Aitor Bedialauneta: “Ezgaitasuna duen talde bat bezala ikusten gaituzte”
Koronabirusaren osasun krisiak hainbat arazo utzi ditu agerian, eta gehiago, kolektibo batzuetan. TTAP aldizkarian horri ere heldu nahi diogu, eta gaur, gorrek bizi izan dituzten oztopoen inguruan berba egin dugu Aitor Bedialaunetarekin, Euskal Gorrak gorren federazioko elkartzeko presidentearekin.
Kaixo, Aitor, arratsalde on.
Arratsalde on.
Elkarrizketa egiteko interprete baten laguntza dugu, ez dakidalako zeinuen hizkuntza. Gorrek zuen eguneroko bizitzan interpretea izaten duzue?
Interpretea gurekin edukitzea, gaur, luxua da. Kontu pertsonalak edo eguneroko gestio horiek egiteko zerbitzu publiko den interprete zerbitzua eskatzen dugu. Beraz, egunero edozein gestio egiteko interprete bat dugu? Ez. Azkenean, horregatik diot gaur interpretea edukitzea hemen luxua dela.
Ohituta gaude ekitaldi batzuetan interpretea ikustera. Esaterako, jaietako pregoiak ere ikusi izan ditugu. Baina oraindik gabezia handia dago arlo honetan?
Noski. Ekitaldietan edo koronabirusaren kontuekin, ohitu gara telebistako pantailako izkinan interpretea ere ikusten. Egia da geroz eta gehiago ikusten dela. Baina interprete bat hor badago, Euskal Gorrak elkartetik edo beste elkarte batzuetatik eskatu dugulako da. Azkenean, gure borroka izan da interprete bat agertzea hor. Guk eskatu dugun zerbait izan da, eta borroka horren bidez lortu dugu. Gizarte entzulea gehiengoa da eta gu talde txiki bat gara. Presio handia egin behar izan dugu interpreteak telebistan agertzeko. Horrek esan nahi du interpretea hor jarrita nahiko dela? Ez. Gaur egun, osasun aldetik, adibidez, pertsona gor batek ez ditu behar guztiak beteta. Ni, orain, medikuarenera banoa, ez nuke interpreterik izango. Aurretik eskatu behar dudan zerbitzu bat da. Eta hori oztopo lodia da. Eta koronabirusaren pandemia honek agerian utzi ditu oztopo horietako asko. Aurretik genituen oztopoak bikoiztu egin dira pandemian.
Esaterako, arreta eta zerbitzu asko telefono bidez egin behar dira orain. Hor ere, gabezia handia zuentzat…
Adibide garbia da txertoena. Nola jartzen dira kontaktuan pertsona gorrekin, telefono bidez ari badira? Txertoa jartzen azken kolektiboa izango gara? Nire etxean, familia osoa pertsona gorrez osatuta dago. Eta ez dugu telefonorik. Nola jarriko dira gurekin harremanetan? Elkartetik abisuak postaz bidaltzeko eskatzen ari gara, edota mezu elektronikoz… Baina gizartea sistema azkarrenera ohituta dago; telefono dei batera, alegia. Beraz, ardura hori dugu elkartean.
Bi urte daramatzazu Euskal Gorrak elkarteko presidente. Nolakoak ari dira izaten bi urte hauetako lanak?
Egia esan, elkarte ezberdinetan egon izan naiz; adibidez, Estatu mailako elkarteko gazteria sailean. Beraz, nire gaitasunak hobetzen egon naizen eran, beste ardura batzuk ere hartu ditut. Ni ez nabil bakarrik lanean, atzean talde bat dudalako, eta talde horretan helburu berberak ditugu. Gure helburua Gertu programaren inguruan jartzen dugu. Zergatik? Pertsona gorrengandik gertu egon behar dugulako eta gizartetik gertu egon behar dugulako. Azkenean, kasualitatez, urtebete lanean egon ostean, koronabirusaren krisia etorri zen, eta niretzako apustu handia izan zen. Niretzat eta talde osoarentzat. Sekula gertatu ez den krisi bat etorri zen, eta taldean argi ikusi genuen beste era bateko jokabidea hartu behar genuela eta gogor lan egin behar genuela pertsona gorrentzat. Eta eskerrak eman behar dizkiegu federazioaren parte diren elkarte ezberdinei. Denak gehiago batu gara helburu bakarrarekin. Helburua pertsona gorrekiko eta entzumen urritasuna dutenekiko errespetua lortzea da.
Zenbat elkarte daude Euskal Herrian?
