Aitor Etxebarria: “Ni nazioartean hemen baino ezagunagoa izatea exotikoa da”

El_Txef_A ezizenarekin ezagunagoa bada ere, Aitor Etxebarriak hainbat proiektu ditu gaur egun esku artean. Horiek hobeto ezagutzeko, musikari gernikarrari elkarrizketa sakona egin dio Leire Palacios kazetariak Azkue Fundazioaren egoitzan.

Aitor Etxebarria, ongi etorri. Zer moduz zaude?

Ni ondo, eta zu?

Ni ondo ere. Zu aspaldi etorri zinen Gernikatik Bilbora bizitzera, eta jada bilbotartuta zaudela esan dezakegu?

Gero eta nagikeria handiagoa ematen dit Gernikara joateak, baina Bilbon eroso nagoelako. Ikasten ere kanpoan egon nintzen, eta alde zaharra txikitxoa da, gainera… Beraz, bigarren etxea dela esan daiteke.

Zelan esan behar dizugu, Aitor ala El_Txef_A?

Ni beti izan naiz Aitor; kar, kar, kar.

Gustatzen zaizu El_Txef_A esaten dizutenean?

Bai, baina azalpen gehiago eman behar izaten ditut, eta horrek nagikeria ematen dit. Nondik datorren izena, zergatik, zer egiten dudan… Jendeak ez du ulertzen normalean zer egiten duzun. Errazagoa da rocka egiten duzula esatea, pintxatu, diskoen bilduma edo playbacka egiten duzula azaltzea baino.

Ezizena nondik datorren historia hori polita da. Txapelketa batera bidali behar zenuen, ezta?

Bai; demo bat bidali behar izan nuen, baina nerabezaro garaitik dator ere… Etxebarria abizena, eta, lagunekin zer jarri pentsatzen genbiltzala, hori erabaki genuen. Nik uste dut El_Txef_A ezizena bizi osorako izango dela…

Zure berri izan gabe denboratxo bat daramagu, baina zure berri ez izateak ez du esan nahi ezertan ez zabiltzanik, baizik eta kontrakoa. Hamaika gauzatan ibiliko zara. Nondik hasi gaitezke?

Ondo dago, gainera, Interneten ez duzunean erakusten zer zauden egiten, gauza interesgarriak egiten zaudela ematen duelako. Nire kasuan, adibidez, gauza batean buru-belarri nagoenean, sareratzea ere ahaztu egiten zait, eta gaur egun, ez baduzu sareratzen, ez duzula ezer egin dirudi. Ez bada ikusten, ez zabiltza ezer egiten. Hori da ustea. Sare sozialak itxi eta lanean buru-belarri jarri ostean oso ondo joan zaienak ezagutzen ditut. Hau da, lanak hitz egitea eta ez postureoak. Ez da erraza, norberari zer dabilen egiten erakustea ere gustatzen zaigulako. Baina egunero zabaltzeari bai utzi diodala, gauza oso interesgarriak egiten nabilelako, eta oso gustura, gainera.

Egiten ari zaren gauza interesgarri horiei dagokienez, bi lan aipatu ditzakegu. Batetik, disko baten lanean ari zarela. Zer entzungo dugu? Nolakoa izango da?

Hasieran, klimax handi batetik hasi nintzen bakarrik taularatzen eta orain, taldearekin irteten naiz. Ezberdina da. Hasieran, musika-tresnarik ez nuen jotzen. Beldur antzeko bat nion, nahiz eta solfeoa, bateria, orkestrako perkusioa eta piano ikasketak ditudan. Inoiz ez nuen zuzenean musika-tresnarik jotzen. Kontzertuak egin ahala, beldurra kentzen joan nintzen, eta abestera edota tresnaren bat jotzera animatu nintzen eta gero eta gehiago jo nahi nuela ikusi nuen. Hortik abiatuta, duela hiru urte hasi nintzen konposatzen.

Eta hortik aterako da diskoa…

Bai. Lehenengo disko luzea atera dut, Markak dokumentaleko soinu-bandarena. Konposaketa guztiak nireak dira, baina soinu-banda bat da.

Eta orain irtengo dena zure lehenengo estudioko lana izango da Aitor Etxebarri bezala, musika-tresnak jotzen.

Bai, eta abesten eta dena; kar, kar, kar… Jotzen joan ahala, gustua hartu diot. Orain, agertokira ere gustura irteten naiz. Lehen, kristoren beldurrarekin irteten nintzen.

Nola sortu dira edo nola sortzen ari dira kanta horiek?

