Ainhoa Tirapu: “Gure harrobia izango da gure indarra, ez daukagu beste aukerarik”
Athleticeko kapitaina da Ainhoa Tirapu nafarra, eta dagoeneko 14 denboraldi daramatza zuri-gorrien atea defendatzen. Emakumezkoen futbolaren egoeran gainean eta Athleticen etorkizunaren gainean mintzatu da Tirapu, Aiert Arieta-Araunabeña kazetariarekin.
Urruti samar hasiko dugu elkarrizketa, baina gai hau zurekin komentatu nahi nuen: 2019an zer da larriagoa, emakumeak futbol zelai batera bakarrik joan ezina eta soilik gizonezkoentzat diren harmailak existitzea, edo, hori horrela dela jakinda, Europako talde handienetako bik baldintza horietan jokatzeko aukera hutsa mahai gainean jartzea?
Niretzat, bigarrena. Beste ohitura batzuk dituzten herrialdeetan gauzak aldatzea zailagoa da eta ulertu behar dugu euren kulturaren barnean dagoela eta aldaketak beste erritmo batean egin behar direla, baina Europan bizi den jendea horretan sartzea… ez dakit zergatia zein izan den, dirua izan dela dirudi, baina kontu handiagoz jokatu beharko lukete gauza horiekin.
Pentsa liteke Arabian dela eta han beste ohitura batzuk dituztela… baina han jokatzeko prest egon direnak Italiako bi talde dira, Milan eta Juventus, eta Italiako ligaren arduradunak. Aukera bera ere ez zen mahai gainean egon behar…
Nire ustez, ez. Talde horiek emakumeak diren bazkideak dituzte. Eurenganako errespetuagatik bada ere, zergatik ezingo dute hara joan eta euren zelaian egingo luketen bezala sarrera bat erosi eta nahi duten tokian partida ikusi? Arrazoiak aztertu beharko lirateke, baina, orokorrean hartuta, oso larria iruditzen zait horrela jokatu daitekeela pentsatzea ere.
Zuk barrutik ezagutzen duzu emakumeen futbola, urte asko daramatzazu goi mailan… Hasi zinenetik hona, nola ari gara egiten ibilbidea? Ondo? Motelegi?
Hasieran, motel. Egia da azken urteetan hazkunde azkarragoa nabaritu dela. Dirua daukaten enpresa handiak sartu direnean errazagoa izan da guretzat telebista lortzea, horrek beste enpresa eta patrozinatzaile batzuk ekarri ditu eta gurpila askoz ere azkarrago mugitzen hasi da. Orain bizi dugun egoera pentsa ezina zen txikia nintzenean.
Gaur egun, %100 profesionalak zarete. Futboletik bizi zarete.
Bai, gure lana futbola da. Gure jardunaldi osoa futbolean ematen dugu. Egia da denbora librean beste gauza batzuk egiten saiatzen garela, etorkizunerako beharko ditugulako…
Futboletik gaur bizi, bai, baina hegazkin pribatuak eta horrelakoak erosteko adina, oraingoz, ez, ezta?
Ez, oraingoz, ez. Gaur egungo lan bezala, ondo, baina ez da edozein lan. Azkarrago bukatzen da eta etorkizunean zertan ibiliko garen pentsatu beharra daukagu.
Hasi zinenean, soldatarik bazegoen?
Ez, Lehenengo Mailan hasi nintzenean, ez. Gero, Badajozera joan nintzenean, bai. Oso soldata txikia zen, baina han bizitzeko adina, han ekonomikoki bizitzea errazagoa delako. Eta Bilbora etorri nintzenean, berriro ezer ere ez. Athleticen ez geneukan soldatarik. Hamalau urte pasa dira ordutik, pixkanaka-pixkanaka pausoak ematen joan gara eta oraingo egoera askoz ere hobea da.
