Ainhoa Lendinez: “Kristoren booma sortu da mendi lasterketekin, eta leku batzuetan eskuetatik ihes egin die”

Gauero Euskal Telebistako albistegietan ikusten dugu Ainhoa Lendinez Garate (Elgoibar, 1981), baina mikrofonoa eskuetan ez daukanean mendian zehar ibiltzen da. Duela 15 urte hasi zen mendi-lasterketak egiten, eta, ordutik, ez da gelditu. Ia denetarik egin du: triatloiak, maratoiak, maratoi erdiak, ultrak… Aurten, baina, kilometro bertikaletan jarri du arreta, eta 10-11 lasterketa egingo ditu. Kirolaz ez ezik, mendiarekiko daukan pasioaz hitz egin dugu Ainhoarekin, eta, besteak beste, kontatu digu Aizkorriko Mari deitzen diotela.
Ainhoa Lendinez, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko.
Kazetaria zara, eta mendi-korrikalaria ere bai; zer da mendia zuretzat?
Nik esango nuke nire bizitzaren oinarri garrantzitsu bat dela. Oso-oso garrantzitsua. Txikitatik maite dudana; ez bakarrik mendi-lasterketak, baizik eta haren alor guztiak. Eta urteek aurrera egin ahala, beti bueltatzen naizen etxea da.
Gaur joan zara mendira?
Gaur ez! Gaur bizikleta bueltatxoa tokatu zait. Egun batean mendira joaten naiz eta hurrengoan bizikletan ibiltzen naiz, belaunengatik; atsedena emateko. Baina egia da gehien gustatzen zaidana mendia dela.
Asteburuetan ere joaten zara.
Bai; ezizena ere badaukat. Adibidez, Aizkorrin Aizkorriko Mari esaten didate Urbiako fondakoek. Askotan joaten naiz. Osabak esaten dit: “Ez dut mendia hainbeste gustatzen zaionik ezagutu”. Eta bai, ez naiz nazkatzen. Izan Pirinioetan, Alpeetan edo Himalaian. Eta gero, Euskal Herriko mendietan. Karakatera, Elgoibarko mendira, edo Aizkorrira astero joaten naiz.
Eta zer dauka mendiak horrenbeste engantxatzeko?
Jendeak esaten du lasaitasuna, askatasuna. Niri ematen didana da indarra. Itsasoa natura da, eta gustatzen zait, baina itsasoak txikitatik eman dit errespetua, beldurra, ez da nire medioa. Igerian, triatloietan-eta ibili nintzen garai baten, baina babesik gabe sentitzen naiz. Mendiak, aldiz, deitu egiten nau. Indarra transmititzen dit halako gauza handi bat ikusteak. Eta bertara noanean, indarraz harago, osasuntsu sentitzen naiz.
Aurten zenbat lasterketa egingo dituzu? Ez dakit planifikatuta izaten duzun.
Bai. Begira, hasi nintzen mendian korrika modu naturalean. Beti ibiltzen nintzen asfaltoan, eta gero, mendira joaten nintzen. Eta behin, lagun batek mendi-lasterketetan parte hartzeko esan zidan. Orain dela 15 urte. Eta probatu nuen eta asko gustatu zitzaidan. Hasieran nire kabuz ibiltzen nintzen, eta ondo. Baina gero, batzuetan gehiegi egiten duzula, beste batzuetan gutxiegi, duzun helburuaren arabera. Nik anemiarekin ere arazoa daukat, eta, hori zaintzeko, elikadura eta dena, lagun batek jartzen dizkit tratamenduak. Orduan, harekin urtero egiten dut bilera bat, programazio txiki bat egiteko, eta aurten, gutxi gorabehera, ofizialak, dortsalarekin, 10-11 egingo ditut.
Eta helbururik-edo markatzen duzu denboraldi hasieran?
Bai. Helburua beti da ondo pasatzea, eta, ahal bada, aurreko edizioetan baino hobeto ibiltzea. Baina oso zaila da, ze gorabehera pila bat izaten dira: eguraldia, fisikoki nola zauden, hilekoa, estresa… Iaz, adibidez, lanari lotuta izan nituen pare bat kapitulu, gero eragin zidatenak lasterketetan. Oso nekatuta nengoen, bidaiengatik… Baina bai, helburua aurten dira kilometro bertikalak. Iaz ibili nintzen egiten kilometro bertikalak, maratoi erdiak, maratoiak, ultrak… Eta entrenatzaileak esaten zidan: “Ainhoa, horrela oso ondo, baina ezin dugu arreta inon jarri. Denetan ibili zara erdizka”. Eta aurten erabaki dugu kilometro bertikalak egitea. Gero, Hiru Handiak 100 kilometroko lasterketa egingo dut, baina izango da urteko azkena. Bestela, prestakuntza guztia izango da kilometro bertikaletarako.
