AITOR ETXEBARRIA: “Gure lana delikatua da; eszena batean musika bat edo beste jartzeak filma aldatzen du”

DJ ezagutu genuen Aitor Etxebarria, baina, egun, film eta telesailetako soinu-bandak egiten dihardu. Intimidad, El Hoyo 2 eta El cuerpo en llamas ekoizpenei musika jarri die, eta harenak dira Pedro Almodovarrek ekoiztutako Mentiras pasajeras telesailean entzuten diren melodiak. Arriskua betidanik gustatu izan zaio eta arreta ematen duten ukituak jartzen dizkie soinu-bandei. Aurtengo agenda beteta dauka, eta pozik dago, zoriontsu egiten baitu zinemak.

Aitor Etxebarria, ongi etorri TTAPera

Eskerrik asko.

Aitor, konpositorea zara, soinu-bandak egiten dituzu, eta DJa ere bazara; zer da musika zuretzat?

Gaur egun, pozik bizitzeko modu bat. Beti nire helburu nagusia izan da bizitzan gustatzen zaidana egitea, eta, orduan, gustatzen zaidana egiten nabil denbora guztian. Musika arte bat ere bada, arte arinenetako bat. Bi notarekin jende askorengana iritsi zaitezke, eta hori lantzea eta musika nire ogibidea izatea pozten nauen zerbait da.

Zein musika jarriko zenioke momentu honi?

Uf…; kar-kar.

Badakit elkarrizketak ez zaizkizula askorik gustatzen!

Ez. Bainuetxeko musika bat, trankil-trankil, edo, agian, jazz eszentriko bat, izotza apurtzeko!

Errazago komunikatzen zara musikarekin hitzekin baino?

Nik uste dut baietz. Gustatzen zait berba egitea, baina ez nago oso ohitura elkarrizketetara, eta erosoago nago musika konposatzen edo musika jartzen edo musika jotzen publikoan baino. Gero, intimitatean beste gauza bat da.

Aitor, Dominikar Errepublikatik etorri berri zara; ez dakit aurreratu dezakegun zerbait, zertan ibili zaren bertan.

Bai, atzo heldu nintzen, eta perkusionista batzuk grabatzen egon naiz bertan. Netflixeko telesail berri baterako musika konposatzen nabil. Telesaila That night da, eta Clara Galle, Claudia Salas eta Paula Usero dira aktoreak. Lehenengo pausoak bakarrik eman ditugu. Orain ari dira grabatzen, eta grabaketara joan naiz. Eta gero, nire konposatzeko era apur bat arraroa da, pila bat aurreratzen ditut prozesuak. Ez dakit han grabatu dudana erabiliko dudan, baina uste dut baietz. Orduan, joan naiz eta bertako perkusionista oso famatu bat grabatu dugu, eta egun osoa ibili gara grabatzen Dominikar Errepublikako erritmo afrodominikar pila bat, gero nik materiala edukitzeko eta nire erara lantzeko. Hori izan da, lehen inpaktua bakarrik.


“Gustuko dut egiten dudana, eta gaixotasun baten modukoa da”

Zelan daukazu agenda aurten?

Ondo! Pozik, proiektuekin eta. Klixe klasiko bat: ikusiko banu neure burua orain dagoen moduan duela 10 urte, oso pozik. Gero, beti gura dut gehiago. Eta exijenteak garenok geure buruarekin, beti nahi dugu gehiago eta beti daukazu: “Orain hau gura dut!”. Nik ez dakit mindfulness-a eta orainaldian egoten, eta, orduan, beti nago hurrengo urteak planifikatzen. Asko pozten nau norbaitek deitzeak. Bilera bat egotea ez dakit non eta esatea: “Film hau ari gara egiten edo telesail hau, eta nori deituko diogu musika egiteko? Aitorri”. Horrek pila bat pozten nau, eta orain oso pozik nago, ze aurtengo proiektuak oso potenteak dira, interesgarriak, eta denetarik apur bat. Telesailak Netflixerako, HBOko beste bat, pelikula luzeak ere bai, dokumental bat… Dibertigarria eta gauza ezberdinak egiten. Beraz, pozik.

Eta zelan funtzionatzen du? Zenbat denbora lehenago deitzen dizute zuri film edo telesail baten soinu-banda egiteko?