Nik zuri entzun izan dizut aldi berean aritu izan zarela Athleticen jokatzen, Espainiako selekzioarekin nazioartean lehiatzen, ikasten, lanean, eta, hori guztia, etxetik kanpo bizi izaten ari zinen bitartean…
Berez, gauzak zehaztearren, masterra ikasi eta, aldi berean, laborategian praktikak egiten nituen. Baina bai, hori zen nire bizitza.
Oso gogorra behar zuen…
Ez neukan ezertarako denborarik. Lagunek plana egiten zuten, joateko asmorik baneukan galdetu, eta nik bakean uzteko erantzuten nien. Haserre nengoen denbora guztian. Ikasketak luzatzea zen beste aukera bat, baina une hartan egin nezakeela pentsatu nuen. Hurrengo urtean konturatu nintzen ezin nuela gehiago. Geldialdia egin nuen nire kimikari karreran, futbolean zentratu nintzen eta beste lan batean hasi nintzen. Pasa beharreko apurketa mental bat izan zen, ikasteko balio izan zidan.
Amorru handia eman zizun kimikari ikasketak utzi beharrak? Gehiegi zela konturatzeak?
Zaila egin zitzaidan, ez nagoelako gauzak amaitu gabe uztera ohituta. Ez nago ohituta egin nahi dudan zerbait ezin dudala egin onartzera. Nahiko burugogorra naiz, eta, norbaitek zerbait ezin dudala egin esaten didanean, gustatzen zait erakustea baietz, egiteko gai naizela. Ordura arte, beti lortu izan nuen, baina momentu hartan pentsatu nuen nire osasunarentzat beharrezkoa zela gelditzea. Beste erritmo bat hartu behar nuen, nire egoera beste kirolari askorena bezalakoa zela ohartu eta nire bizitza beste modura batera bizitzen jakin.
Esan duzu azken urteetan dirua sartu dela, enpresa garrantzitsuak, eta urrats handiak egin direla. Asko falta oraindik egiteko?
Bai; egoera egonkorragoa izan behar da. Gure jardunaldia osoa da, baina gure ligan oso talde gutxik daukate hori. Asko jardunaldi erdiarekin edo gutxiagorekin daude, eta hitzarmenaren bitartez lortu nahi ditugun gauza asko airean daude oraindik. Adibidez, lehenengo mailako jokalariak izanda egiten dizkiguten osasun azterketak, hogei sentadilla eta bihotza gainetik begiratu… hori ez da bidezkoa. Edo, jokatzen ari zarela lesionatu, eta talde askok ez dute %100 ordaintzen. Soldata berez baxua bada eta, gainera, zure lanean lesionatzearen ondorioa %70 kobratzea bada… egoera latzak bizitzen dira. Horregatik da beharrezkoa hitzarmena. Horrek babesa dakar. Hortik behera ezin da joan; gora, nahi beste.
Beraz, goi mailako atletak zarete, baina jasotzen duzuen tratamendua ez da dagokizuena…
Batzuetan, ez. Beste gauza batzuetan, ezin gara kexatu. Niretzat, bidezkoena da guztiok minimo batzuk izatea, eta, hortik aurrera, zure klubak gehiago egin badezake, ondo.
Egia da Valentziak hemen jokatu zuenean, gizonezkoek gizonezkoen kontra eta emakumezkoek zuen kontra, egun berean izan arren, batzuk hegazkinez etorri zirela eta besteak autobusez?
Bai, egia da. Pentsatzen genuen elkarrekin etorriko zirela. Horregatik jokatzen genuela larunbat goizean guk eta arratsaldean mutilek, baina errealitatea ez zen hori izan. Guri, mutilen egun berean jokatzea tokatu zaigunean, normalean, euren partida ikustera joan izan gara eta gero, elkarrekin itzuli hegazkinean. Plangintza gutxi gorabehera antzekoa izan denean, horrela egin izan dugu beti. Baina, kasu hartan, Valentziak ezetz erabaki zuen. Egia da kasu batzuetan, Valentzia eta Atletico Madrilen kasuetan, esaterako, nesken taldea ez dela klubaren parte. Fundazio edo eskola modura sortu ziren eta oraindik klubaren estrukturatik bananduta jarraitzen dute; laguntza publikoak ez galtzeko, adibidez. Hori da, behintzat, ematen duten azalpena.
