Aingura taldea
Uda emanaldiz betea izan ostean, sortzeko prozesua hasi du Nafarroako Aingura punk-rock taldeak. Haien azken lana, Giltza, entzungai eta ikusgai dago sarean.
Nortzuek osatzen duzue Aingura eta nola sortu zenuten taldea?
Nafarroa Garaiko txoko ezberdinetatik etorritako bost lagunek osatzen dugu taldea; Sakanatik Erriberara, ekialdetik igarota. Oier eta Adur, gitarra-joleak; Antolin, baxu-jolea; Edu, abeslaria; eta Urriza, bateria.
Giltza kaleratu berri duzue. Gauza berriak datoz?
Gure azken argitalpena Giltza singlea izan da, aurretik ere Datorrena datorrela maketa aurkeztu genuelarik, baina datozen aste eta hilabeteetan gauza berriak aterako ditugula aurreratu dezakegu, bai. Azken hilabeteak, kontzertu eta kontzertu artean, gauza berriak sortzen eman ditugu, eta aurki ikusiko dute argia.
Zein esango zenukete dela zuen estiloa?
Bertako zein kanpoko punk-rock eszenatik edan dugu, eta esan dezakegu, hori dela sortzen dugunaren oinarrian dagoen eragin nagusia estilo aldetik. Proiektu honekin, ordea, musika nahiko melodikoa egitea da gure asmoa, Giltza abestian antzeman daitekeen moduan. Bestetik ere edukiari garrantzia eman nahi diogu; horrek ere definitzen du gure musika. Ez gara panfleto bat, baina gure ingurune politiko, sozial eta kulturalarekin konprometitutako letrak dituzte gure abestiek.
Emanaldiak dituzue datozen hilabetetan?
Asko mugitu gara uda honetan. Oso pozik gaude atera zaizkigun kontzertu ugariekin, toki asko ezagutu ditugu, lagunak egin ditugu… Erriberrin eta Amurrion egon berri gara irailean. Dena den, urte amaiera honetan denbora eskaini nahi diogu lehen aipatutako sormen lan horri, pixkanaka, gauza berriak sortu eta kaleratu nahi ditugu datozen hilabeteetan.
Amesten duzuen jaialdia/agertokia?
Gustatuko litzaiguke gure abestien mezu eta doinuek eragina edukitzea entzuten gaituztenengan, eta hauek ahalik eta gehien izatea. Finean horretarako sortzen dugu, hori da artea eta sorkuntza ulertzeko dugun modua, jendearengan eragin, ingurunea eraldatzeko. Hori da gure zerumuga, hori da egon daitekeen agertokirik ederrena.
Zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Gertuko musikari eta taldeetatik asko edaten dugu gurea sortzeko. Euskal Herriko punk-rock eta kaleko musikako eszenako talde ugari ditugu erreferentzia gisa, baita kanpoko batzuk ere. Baina estilo horretatik kanpo ere erreferente asko ditugu. Adibidez, Benito Lertxundiren abesti baten bertsio bat kaleratuko dugu aurki (spoiler).