Ainhoa Juaniz: “Euskal pailazo transgresoreak behar ditugu”
Ainhoa Juaniz Ezpeleta (Iruñea, 1970). Estilo liburuak hala beharturik, parentesi artean euskaldunon hiriburua ageri da Juanizen jaioterri moduan, baina hark Txantrea auzoaren izena jarriko zukeen hor, txantrearra, euskaltegitarra eta pailazoa dela aldarrikatzen baitu beti, lau haizeetara. Zirkua du bizibide eta pasio. Zirika Zirkus konpainia sortu zuen eta horretan egiten du lan, eta haren auzoko haur eta gazteei zirkua musu-truk irakasten die. Barrea eragitea bezainbeste maite du barre egitea, ozen, indar betean, baina serio mintzatzen ere badaki, zirkuaz, umoreaz, famaz, arrakastaz, ametsez, militantziaz.
ELKARRIZKETA
Txantrearra zara, eta Txantreako Salestarren Zentro Komunitarioan egiten ari gara elkarrizketa.
Hau dena berritu egin dute, bai. Hona etortzen nintzen ni zinemara asteburuetan. Krispetak jatera. Mojek eramaten zutenean hemen asteburuetan zinema zegoen eta zozketa bat ere egiten zuten. Oso oroitzapen onak ditut. Egia esan, deus gutxi ikusten genuen, dena zen iji eta aja.
Txikitatik duzu, beraz, barre egiteko joera.
Bai, ba.
Zure elkarrizketa prestatuz jabetu naiz Euskal Wikipedian ez dagoela Ainhoa Juanizi edo zure pertsonaia Pantxika Lamurri buruzko sarrerarik; nola da posible?
Zertaz egon behar zuen?
Erdipurdiko idazle batek ipuin-liburu ziztrin bat karrikaratzen badu, berehala egiten diote sarrera Euskal Wikipedian. Eta zuk Zirika Zirkus jarri duzu martxan, hamaika ikuskizun sortu dituzu, Pantxika Lamur pertsonaia asmatu duzu…. Wikipedian egotea merezi duzula iruditzen zait.
Guk ez dugu askorik lantzen famatu izatearen parte hori, eta, agian, horregatik inork ez du sarrera sortu.
Ez al da egonen pailazofobia pixka bat honen gibelean?
Izan daiteke, ikertu egin beharko genuke; kar-kar-kar. Badakizu pailazoekiko fobia [koulrofobia] benetan existitzen dela, badagoela jendea pailazoei beldurra diena? Ni txikitan halakoa nintzen. Baina orduko pailazoak bestelakoak ziren. Edonola ere, ez nago Wikipedian eta ez dut egoteko beharrik. Tira, norbaitek sarrera egin nahi badu, egin dezala.
Gauzak horrela, Euskal Wikipedian zu identifikatua sentitzeko moduko pertsonaiak bilatu ditut. Ea zer iruditzen zaizkizun: akrobata zarenez, Remigia Etxarren.
Asko gustatzen zait eta Tefiri [Estefamia de Pazi] asko eskertu behar diogu Remigia ezagutzera emateko egin duen ikuskizuna. Ni Iruñera itzuli nintzenean, Pellok [Pello Argiñarena, Euskalerria Irratiko esataria] Remigia aipatu zidan. Orduan hari buruz asko irakurri nuen eta Boliri [Luis Lainez Taboada, Zirika Zirkusen beste sortzailea] esan nion haren inguruko ikuskizun bat egin beharko genukeela, pertsonaiak merezi zuelako eta baita Iruñeak ere. Remigia Etxarren, Mademoiselle Agustini, orekaria zen, eta hainbat balentria egin zituen. Besteak beste, Arga ibaia zeharkatu zuen, hamar metroko altueran, kable baten gainetik. Baina oso alferra naizenez, ez genuen egin. Zorionez, Tefik egin du. Eskerrik asko, Tefi, maite zaitugu! Eta Tefiri esker orain Iruñerrian eta beste toki askotan jende guztiak daki nor izan zen Remigia Etxarren.