“Euskal Herriko lasterketak bereziak dira, giroagatik“
Eta nola prestatzen zara kilometro bertikaletarako?
Kilometro bertikala da distantzia laburrena; izaten dira 2 kilometro edo 3 kilometro, 1.000 metroko desnibelean. Hau da, igotzea bakarrik da. Ni jaisten oso txarra naiz, goraka defenditzen naiz, eta horregatik da modalitate onena niretzat. Orduan, entrenamenduak laburragoak izaten dira. Ze, noski, 100 kilometro prestatu behar badituzu, ibili behar duzu 6-7 ordu mendian korrika, elikadura ere zaindu egin behar duzu eta entrenamenduetan hori lantzeko ordu asko dira. Eta, aldiz, kilometro bertikalean entrenamenduak dira laburragoak eta intentsuagoak. Egiten ditugu saio batzuk 2 ordu eta erdikoak edo 3 ordu eta erdikoak, oinarri hori ere behar delako; eta gero, serieak izaten dira aldapan. Eta hor izaten dira oso saio laburrak, atsedenetik, hutsetik, ahal duzun gehiena ematera eta aldapa horiek lantzera.
Esan duzu elikadura ere zaindu egiten duzula eta aldaketa batzuk ere egin behar izan zenituela.
Bai; orain dela 15 urte, lasterketa baten ostean hasi zitzaidan sekulako mina hanka baten. Eta lagunei esaten nien: “Ba, agujetak izango dira!”. “Baina nola izango dira agujetak hanka baten bakarrik? Bietan eduki beharko nituzke! Eta, gainera, korrika?”. Justu nutrizionista bati buruz hitz egin zidaten, anemiagatik neukan hitzordua harekin hartuta, eta joan nintzenean ziatika zela esan zidan. Jendeak pentsatzen du ziatika dela lunbarretatik datorren zerbait, baina zuk hesteak puztuta badauzkazu elikaduraren eta estresaren ondorioz, nerbio ziatikoa harrapatu ahal dizu. Noski, mundu bat zabaldu zitzaidan eta nutrizionistak glutena eta laktosa ez zitzaizkidala ondo joaten esan zidan. Hau da, ez naiz zeliakoa, baina jende pila bat dago intolerantzia duguna. Zerbait jatearren ez da ezer pasatzen, baina, egunero jatearen ondorioz, kalte egiten dizu, eta, azkenean, zulotxoak bezala sortzen dira hesteetan eta hondatzen joaten dira. Orduan, handik aurrera elikadura erabat aldatu nuen, eta, kirolari begira, anemia hobetu egin dut. Nahiko zorrotza naiz, baina, batzuetan, lantokian pastak ditugunean zerbait jaten dut…
Gutxitan, e!
Bai, gutxitan. Baina laktosarekin ezin dut. Gero, probak egin nituen, gainera, eta kuriosoa izan zen. Urtebete egin nuen nutrizionistak emandako dietarekin zorrotz, eta lagun bat eta biok joan ginen Italiako mendi-lasterketa batera. Esan genuen: “Hemen pizza bat jan beharko dugu”. Hurrengo aste osoa jai neukan eta suertatu zen ahizparekin eta koinatuarekin eta lagunekin beste pizza bat jatea… Eta oso txarto bukatu nuen astea. Gainera, oporrak ziren, Itziar nire nutrizionista ez zegoen, eta haren lankide batek hartu ninduen, larrialdi moduan. Eta, kamiseta erantzi orduko, esan zidan: “Ikusten dizut inflamazioa”. Gertatzen dena da zerbait jateari uzten diozunean are intoleranteago bihurtzen zarela. Orduan, oreka hori bilatu behar da. Eta, egia esan, neure burua zaintzen dut. Jendeari zaila egiten zaio. Nik barneratuta daukat, gustatu egin zait kozinatzea nire erara, eta horrek ere kristoren bizipoza ematen dit. Gorputza proban jartzea polita da.
