Aisialdi hutsalak

Itxaso Paya Ruiz

Azken urteotan, behin eta berriz entzuten da ideia bera: gazteek gero eta kultura gutxiago kontsumitzen dute. Diagnostikoa ia automatikoki errepikatzen da, hedabideetan, mahai-inguruetan eta kultur politikaren inguruko eztabaidetan. Baina baieztapen horrek berak galdera interesgarriago bat ezkutatzen du atzean: zer ulertzen dugu kultura kontsumitzeaz hitz egiten dugunean? Eta, batez ere, ea gaur egun erabiltzen ari garen kulturaren definizioak benetan balio duen belaunaldi berrien praktikak ulertzeko.

Izan ere, kulturaren inguruko ikuspegi hegemonikoak, oraindik ere, logika nahiko klasikoetan oinarritzen dira. Antzokira joatea, liburuak irakurtzea, museoetara sartzea edo zinema-aretoetan filmak ikustea jotzen dugu kultura kontsumitzeko modu legitimotzat.

Praktika horiek kulturaren parte dira, noski, baina ikuspegi horrek zailtasunak ditu gaur egungo sozializazio eta sormen molde berriak aitortzeko, bereziki, ingurune digitalean garatzen direnak. Eta hor dago gaur egungo eztabaidaren muina.

Gazte batek Twitch bidez zuzeneko bat jarraitzen duenean, TikToken euskarazko edukiak sortzen dituenean edo Discord komunitate batean parte hartzen duenean, askotan, ez dugu hori kulturatzat hartzen. Baina, espazio horietan ere, hizkuntza-praktikak garatzen dira, kode estetikoak eraikitzen dira, erreferente komunak sortzen dira eta komunitate-sentimendua artikulatzen da. Hau da, kulturaren funtzio sozial berberak gertatzen dira, beste formatu eta logika batzuen bidez.

Horrek erakusten du gaur egungo kultur politikek duten erronka nagusietako bat: kultura garaikidearen formak ulertzeko eta aitortzeko gaitasuna berritzea. Izan ere, kultura ez da ikusle batek eserita jasotzen duen produktu bat bakarrik. Gero eta gehiago, parte-hartzearen, interakzioaren eta komunitatearen bidez eraikitzen den esperientzia da.

Ikerketa soziolinguistiko askok erakutsi dute aisialdia dela hizkuntza-ohiturak eraldatzeko eremu eraginkorrenetako bat. Eskolak gaitasuna eman dezake hizkuntza bat erabiltzeko; baina hizkuntza hori desiragarri bihurtzen dutenak esperientzia sozialak dira. Horregatik, kulturaren inguruko estrategiek ezin dute programazio eskaintzara mugatu. Harreman-esperientziak sortu behar dituzte. Ez dira aisialdi hutsalak; gaur egungo sozializazio egiturak dira.

Hala ere, euskal kulturak badu indargune handirik: komunitate izaerari eusten diola. Herrietako kultur etxeetan, gaztetxeetan, jaialdi txikietan edo autogestionatutako espazioetan, argi ikusten da kultura ez dela kontsumitzen den zerbait bakarrik. Harremanak sortzeko, identitate kolektiboak eraikitzeko eta hizkuntza bizitzeko espazioa ere bada. Agian hor dago etorkizuneko erronka nagusia: kultura ez ulertzea programazio edo kontsumo logikatik bakarrik, baizik eta kohesio sozialerako egitura gisa.

Horretarako, beharrezkoa litzateke kultura, aisialdia eta hizkuntza politikak modu integratuan diseinatzea. Ez programazio gehiago sortzea bakarrik, baizik eta gazteek euskaraz sozializatzeko, sortzeko eta komunitatea eraikitzeko, espazio erakargarriak eta iraunkorrak sustatzea. Horrek esan nahi du kultur etxeak, gaztelekuak, plataforma digitalak, sormen laborategiak eta tokiko aisialdi egiturak sare berean pentsatzea. Azken finean, agian arazoa ez da gazteek kulturarik kontsumitzen ez dutela. Agian arazoa da kultura, oraindik ere, ikusleentzako produktu bezala antolatzen dugula, eta ez bizitza kolektiboa artikulatzeko tresna bezala. Eta hizkuntza gutxitu baten kasuan, diferentzia hori ez da kulturala bakarrik. Estrategikoa ere bada.