Beste kasu bat: joan den urtean, aurrenekoz, Urrezko Baloia eman zioten emakume bati. Oso albiste ona. Baina dena bigarren planoan geratzen da aurkezlearen broma baten erruz. Nola hartu zenuen zuk? Broma ala egiteko falta den guztiaren seinale?
Broma bezala hartu nahi nuke, beste jokalari batzuei ere dantzan egiteko eskatu zielako, baina twerking-arenak badauka ñabardura txiki bat. Niri, lotsa eman zidan momentuan, berari [Ada Hegerberg] aurpegian nabaritu zitzaiolako komentarioa ez zitzaiola gustatu. Gero, konpondu egin zuten, barkamena eskatu zuten, baina nik ikusle modura gaizki pasatu nuen beragatik. Oraindik horrelakoak bizitzen ditugu. Adibidez, eskola batera joan eta irakasleak ikasleei esatea: “Futbolaria da, baina begira zeinen femeninoa”. Hori, umeak hezten ari den pertsona batek. Zer esan ez dakizula geratzen zara, ezustean harrapatzen zaitu, eta uste dut Adari horrelako zerbait gertatu zitzaiola.
“Oraingoz, ez dut pentsatu, baina ez dut urruti ikusten nire erretiroa”
Pena da sari emate horretatik hori geratu delako, ezta? Ez nor den Ada Hegerberg, ez eta non jokatzen duen…
Bueno, guretzat, ezaguna da!
Bai, baina publiko orokorrarentzat horrek izan du oihartzun handien…
Penagarria da, lehenengo aldia zelako. Oso polita izan zitekeen, eta kontrakoa gertatu da. Gainera, sortu den polemikarekin seguru berak ere denetatik entzun behar izan duela. Alde eta kontra. %90 alde, seguru, baina kontrako komentarioren bat ere iritsiko zitzaion, eta horrek ematen du mina.
Goazen zu hobeto ezagutzera. Hasi, Iruñean hasi zinen futbolean. Batez ere, mutilekin?
Bai; ikastolako patioan hasi nintzen. Neska gutxi ginen. Batzuetan, beste bat etortzen zen, eta, gehienetan, ni bakarra. Baina zortea izan nuen, nire herrian nesken talde bat zegoelako; beraz, 10 urte nituenetik neskekin jokatzeko aukera izan nuen Barañainen. Tradizio handia egon da han beti emakumezkoen futbolarekin, bai gaztetxoen udal taldeekin eta baita Lagunak-ekin ere, talde historikoa.
Hasieran, ez zenuen atezain izan nahi…
Ez zitzaidan batere gustatzen, baina, oso talde ona geneukan, gol asko sartzen genituen, eta taldekideen artean ez nintzen onenetarikoa. Horregatik probatu ninduten atezain modura, eta ez nintzen hortik atera. Ez da txarto joan, ez naiz kexatzen, baina, momentu hartan, grazia gutxi.
Lagunak-etik Badajozera joan zinen. Zure lehen esperientzia etxetik kanpora. Nolakoa izan zen?
20 urterekin joan nintzen, minutu bila. Zaila izan zen. Ikasketak Iruñean nituen eta Badajozen bizi nintzen. Azterketak egitera bueltatu egin behar izaten nuen, kilometro asko… Baina, aldi berean, polita izan zen, lehen aldiz sentitu nuelako nirekin asko kontatzen zutela. Hara eraman ninduten, Kopako partida guztiak jokatzeko aukera eman zidaten, finalera iritsi ginen eta lehen aldiz final bat jokatu nuen… polita izan zen, zentzu horretan. Ideia beste urte bat geratzea zen, baina Athleticetik deitu ninduten eta hona etortzea ez zen pentsatzeko moduko zerbait.