Gorputza proban jartzen duzu lasterketa guztietan. Baina hori zer da: gorputzaren kontrako borroka, buruaren kontrakoa…?
Bai, buruaren kontrakoa askotan. Adibidez, Zegama-Aizkorri da hemen daukagun mendi-lasterketa ezagunena eta mundu mailan oso ezaguna egin dena. Nik sei aldiz parte hartu dut eta ez zait oraindik ondo atera, gerturatu ahala urduri jartzen naizelako, buruari bueltaka, emaitzan pentsatzen, prozesua gozatu beharrean. Eta, hala ere, hasi nintzenetik asko hobetu dut. Ni oso urduria naiz, buruari buelta asko ematen dizkiot. Iaz ere, botaka aurreko egunean, gero kristoren karranpak egunean bertan, eta sukarra neukan. Azkenean, buruari bueltaka baldin bazaude, sistema immunea jaitsi egiten da, defentsak, eta, noski, berez kirol asko egiten baduzu defentsak izaten dituzu nahiko mugan; ba, halako tralla sartuz gero… Eta buruarekin kristoren borroka da, kristorena.
Jendearen babesak lagunduko du pixka bat borroka horretan, ezta?
Pila bat. Gainera, Euskal Herriko lasterketak bereziak dira. Ni, egia esan, ibili naiz kanpoan ere, baina ez dauka zerikusirik. Hemen jendeak eraman egiten zaitu. Ni akordatzen naiz, duela 10 bat urte, Gorbeia Suzien lasterketan, anemia neukala eta medikuak esaten zidala horrela ezin nuela proba egin. Eta nik esan nion: “Zuk ez dakizu zer den giro hori eta jendeak nola eramaten zaituen”. Noski, egin nuen, amaitu nuen negargarri, horituta anemiarekin. Baina jendearen animo horiek sekulakoak dira. Jende askok esaten du: “Zergatik ez zara joaten mendira dortsalik gabe?”. Ez dauka zerikusirik. Ni joaten naiz mendira dortsalik gabe, baina dortsala ez da bakarrik lehia, da jendea, giroa…
Zein da zure lasterketa gogokoena?
Ba, agian, Karakateko igoera, herrikoa delako. Baina, gero, Anbotoko kilometro bertikala pila bat gustatzen zait. Niri gustatzen zaizkit herri txikietan antolatzen diren lasterketak, ze iruditzen zait sekulako arima eta bihotza jartzen dietela. Adibidez, Zegama-Aizkorri oso lasterketa ederra da, baina jende pila bat egoten da. Bihurtu da hain handi… Niri gertatu izan zait asteburuak bertara joatea, lehenengo erreportajeak egitera joaten naizelako, gero lagun batzuen etxera hara, lagun batzuk jarraitu, nik kilometro bertikala egin, beste lagun batzuek maratoia… Kalean batekin hasi hizketan, gero bestearekin… Ezin da, ze da hain handia… Eta ostera, Anbotoko kilometro bertikalera joaten zara eta daude betiko lau katuak, kristoren giroa eta etxekoagoa. Anboto, Aloñako Igoera… Beti irtetzen zaizkit Euskal Herrikoak. Euskal Herritik kanpo ere ibili naiz, baina etxean bezala…
“Mendiko gidariak kontratatzeak istripuak gutxitzen lagunduko luke”
Ez da berdina?
Ez. Ez da berdina.
Zergatik? Giroagatik?
Bai, giroa. Adibidez, Chamonixeko UTMB oso ezaguna da, Mont Blanci buelta ematen dion lasterketa. Joan naiz ikustera, erreportajeak egitera, parte hartu dut distantzia ezberdinetan eta sekulakoa da. Han ere bertakoek daukaten arima hori eta filosofia hori ikusten da, eta pila bat gustatzen zaie. Baina ez zaude etxean. Noski, niri frantses batek animatzen nau eta… Akordatzen naiz edizio baten batek esan zuela: “Esa era Ainhoa Lendinez, somos amigos en Facebook!“. Eta pentsatu nuen nik ez nuela pertsona hura ezagutzen, baina hark ni bai. Eta, ostera, Zegama-Aizkorrin, Anboton edo Txindokiko kilometro bertikalean, hor jende euskalduna dago, etxekoak, eta desberdina da.
Mendia beti berezia izan da euskaldunentzat.
