Aiora Renteria: “Bizitza ez dut musikarik gabe ikusten”
Euskal Herriko ahotsik ezagunenen artean dago Aiora Renteriarena, 23 urte daramatza-eta kantugile eta abeslari Zea Mays taldearekin, plaza zein bestelako aretoak betetzen. Taldeak Atera disko berria prestatu du, eta “barruan dugun guztia lasaitasunez kanpora ateratzeko” gonbita egiten digute.
Disko berria esku artean dugula Bilborock aretoan egin dugu hitzordua. Eskenatoki hau berezia da Zea Mays taldearentzat? Pop-rock Villa de Bilbao lehiaketa bertan irabazi zenuten…
Bai, ezaguna da. 1998an izan zen. Nire lehenengo lanean nengoen eta lanetik irten, bertara etorri, gainera gaixorik nengoen… Oso ondo gogoratzen dut kontzertua, nire kontzerturik tentsuena izan dela esango nuke. Lehiaketa bat da, publikoa lehiaketa baterako prest dago, eta tentsio hori egoten da, jende askok pentsatzen duelako “zergatik ez nago ni hor”. Gogoratzen dut Belen Mijangos lehenengo lerroan zegoela eta abestiak egiten genituen bitartean, apunteak hartzen zituela. Hori niretzako oso traumatikoa izan zen. Oso urduri nengoen, pentsatzen txarto zer egin nuen. Oholtza honetan lehenengo aldia izan zen, ondoren egon izan gara bertsioren bat egiten eta kontzertu laburren bat ere, azkenengoa akustiko bat.
1998 urtea aipatu duzu, baina aurreko urtean irabazi zenuten Gaztea irratiko maketa lehiaketa?
Bai. Maketa lehiaketa 1997ko azaroan irabazi genuen. Eguna gogoratzen dut, azaroak 22. MichaelHutchence abeslaria suizidatu zen eguna, Santa Zezilia eguna.
Detaile asko gogoratzen dituzu, agian ondorengo urteetakoak ahazten joaten dira?
Gaztea irratiko maketa lehiaketako ia segundo guztiak gogoratzen ditut. Egun oso berezia izan zen, normalean jendea aurretik enteratzen da irabazle edo hautatua izan dela deitu egiten dizutelako. Behintzat horrela izaten zen garai horretan. Nire telefonoarekin arazoa bat izan zuten, ez zegoelako sakelako telefonorik eta etxera deitu behar zuten. Beraz, guk irratiz jakin genuen. Hogei hautagai zeuden eta jendeak bozkatu egiten zuen. Guztia irratitik jakin genuen eta guretzat oso zirraragarria izan zen, segundo bakoitza bizi izan genuen.
Ondoren iritsi zen lehenengo diskoa, hor hasi zen Zea Mays taldearen ibilbidea.
Bai, 23 urte beteko ditu taldeak. Elektrizitatea diskoak 20 urte ditu.
Arin esaten da, baina badira urte batzuk…
Bai, susto pixka bat. Taldeak hogei urte bete zituen baina hori ere pasatu egin da.
Beraz, 23 urte kantari, kantugile eta talde bereko partaide. Zea Maysek sekreturik du musika mundu honetan jarraitzeko?
Bikote harremanen moduan da. Badugu bikote handiago batekin harremana, ez da bi pertsonaz osatua. Eraman behar duzu eta erabaki behar duzu bikote horrekin jarraitu nahi duzun edo arinago nahi duzun joan, edo denon erritmora. Nork tiratzen duen, nork ez duen tiratzen… Hori dena.
Eta lortu duzue?
Oraingoz bai. Argi izan dugu, azkenean erritmoa bera izan behar delako. Bakoitza bere erritmora badoa ez dago zer eginik. Elkar begiratu eta pentsatzen duzu taldeak gauza gehiago egitea nahi duzun edo joango garen gauzak apurka egiten.
Musika mundua nola aldatu den ikusita, taldeak eginiko ibilbideari balio handiagoa ematen diozue?
Ez dugu asko pentsatzen. Urteak aurrera doaz, urtero sartzen gara kontu ezberdinetan eta aurrera jarraitzen dugu. Ez dugu asko hausnartu. Eta hausnarketarako denbora askorik ere ez dago. Lanarekin, familiarekin, ezin gara hausnarketa askotan ibili.
Lana aipatu duzu, eta lanak badu zer ikusia musikarekin, musika irakaslea zara?
Bai, Zaratamoko eskolan nago lanean azken urteetan.
Txikitatik izan duzu musikarekiko zaletasuna?
