Ainhoa Vitoria: “Askotan, bigarren planoan egotea komeni zitzaidala sentitu izan dut”

Arrasaten 1987an jaiotako kazetaria Euskal Herriko irratigintzako ahots ezagunenetakoa da. Gaztea irratian egin du bere bidea, azken urteetan. Irratiaz harago, podcastgintzan, telebistan eta antzerkian ere ikusi eta entzun ahal izan dugu.

Ainhoa Vitoria, eskerrik asko gonbidapena onartzeagatik.

Eskerrik asko, zuri, Xabin Fernandez.

Lagunak gara, aspalditik ezagutzen dugu elkar, baina seguru nago zuri buruzko gauza asko ez ditugula ezagutzen. Eta, adibidez, lehenengo galdera pentsatzen ari nintzela… Ainhoa Vitoria Mondragon.

Bai, polita da, e?

Vitoria, Mondragon. Hirugarren eta laugarren abizenek ere toponimiari jarraitzen diote?

Garai daukat. Hori ere herri bat da. Nik konplexu handia izan nuen. Jendeak barre egiten zidan. Vitoria Mondragon. Eta Arrasatekoa izanda… Orain, jada ez. Orain, harro nago.

Noizbait euskaratzea pentsatu duzu? Peritz batzuk badaude… Ni Fernanditz izango nintzateke. Zu, Gasteiz Arrasate.

Hori ere esaten zidaten. Baina Gasteiz Arrasatek ez du indar bera. Orduan oso sentibera nintzen, eta ez zidan graziarik egiten.

Eta txikitako Ainhoa sentibera hark ikusiko balu gaur egungo Ainhoa Vitoria hau?

Aldatu naiz, e. Bizitzak eman dit egurra, eta geratuko dena oraindik. Txikitako Ainhoa harrituta geratuko litzateke.

Baina gustatuko litzaioke?

Bai. Txikitan, farandula asko gustatzen zitzaidan.

Farandula txiki-txikitatik. Irratia, presente?

Ez hainbeste. Irratia entzuten zen etxean, baina nik, gehienbat, telebista ikusten nuen.

Telebista…

Hori da. Orduak eta orduak. Eta gero, ezkontzetan, dantzaldia zegoenean, hantxe egoten nintzen, txiki-txikia nintzela. Amak esaten zidan helduen artean sartzen nintzela, eta hantxe aritzen nintzela dantzan. Gero galdu egin nuen hori, eta lanari esker berreskuratu dut.

Dantzarako gaitasuna?

Ez dakit gaitasuna, baina… zer edo zer geratzen da.

Eta irratia noiz sartzen da zure bizitzan? Ikasi eta gero, edo aurretik bazeneukan gogoa?

Irratia unibertsitatean nengoenean sartu zen. Irratiko ikasgai bat geneukan Eskoriatzan. Estudio bat jarri ziguten, eta han hasi nintzen hau eta bestea probatzen. Eta pentsatu nuen: “Ostras, hau gustatzen zait!” Espazio erosoa zen niretzat. Ia sartu nintzen lehenengo momentutik sentitu nuen hor egon nahi nuela. Karrera bukatu eta praktikak egin nituen.

Radio Vitoria-n, gainera. Ainhoa Vitoria, Radio Vitoria.

Perfektua zen, baina gaztelaniaz zen. Titularrak, albiste laburrak eta horrelakoak ematen nituen. Breves deitzen ziren.

“Batzuetan, musikatik aldendu eta denbora behar izaten dut berriz musikaz maitemintzeko”

Buletin modukoak.

Bai. Eta gero prentsaurrekoren batera joaten nintzen, baina beti kazetari batekin; gauza gutxi egiten nituen bakarrik.Ondoren, Gaztea-n sartu nintzen, casting baten bitartez. Karrera amaitu nuen, eta pentsatu nuen CAPa ateratzea irakasle izateko, badaezpada. CAPa egiten ari nintzela, Gaztea-k casting bat antolatu zuen. Hiru hautatu zituzten uda hartan lan egiteko. Ni laugarren geratu nintzen. Baina abuztuan deitu zidaten, beste aukera bat emateko. Joan nintzen castingera, eta handik gutxira deitu zidaten berriro, plaza bat libre geratu zelako. “Benga, baietz” esan, eta joan nintzen. Eta hortxe nago.