Bai, oso. Eta egia da mendi-lasterketek ere badaukatela euren kritika, eta nik neuk ere askotan hausnarketa hori egin dut, ze ados nago, masifikazio hori eramaten duela mendira. Orain, adibidez, etiketa berdea ekimena sortu da, nahi dutelako ezarri kode etiko bat: antolakuntza ez dadila pasatu dortsaletan, materialak ere birziklatzekoak izan daitezela, emakumeak ahalduntzeko neurriak har daitezela… Badago hor lanketa bat egin beharra, ze kristoren booma sortu da mendi-lasterketekin, eta esango nuke leku batzuetan eskuetatik ihes egin diela. Baina, gero, badauzka beste gauza on asko. Nik ikusten dut, adibidez, neskak animatu direla pila bat. Ni lehen joaten nintzen mendira bikotekidearekin edo gurasoekin, eta beti mutilekin. Eta lasterketek eman dizkidate lagun neska pila bat. Jende pila bat ezagutu dut, hori ere ona da. Eta aparte, ni oso mendizalea naiz, baina ni bakarrik mendira joateko nire mugak dauzkat. Ni ezin naiz joan edozein ingurutara bakarrik, eta lasterketek ematen dizute aukera hori. Joanda nago Pirinioetako hainbat ingurutara, ez nituenak ezagutzen; Andorrara, adibidez. Zazpi eguneko lasterketa batek, adibidez, azpiegituran segurtasun bat ematen dizu, badakizu antolakuntza baten barruan zaudela. Inguru ezberdinak ezagutu, baina segurtasun berme batekin; bestela, bakarrik joateko, bakoitzak gure mugak dauzka.
Booma aipatu duzu, masifikazioa ere bai; badirudi mendian korrika egitea modan jarri dela. Baina badago jendea ez dagoena prestatuta horretarako, ezta?
Bai, niri jende askok galdetzen dit: “Zer egin behar dut korrika hasteko?”. Ni hasiko nintzateke lehenengo oinez eta pixkanaka korrika. Baina ikusi dut jendea, boom honetan, erosi duena arropa goitik behera markakoa eta dirutza gastatu duena lasterketa luzeetan aritzeko. Nik lagun bat daukat, oso maitea dut, eta esaten zidan: “Ehun milietan apuntatuko naiz, 170 kilometrokoan”. Eta nik esaten nion maratoian apuntatzeko, 42 kilometro direla. Ba, noski, luzea egin du eta ez du amaitu, kristoren frustrazioarekin saiatu da hiru urtetan eta laga egin du. Niri horrek ematen dit pena, jendea hasten dela, moda delako. Edo beste asko ere, asfaltoan nekatu egin direlako, eta orduan, lasterketa askotan ikusten duguna da bilatzen dutela jende hori erakartzea eta ez dituztela sartzen gune teknikoak, ez dutela sartzen igoera potente bat. Eta bilatzen da abiadura, abiadura eta abiadura. Orduan, hor, niretzat badaude kontraesan batzuk mendiaren filosofiatik gatozenontzat.
Tontorrak ere geroz eta masifikatuago daude. Zu zeu Chamonixen egon zinen erreportaje batzuk egiten eta horren lekuko izan zinen. Mendiko turismoa dago.
Bai; Mont Blanc da Europa mailan mendi ezagunena eta jende gehien erakartzen duena. Gero, gainera, nahiko gertu dago Cervino, oso ezaguna ere, baina beste teknikotasun maila bat dauka eta ezin da joan edonor. Eta Mont Blancera bide arruntetik oinez ibiltzea da, elurretan baina oinez. Kranpoiekin ibiltzen jakin behar duzu, soka eramaten ere bai, baina oinez da. Orduan, alde horretatik, oso erakargarria da jende askorentzat. Gero, zer geratzen da? Jende asko animatzen dela ikusten duelako izena. Niri Alex Txikonek esan zidan: “Everestera jende asko joaten da. Erraza da? Ba, hori norberaren arabera da”. Baina badaude mendi batzuk erakargarriak tontorra delako, garaiena delako, ezagunena delako… Horri muga jartzea? Ba, agian, bai, arriskuagatik. Mendi-gidariekin egon ginenean Chamonixen esaten ziguten mugak jartzearen alde batzuk badaudela. Esaten da mendia denona dela, baina, noski, gero istripuak, erreskateak zeinek ordaindu behar ditu? Erreskatatzaileak ere arriskuan jartzen dira askotan… Eta gero, batez ere, ingurukoak ere arriskuan jartzen dituzula. Gidariek esaten ziguten Chamonixen: “Titulazioaren barruan doa, soka-lagunekin edo bezeroekin zoazenean ikusten baduzu norbait arriskuan, laguntzera behartuta zaude. Eta noski, utzi behar duzu zure taldea, besteei laguntzeko. Eta ari zara laguntzen, agian, pertsona bat ez litzatekeena hor egon beharko”. Ze istripuak edozeinek eduki ditzake, baina gero, faktore asko daude, eta gure esku ere batzuk badaude.
