Aiora Mujika: “Youtuben ez dago euskarazko komunitaterik”

Aiora Mujika komunikatzailearekin sare sozialen erabileraz, bertan dagoen euskal komunitateaz, bere Youtubeko kanalaz eta abarrez hitz egiten aritu gara.

Aiora Mujika, ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko.

Kazetaritza ikasketak lehenik eta multimedia masterra egin zenuen ondoren. Zerk bultzatuta aukeratu zenuen komunikazioaren bidea?

Batxilergoan bada une bat karrera aukeratu behar duzuna. Gauza guztiei mila buelta ematen dizkiet, eta une hartan ere mila aukera nituen buruan. Filosofia oso gustura ikasi nuen batxilergoan, Historia ere bai… Kazetaritza ere aukeren artean zegoen, eta behin aitak esan zidan: “Aiora, zuri idaztea gustatzen zaizu, eta baita gertatzen denaz jakitea ere. Zergatik ez duzu Kazetaritza ikasten?”. Kuxkuxeroa naizela esateko modu suabea izan zen, baina, azkenean, horrela egin nuen.

Eta ondoren, Multimedia masterra egin zenuen.

Bai; gehiago ikasteko gogoz nengoen, eta horixe egin nuen. Gurea bigarren promozioa izan zen.

Eta geroztik, alor horretan jarraitu duzu lanean.

Bai; komunikazioaren munduan aritu naiz, bai unibertsitatean eta baita ondoren ere. Batzuetan zeharkakoago eta beste batzuetan buru-belarri; ikusiko dugu noiz arte.

Zuretzat zer da komunikazioa?

A zer-nolako galdera! Ez naiz jarriko filosofiko. Komunikatzea mezu bat eramatea da, elkarrizketa bat sortzea… Nahi baldin baduzu, jarriko gara kodeaz, mezuaz, testuinguruaz eta abarrez hizketan!

Nik sarean ezagutu zintudan @probatxoa izenarekin. Nolatan sartu zinen sare sozialen munduan?

Twitterren 2009. urtean hasi nintzen. Pasa dira urte batzuk! Nire inguruan smartphone horietakoa izaten azkenetakoa izan nintzen. Siemens zahar bat nuen, oso berandura arte, eta ordenagailutik txiokatzen nituen gauzak. Probatxoa izena jarri nuen, hasiera batean proba bat izan behar zuelako. Hau da, kontua zabaldu nuen Twitter bidez greba orokor bat jarraitzeko. Lehenengotako saiakera zen greba bat horrela jarraitzekoa. Orain, oso normalizatua dago hori, hau da, momentuan ekitaldiak jarraitzearena, baina ordukoa kaletik bertatik zer gertatzen den kontatzeko lehenengoetako aldia izan zen. Esperimentua oso interesgarria iruditu zitzaidan. Eguna bukatu zen eta Twitterren geratu nintzen, baina orduan kontuari ezin zitzaion izena aldatu, eta probatxoa-rekingelditu nintzen. Marketin eta marka pertsonal ikuspuntutik ez zait iruditzen izen ona denik, baina kariñoa diot. Bestetik, zerbait berria probatu nahi dudanean egiteko komodina ematen dit, “probatxo bat da” esateko aukera. Beti nabil probatzen, ezer ez baita segurua.

Esanahiaren gainetik, niretzat zu @probatxoa zara. Beraz, marka egin duzu.

Jende askok probatxoa deitzen dit, eta izena nondik datorren galdetzen didate, bai.

Esan duzu Twitterren hasi zinela, baina zein beste sare sozialetan zaude eta zergatik horietan?

Nire sarea Twitter da eta beti esaten dut Twitterrekoa naizela. Instagram, batez ere, jendeak zer egiten duen ikusteko erabiltzen dut, kuxkuxeatzeko. Twitter batez ere kontatzeko eta gertatzen dena jarraitzeko erabiltzen dut. Youtuben kanala dut eta Facebooken tarteka sartzen naiz ea jendea bizirik dagoen ikusteko. Twitcheko kanal bat ere ireki nuen probatzeko, ikusten nuelako euskal komunitate bat sortzen ari zela, eta interesgarria iruditu zitzaidan tresna ezagutzea. Zuzeneko batzuk egin nituen, baina horrekin zer egingo dudan ikusteko daukat.