Elektronikako abestiak egiten nituen aldi berean, estudioan bertan isats-piano akustiko bat izateak asko lagundu dit. Eta orain, pianoa jotzen hasi naiz berriro.

Izan ere, zuk technoa pintxatzen duzu, baina beti esan izan duzu zure kantak pop-eroagoak izan daitezkeela… Kanta horiek, askotan, pianotik abiatzen dira…

Bai, eta orain, entzun duen jendeak art-rock dela esan izan dit. Abesti bat, adibidez, piano oso kontenporaneo bat da, kristoren isiluneekin, eta aulkiaren zaratak eta pedalen frekuentziak ere garrantzia dute. Ikertzen ibili naiz. Bada beste abesti bat rock and rolleroagoa… Influentzia asko izan ditut, eta asko gustatzen zaizkit Anatema eta horrelako talde ilunagoak ere. Eta nahasketak ere egin ditut.

Atera behar duzun disko honetan, betiko jendea edo lagunak izango dituzu aldamenean? Edo ezin da kontatu?

Ezin dut esan, baina, gutxi gorabehera, ohiko kolaboratzaileak izango dira. Nire inguruko jendea. Egia da asko influentziatu nauela norekin ibili naizen musika jotzen. Influentzia potentea du diskoak, bai.

Eta kontatu daiteke non grabatuko den edo nork kaleratuko duen?

Ez, negoziatzen ari direlako. Editorialak eta diskoetxeak negoziatzen ari dira. Ez zait hau inoiz gertatu, egia esateko; agian, ez da irtengo ere ez diskoa!

Bueno, baina bai kontatu dezakegu, ez dakit primizia moduan edo datorren gauza bat moduan, zure lan pertsonala datorrela, disko berria… Eta, soinu-bandaren kontuarekin jarraituta, beste zerbaitetan ere lanean ari zara.

Markak-en soinu-banda egin ostean, gehiago egin nahiko nituzkeela konturatu nintzen. Beti oso interesgarria iruditu zait. Bat egin ostean gehiago egiteko gai izango nintzela ikusi nuen. Jendeari gustatu egin zaio eta hortik dator aldaketa ere, Londresko Mute-rekin sinatzearena editorial moduan. Beraz, nazioarte mailako lehenengo pelikula atera zait eta Londresera joango naiz grabatzera. Konposaketa lanak hasi ditugu, eta zuzendariarekin izango duen itxura komentatu dut dagoeneko.

Mute editorial ospetsuarekin grabatu dute oso ezagunak diren beste hainbat taldek. Depeche Mode, New Order, Moby, Nick Cave… Nola ikusten duzu zeure burua horrelako agertoki batean?

Nik ez nuen sinesten… Lehenengo, Internet bidez esan zidaten Markak-eko diskoa asko gustatu zitzaiela. Nik haien estiloa oso markatuta duten musikariak miresten ditut. Ni beti nabil aldatzen. Horren arriskua da, nire ustez, ez duzula horrenbeste sakontzen estilo baten. Ruper Ordorika entzuten duzu eta hor dago bere estiloa. Nik soinu-banda egin nuen erdi sinfonikoa eta erdi minimalista, eta horrelako zigilu eta instituzio indartsu batek interesa erakustea…

Agian, zuk eman diozu koherentzia eta hori da zure soinu propioa…

Soinu diseinuan bai ikusten dut nire burua. Baina, bat-batean, Depeche Mode taldeko sortzaileak deitzen dizu, eta flipatu egiten duzu. Eta ni Tijuanan nengoen, bira erdian, kristoren ostearekin. Eta nire ingelesa, Londresko 60 urteko tipo batenarekin hitz egiteko… Estatubatuarrei bai ulertzen diet, baina Londreskoei… Ba, ordu erdi telefonotik hitz egiten egon ostean, hanka sartu nuela iruditu zitzaidan. Ez nuelako ezer ulertzen eta ia ez niolako entzuten… Berak nire proiektua gustatu zitzaiola esan zidan, baina etorkizunerako ea zer nuen ere galdetu zidan. Hiru aste erantzunik jaso gabe egon nintzen, baina, azkenean, urte batzuetarako sinatu dut eurekin.

“‘Markak’-en soinu-banda egin ostean, gehiago egin nahi ditudala konturatu naiz”

Gustura daude zurekin, beraz…

Bai; bi aldeetako bat gustura ez badago, akordioa eteteko aukera dago. Horrela, gainera, Mute bidez jakin nuen pelikula berri bat zuen zuzendari ingeles bati nire lana gustatu zitzaiola eta nirekin lan egin nahi zuela.

