Ainhoa Tabuyo: “Niretzat oso berezia da gazteen artean euskara sustatzen duen proiektu baten parte izatea”


Antzerkian eta agertoki gainean kantuan ibili ostean ikus-entzunezkoetara jauzia eman du Ainhoa Tabuyo (Donostia, 2003) aktoreak. Izan ere, Go!azen telesaileaneko lana Madrilen egiten ari den ikasketekin uztartzen ari da gaur egun.
Kaixo, Ainhoa! Konta egiguzu, zein proiektu duzu edo dituzu esku artean gaur gaurkoz?
Kaixo! Momentu honetan, Madrilen nago, RESADen antzerki musikaleko ikasketak bukatzen. Aldi berean, astebururo, Euskal Herrira joaten naiz, Go!azen kontzertuen bira egitera. Aurten, egia esan, lan dezente daukat aurretik. Oraindik ezin dut dena kontatu, baina lehenago edo geroago jakingo da.
Aktorea, abeslaria, dantzaria, musikaletan aritzen zara… Etengabe prestatzen egon behar duzue aktoreek, gaur egun?
Bai, zalantzarik gabe. Formakuntza ezinbestekoa da, oinarri sendo bat izateko. Oso garrantzitsua da asko ikastea, gero, gure lana egiten dugunean, uneaz gozatu ahal izateko eta dena emateko. Bestalde, aktoreok jakin-min handia izan behar dugula uste dut. Bizitzak harritu egin behar gaitu: maitemindu, tristatu, hunkitu… Azken finean, gure lana bizitza interpretatzea da, eta, horretarako, gure esperientziak eta ingurukoenak oso baliotsuak dira. Gure burua sakon ezagutzea, irakurtzea, eta, posible den neurrian, munduan gertatzen denaz informatzea, pentsamolde kritiko bat eratzeko. Beraz, bai, formakuntza teknikoa beharrezkoa da, baina bizitzak ekartzen dituen gauza eder, triste, arraro edo injustu guztietatik ere ikasi behar dugu. Zenbat eta gehiago bizi, orduan eta aberatsagoak gara, gero, oholtzan kontatzeko dugun horretan.
Go!azen fenomenoaren parte ere bazara. Zer da Go!azen zuretzat?
Bihotzez eskertuta sentitzen naiz Go!azen-ek eman didan guztiarengatik. Urte askotan aurkeztu naiz castingera, aktore euskaldun gazte askok egiten duten bezala, denok dakigulako zeinen aukera handia den. Baina, egia esan, sartzerakoan, konturatu nintzen altxor handiena ez zela soilik proiektua bera, baizik eta barruan dagoen jendea. Udan zehar, familia moduko batean bihurtzen gara. Filmaketa gogorra izaten da (ordu asko, erritmo handia), baina, lantaldearekin, oso zainduta eta babestuta sentitu naiz beti. Asko maite ditudan lagunak eman dizkit Go!azen-ek. Gainera, niretzat oso berezia da gazteen artean euskara sustatzen duen proiektu baten parte izatea. Kontzertuetan, umeak euskaraz abesten, dantzatzen eta lagunekin gozatzen ikusteak benetan hunkitzen nau. Batzuetan, ohartzen zara guretzat lan bat den hori, beste askorentzat, euskararekin eta kulturarekin konektatzeko espazio bat ere badela.
Antzerkian ere sarritan aritu zara. Oholtzak duen adrenalina horrek zer ematen dizu?
Zuzenekoa asko gustatzen zait: publikoaren energia jasotzea oso berezia da, eta konexio polit bat sortzen da oholtzaren eta aretoaren artean. Momentu horretan, denok ari gara gauza bera bizitzen, eta hori oso magikoa da. Baina egia da, aldi berean, energia asko eskatzen duen zerbait dela. Antzerkian, funtzioak irauten duen bitartean, ehuneko ehunera egon behar duzu: gorputza, ahotsa, arreta… dena momentu berean ematen. Oso intentsua da, baina horrek ere badu bere xarma. Fikzioan, berriz, lehen aldiz Go!azen-ekin egin dut lan; egia da filmaketa hori bereziki intentsua izan dela, baina lan egiteko erritmoa oso desberdina da. Antzerkian, dena jarraian ematen duzu; filmaketetan, berriz, lana pixka bat intermitenteagoa da: batzuetan oso kontzentratuta zaude, gero atsedenaldi bat dago, gero berriz topera… dinamika desberdina da. Horrek ere bere zailtasunak ditu, energia eta kontzentrazioa beste modu batean kudeatu behar direlako, eta, aldi berean, baditu bere abantailak. Momentu honetan, ezin izango nuke bat edo bestea aukeratu. Azken urteetan, oholtza gainean asko egon naiz, eta oso ohituta nago zuzenekoetara, baina, orain, ikus-entzunezkoen mundutik ere asko ikasteko gogoa daukat. Zentzu batean, berria naiz, eta horrek motibatu egiten nau: beste modu batean lan egiten ikasi nahi dut, eta, pixkanaka, esperientzia gehiago bildu.