Gidarien inguruan egin duzu berba. Batzuek ez dute gidaririk hartu nahi izaten, uste dutelako ez dutela behar. Zu, adibidez, gidarien aldekoa zara.
Bai. Nik beti eduki dut inguruan jende oso ona. Mendian faktore asko dira garrantzitsuak: eguraldiaz jakitea, ibilbidea, ibilbide alternatiboak ezagutzea zerbait gertatzen bada beste toki batetik ateratzeko, teknika aukeratzen duzun mendiaren arabera, materiala, eskalatzeko materiala edo eskiatzekoa… Nik nire mugak badakizkit: ni joan naiteke Aizkorrira bakarrik, edo Anbotora, Anetora ere joanda nago edo Monte Perdidora edo Garmo Negrora. Baina, hortik aurrera, beldurra ematen dit, ze faktore asko dira eta nik ez dut ikusten neure burua prest. Eta, zer esanik ez, sokarekin bakarrik ibiltzea. Hori ezta pentsatu ere! Orduan, gaur egun, bakoitza bizi gara gure erritmora, zortzi mila gauzarekin, eta ezin nintzen beti egon jakintza hori zuten lau lagunen menpe… Eta orduan, gidaria den nire lagun minarekin hitz egin nuen eta esan nion: “Zer iruditzen zaizu gidari bat hartzen badut?”. Horiek dira euskaldunon konplexuak, ematen duela mendira joateko nahikoa izan behar dugula. Garbigailua izorratzen bazait, teknikari bati deituko diot, ezta? Ba, gidari batek bere lana egiten du. Gidari batek ez zaitu eramaten, gainera, motxilan. Zuk joan behar duzu eta exijitzen dizu prestakuntza minimo bat, baina egiten dizuna da segurtasun bat eman. Azkenean, hark ibilbidea daki, eguraldiko parte guztiak dakizki, non egon daitezkeen elur-jausiak, nola dagoen ibilbidea, bide hau edo beste itxita dagoen. Sekulako laguntza da, baina konplexu hori dugu. Nik badakit fisikoki gai naizela, baina ez naiz ausartzen bakarrik joaten. Eta gero, soka jarri behar bada, nik eskalatzen dut baina gutxi, eta horregatik, nahiago dut joan nire lagun honekin edo gidari batekin, eta, nire ustez, diru hori oso ondo inbertituta dago.
“Glaziar batzuk erakargarri bihurtu dira, ez dutelako izotzik”
Agian, istripu gutxiago egongo lirateke. Ze, sarri entzuten da mendian istripuak daudela, mendizaleak hiltzen direla…
Behin joan ginen Alpeetara gidari batekin hiru lagun. Eta lagun bat ibiltzen zen korrikan pila bat. Sekula egon gabe zegoen Alpeetan, eta nik esan nion: “Baina zuk badakizu nora goazen?”. Ba, bigarren egunean eman zion garaieraren kolpeak eta astebetean ez zion buelta eman. Eta hura zen fisikoki ondoen prestatuta zegoena, hemen lasterketa pila bat egiten zituen, baina han 4.000 metrora zaude eta ez dakizu gorputzak nola erantzungo duen. Pertsona hori bakarrik joan izan balitz zer egingo zuen? Mozkortuta bezala zihoan. Eta gidariak esan zigun: “Buelta. Hemendik ezin gara joan. Jaitsiko gara, errekuperatu dadila eta igoko gara beste alde batetik”. Pertsona hori bakarrik joan izan balitz, auskalo! Ze han zaude elur izoztuan, 4.000 metrora, eta noraezean baldin bazaude edo behe-lainoa sartzen bada eta ez badaukazu track bat ibilbidearekin, zer egiten duzu? Gidariak beti darama track hori, eta, gainera, ibilbide guztiak ezagutzen ditu aurrez. Orduan, bai uste dut lagunduko lukeela istripuak gutxitzen.