Proiektu bakoitza istorio bat da, baina nik lehenengo bileretan beti eskatzen dut gidoiak irakurtzea. Zuzendariekin, arte-zuzendariekin edo zuzendari taldeko norbaitekin komunikazioa izatea, soinu-irudikari bat sortzen hasteko. Eta, batez ere, ezagutzeko. Nik uste dut musika konposatzeaz aparte, intuizioaz aparte, badagoela psikologia puntu bat. Azkenean, proiektu handi bateko parte txiki bat zara. Musikak inportantzia handia dauka, arin xurgatzen den artea delako. Musikak garrantzi handia izaten du telesailetan eta filmetan, baina gu parte txiki bat gara; filmaketa batean pila bat pertsona daude lanean. Eta, orduan, psikologia behar izaten da, ulertzeko zer nahi duten. Eta, horregatik, niri laguntzen dit aurreratzeak eta apur bat ezagutzeak zuzendariak, ekoizleak… jakiteko zer nahi duten nigandik. Egon daitezke bost urte gidoi bat idazten; orduan, zu iristen zara eta ulertu egin behar duzu zer nahi duten. Beraz, musika konposatzetik aparte, jakin behar duzu zer erakutsi nahi duten proiektuarekin. Ze, azkenean, musikak asko aldatzen du. Eszena batean musika bat edo beste jartzeak filma aldatzen du. Orduan, gure lana delikatua da. Aldaketa minimo batekin, adibidez, sonoritatean egon daiteke la minor bat piano baten edo la minor bat soinu ilunago batean edo elektronikoago batean, eta aldatu egiten da. Detaile guztien gainean egon behar dugu. Horregatik, ni pila bat aurreratzen naiz eta lan asko egiten dut, baina lasaiago nabil.

Eta entzun!

Eta entzun, eta bai uste dut jendeak arreta jartzen diola. Hori gustatzen zait: “Hor dago, ondo egin da eta jendeari gustatu zaio. Edo ez”. Edo esatea: “Ez zait gustatu”. Ba, bikain. Artea horretarako da.

Esan duzu aurreratu egiten zarela. Nola egiten duzu lan? Gidoia irakurri ahala musika bat etortzen zaizu burura, eszenak ikustea gustatzen zaizu… Nola egiten duzu? Nolakoa da prozesua?

Lehenengo inpaktua izaten da gidoia irakurtzea eta dei bat izatea zuzendariekin eta ekoizleekin. Eta hortik hasten naiz bozetoak egiten, eta beti nabil zirriborroa 1, zirriborroa 2, zirriborroa 3, ez dakit zenbatera arte. Eta hor zuzendariak jakin ahal du: “Ostras, hemendik ikusten dut nik ere, imajinatzen nuen hau…”. Eta, azkenean, egiten duzu, foku baten moduan, eta heltzen zara, gutxi gorabehera, denok nahi dugun lekura. Delikatua da, ze zuzendariak, ekoizleek… buruan zerbait dute, eta zuk, hori burutzeaz gain, euren prisma ere ireki dezakezu. Eta esan: “Ostras, hau ez dugu eduki buruan. Baina hau ere egin ahal da”. Eta, agian, hobetu egiten du. Orduan, gure egoa ere hitz egiten ari da: “Hemen nator ni nire egoarekin, hau ez da…”. Orduan, hor azkarra izan behar duzu, kontrolatzeko, eta zu kanpotik ikusi: “Agian, zure egoa dago berbetan, proposatu dudana ez da egokia…”. Eta askotan bai, esaten dizute: “Ez genuen hau imajinatzen, eskerrik asko, hau hobeto dago…”. Eta, azkenean, elkarrizketa artistikoak dira. Nire ustez, beraiek ere eskatzen dute ez izatea bakarrik zerbait estandarra egitea, baizik eta proposatzea. Baina jakin behar da ezetz esaten dizutenean, agian, ez zaudela zu bide onetik. Eta hor inteligentzia puntu bat izan behar duzu eta esan: “Ba, bai, ez goaz ondo hemendik…”.

Eta zenbat denbora behar izaten duzu?

