Ainhoa Luz: “Ez dugu nahi memoria historikoa mahai azpian geratzea”

Aurreko urtean bezala online formatuan, hemen da udazkenarekin batera Udagoieneko Ostera Hegan ekimena. 21.aldia izango da. Bizkaitar orok beren aisialdia euskaraz gozatzeko aukera izatea da Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako kultur egitarauaren helburua, eta aurten, hiru kontzertu hartuko ditu bere baitan. Berau osatzeko lanetan ibili da Ainoa Luz, Topaguneko kultura teknikaria.

Udagoieneko Ostera Hegan 21. aldira heldu bada, sustraituta dagoen ekimena esan genezake?

Bai. 21 urte ez dira azkar egiten, eta hori horrela izatearen arrazoia dira kalitatezko kultura eskaintza aproposa eskaini dela eta hartzaileak ere fidelak izan direla; hartzailerik ez balego, bertan behera geratuko litzateke proiektua. Badirudi bizitza luzeagoa izango duen proiektua izango dela!

Euskaltzaleen Topaguneak zer dela eta jarri zuen martxan ekimena bere momentuan?

Proiektua batez ere Bizkaiari begira gauzatu zen, Bizkaiak askotariko errealitateak dituelako: herri bakoitzak bere mugak ditu hizkuntzari dagokionez  eta hor ekarpen bat egitearren. Herri, auzo edo hiriburu horietan euskal kultura eskaintzeko abiatu zen,  era ezberdinean eta hartzaile ezberdinendako. Herri ezberdin asko kontutan hartuta jarri zen martxan proiektua eta aurrera egin du.

Aurten hegan hitza batu zaio izenari: Udagoieneko Ostera Hegan du izena 21.enak. Zergatik?

Hegan kontzeptuak askatasuna ematen duelako: askatasuna leku guztietara heltzeko, edozein pertsonarengana heltzeko eta proiektuari berari ere askatasuna emateko.  Lehen zirkuituarekin hasi zena kontzertuetan bilakatu zen, eta batek daki datorren urtean ze moldaera izango duen. Hegan-ek askatasuna ematen du esparru guztietan.

Aniztasuna bermatzeko gauza pila bat hartu ditugu kontuan

Aurreko hogei urteetan parte hartu dutenen zerrenda ikusiz gero izen asko eta askotarikoak aurkituko ditugu.

Izen mitikoak daude, Euskal Herriko kulturari errotatukoak: Ruper Ordorika, Gari, Benito Lertxundi… Baina horiekin batera Bertso Sound System edo antzerki ezberdin bat nahastu ditugu proiektuari aniztasuna emateko: alde bat ohiturarekin edo betiko kontsumoarekin dago lerrokatuta; eta beste alde bat zeharkako beste gauza batzuekin, ohikoak, baina berritasunekin.

21.aren beste ezaugarrietako bat da memoria historikoari keinu bat egin gura izan diozue.

Euskal Herriari dagokionez oso garrantzitsua den gaia da, eta ez dugu nahi mahai azpian geratzea, transmititzeko gertaerak direlako. Gure bizitzaren parte diren heinean kulturarekin batu ditugu, musika  gehituz memoriari. Iruditeriarekin, gertaerei erreferentziekin… egin dugu hori.

Aurtengoa ere online izango da. Iaz erantzun ona izan zuen?

Iaz sekulako arrakasta izan zuen, baldintzak ere zirenak zirelako: pandemia baten geunden eta kontzerturik ez zegoen, kulturak birmoldaketa bat izan zuen. Jendeak kultura behar du, eta kulturak jendea. Aurtengoa ere online izango da, proiektua lantzen hasi ginenean murrizketa handiak zeudelako kalean. Kalitatea bermatze aldera ere egin dugu hori. Kontzertuak jende gabe eta kalean izan dira: Barakaldon, Otxandion eta Ondarroan.. Lantaldekook modu esklusiboan gozatru ahal izan dugu kontzertuez!

Online izanda, errazena litzateke areto bat hartzea, musikariak han batzea eta , kontzertuak une ezberdinetan ematea. Baina esan duzun moduan Barakaldon, Otxandion eta Ondarroan aukeratu  dituzue. Kasualitatea da?