Klima aldaketarena ere beste arazo bat da. Glaziarrak urtzen ari dira; zuk zeuk ikusiko zenuen hori mendian.
Bai; sekulakoa da. Ni hasi nintzen Alpeetara joaten orain dela 17 urte. Gainera, lehen aldia izan zen, ETBtik joan nintzen, elur-jausi bat izan zelako eta istripu bat gertatu zelako Mont Blancen. Eta, ordutik, urtero joan naiz, neguan eskiatzera edo udan mendi-lasterketaren bat edo alpinismoa egitera. Eta ikusi dudan eboluzioa kristorena izan da. Ze, Mer De Glace lehen izotza zen, beheraino jaisten zen glaziar bat, eta gaur egun, pena da, turismo erakargarri bihurtu da, ez daukalako izotzik, ez daukalako elurrik. Eta gero, han egon ginen geologo euskaldun batzuekin eta kontatzen ziguten dena dagoela lotuta. Horrek eragiten du mendiaren eta glaziarraren artean, haitz barruan dagoen izotz hori, permafrosta apurtzen bada, deskolokatu egiten da, oreka galtzen du mendiak, eta, orduan, haitz gehiago jausten dira, luizi gehiago gertatzen dira. Eta azkenengo urteetan, ez dela bakarrik tenperaturak gora egin duelako; tenperaturak gora egin du, izotza urtu egin da, baina barruan, zementu moduan harriei eusteko dagoena urtzen bada, oreka hori galtzen da eta luizi gehiago izango dira. Orduan, mendia erortzen ari da, beherantz.
Ainhoa, Alex Txikon aipatu duzu, eta abenduan Txikonen espedizioan egon zinen Himalaian. Kontatu nolako esperientzia izan zen!
Ba, kristorena. Apuntatu nintzen bi egun lehenago. Egon nintzen hilabeteak bueltak ematen joan edo ez. Hiru aste gehienez joanda nengoen nonbaitera, baina lau astez familiagandik urrun, etxekoengandik urrun, niri asko kostatzen zait. Ez du ematen, agian, asko ibiltzen naizelako kanpoan. Egia da mendia, helburua, nik banekiela niretzako gehiegi zela teknikoki. Baina Alexek esan zuen: “Trekking-az gozatu, eta, bestela, inguruko mendiren bat”. Nire lagun oso min bat ere bazihoan, eta animatu egin nintzen. 18 lagun joan ginen, tartean gidariak ere bai, eta kristoren esperientzia izan da. Ni egonda nago Himalaian lehenago, neska batzuekin egin nuen 6.500eko bat eta gero lasterketa bat ere eginda neukan han, Everestekoa, 7 egunekoa. Baina hau izan da oso ezberdina. Trekking-a pila bat gozatu dut eta gero joan gara aterpetxez aterpetxe. Gero, kanpaleku basean egon gara beste 12 egun edo, dendatxoetan eta. Eta tontorrera ez gara iritsi, baina ni oso ase bueltatu naiz. Nik Alexi esan nion: “Iristen banaiz bigarren kanpalekura, munduko zoriontsuena izango naiz”. Eta iritsi nintzen bigarren kanpalekura, eta oso pozik!
Eta izan zara munduko zoriontsuena.
Bai; gero, gainera, Alex halakoa da. Jendeak pentsatzen du telebista aurrean bakarrik dela halakoa. Ez, ez. Hura horrelakoa da. Gauero musika jartzen, dantza egiten, jende guztia animatzen, zaindu gaitu pila bat… Gero, hura oso ohituta dago eta gauza asko dira: han egoten jakitea, animoak ematea… Egon da denbora guztian ura urtzen guretzako, izotza hartu, elurra hartu, butano-gas txikiarekin. Eta gu iristen ginenean 6.000 metrora hura han zegoen, eta “edan gehiago”, “ez jan hau” edo “jan hau”. Pila bat ikasten da, gainera; pila bat.
Emakume bakarra zinen, gainera!