Prozesuak luzeak dira. Urte eta piku, erraz. Badaude prozesu batzuk non beraiek oso lanpetuta dauden eta proiektuaren amaieran sartzen zaren. Baina azken urteotako lanetan egon naiz hasiera-hasieratik postprodukzioaren azken nahasketara arte. Eta horrek poztu egiten nau, ze ikusten dut konfiantza dutela nire gustuan gauza askotarako, musikatik aparte. Aurreprodukzioa garrantzitsua da zineman, eta aurreprodukzioan egoteak eta gauzak pentsatzeak, musika konposatzetik aparte, konfiantza ematen dit beraiekin lan egiteko. Orduan, telesail batean, adibidez, urte eta erdi erraz. Eta orain egon gara, Asier Altunaren azken filmean, Karmele filmean, Eneko Sagardoyrekin eta Jone Laspiurrekin, eta hor aurreprodukzio oso luzea egon da, ze pelikula oso exijentea da musikalki, eta hor urte eta erdi egon gara.

Zer izaten da zuretzat zailena?

Ba, agian, amaitzea, e! Esatea: “Bai, hemen dago, listo, amaitu da”. Eta gero, detaileak ere bai. Musika konposatzeaz aparte, hainbat gauza daude prozesuan zehar eta nahasketetan aldatu daitezkeenak. Bolumenak, adibidez. Nire musika estiloan, musikak daukan presentziak asko esaten du. Orduan, gustatzen zait azken-azken nahasketara arte egotea, ze bat-batean musikaren bolumena apur bat igotzen duzu eta niretzat ez da pieza bera. Eta orduan esaten dute: “Hemen dator Aitor, bere musika jaisten”. Ni beti nago: “Agian, hau, oharkabean pasa dadila…”. Eta zailena egiten zaidana da azken nahasketetan musikaren sarrerak eta irteerak eta dena oso fin egotea. Gustatu ere egiten zait; orduan, zailena, filma ixtea.

Perfekzionista zara, ezta?

Esaten dute baietz! Lehen, beti esaten zuten ezetz, oso erlaxatua nintzela. Baina, antza, urteekin…; kar-kar. Nire gauzetarako ez. Lehenengo grabaketak edo lehenengo demo-ak egiteko, kolpe azkarrekoa naiz. Grabatu eta brum, listo! Ez du soinu onik. Baina hor dago! Zirriborroa irakurtzeko, hor dago musikalki. Gero, zelan erabiltzen den nire musika edo zelan erabiltzen dugun, hor banaiz apur bat perfekzionista. Baina askorik ere ez, ze nire lan egiteko era oso arina da. Azkar entregatu; kolpe azkarra bilatzen dut hasieratik. Ez da partitura idatzi behar dudala eta behar ditudala ez dakit zenbat hilabete idazteko eta ezin dudala entregatu. Ez. Nik lehenengo astean: “Tori, posta elektroniko bat duzu lau bozetorekin”. Orduan, perfekzionistegia ez naiz.

“Filma ixtea izaten da niretzat zailena”

Eta imajinatzen dut: proiektu batean sartuta zaudenean une oro musika izango duzu buruan edo ideia berriak etortzen zaizkizu. Nola lortzen duzu deskonektatzea?

Ez dakit. Deskonektatu, deskonektatu…

Ezin da. Entregatu arte ezin da.

Pila bat gustatzen zait; orduan, gaixotasun baten modukoa da. Zure pasioa denean zure ogibidea ere bai, hor ibiltzen zara. Deskonektatu egin nahi dut, baina hainbeste gustatzen zait, beti nahi dut konektatuta egon. Orduan, kirola egiten, agian.

Eta imajinatzen dut zoazen lekura zoazela ideia berriak etorri zaizkizula. “Hau entzun dut edo irratian kantu bat jarri dute eta horrek beste ideia bat eman dit”.

Bai, eta grabatzen zoaz. Agian, kalean txistua jotzen noa eta: “Aiba, hau!”. Eta, musikatik aparte, arkitekturak ere bai. Gustatzen zait gauzak ikustea eta dokumentatzea, karpetak egin telesail bakoitzerako; tipografia bat edo eraikin bat oso polita, edo horma bat. Lotu egiten ditut gauzak film edo telesail horretara, eta, orduan, inspirazio moduan gordetzen noa. Abestiak ere izan daitezke; hari musikal batean dago zerbait eta… hepa! Eta grabatu eta esan: “Hau ez da, baina hemen badago zerbait, eta honetara eraman nazake”.

Zein esango zenuke dela Aitor Etxebarriaren sinadura edo marka?

Musikari moduan? Ez dakit. Nik ezin dut esan, ze, agian, norbaitek esango luke: “Aitorren denak dauka honen soinua”.

Arriskua gustatzen zaizula, agian?