Eta ilusioarekin, ezta?

Bai, imajinatu… Denok pentsatu izan dugu noizbait ez digutela inoiz gehiago deituko zerbaitetarako. Niri gertatu izan zait. Ea zer datorren edo ezer ez etortzearen beldurra.

Eta zerk ematen dizu ilusio handien honetan guztian?

Gustatzen zaidanaz bizi ahal izatea, noski, eta baita errekonozimendua. Trankil-trankil joan naizela, eta lotu gabe, gainera. Beti nire airera ibili izan naiz, nire betiko jendearekin.

Egia da, zure kasuan, kuriosa dela momentu batzuetan nazioartean ezagunagoa izan zarela, edo jende batek gehiago ezagutu izan zaituela hemen baino. Zergatik?

Uste dut jendeari oso exotikoa egiten zaiola. Bira New Yorken egiten dudala ikusten dutenean, adibidez, hori pentsatzen dute. Baina, azkenean, genero minoritario bat da, guztiz. Hemen ez da egon horren komunitate potente bat technoaren inguruan. Horregatik dela uste dut. New Yorken 2.000 ikus-entzule izan ditut, eta hori hemen ez dut inoiz izan, baina baita egon izan naiz San Frantziskon 50 pertsonaren aurrean bakarrik…

Baina egia da Euskal Herriak izan duela eszena potente horretan, ezta? Bergaran, Gernikan…

Bai, egia da. Niri lehenengo boloak Bergaran eta Gernikan eman zizkidaten, baina hortik kanpo ez dago. Hala ere, ni ez naiz kexatzen; prentsan agertu izan zen lehenengoetako techno produktorea ni izan nintzen. Beraz, ez naiz kexatzen.

Baina egia da urteak aurrera doazen heinean Euskal Herrian geroz eta garrantzi handiagoa edo nabarmenagoa izaten ari dela elektronika. Nahiz eta ezjakintasunetik, batzuetan, elektronika bera genero bat izango balitz bezala erabiltzen dugu, horrek beste hamaika adar izango ez balitu bezala…

Batzuetan ere, alde arraro batetik ematen zaio garrantzi hori. Jaialdiak elektronikako ikono arraro batzuk sartzen eta ekartzen hasi dira. Horiek, jendearentzat, entzuteko errazak direla uste dut. Eta erraza da ere, pertsona bat izaten delako. Adibidez, errazagoa da ni bakarrik New Yorkera eramatea, ni eta beste sei pertsona mugitzea baino.

Atera zenituen bi disko, bat 2012an eta bestea 2014an. Hortik beste norabide bat hartu duzu; Markak aipatu dugu lehen, eta orain etorriko dena. Esan duzu estilo ezberdinetan ibili zarela eta gauza ezberdinak egin dituzula. Baina atzera begiratzen baduzu, horri helduko zenioke berriro ala etapa hori atzean gelditu da?

Gernikan elektronika mugimendu bat hasi genuen, nerabeak ginen, eta ikastolako lagunak apur bat ikertzen ibili ginen. Gero, bakoitzak bere bidea hartu genuen, eta, pisu gehiagorekin, Forbideen Colors proiektua sortu genuen. Nik alde artistikoa daramat, eta lagun batzuek laguntzen didate alde ekonomikoarekin, batez ere. Gustura nago emaitzarekin, disko onak aterako ditugu orain; kar, kar, kar…

Zertan zarete Forbidden Colors proiektuarekin?

Martxoan, Moxalen lehenengo proiektua, bakarka, kaleratuko dugu. Kolaborazio ederrak ditu, Ainara Legardon, Miren Narbaiza, Mursego, Audience taldekoak ere… Yamila-ren lan bat ere aterako dugu; Belgikan bizi den andaluziarra da bera. Eta gauza ezberdinak egitea gustatzen zaigu. Agian, lagun baten argazkiekin liburu bat ateratzea, arteari lotuta jarraitzeko. Forbidden Colors proiektuari estetika jakin bat ematea oso interesgarria egiten zait.

Zenbaten artean egiten duzue Forbidden Colors?

Berez, hiru gara, ekitaldiak eta kudeatzeko, batez ere.

Hori, alde batetik. Baina, bestetik, zuk musika grabatzen eta produzitzen duzu…

Grabatzen ez naiz ona. Nire gauzak egiten ditut, soinu-banda, adibidez, baina gauza potenteagoetarako ingeniari bat behar izaten dut. Denetik egiten ezin da jakin…

Tabu izaten den galdera egingo dizut. Musikaz bizi ahal da. Edo zer egin behar da musikaz bizitzeko?