Gaur-gaurkoz, Federazioaren parte diren lau elkarte daude. Bosgarren bat ere badago gurekin lan egiten duena. Baina ez gaude bakarrik; Estatu mailan gorren konfederazio bat dago, federazio ezberdinez osatuta. Beste sare oso garrantzitsu bat da CERMI (Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordea), gu parte garen beste sare bat delako. Gu sare baten parte gara, beraz, eta ez dugu gure bidea bakarrik egiten.
“Aurretik genituen oztopoak bikoiztu egin dira pandemian“
Oso komunitate sentitzen zarete, ezinbestean horrela behartuta?
Komunitate kontzeptua zaila da argitzea. Gizarteak gu ikusten gaitu ezgaitasun batek biltzen gaituen talde bat moduan. Entzumen urritasuna dugula, gorrak garela edo zeinu-hizkuntza konpartitzen dugula. Nik, adibidez, neure burua definitzen dudanean, pertsona gor moduan definitzen dut. Zergatik? Identitate bat dudalako, eta identitate hori pertsona gor moduan ulertzen dudalako. Hori zeinu-hizkuntzarekin bat doa. Nik erabiltzen dudan hizkuntza da, eta hizkuntza kultura eta komunitate baten parte da. Eta pertsona gor moduan zeinu-hizkuntza erabiltzen dut eta hizkuntza horrek kultura bat ematen dit. Pertsona gorren komunitatearena den kultura propio bat. Zein da arazoa? Gizartea ez dagoela prestatuta guretzat, eta gizarteak ematen digu ezgaitasun hori, ikusten gaituelako ezgaitasuna duten pertsona baten moduan. Nik ez dut beste pertsona gor batekin komunikatzeko arazorik. Ondo komunikatzen gara. Baina zeinu-hizkuntza ez dakien pertsona entzule batekin oztopoa dut. Nik moldatu behar dut bere sistemara edo berak nirera. Ez dugu beste erremediorik. Azkenean, gorren komunitatea osatzen dugunok ez gara bakarrik gorrak. Zeinu-hizkuntza erabiltzen dugun pertsona ezberdinak gara. Hizkuntza bat partekatzen dugun komunitate txiki bat gara. Euskararen antzera.
Garrantzitsua da zuentzat, beraz, zeinu-hizkuntzari behar duen lekua ematea?
Noski. Euskal Gorrakek bere sorreratik gaur arte izan duen borroka nagusia izan da zeinu-hizkuntzaren maila beste hizkuntzen bestekoa izatea. Guk ez dugu konparaketarik egiten euskararen, gaztelaniaren edo ingelesaren artean. Errespetatzen ditugu hizkuntza horiek, baina gizarteak ez du zeinu-hizkuntza beste ahozko hizkuntzen mailan jartzen. Baina zeinu-hizkuntza beste hizkuntza bat gehiago da. Bere gramatika du, bere arauak ditu… Sentsibilizazio lana falta da. Gizarteak ez daki zer den zeinu-hizkuntza, ez daki zer den pertsona gor bat. Eta hori ezagutu gabe ezinezkoa da zeinu-hizkuntza beste hizkuntza bat bezala ikustea.
Askotan esan izan da zeinu-hizkuntza ez dela hizkuntza bat, eta baztertu egin nahi izan da. Zuek, elkartetik, balioa eman nahi diozue.
Argi dago. Ezagutza da falta dena. Jendeak ez du zeinu-hizkuntza ezagutzen, eta gakoa hori da. Ez gaituzte ezagutzen. Ezgaitasuna duen talde bat bezala ikusten gaituzte, eta horrek gizartea baino gutxiago garela esan nahi du. Gorren komunitatean ez dugu geure burua ezgaitasuna duten pertsonen moduan ikusten, ez dugu ikusten gutxiago garela. Egia da zeinu-hizkuntza geroz eta gehiago ikusten dela, baina bidea dugu egiteko oraindik, errespetua falta zaigulako. Gizarteak erabili du zeinu-hizkuntza saltzeko ere; adibidez, abestiak zeinu-hizkuntzan interpretatuta, telebistan oso polita iruditu daitekeen zerbait da, eta gorren komunitateak abesti bat zeinu-hizkuntzan ikusteak ez du zentzurik guretzat. Abesti bat entzuleen kulturaren parte da, entzuteko zerbait delako. Gurera egokitu daiteke, bai, baina ez digu ematen zuk, adibidez, abesti bat entzutean izan dezakezun sentsazio hori. Euskaraz gustuko duzun kanta bat gazteleraz egingo balute, zuk berdin sentituko zenuke? Zeinu-hizkuntzarekin berdin gertatzen da. Eta detaile txiki horiek errespetu falta bat dira; esan ahal dizutelako, “zein polita abestia zeinu-hizkuntzan”. Eta nire zalantza da polita ea zer den. Ulertzen ez den zerbait? Eskuak mugitzea interpreteak? Hori da polita? Baina badakite zer esaten dabilen?