Pailazoa zarenez, Joxe Mari Agirretxe Porrotx.
Marabilla hutsa da artista zein pertsona bezala. Asko maite dut. Hark badaki edozein gauza behar badu hor egongo naizela. Eta nik ere badakit edozer gauza behar badut hura hor egongo dela. Nahiz eta ez diogun elkarri mezurik bidaltzen, nahiz eta ez dugun harreman etengaberik.
Aktorea ere bazarenez, Aitziber Garmendia.
Asko gustatzen zait. Atzo, hain justu, Ilustres ignorantes saioan ikusi nuen [Espainiako telebista kate pribatu bateko saioa da; gonbidatu moduan joan berri da Garmendia]. Telesailen bat estreinatu duela ere ikusi dut. Baina, batez ere, asko gustatu zitzaidan bakarrizketetan, Barre librea saioan. Aktore bezala oso ona da, eta zabaltzen dituen mezuak ere zoragarriak dira. Aitziberri ere eskerrik asko, oso lan polita egiten ari zara.
“Euskal umore moderno eta feminista sortzen ari gara eta oso harro nago“
Umorista ere bazarenez eta umore muturrekoa maite duzunez, hirugarren erreferentea, Euskal Wikipedian ageri den espainiar umorista bat: Ignatius Farray.
Asko gustatzen zait, haren eromen horretan. Denok bezala, baditu bere momentikoak, unetxoak.
Ea asmatzen duzun lauron artean zeinek duen sarrerarik laburrena Euskarazko Wikipedian?
Ez dakit.
Porrotxek; pailazofobia?
Badakizu zergatik izan daitekeen? Porrotx pertsonaia bat delako eta Joxe Marik ez duelako bere buruaz hitz egiten. Agian, ez dakigu askorik Joxe Mariz.
Beraz, ez duzue famarik nahi.
Batetik, ez dugu nahi; eta, bestetik, nahiko bagenu ere ez genuke jakingo nola lortu. Badakizu zein den gakoa? Gu asko lan egiten ari garela. Ez dugu gehiagorik behar. Gure lanean guk bilatzen duguna lana da. Hau da, lanbide honetaz bizi ahal izatea, ez behar izatea beste lanen bat.
Beste elkarrizketa batean irakurri nizun zure ametsa ez dela fama, baizik eta maite duzun lanbide horretatik bizi ahal izatea.
Batzuetan, eskaini izan dizkidate fama handiagoa ekarriko lidaketen gauzak, telebista eta halakoak, jende gehiagok ikusiko lituzkeenak. Baina ez da nire helburua. Gertatuko balitzait, nagia emanen zidan, eta baita sustoa ere. Ni oso pertsona ona eta jatorra naiz, zergatik ez esan, baina fama ongi eramatea kostatu egingo litzaidake. Iruñerrian jada gertatzen zait. Gaur, adibidez, Lakuntzara joan naiz, han egiten ari garelako ikuskizun berriko entseguak. Une batez eskolan sartu naiz, gauza bat galdetzera, eta hasi zaizkit: “Aupa Ainhoa Juaniz! Pantxika! Ze ona! Zer behar duzu? Zertan lagunduko dizugu?”. Hori onartzea jada kosta egiten zait. Lotsa ematen dit. Landu behar dudan zerbait da. Hainbestetan, hain leku ezberdinetatik deitzen banaute hain lan ezberdinak egiteko, txarra ez naiz izango. Baina eskertze hori jasotzea kosta egiten zait. Aurreko egunean, Atarrabiara joan nintzen, mandatu bat egitera, eta gauza bera: “Zu Pantxika zara! Hepa!”. Imajinatu hori ez zaidala gertatzen hemen inguruan bakarrik, baizik eta orokorrean, kalean, edozein unetan eta lekutan. Niretzat gogorra litzateke.