Athletic zure umetako taldea baitzen…
Txikitatik naiz Athleticekoa. Txapeldunak ziren, gainera, Txapeldunen Liga jokatu behar zuten hurrengo urtean… Ez nuen pentsatu ere egin!
Urte hartan bertan ez, baina hurrengoan berriro Liga irabazi zenuten. Ziklo bat amaitu zen orduan?
Askotan, bigarren izaten hasi ginen. Kirolean sarritan gertatzen den zerbait da. Ez du beti berdinak irabazten eta maila altuenean zaudenean gero eta zailagoa da titulu bat lortzea. Kontua da lehen bost urteetan lau Liga eskuratuta ohituta geundela beti irabaztera, eta gero ikusi genuen zeinen zaila den tituluak lortzea. Dena jarraian datorrenean, ez da behar bezala baloratzen. Urteak pasa genituen Ligan zein Kopan beti bigarren geratzen, eta hor ikasi genuen nola ospatu behar den irabazten duzunean.
Horregatik, azken Ligak balio berezia dauka?
Bai. Gainera, bagenekien bederatzi urte igaro eta gero hori zela gure aukera, dirua sartzen ari zela futbolean, eta, dirua sartutakoan, gure filosofiarekin zailagoa izango zela. Horregatik, Liga hasi eta goian geundela ikusi genuenean, partidak aurrera joan eta hor jarraitzen genuela… bagenekien gure momentua zela. Hortik aurrera, argi geneukan gertatu dena gertatuko zela: aurten, laurogeita hamar atzerritar zeuden Ligan denboraldia hastean, eta neguan beste bost edo sei fitxatu dituzte. Guretzat, gero eta zailagoa da.
Irabaztearen zailtasunaz gainera, agerian geratu zen orduan baita ere zuen atzetik jende asko dagoela. Milaka eta milaka lagun atera ziren kalera ospatzera. Polita izango zen zuentzat, ezta?
Ez genekien zenbat jende joango zen ospakizunera. Pentsatzen genuen jendea bilduko zela, baina dudak geneuzkan, eta Begoñako basilikara heldu eta jendea zegoela ikusi genuenean konturatu ginen uste baino handiagoa zela hura. Gero, udaletxean sekulako jendetza zegoen. Hori da nik ikusi dudan irudirik handiena: balkoira atera eta dena zuri-gorri jantzita. Baita zubiaren beste aldean ere! Bista amaitu arte, gurekin egon nahi zuen jendez beteta zegoen dena. Oso polita izan zen.
Ospakizun harekin gustura geratu zineten?
Bai. Gurekin egon nahi zutenak han egon ziren, eta hori da garrantzitsuena, Kopa beraiei eskaintzea. Gurekin urte asko eman dituzte, bigarren geratzen ginen urteak ere gurekin bizi izan dituzte, eta pertsona horiek gurekin zeuden ospakizunean. Badakit polemika handia egon zela, baina ni horrekin geratzen naiz. Ez dira hainbeste beti hor egon direnak, eta egun hartan ere gurekin egon ziren.
Orduan sortu zen uholde hura orain Lezamara hamabostean behin eramatea da erronka nagusia?
Bai. Babesa nabaritzen dugu, sare sozialetan animatzen gaituzte, baina egia da zelaietan oraindik hori falta dela. Telebistak jartzen dituen ordutegiak, askotan, ez dira onenak, baina, balantza baten jarriz gero, telebistaren beharra daukagu jendea erakartzeko. Buelta bat eman behar diogu kontuari. Lehenengo urteetan, tituluekin, errazagoa zen olatua hartzea. Orain, emaitza ez hain onekin, jende hori Lezamara gerturatzea da erronka. Gainera, orain, animazio harmaila daukagu, bonbo eta guzti, eta oso giro polita egoten da. Espero dugu jende gehiago animatzea.
Emakumeen futbolean dirua sartu dela aipatu dugu, Bartzelona eta Atletico bezalako talde handiak, jokalari atzerritarrak… Athleticek, bere filosofiarekin, zer etorkizun dauka?
