Aitzol Atutxa: “Ohiko aizkolariaren ia molde guztiak hautsi ditut”

Azken urteetako Euskal Herriko aizkolaririk onena da Aitzol Atutxa, eta horren erakusle dira jarraian lortu dituen bost txapelak, Baina kirolaz gain, komunikaizoaren munduan ere aritua da eta gaur egun, zutabegile TTAPen. Aiert Arieta-Araunabeñak Azkue fundazioan elkarrizketatu du aizkolari bilbotarra.

Aitzol Atutxa, zer moduz? TTAPera ongietorria ematera joan naiz, baina ez dizut emango, zeure etxea ere badelako. Zeu ere kolaboratzailea zara…

Bizitzaren gauzak! Aizkorarekin hasi eta arkatzarekin bukatu… Batzuetan ibiltzen gara, bai.

Gure irakurleez aparte, ez dakit zure fazeta hau jendeak askorik ezagutzen duen. Nondik datorkizu artikulista sena?

Inoiz aritu gabea nintzen. Sare sozialetan bai, gustatzen zait gogoetatxoak egitea, eta gero, TTAP sortu zenean, nirekin harremanetan jarri ziren. Hasieran, esan nien ni baino jende gaituagoa egongo zela horretarako, baina esan zidaten nik ere parte hartzea gustatuko litzaiekeela eta baiezkoa eman nien.

Eta iritzi artikulu bat idaztera zoazenean, nola aukeratzen dituzu gaiak? Aktualitateari lotuak, zure interes pertsonalekoak…?

Bai, batzuk nire barneko pentsamenduak izaten dira eta, orokorrean, gai atenporalak aukeratzea gustatzen zait. Gainera, TTAPek edizio denbora bat behar du eta aktualitateari lotuegi egoteak ere badu bere arriskua. Normalean, norberaren iritzi, ohitura eta fikziozko pentsamenduak ere izaten dira.

Ezaguna den jendeak, sarri, ez du nahi izaten jendeak bere partzela pribatura sarbidea izatea eta barruan daukana gehiegi erakustea. Zuri, horrek ez dizu beldurrik ematen?

Ez. Egia da gai batzuetan denok daukagula beldurra edo ez dugula pentsatzen dugun guztia esaten, baina, orokorrean, ez dago arazorik. Norberak pentsatzen duena azaleratzea ona da. Iritzi horietan, gainera, norberarena balitz bezala azaleratzen dena beste norbaiten iritzia ere izan daiteke, eta ematen du jolas horretarako tartea.

Horretaz aparte, Athleticen Europako partidetako komentarista bezala ere entzun izan zaitugu irratian, euskararen aldeko gala baten aurkezle ere bai; komunikazioaren mundu honek erakartzen zaitu?

Bai. Beste askok bezala, nik ere institutu garaian ez neuzkan gauzak garbiegi eta aukera bat hori zen. Ingeniaritza buruan neukan, Kazetaritza ere bai, eta, azkenean, Enpresa Zientziak aukeratu nituen. Umeak asko gustatzen zaizkit eta hezkuntza ere aukeren artean neukan, baina, azkenean, enpresa mundura jo nuen. Kazetaritzaren har hori beti geratu izan zait barruan. Batek daki, egunen baten…

Ez duzu baztertzen?

Bueno… azkenean, proiektutxoak dira: TTAPen artikulua, gala bat aurkeztu… Profesionalki egitea gauza handiak dira, baina kolaboratzaile bezala eta noizean behin aritzeak asetzen du norbere barruko harra.

Ez dirudizu geldi egotekoa…

Askotan, akatsa ere bada, ezetz esaten ez dakigulako. Baina, orokorrean, bai gustatzen zait hara eta hona ibiltzea. Nahiko aktiboa naiz eta abaniko zabala hartzen dut, gauza askotan ibiltzen naiz. Jendeak, sarritan, dio aspertuta dagola, bizitza monotonoegia dela… Nik esango nieke probatzeko gauza ezberdinekin, gauza berriekin, eta, hori bai, gehiegi dauzkazunean ezetz esan noizean behin, denetara iristea ezinezkoa delako. Norbere mugak non dauden jakitea ere garrantzitsua da.

Horretaz galdetu nahi nizun. Zu berez enpresa gizona zara…

Enpresa munduan nabil, bai. Familia enpresa bat daukagu eta egunaren hein handi bat horretan pasatzen dut, zenbaki artean.

Zer arlotako enpresa da?

Baso ustiaketa enpresa bat. Zerratoki batekin ere harremana daukagu, eta, horretaz aparte, jatetxea ere badaukagu, txakolindegia ere bai… Pixka bat denetik.