Izan ere, zuek txikitasunaren aldeko apustua egin duzue. Madrilen zenbiltzaten Boli eta biok, La Fabrica de Sueños konpainian. Halako konpainia batean lan egitea ametsa da hainbat euskal artistarentzat. Eta zuek hura uztea eta Euskal Herrian oso proiektu txikia martxan jartzea erabaki zenuten.
Normalean jendeak egiten duen bidearen kontrakoa egin genuen. Normalean jendea hemen hasten da eta gero saiatzen da kanpora joaten. Niri hori oso ongi iruditzen zait. Lankideok, bikain! Baina hori ez da gure bidea. Han ginen. Proiektu handiak ateratzen hasi ziren. Amildegi itxura hartu genion. Orduan, ikuskizun txiki bat sortu genuen, Txantrean estreinatu genuen, ni beti txantrear sentitu naizelako, beti esaten dudalako txantrearra naizela bai Euskal Herrian baita munduko beste edozein lekutan ere. Hortik beste emanaldi batzuk egiteko aukera sortu zen. Urtebete baino gehiago eman genuen Madril eta Euskal Herria artean.
Inoiz esan didazu, pelikuletan bezala baina kontrako norabidean, ametsez beteriko maleta banarekin etorri zinetela Madrildik Euskal Herrira, definitiboki.
Ez da broma. Literalki etorri ginen maleta banarekin. Gidatzeko baimenik gabe, gainera. Nik Euskal Herritik alde egin nuen arte ez nuen behar izan. Bolik Vallecasen ere ez. Autorik ez, soinu ekiporik ere ez. Kuadrillari eskerrak eman behar dizkiot; izan ere, haiek atera gintuzten aurrera: Aitziber Sarasola, gugan bego [zendu baitzen], Kako [Sergio Iribarren], Motxilo [Mikel Buldain], denei. Eta, batez ere, nire ahizpa Alazne Juaniz Ezpeletari. Furgoneta bat oparitu ziguten, Bolik gidabaimena atera zuen… Baina gu Euskal Herrira maleta banarekin iritsi ziren bi pailazo izan ginen. Eta maleta harekin ateratzen ginen eszenatokira. Gomiren [Oskar Sada] eta Kakoren artean egin ziguten eszenatokirako lehen oihala. Gure izebak oparitutako minikate batetik jartzen genuen soinua…
Baina, berehala, hainbat eta hainbat emanaldi egiteko kontratatu zintuzteten.
Sole Erbiti gogoan duzu? Nafarroako Gobernuan Euskara teknikaria zen eta hainbat eskolatara eraman gintuen. Iruñeko Udaleko Euskara teknikari Iñaki Azkona ere oso inportantea izan zen guretzat, lehen unetik fidatu baitzen gurekin, inor baino lehenago. Topagunetik ere hasi zitzaizkigun lana ematen. Hala erosi genituen lehen bozgorailuak, lehen soinu-ekipotxoa. Pixkanaka-pixkanaka hazi zen dena, eta beti esaten dut gure arrakastaren sekretua hori izan dela: pixkanaka-pixkanaka egin dugula bidea, ez dugula sekula diru-laguntzarik eskatu, bakarrik egin dugula egiten ahal genuena. Hasieran eskoletan oso merke. Lehen ikuskizun hura jada hobeki funtzionatzen hasi zenean, herrietan pixka bat garestiago egiten hasi ginen… Gure bidea gure erritmoan egin dugu.
“Guretzako zirkua ezin da izan ariketa fisiko hutsa; zirkuaren bitartez zerbait adierazi behar duzu, beti”
Aitzindariak izan zarete zirku mota hori, kalitatezkoa, artistikoa, euskaraz egiten.
Bai, eta hor aldarrikapenak ere txertatu izan ditugu beti, gure ikuskizun guztietan. Nola ez? Pertsona jatorrak bagara, ezkertiarrak, feministak, hori egin behar dugu, derrigorrez. Guk antzerki zirkua egiten dugu. Orain badira konpainia pilo bat zirku-zirkua egiten dutenak, eta zoragarri, gainera.