Zenbat urte?

Hamazazpi. Nola pasatzen den denbora! Zenbakiak bertigo pixka bat ematen dit.

Eta Dida-n sartu zinen hasieratik?

Bai. Esan zidaten norbait behar zutela albisteak pixka bat lantzeko, musika-albisteak eta horrelakoak emateko, eta ea animatuko nintzen. Eta bai. Inkontzientzia guztiarekin.

Eskerrak.

Bai, inkontzientzia horrek lagundu dit. Eta taldean sartu nintzen Joseina Etxeberriarekin, Edurne Garmendiarekin eta Jon Gotzon Aldaparenarekin.

Bat-batean, familia berri batean erortzen zara…

Bai, bai. Eta kristoren eskola izan zen niretzat. Orain pentsatzen dut: “Ostras, nola ausartu nintzen?” Gogoratzen naiz dardarka egoten nintzela. Baina hantxe sartu nintzen.

Irratiak badauka telebistarekin alderatuta gauza bat: entzuleekin harremana. Oso bestelakoa da. Egunero daukazu kontaktu hori.

Bai. Egia da sare sozialek ere indar handia hartu dutela, eta ez dakit gaur egun irratia gazteen artean lehen bezainbeste entzuten den. Entzuleekin hartu-eman hori agian lehen gehiago nabaritzen nuen. Edo zaharragoa naizelako ez dut hainbeste nabaritzen, ez dakit. Baina entzuleek konfiantza handia ematen dizute, eta hori polita da.

Orain dela hamazazpi urte irratiko ahots batek ez zuen aurpegirik.

Bai, hori aldatu da.

Gaur egun, irratiko jendeari aurpegia jartzen diogu.

Euskal Herrian, irrati bisualaren aldeko apustua badago, eta Gaztea-n ere bai. Lehen ikusi gabeko aurpegiak orain argazkietan eta bideoetan ikusten dira.

Saio guztia iruditan grabatzeak beste puntu batean jartzen zaitu, ez?

Bai. Irratian, zerbait ondo ateratzen ez denean, disimulatu egin daiteke, baina dena grabatuta badago, hanka-sartze guztiak ikusten dira.

Gogoratzen naiz zurekin abesti bat jarri eta biok dantzan aritzen ginela. Hori sekretuan mantentzea polita zen.

Hori da. Orain dena agertzeak… ez dakit, pena pixka bat ematen dit.

“Irratiko entzuleekin hartu-eman hori lehen gehiago nabaritzen nuen”

Hainbeste urteren ondoren, ahots ezagunenetako batean bihurtu zara. Eta albiste labur haietatik eta informaziotik musikara asko gerturatu zara; musikaz asko jantzi zara.

Bai. Gaztea-n sartzean, musika oso presente zegoen; irrati musikala da. Niretzat, eskola bat izan da. Baina, azkenaldian, lankideen artean komentatzen dut musikatik pixka bat aldendu behar dudala berriz musikaz gozatzeko. Lanarekin lotzen duzunean, azkenean ez duzu hainbeste gozatzen, eta horrek pena ematen dit. Batzuetan, deskonektatu, musikatik aldendu, eta denbora-tarte bat behar dut berriz musikaz maitemintzeko.

Irratiarekin ere gertatzen zaizu? Lehen esaten genuen txikitako Ainhoa harrituta geratuko litzatekeela gaur egungoa ikusiko balu. Gero, irratian lan egitera sartzen zara, egunerokotasunean, eta agian ez zaizu hain apartekoa iruditzen.

Bai. Ohitu egiten zara, eta, errutinan sartuta, batzuetan sentitzen duzu ez duzula hor egon nahi eta atseden pixka bat behar duzula.

Pentsatu izan duzu arnasa hartzeko denbora bat hartzea? Musikarekin bezala, distantzia pixka bat?

Bai, baina ez hainbeste distantzia. Oporraldi luze bat, bai, berriz kargatzeko. Baina oraindik ilusioa ez dut galdu, eta hori ez da txarra.

Eta gauza berriak ere egin dituzu esatari izatetik harago: komunikatzaile eta aurkezle lanak.

