Ainara Lasa: “Sormena nire baitara etortzeko toki bat da”
Ainara Lasa artistarekin bere sormen prozesuaz, arte plastikoen egoeraz eta gurutzatzen duten ardatzez aritu gara, besteak beste.
Ainara Lasa, a zer-nolako plazera TTAPen zu izatea.
Eskerrik asko zuei gonbidapenagatik. Sorpresa handia izan zen zuen proposamena, sorpresa pozgarria. Pozik nago zurekin hemen egoteagatik.
Esaldi hau aurkitu dut zure Twitterreko kontuaren biografian: “Lur hartzen dut sorkuntzaren bidez”.
Mantentzen dut ideia. Kanpoko zarataren eta zurrunbiloaren erdian, sormena bada nire baitara etortzeko toki bat.
Betidanik izan zara irudimen handikoa?
Baietz esango nuke. Nire espazioa bilatu eta nire sormenean murgiltzeko joera izan dut txikitatik.
Arte Ederrak ikasten hasi zinen.
Bada garai bat karrera aukeratu behar duzuna, eta badirudi hautu horrek berebiziko garrantzia duela. Nik lan irteerei begiratu beharrean nire interesari begiratu nion eta horrela erabaki nuen Arte Ederrak ikasten hastea.
Zure webgunean diozu Leioan arteaz baino gehiago bizitzaz ikasi zenuela…
Esango nuke arteaz ere ikasi nuela, arteaz begiratzeko moduaz. Garai hark artearen esparruan edo horrek nigan pizten duen interesean arrasto bat utzi zidan. Baina egia da niretzat jauzirik handiena Oiartzundik atera eta Bilbora joatea izan zela. Hor mundu oso bat ireki zitzaidan, nigan arrasto handia utzi duena; bai sorkuntzaren esparruan, baina baita hainbat gai borrokatzeko moldeetan ere. Pisua konpartitzea, harremanak, dinamikak… Niretzat oso aberasgarriak izan ziren. Bilbo oso une potentean zegoen, fakultatean ere euskal adarraren aldarrikapenekin geunden, Kafe Antzokia gu han geundela sortu zen… Eztanda bat zegoen eta gu han geunden. Zoragarria izan zen.
Argazkilaritza, marrazkigintza, poesia, eskultura, collagea… Aniztasunean egoten zara eroso edo deseroso egotea da hainbat moduetara egotearen helburua?
Ez. Nire barruak kontzeptuaren bueltan lanean aritzea eskatzen dit, eta horrek eramaten nau diziplina batera edo bestera, edo teknika edo material batzuetara edo besteetara. Argazkilaritzarekin gauza batzuk adierazi ditzaket, eskulturarekin beste batzuk… Buruan dudan ideia horri ondoen zer euskarri datorkion pentsatzen dut; beraz, irekita aritzen naiz lanean. Unibertsitatean grabatuarekin hasi eta gero utzi egin nuen; gero, pinturarekin hasi nintzen… Eta, azkenean, ez nuen karrera bukatu. Hainbat gauzarekin ez nengoen eroso eta horregatik jarraitu nuen marketin eta diseinu grafikoaren bidetik. Horregatik ez dut material batekin atxikimendu itxi bat eduki. Ideiak berak eramaten nau batera edo bestera. Azkenaldian, argazkilaritzarekin asko nabil, hori bai.
Zertan, zehazki?
Argazkilaritzarekin nabil, batez ere, ez dudalako ez denborarik ez espaziorik beste ezertarako. Duela urte batzuk hasi nintzen argazkilaritzarekin eta Nagore Legarretarekin sormen argazkilaritzari buruzko ikastaro bat egin nuen. Horrek argazkilaritzaren beste dimentsio bat eman zidan. Argazkia nire esperimentaziorako esparrua izan da errekurtso bezala erabili eta beste zerbait sortzeko. Izan ere, jende askok esan dit ez dakiela nireak argazkiak diren edo margolanak diren. Niri ez zait askorik inporta zer diren, baina argazkiak dira abiapuntua.
Irudietatik hitzetara ere salto egiten duzu. Zer da zuretzat poesia?
Nik poesia dezente irakurtzen dut; asko interesatzen eta gustatzen zait. Konturatzen naiz argazkilaritzarekin eta beste eremu plastikoago batean dauden hainbat diziplinarekin zeharka hitzen bila ere banabilela. Askotan, irudiak dira nire kasa hitzetara ezin iritsita eramaten nautenak. Gustatzen zait dinamika hori, gurpil hori: irudietatik hitzetara eta hitzetatik irudietara.