Zuenak antzezlanak dira, gidoi landuekin, zirkuko elementuak txertatzen dituztenak.
Bai, guk antzezlana izateari garrantzi handia ematen diogu. Gure ikuskizun gehienetan zirkua kasualitatez bezala azaltzen da, argumentu aitzakia argi batekin. Baina beste batzuetan, adibidez prestatzen ari garen ikuskizun berrian, aldiz, argiki esaten dugu zirkua dela, eta kitto.
Zer iruditzen zaizu Gure Zirkua?
Marabilla hutsa. Euskal Herrian behar genuen zirkua. Ongi dago Italiatik edo beste edozein lekutatik zirkua etortzea. Baina Gure Zirkua Euskal Herrian, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat sortutako zirkua da. Zirku tradizionala, baina, aldi berean, modernoa. Ni oso pozik nago horrekin.
Zuen bide hori nola jorratu duzue, dena ongi pentsatuta ala naturalki atera zaizue?
Gakoa izan da bakoitzak bere gaitasunik onenak erabili dituela. Nire kasuan, inprobisazioa daukat, eta, fisikoki, malgutasuna, indarra, akroporteak egiteko gaitasuna. Boli, berriz, mimoa da. Haren pailazoa oso adierazkorra da, hitzak erabili gabe.
Hori Vallecastik Euskal Herrira etorri zinetenean bereziki lagungarria izan zen, euskara jakin gabe euskarazko ikuskizunak egiten hasi ahal izan baitzen; Txiribiton vallecastar bat…
Hori da; Txiribiton bat izan zen lehen bizpahiru ikuskizunetan, hasieratik euskaltegira joaten hasi bazen ere. Gero, jada hitz egiten hasi zen, eta egun, ikuskizun bat du, Sergio De Andresekin egiten duena, Azken fakirra?, ni gabe egiten duena, euskaraz. Halere, haren aurpegierak eta keinuek segitzen dute izaten beraren indargune nagusiak. Charles Chaplinekin alderatu izan dute. Estilo horretakoa da.
Zenbat urte daramatzazue Zirika Zirkusekin?
22 edo 23, ez nago ziur. Lehen obra abenduaren 27an estreinatu genuen. Beti oroituko naiz, Estefaniren, Gomiren arrebaren, urtebetetzea zelako.
Zenbat ikuskizun sortu dituzue?
Asko. Lehenak Zirika Zirkus izena izan zuen, gure konpainiak bezala. Izena ahizpak asmatu zuen. Gero etorri ziren Bazen behin zirkua, Ilargian, Zirika zirkaos, Zinemaz blai, Txarlestrup, Ondorengoak, Hemendik hara, Aurkitu gabeko altxorrak, Eolo, Pantxik Lamurrenak. Seguru hainbat ahaztu ditudala.
Kalkulatu al duzue zenbat emanaldi egin dituzuen guztira?
Gure kalkulu bakarra honako hau da: bizitzeko ematen digu? Hala bada, zoragarri, aurrera! Gainera, SL bat gara. Ez dakizu zenbat ordaintzen dugun zergetan. Nahiago dut konturik ez egin. Ados nago zergak ordaintzearekin, jakina, baina ea noiz tokatzen zaigun artistoi birbegirada bat, ikusteko zer egiten dugun, zenbat lanpostu sortzen ditugun…
Eta gorabehera handiko lanbidea dela.
Hori da. Egun batetik bestera dena alda daiteke artista batentzat. Frantzian, adibidez, guztiz bestelakoa da kontua. Gu kultura sortzen ari gara. Ez dakit norbait ez den konturatu. Berdin dio zer egiten duzun oholtza gainean edo plazaren erdian. Hori kultura da. Horri buelta bat eman beharko litzaioke.
Zer da zuretzako zirkua?