Gainera, gorrek musika beste modu batean bizi duzuela suposatzen dut.
Bai. Adibidez, desinformazio garai honetan ikusten ari gara gizarteak ez dituela gauzak oso garbi. Hainbeste informazio ematen da, gauzak ez dira garbi gelditzen. Pertsona gorrentzat pentsatu zer den hori… Pertsona batek zerbait esaten du, ez dut ulertzen, ez dago azpititulurik, ez dago zeinu-hizkuntzan; agian, ez dago interpreterik… Azkenean, gure eskubide horiek desagertzen dira. Eta batzuetan, esaten dizute: “Lasai, beste pertsona batek kontatuko dizu”. Ez, ez… Zergatik izan behar dut beste pertsona baten beharra? Gizarteak gure beharretara ere moldatu behar du.
“Gizartea sistema azkarrenera ohituta dago; telefono dei batera alegia”
Suposatzen dut beste oztopo larri bat zuentzat maskararena izan dela. COVID-19a dela-eta aurpegi erdia estalita eraman behar dugu, eta elkartetik lana egin behar izan duzue, ezta?
Iazko martxoan hasi zen pandemia, eta apirilerako, dagoeneko, gorrentzat maskara ezberdinak ikertzen hasi ziren. Maskara gardenen aukera sortu zen hor. Une hartan erabilera ez zen derrigorrezkoa, baina lan hori hasi genuen, agian, beharrezkoa izango zela aurreikusi genuelako. Pertsona gor ezberdinak daude, eta denek ez dute zeinu-hizkuntza erabiltzen. Adinarekin entzumena galdu duen pertsona batek, adibidez, ez daki zeinu-hizkuntza. Beraz, nola komunikatu daiteke? Apur bat entzun eta ezpainak irakurtzera ohituta daude. Beraz, haientzat oztopo oso garrantzitsua da maskara erabiltzea. Tknikarekin maskarak garatzen eta osasunean ere pentsatzen, homologatzeko lanean hasi ginen. Duela gutxi lortu dugu gardenak diren maskara homologatuak egotea. Eta hedabide askotan atera da homologatuta zeuden maskara gardenak zeudela, baina ez da egia izan. 2021eko martxora arte ez zeuden. Egia da jendeak pentsatzen duela maskara hori erabilita ulertu daitekeela pertsona batek ahoskatzen duenean. Baina ez da egia. Arazo larri bat da. Agian, errazagoa litzateke zeinu-hizkuntza ikastea. Guk ezin dugu entzun eta ezin dugu esfortzu hori egin. Pentsatzeko kontu bat da…
Aipatu duzu zuen komunitatea oso zabala dela. Hori ere kontuan hartu behar dugu.
Garbi dago. Horregatik diot errespetua oso garrantzitsua dela, pertsona gorren beharrei errespetua izatea. Pertsona gor guztiok ez ditugu behar berak. Nik zeinu-hizkuntzako interprete bat behar dut, bai, baina entzumena galdu duen bat eta zeinu-hizkuntza ikasi ez duen bat behartu egin behar dugu zeinu-hizkuntza ikastera? Agian, beste baliabide batzuk ditu, azpitituluen bidez uler dezake, gerturatu eta berba eginez gero ulertuko du, agian, edo idatziz komunikatuko da. Denak ez gara berdinak, eta sentsibilizazioa eta informazioa falta da. Pentsatzen dute gorra izatea ez entzutea bakarrik dela, eta ez da hori. Egoera ezberdin asko daude, eta taldea oso anitza da. Ezin diogu talde osoari errekurtso bakarra jarri.
Egunerokoan, interpreterik gabe zabiltzanean, nola komunikatzen zara entzuleekin?