“Nire lehenengo bideoa biral egin zen”

Sare sozialak ere erabiltzen jakin behar da.

2009ko edo gaur egungo Twitter ez dira berdinak; urte asko pasa dira eta sareak eboluzio bat izan du. Nola erabili behar dira sare sozialak? Ez dut uste erantzun bakar bat dagoenik. Sareak erabiltzeko modu diferente asko daude eta bakoitzak berea bilatu behar duela esango nuke. Adibidez, Twitterren jende askori irakurtzen diot zure iritzi bereko pertsonak bakarrik jarraitzen baldin badituzu horrek ez duela zentzurik. Zergatik ez? Zuk hori erabakitzen baduzu, zergatik ez du zentzurik izango? Niretzat ez dago modu bakar bat erabiltzeko, kalera ateratzeko modu bakarra ez dagoen bezala. Egun batean atera naiteke nire liburuarekin terraza batean eseri eta lasai-lasai irakurtzen egoteko. Edo atera naiteke lagunekin poteatzera, jendearekin egotera, talde berri batera hurbiltzera… Sare sozialak erabiltzeko modu desberdinak daude. Kongresu bat egin dezakegu honi buruz, baina, nire ustez, sarearen erabilera bi modutan sailkatu dezakegu: alde batetik, erabilera pertsonala dago, eta hor erabaki batzuk hartzen dituzu: zer kontatu nahi dudan, zein jarraitu nahi dudan, jendea blokeatuko dudan edo ez, zer motatako mezuak zabalduko ditudan… Eta beste aldetik sare sozialak berak edo bere enpresak daukan filosofia edo dituen balioak daude. Horiek biak desberdintzen jakin behar dugu, nahiz eta elkarreragina duten. Enpresei polarizazioa interesatzen zaie; hau da, gero eta muturrekoagoak diren diskurtsoak interesatzen zaizkie, horrek eduki gehiago sortzen dituelako. Txio polemiko bat baldin badago, zarata gehiago sortzen du, jende gehiago sartzen da elkarrizketara, eta hori enpresarentzat onuragarria da. Baina oso arriskutsua da, modu horretan etortzen zaizkigulako diskurtso matxistak, LGTBIfobikoak, euskararen aurkakoak… Eta hor dago erabiltzaile bezala guk hartzen dugun erabakia. Badakit ez dela erraza. Guztioi gertatu zaigu; haserretzen gaituen txio bat ikusten dugu eta arrapaladan joaten gara esatera: “Begira zein amorragarria den txio hau!”. Eta modu honetan pertsona zintzo askok ematen diote oihartzuna mezu oso itsusiei. Uste dut hor badugula lan handi bat egiteko, askotan bozgorailu lanak egiten baitizkiegu mezu itsusiei. Ez dut esaten mezu itsusi horiek ez dutenik kontramezurik behar. Bai, garrantzitsua da konfrontazio hori sortzea, baina ez zuzenean mezu horietara joz. Beste diskurtso batzuk eraiki behar dira. Eta hor uste dut pixka bat hausnartu behar dugula. 

Batez ere, iritzi polarizazio hori Twitterren gertatzen da, ezta?

Bai. Instagramen ez naiz askorik ibiltzen, baina hor ere gertatzen da. Eta gero daude eskuin muturreko talde batzuek dituzten estrategiak, hain zuzen ere, hori egiteko: bot-ak sortzea, Twitter kontu faltsuak sortzea diskurtso batean eragiteko gezurretik… Garrantzitsuena da horretaz kontziente izatea eta horren arabera hartzea zure erabakiak.

Euskal komunitatea nola ikusten duzu sare sozialetan?