Ni bizi naiz… Bizi ala iraun; kar, kar, kar… Egia da ere orain unerik erosoenean nagoela. Orain, ez bidaiatzea eta hainbeste ez jotzea aukeratu dezaket. Euskaltzaindiko 100. urteurrena dela-eta zuzenean joko dut Arriagan, adibidez. Duela urte batzuk, diru bat aurretik kobratzea pentsatzea bakarrik ezinezkoa litzateke. Konposaketak egin, horiek nahastu, kontzertuak ematea, diskoak… Orain, arraroa egiten zait. Lehen, bakarrik joaten nintzen eta diru guztia niretzako zen; kar, kar, kar… Orain, banatu beharra dago, eta, agian, ni dirurik jaso gabe gelditzen naiz; kar, kar, kar…

Zu bakarrik bidaiatzera ohituta egon zara, noski. Bestalde, nazioartean ere ezaguna izateko, Internetek jokatuko zuen paper potentea…

Nik beti esan izan dut hasiera Internet izan zela. Myspace eta horrelakoak izan ziren. Mexikon egin nuen lehenengo emanaldia, adibidez, Internet bidez lortu nuen. Tipo batek idatzi zidan saio baten nire abesti bat entzun zuela esanez, eta hara joan nintzen. Gero, egia esan, nire hausnarketak egin izan ditut Interneten gainean. Hasieran bai, bitala izan zen, baina arriskua Interneten dagoen muturreko peloteo horretan jaustea da. Horrekin, erosotasunean jausteko arriskua duzu.

Eta hor nola hartzen duzu zuk tenperatura? Bakarrik zoazenean DJ moduan ala bandarekin zaudenean? Giroak erabat ezberdinak izango dira, ezta?

Bakarrik ibiltzen naizenean, publikoarekin sortzen den harreman beroa gustatzen zait. Zu kantak jartzen zabiltzan bitartean, norbaitek zigarro bat pasatzen dizu, disko bat elkarrekin ikusten duzue… Kontzertuetan ezberdina da, taldean. Agertokira irteten zara eta denak daude begira. Ni musika jartzen nagoenean, ez naiz nire txokotik irteten. Ezberdinak dira, baina egia da taldean irteteari ere gustua hartzen ari naizela. Bidaiatzeko orduan ere ezberdina da. Niri egia da bakarrik joatea asko gustatzen zaidala.

Sortzen duzu zure bidaietan?

Ez. Bakarrik noanean oso sentsible egoten naiz bidaia osoan. Denak afektatzen nau gehiago. Hegazkinean euskal musika entzuten dut ere, gurasoekin entzuten nuena, negar egiteko gogoa ematen duena… Taldean noanean ere ondo egoten da, baina beste zentzu bat hartzen du bidaiak.

Eta zein da jo duzun tokirik arraroena?

Uste dut arraroena edo zoroena Japoniakoa izan zela. Baita Indian ere. Baina Japonian jatetxe hindu batean jo nuen, jendea afaltzen zegoen bitartean. Jaia hor zela jakin nuenean, flipatu egin nuen. Bat-batean tela zati bat kendu zuten jatetxean, eta atzean kristoren toki underground bat zegoen. Bertan, diskoteketako bola erraldoi bat zegoen eta neska bat techno alienigen modukoa pintxatzen. Flipatu egin nuen. Indiakoa ere kontraste itzela izan zen. Zoramena izan zen. Jo ostean, lagun batzuen etxera joan nintzen after batera, eta hortik irtetean errealitatea ikustea oso gogorra izan zen.

Cibelesen ere izan zinen technoa jartzen, moda erakusketan, eta diseinatzaile batzuek arropa pasatzen zizutela kontatu zenidan behin. Hau oraindik gertatzen da?

Municheko diseinatzaile batek, Anja Pawlik-ek, oraindik bidaltzen dit arropa.

Hau musikan gauza normal bat da?

Niri berak bakarrik egin dit, eta lehenengo diskoarekin. Orain, ez dute ezer ematen. Niri, behintzat, ez; kar, kar, kar…

Aitor, amaitzeko, zer da etorkizunean egitea gustatuko litzaizukeena? Zerekin amestuko duzu orain?

Gira potente bat izatea ondo egongo litzateke, hori bai, bandarekin. Lehen bakarrik egoten nintzen, beraz bandarekin hori bizitzea.

Ea, hau betetzen den. Eskerrik asko.

Bai, eskerrik asko.