Nik ez dut zerikusirik karpetako zirkuarekin. Nik zirkua nire aldera ekarri dut. Lehenik eta behin, hezkuntza moduan. Nik Txantreako haur eta gazteei zirkua irakasten diedanean, zirkua tresna bat da niretzako, oso tresna ona baita lotsak lantzeko, konplexuak, taldea, elkartasuna, enpatia… Hor niretzako zirkua pertsona politak, jatorrak eta aniztasunaren aldekoak sortzeko tresna bat da. Eta gero, antzezlanak egiten ditugunean, zirkua zenbait gauza adierazteko erabiltzen dugu. Ez dakit ongi ulertuko den, baina niri ez zait gustatzen pertsona bat zortzi pilotarekin aritzea ez dakit zer-nolako malabarrak egiten eta kito. Edo bai. Marabilla hutsa da. Txalotu egingo dut. Baina nik pertsona horri aldi berean eskatuko diot beste zerbait transmititzea. Horrela erabiltzen dugu guk zirkua, zerbait gehiago adierazteko. Gure konpainiako gazteek ariketa bat prestatzen dutenean, hori askotan ateratzen da.
“Guk ez dugu famarik nahi, guk gustatzen zaizkigun sormen lanak egitetik bizi nahi dugu”
Zirkua eta hezkuntza aipatu dituzu; urteak eta urteak daramatzazu Txantrean zirku eskolak musu-truk ematen.
Bai; nik nire auzoari, Txantreari, ekarpen hori egin nahi nion. auzoak niri emandakoa bueltatu nahi nion. Adibidez, orain gure konpainian lanean ari diren gazteak 5 urterekin hasi ziren gurekin zirkua ikasten. Haietako bat kanpoan egiten ari da ikasketak. Kanpoan ariketa bat prestatu du, mastarekin. Teknika landu du. Alde fisikoa. Eta guri erakutsi digunean, hain zuzen ere, hori esan digu: oraindik horrekin zer transmititu nahi duen erabaki behar duela. Teknika badu, badaki zer egingo duen mastaren gainean, nola sartuko den, nola aterako den, baina oraindik ez daki zer adierazi nahi duen, eta horrekin du kezka.
Zer prestatzen ari zarete ikuskizun berrirako?
Marietak zirkus deituko da, eta gerontofobiaren aurkako ikuskizuna izango da; kar-kar-kar. Protagonistak bi iloba eta haien izeba dira. Iloba asko maite dute, haien izeba kuttuna da, beti haiekin egon dena, haiekin jolasean aritu dena, kozinatu egin duena, harat-honat eraman dituena. Eta horrenbeste maite dutenez, gehiegi babesten dute. Ikuskizunean izeba aurkezle lanetan bakarrik jarri nahi dute. Baina izeba ez dago aulki batean eserita egoteko aurkezpenak egiten, besterik gabe. Askoz gehiago egiteko gauza da.
Nork eginen du izebarena? Kar-kar-kar. Kinta berekoak gara, eta, akaso, zu ikusita, ezagutzen ez zaituztenek ez dute imajinatuko zein nolako sasoi onean zauden, zein nolako malgutasuna eta indarra duzun, zein nolako akroporteak egiten dituzun…
Hori da pixka bat kontua. Hori aprobetxatzea bazterkeria horri buelta emateko. Gure ikuskizunean ilobek izeba maitasunetik baztertzen dute, baina baztertu egiten dute. Eta hor jarri nahi dugu arreta. Azkenean, ilobak jabetuko dira izeba oraindik indar handikoa dela.
Helduentzako zure clown-a, Pantxika Lamur, behin baino gehiagotan aipatu dugu. Arrakasta handia izan du. Korrikaren zein Euskaraldiaren aurkezpenetan eta beste hainbat ekitalditan ikusi dugu jendea, oro har, eta agintariak zirikatzen. Nor zirikatuko luke Pantxikak gustura?
Edonor. Hark berez ez daki zeintzuk diren ekitaldietan dauden pertsonak.
Batzuetan, literalki.
Zure aurrean bitan gertatu zaio, bai. Behin [Euskaraldiaren aurkezpenean] emakume bati behin eta berriz esan nion argazkian aurrerago jartzeko, txikitika zelako, maitasunez.