Sare sozialaren arabera egoera desberdina da. Twitterren esango nuke badagoela euskal komunitate bat; edo, hobeto esanda, bat baino gehiago. Ez dago euskarazko elkarrizketa bakarra. Hau da, jende guztia ez dago berdinaz hitz egiten. Zu egon zaitezke Twitterren, euskarazko txio batzuk irakurri eta ezer ez duzu ulertzen. Eta hori zoragarria da, horrek esan nahi duelako elkarrizketa paralelo pila bat dagoela eta, ondorioz, badagoela nahikoa jende eta nahikoa aniztasun. Youtuben, berriz, euskarazko bideoak egiten ez dago halako komunitaterik. Twitchen badago saiakera bat, sortzaile batzuk ia egunero-egunero euskarazko edukiak egiten ari direlako eta elkarrizketa interesgarriak sortzen ari direlako. Instagram eta Tiktok urrutiago geratzen zaizkit.

Eta zein da emakumeen egoera sare sozialetan?

Aurrekoan, Aintzane Muguruzari txio hau irakurri nion: “Begiratu birtxiokatu dituzun azken 20 mezuak eta ikusi horietatik zenbat diren emakumeenak”. Sartu nintzen  nirea ikustera eta gabezia bat badagoela ikusi nuen. Beste gai batzuekin kontzienteagoa naiz eta horiek zuzentzen saiatzen naiz, badaudelako korronte batzuk nahi ez duzun bideetatik eramaten nautenak. Adibidez, espainiar agendara bideratzen nauten korronteak ditut, gaztelerazko kontu batzuk jarraitzen ditudalako. Kasu horretan, saiatzen naiz euskal korrontera gehiago hurbiltzen. Baina emakumearen ikusgarritasunaz ez nintzen hain kontziente eta hausnarketa interesgarria iruditu zitzaidan. Sare sozialetan emakumeen egoera gizartearen isla da, beste hainbat eremutan bezala.

Batzuetan sarean gertatzen dena oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu, baina saretik kanpo…

Bai, eta, gainera, zure sarea bat da, nirea beste bat eta harena bestea. Egun osoa pasa dezakezu Twitterren engantxatuta eta pentsatu dezakezu bertan gertatu den gauza bat munduan gertatu den gauzarik garrantzitsuena dela, baina gero lagunekin elkartu eta ez dute entzun ere egin.

Zuri gertatzen zaizu?

Bai, gertatu izan zait pentsatzea “hau izugarria da”,lagunei aipatu eta lagunek “zertaz ari zara?” esatea. Sarea ez da errealitatea, baina, aldi berean, bai, errealitatea ere ez delako bat eta bakarra. Kaleko elkarrizketa baldin bada gaur Teleberri-k zer kontatu duen edo zer irakurri duen Gipuzkoako egunkaririk salduenean, bada, hor ere badaude errealitate ezberdinak. Dena da erlatiboa.

Askotan, guk egiten dizkiegu bozgorailu lanak mezu itsusiei

Youtuber euskaldun gutxietako bat zara. Noiz eta zergatik erabaki zenuen bertan hastea?

Twitterren 2009an sartu nintzen eta Youtubeko lehendabiziko bideoa 2017koa da; beraz, baneraman denboratxo bat sareetan. Asko gustatzen zitzaizkidan formatu horretako bideoak, eta pentsatu nuen euskaraz ere entzun eta ikusi nahi nituela horrelakoak. Hau da, hemengo jendea hemengo gauzak kontatzen ikusi nahi nuen. Urtebete inguru pasa nuen mundu guztiari esaten ea animatzen zen Youtubeko bideo bat egiten, eta mundu guztiaren erantzuna “egin zuk” zen. Amorrazio handia ematen didate “hau egin behar da” baina gero egiteko aukerarik, denborarik edo gogorik ez duten pertsonek, eta horregatik animatu nintzen Youtubeko bideoak egitera. Horretaz aparte, komunikazioa gustatzen zaidanez, probatxoa moduan hasi nintzen hor ere.

Gogoan duzu egin zenuen lehen bideoa?

