, batez ere, plazer-iturri dela, etengabe aberasteko leku bat, bilatzeko, galdera berriekin etxera joateko aitzakia bat… Uste dut zorte handia dela egiten dugun lana egin ahal izatea, eta mikrofono bat izatea zabaldu nahi ditugunak zabaltzeko edo galderak egin ahal izateko. Txapelketa, berriz, azterketa edo oposizio bat da, bi urtean behin edo lau urtean behin egin beharrekoa. Berrikuspen-lan garrantzitsu bat egin daiteke txapelketetan. Tamalez, batzuetan, presio horrekin jartzen dugu geure burua ispiluaren aurrean edo luparen azpian, baina, bestetik, inertzia batzuei begiratzeko ere balio izaten digu. Zertan eman nahi ditugun pausoak aurrera galdetzeko ere bai. Nire kasuan, hitzak berritzeko ere balio izaten didate txapelketek. Neure buruari galdetzen diot ea ze hitz falta zaizkidan garai hau biltzeko eta kanporatzeko. Uste dut txapelketek balio izan didatela nire bizitza pertsonalerako beste gauza batzuk garatzeko ere. Txapelketetan ibiltzen ez diren bertsolari batzuei entzun diet esaten luxua dela txapelketetako plazetan kantatzea, fokupean eta kamera parean duzunean, zure onena ematen saiatzeko aukera dugulako, denak begira dauden momentuan. Sortzaile bezala hori interesatu egiten zaigu askotan, bilaketa horrek motibatu egiten gaituelako. Gertaera bezala, euskal komunitatearentzat eta bertso-zaleentzat kanona berritzeko eremu bat izaten da, komunitatea sendotzeko eta emozio batzuen katarsia gertatzeko lekua; bai eta denok zein momentutan gauden aztertzeko eta begiratzeko espazio bat.
Zer ekarri dizu txapela irabazteak?
Uste dut goiz dela irakurketa egokia egiteko. Esango nuke poza emango didala; gutiziatxo bat. Gerta zitekeen ez irabaztea, eta ez zatekeen niretzat drama bat izango. Baina poza ematen dit jasotzeak, eta, askotan gauzak gaizki ateratzen direnean zortea dagoen bezala, ondo ateratzen denean ere garrantzitsua da esatea zorte-osagai bat ere badagoela. Lan egin izanaren sari bat ere bada, eta, modu batean, lasaitasuna ere bai. Ez nioke eman nahi duen garrantzia baino gehiago ezta gutxiago ere. Oroitzapen polit bat izango da, baina ez diot bestelako pisurik eman nahi.
“Bertso-eskolek demokratizatu egin zuten bertsoa”
Zein argazki aterako zenioke emakume bertsolarien egoerari?
Oraindik ere badaude zulotxoak, baina aldaketa nabarmena izan da. Nik bertsotan jarraitzen badut eta, batez ere, motibatuta jarraitzen badut, gai honetan oraindik kantatzeko garai izugarri interesgarria delako da. Oholtza partekatzeko eta bizitzeko datorren belaunaldi berriarekin eta gaudenok ere gauza asko ditugu desikasteko, esateko adina isiltzeko eta entzuteko. Aitortza infinitua ematen diot Arantzazu Loidiri, atea irekitzen lagundu zuelako. Baina hor bertsolari asko egon dira, beren bidea beste toki batetik eraman dutenak, eta bertsolaritza utzi zuten emakume mordo bat ere bai, tamalez emateko asko izanda testuinguruak batere lagundu ez zienak. Eta gero, azken urteetan izan den teorizazio-lan hori guztiori ezinbestekoa da guri lekua egiteko eta bertsogintza eta denon bizitzak bizigarriago egiteko. Ezin eskertuagoa nago bertso-ahalduntze eskolari, gauza askotan begiak zabaltzen lagundu izan didalako: lehia deskodetzen, bertsolaritza askoz era osasungarriagoan bizitzen, plaza gozatzen, esateko eta egoteko zilegitasun handiagoa sentitzen… Nire ustez, izugarria da bertsolari askok egin duten eta egiten duten lan eskuzabala. Uste dut urte batzuk barru askoz ere kontzienteago izango garela horretaz guztiaz. Bertsokideekiko ere izugarrizko miresmena daukat. Aldaketa asko gertatu dira, badago zer josia, baina ni oso zorionekoa sentitzen naiz, garai hau bizitzeko aukera daukadalako eta datozenek are hobeto egingo duten sentipena daukadalako. Eta zorionekoa ere sentitzen naiz neure buruari onartu diodalako hau gozatzeko, bizitzeko, partekatzeko eta esploratzeko zilegitasuna.