Egia esateko, eta 28 urte ditut, nahiz eta egunero oztopoak izan, mendi bat igotzea izango balitz bezala sentitzen naiz. Ikusi behar dut aurrean dudan pertsona entzulea nolakoa den, saiatu behar dut ulertzen eta nola hitz egiten duen ulertzen, baina komunikazioa ez da guztiz zuzena izaten. Nire hizkuntza zeinu-hizkuntza da, eta egia da geroz eta interprete gehiago daudela. Garai baten, medikuarenera bakarrik joan behar izaten nuen, eta, gaur egun, interpretea eskatzeko aukera dago. Gauzak aldatu egin dira, baina maskarek jarri diguten oztopoa sekulakoa da. Mugikorrean dudan aplikazio baten bitartez komunikatu behar dut nik, adibidez, idatziz. Mikrofonora hitz egin dezake entzuleak, eta pantailan gero testua azaltzen da, horrela, nik irakurri egiten dut. Beraz, maskara ez jaisteagatik beste modu batera komunikatu gaitezke, bai. Baina horrek esan nahi du komunikazioa zuzena dela? Ez.
Aipatu duzu mugikorra. Teknologiak ezer lagundu du komunikaziorako? Gailu eta aplikazio ezberdinak egongo dira komunikazio hori ahalbidetzeko…
Bai, noski. Mugikorra guretzat sekulako asmakizuna izan da! Entzuleentzat gurpila izan zen bezala, gorrentzat mugikorra izan da. Agian, esajeratzen ari naiz, baina egia da informaziora iristeko modua izan dela. Horrek ez du esan nahi informazio guztira heltzen garenik entzuleak bezala. Mugikorrak eman digu gerturatzeko modu bat. Adibidez, Twitter moduko sare sozial bat guretzat oso garrantzitsua da. Zuen artean komentatzen zenituzten eguneroko albisteak, eta entzuten duzuen dena, nahi gabe entzuten duzuena ere, guk mugikorrean ikusten ditugu sare sozial horri esker. Edo bideo-deiak egitea. Ezin zenean bideo-deirik egin, telefonoz guk ezin genuen hitz egin. Beraz, aurrerapauso handia izan da.
40 urte ditu Euskal Gorrak elkarteak, oker ez banabil…
41! Urtebete asko da eta gauza asko pasa dira!
Kar, kar, kar… Bai, horixe. Hala ere, hasierako helburu horiek mantentzen ditu elkarteak oraindik?
41 urte atzera eginez, euskal gizartea ere asko aldatu da gaur egungoarekin alderatuta. Erabat ezberdina da. Euskal Gorraken hasieran, adibidez, borroka interpretea izatea zen, orduan ez baitzegoen. Gaur egun ditugunak bere egunean borrokatutako gauzei esker ditugu. Orain, helburua ez da interpretea izatea, kalitatea ikusi behar dugu. Azpitituluak badaude, baina ondo eginda daude? Pertsona horrek hitz egiten duenean ateratzen dira edo 50 segundo geroago? Edo hitz batzuk ez dira agertzen… Informazioa jaso ahal izateko, kalitatea oso garrantzitsua da.
Agian, ariketa egin beharko genuke ikus-entzuleok ikusteko azpitituluekin nolako hanka-sartzeak egiten diren batzuetan, ezta?
Gainera, azpitituluekin ikusten dituztenak soilik dira pertsona gorrak. Normalean, gizarteak ez du azpititulurik behar. Eta ez dakizue ondo edo gaizki dauden, zuek entzun egin behar duzuelako. Guretzat ikustea ezinbestekoa da.
Zein izan beharko litzateke gorren bizitza errazteko bidea? Nahiz eta aipatu dugun denak ez zaretela berdinak.
Zerrenda luzea da… Baina egia da momentu honetan garrantzitsua dela sentsibilizazioan indarra jartzea. Jendeak gu ezagutzea. Gizarteak interprete bat ikusten duenean ez dezala pentsa nahikoa dela. Batzuetan, interprete bat ez dela nahikoa. Pentsa nik orain ikusten dudan informazio guztia bisuala dela. Zu eta interpretea ikusten zaituztet, argia, kamera, pertsona bat kameraren atzean… Baina zuk, ikusteaz gain, entzumenaren bitartez jakin dezakezu norbait kanpoan dagoen, zer gertatzen ari den… Informazio horrek, egunero jasotzen duzunak, gugandik urrundu egiten zaitu. Gu beti goaz pauso bat atzerago. Ez da bakarrik ez entzutea, baita informazio falta ere. Komunikazioa izateko entzun egin behar da, eta informazio hori, guretzat, moldatu egin behar da.
Eskerrik asko, Aitor, solasaldiagatik. Guretzat garrantzitsua izan da gauza asko hobeto ulertzeko eta zuen aldarrikapenak plazaratzeko.
Mila esker. Egia esan, aukera ona izan da gure taldea edo gor komunitatea gehiago ezagutzeko.