Nik, betidanik. Ez dut nire bizitza musikarik gabe ikusten. Txikitatik kantatu dut. Nire etxean beti musika mugimendua egon da. Gurasoak solfeo ikastera eraman gintuzten. Nire neba arrebak denak joan dira solfeora. Instrumenturen bat ikasi…
Gaur egun ahotsa da zure instrumentua? Ahotsa ere, entrenatu, zaindu egin behar da.
Bai, txikitan kantatu egiten nuen. Gero hamahiru urterekin , U2 taldearen oso jarraitzailea nintzen, oso zoratuta, nerabezaroan, imajinatu. Neba arrebek erosita liburu bat lortu nuen, liburu horretan gitarra akordeak agertzen ziren. Gitarra hartu eta bertan akordeak agertzen zirenez eta atzamarrak nola jarri behar ziren, eta horrela hasi nintzen kantatzen eta gitarra jotzen.
Kantuak sortzen hasi zinen?
Bai, lau bat akorde ikasi nituenean, horretan hasi nintzen.
Irakurri dut taldekideak ikasketa bidaian elkar ezagutu zenutela, Londresera bidai batean, irakasle-eskola ikasten zeundetela. Hala da?
Bai. Piti eta Asier txikitatik ezagutzen dira, talde bat zuten aurretik. Unibertsitatean Asier irakasle-eskolan lehen hezkuntza ikasi zuen eta Piti musika hezkuntza eta gelan Ruben ezagutu zuen. Lagun egin ziren. Eurek musika hezkuntza egiten zuten baina erdaraz, nik euskaraz ikasi nuen. Gure gelakoek ez zuten ikasketa bidaiarik antolatu eta erdarazko ikasleak Londresera joan behar zirela enteratu ginen. Azken momentuan lortu genuen bidaiara joatea. Londresera joan ginen eta han ezagutu genuen elkar. Nik gitarrarekin kantatzen nuen eta han pentsatu genuen taldea sortzea. Bueltan euren lokalean batu eta abestiak egiten eta grabatzen hasi ginen. Sei hilabetera Gaztea irratiko maketa lehiaketa irabazi genuen.
Gaur egun ere lokalean horrenbeste ordu sartzen dituzue, gero kantu berriak zuzenean defendatzeko?
Horrenbeste ez da behar. Lehen urteetan lokala besta gauza bat zen. Batu egiten ginen, ordu asko pasatzen genituen bertan, ez genuen etxerik, libre egoteko espazioa zen, guraso gabe, lagunekin egoteko espazioa zen. Orduan espazioa asko erabiltzen genuen, musika egiteko ere. Ordu asko ematen genituen jotzen. Orain ez ditugu horrenbeste ematen, baina guk astero bi entsegu egun mantentzen ditugu. Jendeak normalean ez du hori egiten baina guk behar izan daukagu. Zerbait eskapatzen bazaigu oso zalantzazkoak gara, eta “enparanoiatuta” egoten gara. Bi entsegu behar ditugu. Bizitzak leku askotara eramaten zaitu. Kontzertu bat baino lehen ondo dago jakitea zer gertatu zaion zure lagunari aste horretan. Agian bi astetan ez duzu ikusi. Beraz nahiago dugu, batu eta ikusi zelan gauden denak, behitzat guk horrela egiten dugu. Kontzertu asko badaude ez ditugu bi entsegu horrek egiten, ezberdina da. Baina orain adibidez kontzertua baditugu, entseguak behar ditugu, guk bai.
Atera diskoa atera duzue, hamargarrena. Zuzenean aurkezten, eta harrena oso ona izaten hari da. Sarrerak agortu dituzue…
Bai, hamargarrena da, baina estudioko bederatzigarrena. Leku nahikotan gertatu da sarrerak agortzea. Oso pozik gaude. Lehenengo kontzertua sekulako beldurra izaten da.
Oraindik ere urduri jartzen zarete?
Bai, noski. Abestiak lokalean egiten dituzu. Zu ohituta zaude, ez dakizu funtzionatzen duten edo ez. Lizarran egin genuen, lehenengo kontzertua, izugarria izan zen, oso gustura geratu ginen. Orduan ikusi genuen kantuak ikusleekin funtzionatzen zutela. Tentsioa gainetik kendu genuen, eta oso gustura geratu ginen.
Bilbon sarrerak agortu, Donostin ere…
Bai, Donostian beste data bat zabaldu dugu. Sarrera gabe geratu dena aukera izan dezan.
Horrek bertigoa ematen du, edo berez aretoa beteta ikusi nahi duzu?
Areto majoak dira, ez da esajerazio bat. Tentsio hori ez dago. Beteta egotean badakizu berotasuna egongo dela. Kafe Antzokiko kontzertua sekulako giroa egon zen. Izugarri polita izan zen. Kontzertuaren osteko bi egunak flipatuta egon nintzen. Oso emozio-antea izan zen. Horrelako aretoetan eta beteta egotea, energia berezia lortzen duzu, sekulakoa da. Bi egun umore onarekin geratzen zara. Normalean hori lortzea ez da hain erreza.