Horrek egunaren zati handiena kentzen dizula diozu

Gehiena bai. Niri, mugikorreko iratzargailuak 6:23an jotzen dit goizero…

6:23an zergatik?

Ez dakit. Horrela jarrita daukat. 6:25 borobilegia iruditzen zait eta 6:20 goizegi; beraz, 6:23; kar, kar. Ordu horretan jaiki, 7ak aldera enpresara joaten naiz eta hortik aurrera… noraeza.

Hori dena gutxi balitz, bi haur txiki ere badauzkazu…

Bi seme. Gero eta koskorragoak dira, baina beti esaten dut: euren kabuz ibiltzeko gai dira gero eta gehiago, baina, aldi berean, gero eta lan handiagoa ematen dute. Jaioberri batek dependentzia totala dauka, baina edozeinek zain dezake, lo dagoelako eta ez delako mugitzen. Baina 6-7 urtetik aurrera heziketa bat behar du, garrantzia dauka gurasoen lanak, eta hor ere egon beharra dago.

Saiatzen zara horretarako tartea ere ateratzen?

Saiatzen naiz, baina ez nahi beste, agian. Batzuek esango dute gutxiegi egoten naizela umeekin eta beste batzuek, gehiegi dela. Niri, gustatuko litzaidake denbora gehiago pasatzea, baina saiatzen naiz etxean nagoenean, arratsaldeetan eta asteburuetan, batez ere, eurekin egoten.

“Bizia ematen dit aizkorak, baina bizitzeko lain ez”

Eta hori guztia egin ondoren libre geratzen zaizun denbora apurrean, Euskal Herriko aizkolari onena zara…

Hori da; kar, kar. Egunak 24 ordu ditu. Loari garrantzi handia ematen diot, eta, goizean goiz esnatzen naizenez, gauean txikipark ordutegia daukat. Ia-ia umeekin batera joaten naiz ohera. Beraz, loaz aparte eta lanean eta umeekin ematen dudan debora kenduta, gainerakoa aizkorari eskaintzen diot.

Zenbatean behingo eta zenbat denborako entrenamenduak egiten dituzu, orduan?

Nahiko gorabeheratsua da. Zoritxarrez, ez gara profesionalak, ez gara honetatik bizi eta baditugu txapelketa garaiak, garrantzi handiagoa ematen diogun garaiak. Nahiko nuke urte osoan zehar horretara hiruzpalau ordu dedikatzea, baina ez dauzkat. Orduan, txapelketaren arabera edo urte aroaren arabera, astean lau bat egun egiten ditut, ez bakarrik aizkoran, baita gimnasioan edo fisikoa lantzen ere.

Hori ohikoa da aizkolarien artean ala besteak saiatzen dira aizkora euren bizitzaren muina izaten?

Horretan denok saiatzen gara. Gustatuko litzaiguke gustatzen zaigun horretatik bizi ahal izatea. Nik beti diot: “Bizia ematen dit aizkorak, baina bizitzeko lain ez”. Eta ni txapeldun izanda hala banabil, ba, besteak, txapeldun izan gabe, atera kontuak. Gehientsuenek daukate beste ogibide bat, beste lan bat, ikasketak… eta hori uztartuz heltzen gara txapelketara. Egia da txapelketa nagusien garaian saiatzen garela asteko lau entrenamendu egunak sei bilakatzen eta gainerakoari denbora kentzen.

Beraz, esan daiteke aizkolariaren prototipoa aldatu egin dela?

Normalean, aizkolaria beti irudikatu izan dugu: gipuzkoarra ala nafarra…

Zuk molde hori ere hausten duzu…

Bai, nik ia denak hausten ditut. Orain arte, txapelduna beti nafarra ala gipuzkoarra izan da eta ia beti baso mutila edo inguru horretan ibilitakoa. Nire kasuan, berriz, bilbotarra naiz, hirikoa, unibertsitatean lizentziatua… eta hori ez da zuk zenioen prototipo hori. Hala ere, badaude hirietatik datozen edo ikasketak dituzten beste aizkolari batzuk ere. Edo aizkora etxetik jaso ez dutenak. Denetik dago.

Eta zure iritsierak ez zuen beteranoen artean errezelo edo txoke moduko bat eragin? Ordura arte, bizkaitar bat ez zen sekula txapeldun izan, hirikumea zinen, gainera, belaunaldi berri batekoa… Nola hartu zuten?