Bai, oso malkartsua izan zelako. Bideoa El Conquis saioko parte-hartzaile bati buruz egin nuen, haserre, berak esandako gauza batzuk oso lotsagarriak zirela iruditu zitzaidalako. Proba moduan bideo bat egin nuen eta biral bihurtu zen! Lehenengo bideo hark 90.000 ikustaldi ditu eta gainontzekoek, noski, askoz gutxiago. Nire Youtubeko estreinaldia oso nabarmena izan zen. Nik Youtubera isil-isilik eta inor molestatu gabe sartu nahi izan nuen eta bat-batean mundu guztia niri begira zegoen. Zorionez, adin bat nuen bideo hori egin nuenean, eta, sareak ere nola funtzionatzen zuen banekienez, ondo kudeatu nuen.

Nola erabakitzen duzu bideoaren edukia?

Hasieratik oso argi neukan sudur puntan jartzen zitzaidana egingo nuela. Jendea hasten zaizu esaten honetaz edo horretaz hitz egiteko, eta horregatik neure buruari esan nion nahi nuena egingo nuela. Inori ez diozu ezer zor; gaur ez badaukazu gogorik zerbaiti buruz hitz egiteko, ba, ez da ezer pasatzen. Zerbaitek haserretzen banau Twitterren botako dut lehenengo eta haserrea ez bazait pasatzen edo gehiago landu nahi baldin badut, ba, Youtubeko bideo bat egingo dut. Eta zerbait gustatzen baldin bazait edo jendeari gomendio bat egin nahi baldin badiot, ba, orduan ere egingo dut.

Mugak jartzen dizkiozu zeure buruari gaiei dagokienez?

 “Honi buruz ez dut hitz egingo” ez dut inon idatzia, baina zentzu komuna dago; hau da, “honetaz ez zenuke hitz egin behar” esaten dizuna. Gai batzuetan iritzi zintzoa ematea ez da erraza edo ezinezkoa da, legeak zigortu egingo zaituelako. Bideo batzuk abokatua den lagun bati pasa izan dizkiot ea arazorik izan ditzakedan galdetzeko. Badut bideo bat Indarkeriaren erabilera eta hipokrisia izena duena. Izan ere, batzuek esaten dute indarkeria oro onartezina dela. Diskurtso hau oso zabaldua dago, baina gezur hutsa da, hori esaten dutenek ere babesten dutelako indarkeria mota bat. Gai arriskutsua izan daitekeenez, badaezpada ere, legalki kontsultatu egin nuen publikatu aurretik.

Sudur puntan jartzen zaizun horretaz aritzen zara, baina zentzu handiarekin beti.

Bai, baina bestela ez daukat gai taburik. Gehiago izaten da honetaz hitz egiteko gogorik ez daukadala eta kito.

Nola antolatzen duzu bideo baten grabaketa?

Nire azpiegitura kamera, mikroa eta etxeko sala dira. Etxean bakarrik nagoela grabatu behar izaten dut, bestela urduri jartzen naizelako. Aurretik gidoia prestatzen dut, nahiz eta gero ez irakurri, kontrolpean izateko. Ondoren, grabatu egiten dut. Gauzak hogei bat aldiz errepikatzen ditut, gustura geratu arte. Grazia asko egiten dit norbaitek esaten didanean: “Zuri oso natural ateratzen zaizu”. Gustura geratu arte errepikatu, ondoren editatu eta azkenean bideoa igo egiten dut.

Beti bakarrik ateratzen zara bideoetan. Inoiz pentsatu duzu elkarrizketa formatua erabiltzea?

Beti bakarrik ateratzen naiz, oso bakarrik egiten dudan zerbait delako. Nik prestatu, nik grabatu eta nik editatzen dut dena. Besteen aurrean egiteak apuru handia ematen dit, urduri jartzen naizelako. Twitch bidez elkarrizketa bat egin izan dut eta esperientzia polita izan da euskal komunitateak ere parte hartu ahal izan duelako. Baina oraintxe bertan ez dut neure burua hori egiten ikusten.

Zein desberdintasun dago Youtuberen eta Twitchen artean?