Arriskua, bai. Beldurrik ez izatea. Agian, hori ere izan da oztopo bat nire ibilbidean; jendeak ez jakitea zer egingo dudan. Hori pasatu zitzaidan, aspaldi, jotzen ibiltzen nintzenean kanpotik. Jendeak esaten zuen: “Baina tipo hau zertara etorriko da? Ze ikusi dugu egin dituela ez dakit zenbat gauza ezberdin”. Gaur egun, zinemarako ondo dator, moldakorra izana naitekeelako. Eta gero, estetikak. Teknikoki ez naiz musikari bat esaten duzuna “kristoren musikaria da, ez dakit zenbat urte egon da ikasten, jotzen du pianoa edo biolina edo edozein instrumentu oso ondo eta egin ditu ez dakit zenbat urte ikasten”. Nire pertsonalitatearekin noa, ikasten dut apur bat, beteta sentitzen naiz eta beste gauza batera noa. Eta orduan, uste dut arriskua eta estetikak uztartzen ditudala. Esan didaten gauzarik handiena da estetikak arin aurkitzen ditudala edo arin kohesionatzen ditudala. Ez naiz birtuosoa, ezta musikari bikaina ere. Hori objektiboa da. Beste gauza batzuk ditut nire gabeziak betetzeko.

“Niretzat objektibotasun bakarrenetako bat da berriro deitzea”

Zerbait izango duzu hainbeste dei jasotzeko!

Langilea naiz. Nire amak esaten dit: “Ez ahaztu, langilea izan, lan egin behar duzu”. Faktore asko daude, eta deitzen naute ahoz ahokoagatik ere bai. Nik ez nuen sinisten. Esaten zidaten: “Zineman behin sartzen zarenean, ahoz aho doa dena”. Nik ez daukat ez webgunerik, ez ezer. 

Erreferenterik baduzu?

Albokoak. Inspiratu nauten eta gustatu zaizkidan musikariak beti izan dira nire alboan daudenak. Nirekin jotzen zutenak, kontzertuetara noanean ikusten ditudanak… 

Zimmer, Morricone… betiko ohikoak, ezta?

Bai, badago jende oso ona eta asko baloratzen dudana. Adibidez, orain Oscarra irabazi duen Daniel Blumberg nire agentzia berean egon zen Londresen. Ezagutu nuen eta garai batean manager bera izan genuen. Oso-oso ona da. Baina gehiago inspiratzen nau nirekin jo duen jendeak, edo ikusten ditudanak antzokira noanean edo trinketera joaten ginenean… Jotzen dutenak, hurbiletik ikusten dituzunak eta zure lagunak direnak, horiek inspiratzen zaituzte. Urruneko jendea urrun dago.

Oso pertsona naturala zara, herrikoa, Aitor. Baina tokatuko zaizu estreinaldi handietara joatea, alfonbra gorrian egotea. Nola daramazu hori?

Erdipurdi. Polita da, eta bi aste igarotzen direnean esaten duzu: “Ze ondo”. Eta baduzu oroitzapen bat. Niri deitzen banaute, banoa. Eta esaten badidate: “Aitor, zu ere etortzea nahi dugu”. Edo taldearen estreinaldi bat dago Madrilen edo Bartzelonan eta gero koktela eta afaria dago. Baina ez da zerbait bilatzen dudana. Deitzen banaute banoa, baina hor ekosistema bat eta lengoaia bat dago, euren lengoaia dena. Show-aren lengoaia, showbusiness-a. Ez naiz komunikatzen beraien hizkuntzan. Aktoreak, zuzendariak, ekoizleak… doaz eta eroso daude eta denekin hitz egiten dute. Baina musikariok ez gaude filmaketan. Edozein beste arlo, kamerak, makillajea, ile-apaintzaileak, elektrikariak… Haiek filmaketan daude sei hilabetez elkarrekin bizitzen. Baina gu gure estudioan gaude, eta denbora osoan posta elektronikoari lotuta gaude, bideo dei bitartez… Orduan, hortik kanpo bizi gara. Eta gero, galak, sariak… Txarto. 

Baina Oscarretarako izendatzen bazaituzte joango zara, ezta?

Bai, joan bai! Baina ez da…

Ez da zure lehentasunetako bat sariak irabaztea.