Denetik egongo zen, baina nik uste dut ez zela arazorik izan. Egia da nik lehen finala jokatu nuenean, Nazabal, Olasagasti eta txapeldun handi horiek zirela aurkariak. Azken finaletan, ostera, ni ez naiz gazteena izan. Beraz, etorri da belaunaldi aldaketa, eta hori ere polita da, baina nik uste dut beteranoek ere ondo hartu zutela. Gainera, astakiloena dirudien arren, adinean aurrera joanda ere praktikatu daitekeen kirola da aizkora. Olasagastik 50 urterekin atera zuen txapela, eta oraindik ere beteranoak badabiltza. Hori ere ederra da.

Garrantzitsuena, hortaz, ez da sasoi fisikoa eta adina?

Teknika da garrantzitsuena. Aizkora ezagutu, enborra ezagutu, norbere gorputza ezagutu eta aritu. Aizkorak bi kilo eta erdi eta bi kilo inguru pisa ditzake, neurriz norbere beharretara egokitu daiteke, eta 7 urterekin jolas bezala has daitekeena 75ekin praktikatzen jarrai daiteke yogara joan beharrean.

Kontua da, Aitzol, lehen, txapeldun beteranoak zeudela; orain, belaunaldi berria sartu da, baina Euskal Herriko azken bost txapelak zeuk irabazi dituzu. Eta horrek bi zalantza sortzen dizkit: lehena, zer daukazu zuk berezia?

Azkarrena izan naizela; txapelketa egunean, behintzat. Eta gero, ba, ez dakit. Belaunaldi aldaketa harrapatu dut. Lehen lau finaletan bigarrena ezberdina izan zen eta, agian, konpetentzia handiagoa zegoen euren artean, eta ni gailendu egin naiz. Hala ere, ni ez naiz besteekin lehiatzen, nik nire buruarengan pentsatzen dut. Iaz zer egin nuen ikusi eta buelta bat eman, aldaketa bat egin. Baita txapeldun izanda ere. Hori enpresa mundutik datorkit. Enpresetan ere aldaketak egin behar dira dirua irabazten zaudenean, nahiz eta jendeak pentsatu dirua irabazten denean gauzak dauden bezala uztea dela onena. Ez da horrela. Beti joan behar da helburuak berriztatzen, motibazio berriak bilatzen. Iaz egin zenuena baino paper hobea egiten ahalegindu, eta, horretarako, zerbait aldatu behar da urrutirago iritsi ahal izateko.

Zuk bost txapela jarraian irabazteak sor dezakeen bigarren ondorioa da aizkora ez dagoela bere une onenean eta ez dagoela zuri aurre egiteko gai den inor. Hala da?

Ez. Nik uste dut aspaldiko urteetan baino osasuntsuago dagoela aizkora. Gipuzkoan dagoen maila ikusi besterik ez dago. Bizkaian, zoritxarrez, ni naiz hor goian dabilen bakarra, baina azpitik, pixkanaka, badator jende gaztea ere. Larrea Barakaldokoa, adibidez. Eta Nafarroan Iker Vicente dago. Azken urteko Euskal Herriko txapeldunordea, Nafarroako txapelduna 18 urterekin… Ez dut esango aizkora inoiz baino osasuntsuago dagoela, baina une onean bai.

Azken bi urteetan Iker geratu da bigarren zure atzetik eta bietan 20 segundo baino gutxiagoko aldeaz. Afizioarentzat ona izan daiteke hainbat kiroletan egon izan den bi oilarren arteko pike hori sortzea?

Izan daiteke ez, da! Edozein kiroletan monotonia txarra da. Edozein agintetan, hauteskundetan, monotonia ez da ona, eta aizkoran ere ez. Niretzat, pertsonalki, bai, eta saiatuko naiz seigarren txapela jarraian lortzen, baina orokorrean begiratuta ez da ona. Beti behar da aldaketa bat, pizgarri bat, jendeari erakargarri egiteko. Azken bi urteetan 20 segundotik beherako aldeak egon izanak ikusmina sortu du. Iaz, gainera, Larrañaga ere lehian egon zen azken unera arte, eta hori ona da.

Jada ez daukazu lanak amaitu aurretik harmailetara dedikatoriak eta keinuak egiteko denborarik…

Ez, ez. Egin izan dut halakoren bat edo beste, baina azken bi urteetan lana bukatu ostean egin dut. Estu eta larri ibili naiz.

Showman puntua ere baduzu, beraz…

Gustatzen zait, bai. Lehen esan dugu denetan sartzen naizela, berdin iritzia ematen edo show-a sortzen. Edo lagundu nauen norbaiti berak espero gabe zerbait adieraziz beste inork ulertu gabe.