Ez, dena memoria historiakoarekin dago lotuta. Beti hitz egiten da Durangoko bonbardaketaz, edo Gernikakoaz. Baina alemaniarrek, proba moduan, hamahiru aldiz bonbardatu zuten Otxandioko Andikona plaza eta sekulako sarraskia izan zen.  Guk plazan bertan grabatu dugu: gertatukoa oroitzeko han izen pila bat daude bertan eta  Mikel Urdangarinek  Andikona 1936 kantua ere abesten du. Ondarroaren kasuan, kartzela zegoen Ondarroa eta Mutriku artean dagoen Saturraranen. Francok egindako kartzela handiena izan zen, emakumeei bideratuta eta zabalik egon zen sei urteetan 4.000 emakume pasatu ziren bertatik. Irakurketa feminismotik eginda, esan daiteke garai hartan eraso bikoitza izan zela. Eta Barakaldo bera ere hamar aldiz bonbardatu zuten. Beti herri berdinak agertzen diren arren, bortizkeria hori jasan zuten mila herri daude eta horiek plazaratu nahi izan ditugu, musika historiari batu jendeari zabaltzeko.

Herri ezberdin asko kontuan hartuta jarri zen martxan proiektua, eta aurrera egin du”

Aurreratu duzu Mikel Urdangarin ariko dela Otxandion. Azaldu iezaguzu: nor egon da non?

Mikel Urdangarinek Otxandion joko du bai: bere ibilbidea oso lotuta dago euskal kulturari, baita Otxandio herriari ere; bere plazan jo zuen, nolabait. Barakaldon, Muñoa parkean egin ditugu grabaketak eta bertan Xamanak izan da partaidea, Endika Lahaine raperoa. Endikak ere baditu berezitasunak: raperoa, euskalduna eta Barakaldokoa. Brutala! Nik uste dut merezi duela. Eta gero, Ondarroan, Olatz Salvador: berritasuna eta emakumea. Aniztasuna bermatzeko gauza pila bat hartu ditugu kontuan.

Noiz izango da kontzertu bakoitza?

Azaroaren 12tik 14ra Mikel Urdangarinen kontzertua ikusi ahalko da; azaroaren 19tik 21era, Xamanakenak; eta azaroaren 26tik 28ra Olatz Salvadorrena. Asteburu horietan kontzertuak jarraitzeko gonbidapena luzatzen dut, mereziko dutelako.

Kontzertuak online izatearen abantailetako bat da norbere etxetik eta maskara barik jarraitu ahalko direla; beste bat, ez direla ordu zehatz batean hasiko, asteburu guztian zehar egongo da jarraitzeko aukera. Zer egin behar da kontzertuak jarraitzeko?

Wifia izatea eta topagunea.eus helbidera sartzea. Bertan egongo dira ikusgai Udagoieneko Ostera Hegan-en kontzertuak ikusteko aukera. Kontzertuekin batera elkarrizketak ere egongo dira musikariekin, beraien ibilbideari buruzkoak eta kontestuaren araberakoak.

Euskaltzaleen Topagunearen ekimena Udagoieneko Ostera Hegan, baina hainbat bidelagun dituzue.

Bai, sostegun instituzionala dugu, Bizkaiko Foru Aldundiak laguntzen gaituelako. Garrantzitsua da hori, kulturak sostengu bat izan behar duelako eta horri esker era honetako proiektuak gauzatu ahal ditugulako. Hiru herrietako Udalen eta memoria historikoaren bueltan lanean ari diren taldeen laguntza ere izan dugu. Inurri lana egiten duten teknikariak ere hor daude, hainbeste denboran geldi egon diren soinu teknikariak, argiztapen teknikariak… Kultura makineria hori ere kontuan hartzekoa da, bidelagun ditugulako.

Ekimena batez ere bizkaitarrei dago zuzenduta, baina besteok kanpoan utzi gabe, ezta?

Inondik inora ere! Denondako da kultura eskaintza: gura duenak hor izango du klikatu, ikusi eta gozatzeko aukera; baita diasporan, munduan zehar dauden euskaldunek ere. Bizkaiaren erreferentzia mundu osoan zabalduko da!