Ez. Niretzat objektibotasun bakarrenetako bat da berriro deitzea. Adibidez, alderatuta lehen zuzenean jotzen nuen garaiarekin, orain askoz pozago jartzen nau zinemako gauzetarako jotzeak jaialdi batean jotzeko deitzeak baino. Jaialdi batetik deitzen zaituztenean, askotan da edo modan zaudelako edo justu promozioa egin dutelako eta ondo irten delako. Ez da objektiboa musikarekin arrakasta duzunean. Baina zineman asko pozten nau, ezberdina delako. Badago jendea hamar urtez lanean proiektu bat ateratzeko nahian, eta nigan pentsatu dute. Niretzako hori da poztasun objektiboa.

Bigarren deia, ezta? Jorge Torregrossak –Intimidad, El cuerpo en llamas– bigarren aldiz deitu zizun.

Bai. Egiten duzu batean, eta berriro deitzea. Edo El Deseo Pedro Almodovarren ekoiztetxetik izan zen: “Zutaz hitz egin digute, zuk egitea nahi dugu”. Hori bai da objektiboa. Ez zaituzte ezagutzen, ez zara pertsona ezagun bat ikus-entzunezkoetan, eta hori bai bada objektiboki pozgarria. Niretzako poztasuna hori da. Beste dena… Xanpain gozo bat edatea eta zerbait jatea beti dago ondo, baina…

Nolakoa izan da Pedro Almodovarrekin lan egitea?

Ondo egon da. Telesail hori Pedro Almodovarrek ekoiztua izan zen, baina Felix Sabrosok zuzendu zuen, haren lagun onenetako batek.

Mentiras pasajeras.

Hori da. Eta ondo. Ezagutu nuen, joan ginen estreinaldira Madrilera, zinema txiki batean, eta bertan zegoen Pedro Almodovar. Baina hasieran, deitu zidan, gainera, Esther Garciak, El Deseo-ko ekoizleburuak, eta Pedroren eta Felixen oso laguna. Eta imajinatu! Ni hunkituta. Baina gero, normaltasuna ere bai. Pasatzen dira bi egun eta listo.

Eta imajinatzen dut zenbat eta proiektu gehiago egin, orduan eta ohikoagoa izango dela.

Bai. Baina lan asko egin dugu hona iristeko, eta asko hunkitzen nau. Edozein proiektutatik deitzen dizutenean, beti dago emozio hori: gidoia irakurri, jakin zer gertatuko den, zein film edo telesail izango den… Ez naiz ohitzen. 

Eta behar da ilusio hori aurrera jarraitzeko.

Nik uste dut baietz. Hori galtzen baduzu, pixka bat gutxiestea ere bada zer ari zaren egiten eta gustatzen zaizuna ari zarela egiten.

Aitor, aipatu duzu elkarrizketan zehar, DJ ere urte luzez ibili zara, El-Txef-A moduan. Zein puntutan zaude gaur egun? Jarraitzen duzu jotzen? Utzita daukazu?

Erdi utzita. Naturala izan da prozesua. Asko jotzen ibili nintzen eta bat-batean filmak eta telesailak heldu ziren, eta ezinezko talka bat izan zen. Ezin nuen maneiatu. Eta geratu nintzen, ez nuelako kaleratzen diskorik. Azken emanaldia New Yorken izan zen. Badago bertako promotore bat, beti gustatzen zitzaiona udan ni joatea jotzera. Eta joan nintzen, erdi oporretara, erdi lanera. Esan nuen: “Banoa, jotzen dut eta Estatu Batuetan geratzen naiz hilabetetxo bat edo”. Eta gero, noizbehinka deitzen didate, baina ez dut nahastu nahi.

Bai, orain arreta bestean jarrita daukazu.

Bai, eta, batez ere, arreta, ez ni despistatuko naizelako, baizik eta ez esateko jendeak: “Zertan dabil?”. Behingoz, gauza batean nago zentratuta eta trankil nago, bizitza lasaiagoa da, astean zehar egiten dut lan, asteburuan nahi badut ere bai, baina ez badut nahi ez dut lan egiten. Orduan, noizbait egingo dut zerbait, baina, momentuz, lasai.

Momentuz, soinu-bandak.

Bai, bai. 

Argi dago gozatzen duzula eta zoriontsu egiten zaituela zure lanak; beraz, jarraitu ilusio hori sentitzen eta jarraitu arriskatzen.

Eskerrik asko.

Eskerrik asko, benetan, Aitor, gaur gurekin egotearren.

Zuei!