Madrilen zaude ikasten. Aktoreentzat erakusleiho handi bat dela diote. Egia da hori?
Ez dakit Madril, benetan, erakusleiho handi bat den edo ez, baina egia da, hemen zaudenean, etengabe zaudela artistez inguratuta. Antzerkia, zinema, musika, dantza… kultura mugimendu handia dago, eta horrek asko elikatzen zaitu artista bezala. Pixkanaka hasten zara mundu horren funtzionamendua hobeto ulertzen: nola sortzen diren proiektuak, nola elkartzen diren sortzaileak, zein den lan egiteko dinamika… Ikasteko leku oso interesgarria da. Sektorean lan egiten duen jendea ezagutzen joaten zara, eta ohartzen zara mundu profesionala ez dagoela hain urruti (formakuntza eta esperientzia edukita, noski). Nire kasuan, gainera, Madrilera hemezortzi urterekin etortzea ere abentura handia izan zen. Bat-batean, zure kabuz hasten zara bizitzen, hiri erraldoi batean. Hasieran, bidea bakarrik hasten duzu, eta, pixkanaka, zure bizitzan ezinbesteko bihurtzen diren pertsonak agertzen dira. Nolabait, zerotik beste bizitza bat eraikitzea bezalakoa izan da, oso gaztea izanda eta gauza asko jakin gabe. Horregatik, Madrilek, profesionalki ez ezik, pertsonalki ere asko eman dit: hemen egonda, asko ikasi dut, eta asko hazi naiz.
Opera ere egin izan duzu. Ikusten duzu zure burua operan lanean?
Operan aritzeko formakuntza oso zehatza behar da, eta bide luzea eta espezializatua da. Bere garaian, planteatu nuen kantu lirikoaren bidea jarraitzea, txikitatik horretan aritu bainintzen, baina ez nuen nire burua horretan ikusten guztiz, eta, azkenean, antzerki musikalaren alde egin nuen. Hori bai, opera asko miresten dut, eta asko gustatzen zait. Inoiz, operarekin edo kantu lirikoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzeko aukera izango banu, poz handiz hartuko nuke. Baina, momentuz, oso pozik nago hartzen ari naizen bidearekin.
Zein da zure ametsetako musikala? Zein pertsonaia gustatuko litzaizuke antzeztea?
Egia esan, oso zaila egiten zait bakarra aukeratzea. Niri gehien gustatuko litzaidakeena da ahalik eta pertsonaia desberdin gehien egitea. Musikal asko maite ditut: Some Like It Hot, Hairspray, She Loves Me, Guys and Dolls, Mary Poppins, Shrek… Baina egia da badagoela pertsonaia bat ilusio berezia egingo lidakeena: Frozen-eko Anna. Txikitatik asko gustatu izan zait, eta duela urte batzuk Broadwayen egindako bertsioak musika moldaketa zoragarriak ditu. Duela urte pare bat Londresen ikusi nuen, eta maitemindu egin nintzen.
Ezagutzen ez duzun eta ezagutu nahiko zenukeen herrialde bat?
Momentu honetan, urpean igeri egitera joateko gogoa daukat. Iaz, ur-azpiko mundua ezagutu nuen lehen aldiz, eta erabat maitemindu nintzen. Orain, egia esan, lur gaineko hiriak ezagutzeak baino gehiago erakartzen nau itsasondoak ezagutzeak. Asian badira leku zoragarriak horretarako: kolore askotako arrainak, marrazoak, dortokak eta beste animalia ikusgarri asko ikus daitezke. Maldivak, Thailandia, Indonesia, Filipinak… Egunak ur azpian eta hondartzetan pasatzea da, oraintxe, gehien desiratzen dudana.
Gomendatu egiguzu telesail edo pelikularen bat.
Azkenaldian ikusi dudan telesail bat Severance da, eta asko gustatu zait; oso originala eta entretenigarria iruditu zait. Gainera, atal bakoitzaren amaieran, kamera-atzeko bideo batzuk agertzen dira, sortzaileek eta aktoreek atala nola egin duten azaltzen dutenak, eta hori ere oso interesgarria da.