Gure harrobia izango da gure indarra. Jokalari gazteak Lezaman heztea lortu behar dugu, lehen taldera iristea eta maila ona ematea. Ez daukagu beste aukerarik. Kanpoan fitxatzea gero eta zailagoa da. Filosofiak beste toki batzuetan dauden jokalariak ekartzeko aukera ematen digu hemengoak baldin badira, baina errealitatea da horiek oso gutxi direla. Behar duguna da harrobitik jokalari onak igotzea lehen taldera, eta horretarako pazientzia behar da. Denbora eman behar diozu jokalariari formakuntza bat izan dezan. Zentzu horretan, datorren urtean sortuko den Bigarren Mailak gauzak erraztuko dituela uste dut. Gaur egun, Bigarren Maila, maila aldetik, nahiko baxua da, lehenengo bi-hiru taldeak dira bakarrik lehiakorrak, baina datorren urtean filial gehienak hor egongo dira, maila igoko du horrek eta Lehen Mailarako saltoa ez da hain handia izango. Gure jokalari gazteek, selekzioekin Europa eta mundu mailan aritu direnek, astebururo lehiatzeko aukera izango dute Lehen Mailan hobeto jokatu ahal izateko.
Eta zuk zenbat denbora itxarongo diezu gazte horiei?
Oraingoz, ez dut pentsatu, baina ez dut urruti ikusten nire bukaera. Nire bizitzan pentsatu behar dut, urte asko izan dira. Ez dakit noiz, baina laster izango da; beraz, harrobiko jendea lehen taldera iristea behar dugu. Egia da gazte batzuk sartu direla azken urteetan eta taldea nahiko gaztea dela, zentzu horretan, nahiz eta oso beteranoak ere badauden, baina hurrengo urteetan berrikuntza dezentea beharko da.
Eta gero? Mantala zuria jantzi eta laborategira buelta?
Ez dakit. Zaila da hainbeste urte igaro eta gero bueltatzea. Nire entrenatzaile kurtsoak ere egin ditut, baina ikusi beharko da nola bukatzen dudan psikologikoki, futbolaz oso nekatuta nagoen edo ez. Beste lan bat ere badaukat, eszedentzia eskatu nuena, eta hara itzultzeko aukera daukat, edo, bestela, beste zerbaitetan hasi. Ez naiz nire buruari mugak jartzekoa, eta, beste bide bat ireki behar badut, horretarako gai izango naizela espero dut.
Itsasontzian ibiltzeko denbora gehiago ere izango duzu… zure afizio handietako bat.
Hori bai, seguru. Gauza askotarako izango dut denbora gehiago, baina ez nabil horretan gehiegi pentsatzen, hori egiten badut bukaera gertuago egongo delako.
Amaitu aurretik, konta egiguzu, Ainhoa, zer den Common Goal, eta, horren barruan, zergatik erabaki duzun zuk Indiako proiektu bat laguntzea.
Common Goal proiektu bat da –jokalariak bere soldataren %1 ematen du elkartasun egitasmo baterako–,eta, niretzat, azalpena oso erraza: futbolak ematen dizuna futbolaren bitartez beste batzuei bueltatzea. Horrela hartu dut nik. Konkretuki, Indian dagoen proiektu bat aukeratu nuen nik, Yuwa deitzen da, eta futbolaren bitartez emakumezkoei enpoderatzen eta bidezko bizimodua izaten laguntzen zaie. Hemen, legeek hala esan arren, ez gara berdintasunean bizi, baina han benetan latza izan behar du. Imajinatzen dut hango neska bat gurasoei futbolaria izan nahi duela esaten, eta ez dut uste erraza izango denik. Horregatik aukeratu nuen proiektu hori. Argi neukan berdintasunarekin lotutako zerbait egin nahi nuela, Afrikan egona naiz emakumezkoen talde baten laguntzen Athleticeko beste jokalari batzuekin, badakit fundazioak Ameriketan ere proiektuak dauzkala, eta, Indian ez nuenez ezer ezagutzen, hor sartzea erabaki nuen.