Bai, aurkezle bezala eroso sentitzen naiz. Esparru batzuetan gehiago kostatzen zait, baina, oro har, gustura.

Eguneroko lanetik ateratzeko aukera moduan?

Hori da. Irratia da egunerokoa, baina, tarteka, beste gauza puntual batzuk egitea gustatzen zait.

Bat-batean, esango balizute aurkezle lanak egin behar dituzula goizeko magazin batean, telebistan, zer? Politika pixka bat, gertakariak, txutxu-mutxu pixka bat…

Bai, bai, egingo nuke. Bueno… ez dakit. Iritsi arte, bai (kar, kar).

Podcastgintzan ere aritu zara, eta, denbora gutxian, gauza asko egin dituzu, gainera. Aitortu behar dizut nola nik esaten nizun: “Ainhoa, podcastek ez dutela etorkizunik…”

Bai…

Nik ez nion etorkizunik ikusten podcastgintzari, eta, orain, esan behar dut zuk ikusten zenuela bazetorren olatu bat.

Bai. Ikusten nuen: “Ostras, honi heldu behar zaio; badator, badator”. Eta etorri da. Olatuak harrapatu gaitu.

Zu olatuaren gainean egon zara.

Olaturen bat edo beste aprobetxatu dut, eta kristoren esperientzia izan da, oso ezberdina, eta pila bat gustatu zait.

Kopenhague izan zen lehenengoa.

Bai. Kopenhague niretzat lehen esperientzia izan zen, eta pila bat gustatu zitzaidan. Gero, Yoko ona etorri zen, eta hori niretzat lan bat baino gehiago izan da; proiektu bat baino pixka bat gehiago.

Energia handia eskatzen du.

Bai. Ikasten zoaz: gauza batzuk onartzen, beste batzuk ez, mugak jartzen… baina asko jasotzen duzu.

“Emakume kazetariok badugu zer kontatu, baina nire lana, batez ere, hitza ematea da”

Zenbat urte egin ditu Yoko ona-k?

2021ean hasi ginen, musukoarekin.

Hasieran, ezagutzen zineten?

Ez. Olatz Salvador pixka bat ezagutzen nuen, edo gehiagotan kointziditu nuen berarekin, baina Lore Billelabeitia ez hainbeste. Proposatu zidatenean, beldur pixka bat eman zidan, baina baietz esan nuen. Eta kristorena izan da niretzat. Ez dut sekula ahaztuko Yoko ona podcasta. Ze polita izan den. Gogorra ere bai.

Gogorra ere bai. Esfortzu asko eskatu dizu?

Bai, asko. Gure artean dena egiten genuen, eta asko ikasi dugu. Baina egon dira momentu gogor batzuk.

Hasieran, pentsatu zenuen hainbeste iraungo zuenik?

Ez. Inoiz ez genuen pentsatu zenbat urtetan egongo ginen. “Goazen probatzera” antzeko zerbait zen. Ikusi genuen funtzionatzen zuela, eta gero “hau azkena, hau azkena…”, baina funtzionatu du.

Funtzionatu du, behar bat zegoelako.

Nik uste dut argi ikusi zela emakume musikariek hitz egiteko beharra zutela; euren espazioa hartu eta euren kontuez hitz egiteko beharra. Premia hori bazegoen. Eta ez bakarrik emakume musikarien artean: kulturako beste emakume asko pasatu ziren Yoko ona-tik. Erreferente falta handia zegoen, eta kezka eta sentipen asko partekatu ziren. Poliki-poliki, hazten joan zen; hasieran, gutxiago hitz egiten zen honetaz, eta, gero, gehiago zabaldu da.

Zuek ere osatzen joan zarete, gauza batzuei aurpegia jartzen eta ikusgarri egiten.

Bai. Eta egia da, Espainian, Estirando el Chicle mugarria izan zela; La Ruina, Deforme Semanal eta horrelako podcastak ere bazeuden. Haiei begira jarrita, pentsatzen zenuen: “Eta Euskal Herrian, zer?” Askotan gertatzen da hori. Baina, hemen ere, behar hori bazegoen.

Eta Yoko ona izena, nondik?