Bueno, beste bi ere bazeuden, baina haien helburua trekking-a zen. Desberdina zen. Zu joan zintezkeen trekking-a egitera, ze joan ginen Everesteko oinarrizko kanpalekura ere; oso polita izan zen. Eta gero, geldituko zinateke Ama Dablamen, oinarrizko kanpalekuan. Baina nik ordaindu nuen baimena saiakera bat egiteko, ez tontor-tontorrera, baina, behintzat, mendian sartzeko. Eta nik esaten nuen: “Badakit ez naizela tontorrera igoko, baina lehenengo kanpalekura eta bigarrenera igotzea bakarrik, eta Alexekin han egotea eta kanpalekua nola jartzen den garaiera horretan ikustea, nik hori bizi nahi dut, eta, orduan, aurrera”. Eta beste bi neska haiek geratu ziren beheko kanpalekuan. Oso ondo tratatu naute, baina adarra jo ere pila bat. Eta momentu batzuetan jendea gelditu behar izan dut, zure lekuan jarri eta: “Aber, e!”.
Berriro joango zinateke?
Bai. Bueltatu nintzenean, aitak esan zidan: “Hori laga Txikonentzat, e! Ez joan berriro”. Iristen zara nekatuta, egun asko dira; gero, gainera, trekking-ean, ez dakit zergatik, okerrago pasatu nuen. Buruari bueltaka, oso poliki gindoazen eta egun baten igo ginen 5.700 metroko mendi batera eta hor kristoren kolpea eman zidan garaierak. Eta oinarrizko kanpalekura joan ginenean, askoz hobeto sentitu nintzen. Mendiaren oinarrian geunden, bakoitza gure dendatxoarekin, eta oso ondo pasatu nuen. Baina gogorra izan da, psikologikoki. Lehen galdetzen zenidana buruaren kontrako borroka hori, fisikoa bai, baina burua… Badakizu zenbat ordu hor pentsatzeko? Pentsatzeko gauza onak, eta, nahi gabe, gauza txarrak ere bai. Egunero Pyrenaica aldizkariko blogean idazten, ze gero, uzten baduzu, hona bueltatzen zarenerako ez duzu idazten, kristoren nagia ematen dizulako. Eta momentuan bizi duzuna, nik orain irakurtzen dut eta esaten dut: “Ai ama, ze idatzi nuen nik hemen!”. Baina horrela bizi izan nuen. Egun baten, lehenengo kanpalekura igotzen haizea zebilen. Ni, negarrez, amorruagatik. Xerpa batekin nindoan, taldeko xerpa gidari batekin, eta esaten nion: “Hau ezin da izan”. Eta bota egiten ninduen haizeak. Eta orduan, inpotentzia hori, nahi duzula, baina hiru pauso eman eta gelditzea… Eta lekua ez zen zaila, baina haize bat, beldurgarria. Gero, pisua ere bai. Ez gaude ohituta horrelako pisuarekin ibiltzera. Edozelan ere, hangoek eramaten dituzte mahaiak, olio-botilak, 25 kilo edo 30 kilo! Eta jende gazte-gaztea. Gu, aldiz, gure 9 kiloekin, hor, altuera horrekin ez gaude ohituta, hemen erabiltzen ditugunak baino motxila astunagoekin; gogorra. Gero, lo egiteko ere, buruko mina, denda txiki baten. Gau baten haizeak eraman behar gintuela uste izan nuen. Eta Alex, han, lo seko ondoan, ohituta. Eta zu zure beldurrekin, ea nolakoa izango den bigarren eguna, behar ez denarekin kezkatzen… Baina hainbeste ordu dituzunez pentsatzeko…
“Mendiak indarra ematen dit“
Polita ere bai, ezta? Atera, ikusi non zauden eta esatea: “Hau jende askok ezin du bizi, baina ni hemen nago hau bizitzen”.
Bai, egia esan, sekulako zortea da joan ahal izatea bakarrik. Esan behar dut Himalaia oso handia dela, oso urruti dagoela eta ni, adibidez, maitemintzen nautenak Pirinioak baina, batez ere, Alpeak direla. Alpeak dira Himalaia txiki bat, askoz gertuago, eta egin dezakezu denetarik: gauza errazak, gauza zailagoak, gauza oso-oso zailak sekula ez ditudanak egingo… Baina da edertasun bat! Eta gero, gainera, Himalaiak daukan gogortasun bat da herrialdea. Herriak, bertako azpiegiturak oso xumeak dira. Beste mundu bat da. Noski, Alpeetara joaten zara eta behean Chamonix edo Zermett, pijerioa da, eta niri hori ere gustatzen zait. Jaisten zara eta erosotasun handia daukazu. Baina Nepalen, aterpetxe batzuetan kanpoan baino hotz handiagoa zegoen! Jartzen zuten beheko sua, eta, egurra amaitzen zenean, gelatxoetan kristoren hotza! Eta oroitzapen hori lehendik ere baneukan. Noski, Alpeetan, hango aterpetxeak hotelak dira. Ni egonda nago Monte Rossako aterpetxean eta nik esaten nuen: “Jendeak jakingo balu hau zer den!” Dena egurrezkoa, dutxa beroa, jatekoa sekulakoa, garaiera horretan eta Alpeetan. Ez dagoela Himalaiara joan beharrik!
