Xanti Korkostegi: “Denetarik egiteko aukera izaten ari naiz; zoriontsu egiten nau horrek”


Zinemarako egin duen lehen lana –Gorka Minguez zuzendariaren Cómo hemos llegado a esto? komedia– estreinatu berri du Xanti Korkostegi (Donostia, 2002) aktoreak. Vaya Semanita saioan ikusteaz gain, taula gainean ere sarritan ikus dezakegu Korkostegi euskal eszenan.
Konta iezaguzu, Xanti, ze proiektu dituzu esku artean gaur gaurkoz?
Nire lehen pelikula estreinatu berri da zinematan: Cómo hemos llegado a esto? Horrez gain, datorren asteburuan, Bilboko Pabellon 6 aretoan ibiliko naiz Nonato eta Aborta antzezten, Antzerki Arinen Jardunaldian. Ostean, ekainean, Demode Produkzioen musikal berri baten parte hartuko dut: Rip, azken musikala /el último musical. Oraingoz, nire ibilbide profesionalean, askotariko proiektuak eta denetarik egiteko aukera izaten ari naiz. Zoriontsu egiten nau horrek!
Zer nolako esperientzia izan da Cómo hemos llegado a esto? pelikula?
Guztiz aberasgarria. Kira Miro, Macarena Gomez edo Yeyo Bayeyo bezalako aktoreekin lan egiteak, ilusioa egiteaz gain, haien lan ohiturak gertutik ikusteko aukera eman dit.
Vaya Semanita saioan ere ikus zaitzakegu. Telebistan umorea egitea pantailan ikusten dena bezain magikoa da?
Agian, telebistan ikusten dena baino interesgarriagoa da! Urte luzez formatu hori lantzen egon diren aktoreak daude: zorrotzak haien lanean, baina, une oro, jolasten dabiltzanak eta umorea banderatzat daramatenak. Inspirazio-iturri handia dira.
Oholtza gainean, abesten, dantzatzen… denetarik egin behar duzue gaur egun aktoreek?
Aktore lana bokaziozkoa da. Geroz eta formakuntza gehiago izan, orduan eta jantziago zaude; gainera, nire kasuan, gogoko ditut erronkak. “Deserosoagoa” da, seguruenik, lan artistikoaz gain, sare sozialetan presente egotearen zama hori. Inkontzienteki horren gatibu bihurtu zaitezke. Hori ahal den modu positiboenean eramatea da, gaur egun, aktoreek egin behar duguna, zoritxarrez.
Zer izan da Go!azen zuretzat?
Heziketa profesionala eta pertsonala, bere momentu txar eta onekin; bizitza bezala. Nire pasioa profesio bihurtu ahal izateko lehen pausoa.
Aktore askorentzat eskola bikaina izan da Go!azen, ezta?
Telebistara salto egin aurretik, Donostiako antzerki ikastaro publikoetan eta Gaztetxo Antzerki Eskolan hasi nuen ibilbidea. Go!azen telesaila aurretik ikasitakoa praktikan jartzeko lekua izan zen. Bertatik pasa garen gehienontzat lehen aukera izan da, eta horrela segi dezala datozenentzat!
Oholtza gainera igo aurretik badu Xantik maniaren bat edo erritualen bat?
Sarritan, antzeztera irten baino lehen, nire amonaz gogoratzen naiz. Profesionalki antzezten sekula ikusi ez ninduen arren, gertu sentitzen dut momentu horietan. Eta komunetik pasatzea, noski… gero disgusturik ez izateko!
Ba al duzu ezagutzen ez dugun zaletasunik?
Ez dakit zaletasun bat kontsideratu daitekeen, baina podcastak entzutea gustatzen zait. Etxean, kalean, autobusean… edonon. Nire podcast gustukoena Nadie Sabe Nada da.
Gomendatu iezaguzu azkenaldian ikusi duzun film edo telesailen bat.
Nire laguna den Jokin Gonzalezen lehen telesaila gomendatu nahiko nuke: Argi gorriak. Batera hasi ginen musikalak egiten, eta, orain, ezin naiz harroago sentitu bere ibilbide profesionalaren hasiera honetan. Merezi du. Bestalde, antzerkia eta ikus-entzunezkoa nahasten dituen Itzulera gomendatu nahi dut. Dejabu Konpainiak lan interesgarria taularatu du.