Eta Pantxikak gero jakin zuen emakume hura Miren Azkarate zela, Eusko Jaurlaritzako eledun ohia.
Orduan, Donostiako Euskara zinegotzia zen. Korrikaren aurkezpenean antzeko zerbait gertatu zitzaion Pantxikari. Gizon bati bere maleta eramaten laguntzeko agindu zion, eta gero jakin zuen gizon hura Unai Hualde zela, Nafarroako Parlamentuko presidentea. Tira, Ainhoa Juaniz Ezpeletak, agian, zerbait bazekien, bistaz ezagutzen baitzuen, baina Pantxikak une hartan ez zekien. Halakoak Pantxikari askotan gertatzen zaizkio. Dena dela, Hualdek oso jator jokatu zuen, maleta arazorik gabe eramanez. Niri, Ainhoa Juaniz Ezpeletari, bai gertatzen zaidana da irrati asko entzuten dudala, Euskalerria Irratia eta Euskadi irratia, sukaldean zein furgonetan, eta ahotsak eta izenak ezagutzen ditudala, baina aurpegiak, aldiz, ez.
Asko laburbilduz, euskal umorea Anjel Alkain handiaren esketxetatik Antton Telleria itzelaren bakarrizketetara pasa da; zer deritzozu garapen horri?
Antton Telleria ikaragarri fina da, asko gustatzen zait. Jon Plazaola Barre librea saioan ere asko gustatu zitzaidan, komiko bezala ere oso ona da. Baina Telleria itzela da. Oso telebista gutxi ikusten dut, baina, batzuetan, Mihiluze ikusten dut, eta hor ere badu gatza eta piperra. Halako saio batean oso zaila da.
Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa ikusi duzu?
Egia esango dut: bai, baina Youtuben.
Gidoia oso ona izateaz gain, teknikoki bikain egiten du.
Bai, ba. Oker ez banaiz, orain Filmin plataforman ikus daiteke.
Euskal umoreari zer falta zaio?
Pantxika bezalako pertsonaia baten falta sumatzen dut, nire ustez ez baitago Pantxika bezalako pertsonaiarik, umorista transgresorerik. Bueno, izan badira, baina, gu bezala, maila txikiagoan ari dira. Mainstream-ean horrelako zerbait falta da. Nik ez dut gogorik halako zerbait egiteko, baina askotan esaten didate egin beharko nukeela, bideoak grabatu beharko nituzkeela… Agian, egia da horretara jarri beharko nukeela. Menopausiari buruzko ikuskizun bat ere prestatzen ari gara. Gaiaren inguruan asko irakurtzen ari gara; batez ere, Alazne. Emakume pilo bat entzuten ari gara, mediku pilo bat ere bai, endokrinoak, ginekologoak… Material asko eta oso dibertigarria sortzen ari gara, oso ona, emakumeok behar duguna bizirauteko, eta gizon zis-heteroek behar dutena gu ulertzeko. Egia da orain, agian, egin beharko dudala hori, egin beharko ditudala, derrigorrez, bideo batzuk. Espero dut egiten baditugu emakume askorengana iristea. Hori behar dugu. Sentitzen dut, baina hala da. Pantxika bezalako pailazo transgresorerik ez dago hainbeste.
Estatu independenterik ez dugu, baina euskal umore independenterik ba al dugu?
Sortzen ari garela uste dut. Pantxikaren umorea, adibidez, euskal umorea da, hemengoa. Telleria, Barre librea saiokoak… Denak, agian, ez, baina asko euskal umorea sortzen ari dira. Lehendik bazen euskal umorea, jakina, baina oso harro nago orain bide onetik goazelako, oso umore modernoa sortzen ari garelako, oso feminista. Nafarroan, adibidez, oso gutxi gara euskal umorea egiten dugunok, baina oso gauza onak egiten ari gara. Adibidez, Albina Stardust eta Divina Comedia bikain ari dira.