Olatz Salvadorrena da, beti errua Yoko Onori botatzen zitzaiolako. Hortik zetorren: nolabait, zapalduak edo bigarren planoan egon diren emakumeak. Brainstorming bat egiten ari ginen, eta Yoko Ono atera zen. Olatzek esan zuen: “Eta Yoko ona jartzen badiogu, Yoko Onori omenaldi moduan?” Niri pila bat gustatu zitzaidan.

Beraz, ez zen hainbeste pentsatu behar izan.

Ez. WhatsApp talde batean geunden, ia elkar ezagutu gabe, eta emakumeen izenak eta historiak ateratzen hasi ginen. Marianne Faithfull ere aipatu genuen: bera musikaria zen, baina, askotan, bere historia Mick Jaggerrekin izandako harremanaren bidez kontatua izan da. Horrelako emakume batzuk agertu ziren, eta Yoko Onoren izena agertzea normala zen.

Zuk, irratiko esatari moduan, behar zenuen emakume bezala hitz egiteko espazio hori?

Ez dakit. Gure artean hitz egiten genuen, noski, baina podcastean eurak ziren protagonistak. Emakume kazetariok ere badugu zer kontatu, baina nire lana, batez ere, hitza ematea, moderatzea eta pixka bat gidatzea zen. Kontatuko nuen zerbait, baina ez nuen asko hitz egiten.

Horretatik badaukazu zer kontatu. Ez dakit emakume izateak eragin dizun edo uste duzun eragin dizula zure ibilbidean eta lanean.

Nik uste dut baietz. Nire kasuan, batez ere, segurtasun faltan. Beti izan dut segurtasun falta. Batzuetan, gizon heterosexual zuri bat beste segurtasun puntu batekin joaten dela iruditzen zait. Ez dakit autoritate gehiago ematen zaion gizonezko bati, edo horrela irakurri izan dudan nik. Nik, askotan, bigarren plano horretan egotea komeni zitzaidala sentitu izan dut. Rolak ere badaude; agian, aldatzen ari dira, baina hor daude. Nire rola emakume gaztearena zen, goxoa. Agian, nik neuk ere hartutako edo barneratutako zerbait izan da. Urteak pasatu ahala, konturatzen zara: “Ostras, eta nik autoritate hori hartzen badut?” Probatu egiten duzu, eta erosoago sentitzen zara. Batzuetan, pentsatzen duzu harrokeria puntu bat bezala ikus daitekeela; segurtasun falta horregatik gertatzen dira horrelakoak. Baina ikasten da.

Nik uste dut segurtasunerako bidea egin duzula. Gaztea, betiko?

Ez.

Noiz arte?

Ez dakit.

Pentsatu duzu? Krisiak izan dituzu?

Lasaiago hartzen dut orain. Nire beldurra Gaztea bukatzean zer gertatuko zen izaten zen. Horrek beldur handia ematen zidan. Orain, ez daukat hainbesteko beldurrik, eta hori pauso handia da. Gaztea-n zauden bitartean, disfrutatu, eta, bukatzen denean, bukatu da; beste zerbait egongo da. Ez dugu beti gazte etiketa hori edukiko.

Baina irratian ikusten duzu zure burua?

Bai, bai.

Aktore lanetan ere ibili zara. Antzerkirako sena ere hor daukazu.

Horretarako, klase batzuk jaso beharko nituzke! Baina antzerkian ibili naiz, eta, profesionalki, asko lagundu dit. Oso terapeutikoa da, eta asko laguntzen du.

Pena ematen dizu lehenago ez hasi izanak?

Bai. Lehenago ez hastearena… nik gauza askorekin daukat hori. Beti pentsatzen dut: Zergatik ez nuen egin?”

Agian, beste zerbait egin behar zenuen, gero antzerkiaz gozatzeko.

Ez dakit.

Ez gara damutuko, eta aurrera begira jarriko gara.

Hori da.

Agian, elkarrekin antzerkia egiten gaude hemendik hamar urtera, edo goizetako magazin bat aurkezten telebistan.

Xabin! Manifestatuko dugu!

Gaur ni elkarrizketatzaile lanetan izan nauzu. Baina badakizu, gaurkoaz gain, lagun bat duzula hemen, nahi duzunerako.

Eskerrik asko.

Eskerrik asko, zuri.