Diozu aizkora osasuntsu dagoela. Eta etorkizuna, nolakoa ikusten diozu? Beste edozein kirol praktikatzeko harrobia badagoelako eta nora joan jakitea erraza delako, baina aizkora eta herri kirol eskolarik ez dago…

Pena da. Hasteko, gurasoak ez daudelako prestatuta. Semeak edo alabak futbolaria izan nahi duela esaten badizu, erraza da: ikastolako taldera edo herriko taldera bidali eta kitto. Pilotaria, bertsolaria edo biolin-jolea izateko, berdin, badago nora joan. Aizkoraren kasuan, ordea, gurasoen %80k ideia kenduko liokete semeari burutik. Gainerako apur horiek demagun baietz esaten diotela. Baina nora doaz? Ez dago nora jo! Sakanan badago eskola moduko bat, baina, bestela, aukera bakarra aizkolari batengana jotzea da laguntza eskatzeko. Hori bada niri buruan dabilkidan proiektuetako bat. Eskola bat sortzea, ez soilik aizkorarentzat, herri kirolentzat baizik. Egun, oso gaztetan kirol batean murgiltzen gara eta horretan aritzen gara bakar-bakarrik. Ez dakit zein punturaino den hori ona. Herri kirolak, berriz, badu multikirol izaera bat. Eta gero, kirol-porrota dago. 14-15 urteko gazte asko bidean geratzen dira, zer egin ez dakitela, ez dutelako kirol konkretu baterako balio. Ba, herri kirola izan daiteke horiek motibatzeko toki bat. Kirol asko daude, eta batean ez bada bestean balekoa izango zara. Gainera, maila altua da, baina kantitatez oso jende gutxi dabil, eta, beraz, hor sartzea erraza da. Esaterako, Bizkaiko lokotx-biltze txapelketan aritzeko, izena ematearekin nahiko da finalean sartzeko. Hau da, sarbidea nahiko azkarra da. Nik uste dut hor badagoela landu beharreko esparru bat.

Zu bazabiltza horretan, ikastoletan umeekin…

Egin dugu zerbait, haurrei erakusteko, batez ere, baina saltoa ematea ez da erraza. Egunak 24 ordu ditu, lehen esan dugun bezala, eta orain, esku artean dauzkagun karga guztietakoren bat arintzen dugunean, akaso…

Epe ertain-luzerako proiektua, orduan?

Bai, baina, bitartean, norbaiti ideia ona iruditzen bazaio, erakunderen bati edo… ni, laguntzeko prest. Ez han egonda, denborarik ez daukadalako, baina monitoreak prestatzen-eta bai.

Horren aurretik, baina, etorkizunera begira jarrita baita ere. 5 kirol formatu berritzaile hori da herri kirolek behar duten pizgarria?

Horretan saiatzen ari gara. Edozertarako prest gaude. Herri kirolak badu, askotan, monotonia puntu hori. Kirol hori asko maite ez baduzu, harri-jasotzaile bat 20 minutuz harria altxatzen ikustea nekagarria izan daiteke, edo aizkolari bat 20 enbor mozten beste baten aurka ari ez bada eta oso parekatuta ez badoaz. 5 kirol formatuarekin monotonia hori haustea nahi genuen. Bikotekako probak dira, bost kirol ezberdin, aldaketa askorekin eta bisualki azkarra jendea engantxaturik mantentzeko. Hori bai, herri kirolen esentzia eta gogortasuna galdu gabe.

Eta horretan ere Aitzol txapeldun, bide batez…

Bai, txapeldun atera ginen. Egia da Inhar Urruzunok sekulako lana egin zuela eta ni bere atzetik ibili nintzela, gehienbat, baina bai, lortu genuen txapela.

Eta azkena: txapelen bila, noiz arte? Erronkarik ala mugarik jartzen diozu zeure buruari?

Gozamena. Nik beti esaten dut. Lanaren kasuan zaila da, eta, ez gozatu arren, joan beharra dago, hortik bizi garelako, baina, afizio bat denean, gozamena bilatu behar da. Hori amaitzen denean, zerbait aldatu, zerbait berritu behar da, eta ni horretan saiatzen naiz. Nik ere izan ditut aizkoran daramatzadan hogei urteetan aizkorarekin nazkatu eta hilabetez ukitu gabe utzi izan dudan momentu bat baino gehiago. Dena ez da garaipenak lortzea. Horrek ere laguntzen du, baina norberak gozatzea eta barruko pizgarria mantentzea da garrantzitsuena.