Aingeru Gorrotxategi

Hamar urteren ostean, musikara itzuli da Aingeru Gorrotxategi. Anita Parker taldeko Ane Martinezekin batera kaleratu du lehen singlea, Uda bada izenekoa.
Uda bada kantua kaleratu duzu. Zer ari zara prestatzen?
Bada, nolabait esateko, nire bakarkako proiektuaren itzulera prestatzen ari naiz. Abesti sorta batean nabil lanean, eta, uda dela aprobetxatuz, abesti alai, fresko eta dantzagarri batekin hastea erabaki dut. Nire ohiko estilotik nahiko urrundu naiz kantu horrekin, eta oso pozik geratu naiz, bai abestiaren emaitzarekin, bai aldaketa egitera ausartu izanagatik. Adibidez, gitarraren presentzia lehenengo segundoetara murriztua dago. Bestalde, soinu elektronikoa nagusi da, eta, gainera, Ane Martinez [Anita Parker] abeslariaren kolaborazioa izan dut.
Hamar urteko etenaldia izan duzu. Zer gertatu da urte hauetan?
Bizitza erabat aldatu zait urte hauetan. Arlo profesionalean, enpresa mundua utzi eta musika hezkuntzako ikasketak egin ondoren, irakasle nabil, Lehen Hezkuntzan. Arlo pertsonalean, familia sortu dut, eta umea izateak munduarekiko nuen begirada aldatu egin dit. Arlo musikalean, Lur Barnea musika proiektua martxan jarri nuen, non Euskal Herriko historia eta mitologia zabaltzen dugun, alboka-rock estiloan. Horrez gain, ia musika-genero guztietara zabaldu naiz, eta horrek nire estilo propioa finkatzen izugarri lagundu dit. Gainera, urte hauetan guztietan esperientzia mordoa pilatu dut, hemendik aurrera kantuetan kontatuko ditudanak.
Kolaborazio batekin hasi duzu proiektua. Gehiago egiteko asmorik?
Batzuetan bai, noski. Oso aberasgarria da beste musikariekin elkarlanean aritzea. Gainera, kolaboratzaileak lagunak dira, eta oso pozgarria da aspaldian ikusi ez ditudan pertsonekin proiektuak gauzatzea. Esaterako, Ane Martinezekin lan egin nuen duela hamar bat urte Bilboko Xirula Mirula musika eskolan, eta ordutik ez nuen ikusten. Abestia egitea proposatu nionean, berehala baietz esan zidan, eta plazer handia izan da harekin momentu haiek partekatu izana.
Musikan bide berriak esploratu nahi dituzu?
Bai. Bizitzan ezinbestekoa iruditzen zait formakuntza eta gauza berrietara zabalik izatea, baita musikan ere. Duela gutxi, nire aurreko diskoak plataforma digitaletan jarri nituen, eta denboratxo bat pasatu ondoren berriro ere entzun nituen. Oroitzapen politak etorri zitzaizkidan, baina soinu aldetik zaharkitu samar nabaritu nituen kantuak. Horrekin ez dut esan nahi nire estiloari muzin egingo diodanik; ezta gutxiago ere. Gitarrak eta ahotsak protagonistak izaten jarraituko dute, eta, gehienbat, gure gizartean gertatzen diren gorabeherak azaldu eta salatzen jarraituko dut, baina estilo berrituagoarekin. Horretarako, elektronikaz eta soinu urbanoaz asko baliatu naiz.