Twitch azkenaldian asko zabaldu zen plataforma da, zuzenekoak egiteko prestatuta dagoena. Bideo-jokoen mundutik etorri da, baina une honetan denetarik egin dezakezu. Komunitateak eraikitzeko egokiagoak omen dira, baina ni Youtubekoa naiz. Twitchen zuzenekoa arratsaldeko zazpietan bada, ba, ordu horretan egon behar duzu ikusten bai edo bai. Nire ordutegiak ez dira horrelakok izaten, Youtubeko bideoak gosaltzen ikusten ditudalako, adibidez.

Sare sozialak ohiko komunikabideak gainditzen ari dira. Eta kazetari batzuek esan dute adibidez Ibai Llanosek egiten duena ez dela kazetaritza.

Kazetari askok egiten dutena ere ez da kazetaritza. Eta ez dakit ere benetako kazetaritza ikusteko aukera askorik ote dagoen betiko komunikabideetan. Plataforma hauek jendearekin konektatzeko modu berriak dira eta uste dut askori horietara moldatzea besterik ez zaiela geratuko. Ez dut esaten batek bestea ordezkatu behar duenik, baina ikusi behar da gauza bakoitzerako zein den egokiagoa eta bakoitzaren aukerak aprobetxatu beharko lirateke. Twitch bezalako plataformek gertutasuna, galderak zuzenean egiteko aukera edo txata erabiltzea ahalbidetzen dute eta niri oso interesgarria iruditzen zait hori. Aukerak hor daude, eta bakoitzak aprobetxatu ditzala nahi dituen bezala.

Baina zu Youtubekoa zara.

Bai. Nire bideoetan asko pentsatzen dut esaten dudana, eta hemen, elkarrizketa honetan, adibidez, bote-prontoan ari naiz eta ondo, baina beldurra ematen dit, adibidez, Twitcheko zuzeneko batean hizketan hasi eta gai batekin berotuz gero, esango dudan zerbaitengatik damutuko ote naizen. Youtuben hiru filtro pasatzen ditut: lehenengo, esango dudanaren eskema egiten dut; gero, kameraren aurrean esan egiten dut; eta ondoren, neure burua editatzen dut. Esan dudan zerbaitekin ez banago konforme, hiru aukera dauzkat hori fintzeko. Zuzenekoan horrek pixka bat beldurra ematen dit.

Gaztetxo askok youtuber izan nahi dute handitan.

Ez dakit orain youtuber edo gehiago streamer izan nahi duten gehiago. Lehen, futbolari izan nahi zuten askok, hori zelako telebistan ikusten zen arrakastaren eredua; ondo jokatzen dute, ondo pasatzen dute eta milioiak irabazten dituzte… Ba, antzeko zerbait gertatzen da gaur egun youtuberrekin. Hau da, ikusten dute pertsona horiek egiten dutena beraiek egiten dutenaren edo egin nahiko luketenaren berdintsua dela eta, gainera, arrakasta handia dutela. Logikoa da ispilu horretan beraien burua ikustea eta hori nahi izatea. Nik zer esango nieke? Ni ez naiz horretatik bizi. “Youtuber izan nahi dut” esaten duten ume horietatik inork ez du nigan pentsatzen hori esaten dutenean. Beste norbaitengan pentsatzen dute. Baina interesgarria iruditzen zait beraiekin hitz egitea horren atzean zer dagoen ikustarazteko. Zer esan nahi du horretatik bizitzeak? Nola ateratzen da bertako dirua? Zer arrisku ditu? Eta nik esango nieke zerbait gustatzen bazaizu ez duzula zertan zure ogibide bihurtu. Futbola gustatzen bazaizu nahiz eta ez izan profesionala, futbolean jokatzen jarraitzen duzu lagunekin ondo pasatzeko, ezta? Ba, hori da ideia. Eta ez duzu zertan izan ona egiten duzun guztian. Gustatzen bazaizu, egin. Ondo pasatzeko egin.

Zein izango da zure hurrengo probatxoa?

Momenturen batean taldeko zerbait egitea geratuko litzaidake. Komunitate txiki batekin zerbait egin nahiko nuke, baina oraindik kostatu egiten zait irudikatzea. Bueno, bideo gehiago egitea ere ez legoke gaizki, azkenaldian alfer samar nabil eta!