Ainhoa, bizitza estiloa da zuretzat mendia, ikusten da hori hitz egiten duzunean, eta bidaiatu ere mendien bila bidaiatzen duzu.
Niretzako mendiaren politena da bidaiatu ahal izatea, baina mendiaren bitartez. Eta lasterketek ere horretarako aukera ematen digute. Adibidez, Italian egon naiz lasterketetan, Alpeetan Chamonixen, Pirinioetan lasterketa pila baten ere bai, Kilimanjarora ere joan nintzen… Ni Afrikan egon gabe nengoen, eta hori izan zen beste mundu bat. Gainera, joan nintzen ni bakarrik hemendik, apuntatu nintzen halako mendiko bidaia agentzia batekin eta ezagutu nituen beste hiru gizonekin igo nintzen.
Kilimanjarora!
Bai, eta elkartu ginen han. Gero, amak aitortu zidan egon zela deika agentziara galdetzen ea non nengoen. Han beste erritmo bat dute. Iritsi ginen, eta bisatu bat ateratzeko ere, dena eskuz, bi emakume harreran… Beste mundu bat. Baina, adibidez, ezagutu nituen bi mutil bilakatu dira lagun min, astero idazten diogu elkarri eta urtero egiten dugu topaketaren bat edo. Bata kataluniarra, bestea valentziarra, eta oso harreman estua egin genuen. Hori ere gustatzen zait. Ni orain bikotekidearekin joaten naiz, gehienbat, mendira, baina joan izan naizenean bakarrik ere, ezagutzen duzu jendea, ikasten duzu bakarrik ibiltzen munduan, hegaldiak hartzen, leku honetara joan, bestera joan… Eta Nepalen ere horrela izan da. Nik lagun bat eraman dut, eta gero Alex, baina beste guztiak ez nituen ezagutzen: madrildarrak, Malagakoak… Eta hori ere badauka.
Ikusten da mendiak asko ematen dizula, eta mendira joateko gogoa pizten da zurekin hitz eginda!
Nik, adibidez, triatloiak egiten nituen eta orain ere bizikletan jarraitzen dut, pila bat gustatzen zaidalako. Zu irteten zara, egiten duzu entrenamendua eta bazatoz etxera. Baina guretzat mendia da bizimodu bat. Gure kasuan, asteburuetan irteten gara eta izaten da asteburu osoko plana. Orduan, furgonetan egotea ere gustatu egin behar zaizu: guk orain autokarabana daukagu eta iruditzen zaigu kristoren luxua dutxarekin eta sukaldearekin. Baina asteburu osoko plana da. Nik lasterketa bat daukadanean, joaten gara bezperatik edo bi egun lehenago, eta ingurua ezagutu eta jendearekin hitz egin eta han afaldu… Alpeetara joaten gara astebete eta zaude 24 ordu han. Ez da joan, entrenamendua egin eta buelta etxera egitea. Guk mendia horrela bizi dugu. Hemen gaudenean bai, Aizkorrira joaten naiz eta gero etxera bueltatzen naiz. Baina niretzako politena da, adibidez, uda honetan egingo ditugun 15 egunak Pirinioetan, irten autokarabanarekin eta ea non bukatzen dugun. Mendian bai, baina egun baten hemen, gero bailaraz aldatu…
Ba, jarraitu, Ainhoa, mendiaz hainbeste gozatzen, ze inbidia ematen du zu entzuteak. Eskerrik asko gaur gurekin egotearren. Espero dut elkarrizketa tontorrera igotzea baino errazagoa izango zela zuretzat!
Bai, ze, batzuetan, ez da erraza izaten elkarrizketena. Mila-mila esker!
Eskerrik asko, zuri!