Diskoak Atera du izena. Baduzue Euskal Herritik ateratzeko asmoa?
Beti ibili gara. Ematen du orain saltoa eman nahi dugula. Beste urteetan ere atera izan gara. Aterak markatu nahi du, barruan dugu guzti hori kanpora ateratzea lasaitasun handiz. Lokaletik atera, etxetik atera,Bilbotik atera, Mundutik atera…Mugimendu egotea. Hori dena tentsio barik, azkenean oso tentsu ibiltzen gara, sentitzen dugu adierazteko ere. Bai eta aterako gara, egun batzuk barru, bagoaz Europara, Berlinen, Amsterdam eta Parisen egongo gara. Baditugu kontzertuak Madrilen, Valladoliden , Salamancan. Jaialdi pare bat ere baditugu konfirmatuta. Bagabiltza ateratzen eta oso gustura.
“Jendea zoratu egin zuen ‘Negua joan da ta’ kantak, eta oraindik ere zoratzen du”
Zea Mays Amsterdamera badoa, ezberdin doa?
Bai, noski, Donostiako kontzertua eta Amsterdamekoa ez dira berdinak. Donostiako kontzertuan badakigu ia bi ordu lasai jo dezakegula, eta Amsterdamen ez, kontzertu laburrago bat egin behar dugu. Jendeak ez zaitu horrenbeste ezagutzen, eta bi ordu egotea agian jendearentzat nahiko aspergarria izan liteke. Ezagutzen ez duzun talde bat, azkenean horrelako momentu baten, ordu edo ordu eta erdi egiten baduzu askoz efektiboagoa izan daiteke. Ikusiko dugu ze jende etortzen den, ze mugimendu dagoen eta orduan aldatu dezakegu ideia ere.
Gaur egun musika kontsumitzeko era aldatu egin da, guk ezagutu dezakegu Amsterdameko talde txiki bat.
Leku asko gehiagotara heltzen gara, eta jakin gabe. Hor daukazu, Spotyfi eta hor bere estatistika eta algoritmoak. Oraindik euskal musikarekin nahiko kurioso izaten da, euskal musika guztia lotu egiten du eta berdin da zein den. Aldatzen joango da eta estilotan gehiago sakontzen. Egun aukera askoz handiagoa da ez da zertan inor ibili behar saltsa betan zure diskoa lortzeko. Internetek aukera hori ematen du.
Zea Maysen ibilbidearen errepasoa egiten, aipatu dugu hamargarren diskoa argitaratu berri duzuela, baina atzera begira, 2010 urtea ERA diskoak Zea Maysen ibilbidea aldatu zuen? Disko hori ez zen dendetan saldu, bakarrik kontzertuetan, eta disko horretan Negua joan da ta eta Kukutza kantuak zeuden.
Aurreko disko guztiak, era batean edo bestean diskoetxe batekin egin genituen. Nekatuta geunden. Diskoaren zabalkundea egiteko arazoak jartzen zizkiguten, orduan buruari eragin behar diozu; norbaitekin egingo dut edo buelta bat emango diot horri? Erabaki genuen diskoa ez zela ez dendetan ezta interneten egongo, lehenengo hamar kontzertuetan sarrerarekin batera diskoa oparitzen genuen. Jendea urduritu egin zen eta kontzertu guztietako sarrerak saldu genituen. Sarrera guztiak leku guztietan saldu genituen, ilarak egon ziren. Ondoren diskoaren zabalpena egiteko ez genuen arazorik izan. Disko horretan Negua joan da ta kantua zegoen, bestetik egoera politikoak eragina izan zuela esango nuke. Momentua izan zen eta abesti horrek jendea zoratu egin zuen. Kuriosoa bada ere kantu horrek oraindik jendea zoratu egiten du. Orain jendeak ezagutu egiten du eta flipatu egiten du abesti horrekin. Guretzako gozamena da.
Aipatzekoa kantu horren bideoklipa. Zeinu hizkuntzan egina, arrakastatsua izan zen.
Ainhoa Moñuak egiten duena zoragarria da. Bira horretan Tolosako Bonberenean jo genuen eta kontzertuaren ostean, neska bat hurbildu zitzaigun eta DVD bat eman zigun esanez “erabili nahi duzuenerako “. DVDan Ainhoa Moñua agertzen zen Negua joan da ta kantua zeinu hizkuntza kantatzen, interneten zegoen kantu bakarra zen. Bideoa ikusten negar batean geratu ginen, harrituta.Egun batzuk pasa eta deitu egin genion. Horrela atera zen kasualitatez. Batzuetan ematen du gauzak etortzen direla era oso positiboan, negatiboan ere jasotzen ditugu; baina kasu horretan dena oso positiboa izan zen.
Arrakasta horrek ere Orkestra Sinfonikoarekin kantatzera eraman zaituzte?
Urte batzuk pasatuta izan zen. Hori izugarria izan zen, sinestezina. Azkenean gauzak arin doazenez ez daukagu benetan disfrutatzeko momentu hori. Orain dela hilabete bat Fair Saturday jaialdian egon gara Bilboko bandarekin eta mila ahotsekin, bai Negua joan da ta eta Elektrizitatea kantatzen eta oraindik ez naiz oso kontziente. Oraindik bideoa ere ez dut ikusi, momentu horiek izugarriak dira, oso polita da. Gauza guzti horiek etorri egin zaizkigu. Orkestrakoa izugarria izan zen. konponketak oso ondo zeuden. Hasieran deitu zigutenean pentsatu nuen, moldaketak ia nolakoak diren, batzuetan abesti rock-eroak edo pop-eroak orkestrarekin itsusi geratu daitezke. Elektrizitatea kantua gogoratzen dut, soinu midi bat eman zigutela, ez zela oso ona eta negarrez geratu nintzen. Pentsatu nuen zelan kantatuko dut hau zuek jotzen duzuenean? Hauek ametsa dira, konturatu gabe etorri direnak. Atzera begira jartzean konturatzen zara.
Zea Mays esker ere jende askok ezagutu du Kukutzan geratutakoa?
Abestia hor geratukoa da. Guk kukutzaren hamargarren urteurrenerako egin genuen, kantuarekin oso gustura geratu ginen. Baina gero gertatu zena izugarria izan zen. Oso oso gogorra denontzako. Umilazioa izan zen. Orain behintzat, kukutzako orubean etxea ia amaitu egin dute baina urtetan egon da utzik. Gertatutako oso tristea izan zen, han egiten zuten lana izugarria zen. Jende askorentzako lekua zegoen, oso zabala zen.
Orain disko berrian hamar kantu berri, zuzenekoetan buru berrari sartuta, nola egiten da kantuen zerrenda?
Kontzertu luzeetan ez dago horrenbeste arazorik. Disko berriko kantu guztiak, baina beste batzuk ere sartu behar dituzu, Kukutza, Negua joan da ta, Elektrizitatea ere egon behar da, Oihu, Bi Bihotz… Oholtzatik igarri egiten da kantu horietan sekulako giroa dagoela. Oso zaila da.
Kantua berregin egiten dituzue? Zea Maysen soinua aldatu egin delako. Zure kantatzeko era ere?
Bai, hori zuzenekoetan egiten da. Nahiz eta ez igarri hainbeste, Negua kantua ez dugu 2010an bezala egiten, estruktura berdina da, baina jotzeko era eta mugitzeko era ezberdina da. Hori abesti guztiekin gertatzen da.
Ezberdin kantatzen duzu?
Bai, oso diferente. Hasieran min handia ematen nion nire ahotsari eta orain ez diot minik egiten. Orain askoz ere gusturago nago. Adibidez, Elektrizitatea abestia originala entzutea asko kostatzen zait, ahotsa apurtu egiten dut kantuan orduan entzuterakoan min ematen dit, orduan sentsazio arraroa da.
Azken lanetan kanpoko ekoizleekin lan egin duzue, beste begirada bat bilatzeko?
Aurreko diskoak Dave M Allenekin egin genituen eta azkena Carles Campi Camponekin egin dugu, Veturta Morla eta Jorge Drexlerrekin lan egin izan du. Lanarekin oso gustura geratu gara, bederatzi egunetan grabatu dugu Garate estudioan, berak erabaki du norekin nahastu eta masterizatu. Berarekin lan egitea oso erreza izan da.
Zuek ere utzi egin diozue?
Gure kasuan normalean kantua eginda egoten da beraz ez da horrenbeste aldaketarik egoten. Oraingoan tempoa aldatu eta detaile txiki batzuk aldatu ditu,besterik ez.
Sintetizadoreak ere erabili dituzue eta zuzenean zure ardura da?
Hiru abestitan erabiltzen ditugu. Zuzenean asko kontzentratu behar naiz. Gustatzen zait baina deskonzentratu egiten naiz sintetizadoreekin, bakarrik kantatzea errazago ateratzen zait.
23 urte pasa dira, nola ikusten duzu etorkizun laburra?
Ba, espero dut kontzertu asko izatea. Aukera izatea opor txiki batzuk edukitzea… Datorren urtean ere jotzen ibiltzea. Elektrizitatea kantuak 20 urte betetzen ditu eta zerbait egin nahiko genuke. Disko hori guretzako oso garrantzitsua izan zen.