Euskara ere zure zutarrietako bat da…
Euskara da nire hizkuntza. Euskaratik sortu esaten dudanean, ez dut esan nahi bakarrik idatzizko hori bakarrik euskaraz egiten dudala ahal dudan gehienetan eta nagusiki. Sortzaile bezala ere ni zeharkatzen nauen neurrian, toki horretatik sortzen dut eta nire gogoetak, berdin du zein diziplinatan, ardatz horretatik egiten ditut. Ahaztu gabe nire lanbidean, Berria-n, eginkizun zentrala dela euskararena.
“Askotan nire onena beste artista batzuen bidez ateratzen dut“
Nola elikatzen duzu sormenaren errota?
Sormena eta irudimena elikatzeko modurik onena horretara egotea da. Adi nago inguruko erakusketekin, eta inspirazio iturri zaizkit. Sorkuntzari denbora eman behar zaio. Ez daukat denbora askorik, baina saiatzen naiz tarte bat hartzen astero horretarako. Egunerokotasunak ere inspiratzen nau. Lehengo egunean, semearekin errekan nengoela, Oiartzun ibaian zepa asko ikusi nituen, garai batean burdinola asko zeudelako eta haien hondakinak daudelako. Eta momentu batean burura etorri zitzaidan COVID-19a dela-eta bizitzen ari garen honen hondakinak zeintzuk diren. Begiratzen jakinda edo entzuten jakinda –gogoetarako dimentsio bat izanda– sortzen dira ideiak.
Beste sortzaile batzuekin aritzea ere garrantzitsua da zuretzat, ezta?
Bai, asko interesatzen zait. Ni jende-zalea naiz, gustatzen zait jendez inguratuta lan egitea, eta artistikoki ere bai. Autore lana ere gustatzen zait; hau da, behar dut nire denbora nire bidea egiteko, baina lankidetza asko gustatzen zait. Askotan nire onena ere beste batzuen bidez ateratzen dut, edo elkarrizketa horietan iristen naizelako, akaso, nire kasa iritsiko ez nintzatekeen tokietara. Elkarrizketa horietan gauza interesgarriak sortzen dira. Lankidetzak ere eskuzabaltasun ariketa handia egitea dakar. Oro har, talde-lana asko interesatzen zait.
Artearen zabalkundea nola ikusten duzu?
Horretan nahikoa kritikoa naiz. Uste dut zirkuituak falta direla arte plastikoak erakusteko. Badago zirkuitu bat buru-belarri horretan bazabiltza eta aukerak ematen dizkizuna, baina hortik aurrera sekulako hutsunea dago, ez bada tabernetan erakustekoa. Iruditzen zait hor amildegi bat dagoela. Tabernak gure elkarguneak dira eta ez dut esaten gure arteak bertan erakutsi behar ez ditugunik, baina diziplina honi espazio eta denbora konkretu bat eskaintzea interesgarria eta garrantzitsua da. Arte plastikoei erakusteko oso espazio gutxi ematen zaizkie. Herri mailan arte plastikoak erakusteko espazioak gehiago elikatu beharko lirateke, arte plastikoei begira egoteko eta horietaz disfrutatzeko. Hutsune handia ikusten dut. Bestetik, nik egiten dudana erakusten dut, baina ez dakit noiz egingo dudan. Batzuetan, hainbat lan ditudanean, pentsatzen dut guztiek badutela forma bat edo badagoela hari bat biltzen dituena, eta orduan erakutsi nahi izaten ditut.
Eta zein da sare sozialen eginkizuna horretan?
Niretzat sare sozialek ez dudan paretaren edo espazioaren ordezko funtzioa betetzen dute. Sortzeak asebetetzen nau, eta nahi izaten dut sortzen dudana ere erakutsi, baina egia da ez dudala horretarako espazio fisikorik –ez nik eta ez beste hainbatek–. Sare sozialek ordezko funtzio bat betetzen dute, baina ez da nahikoa. Sare sozialek daukate daukaten erritmoa, betetzen dute betetzen duten funtzioa, eta nik uste dut bestelako espazioak elikatzea beharrezkoa dela. Bestetik, sare sozialak niretzat garrantzitsuak dira, informazio iturri eta beste hainbat erreferentzia jasotzeko interesgarriak diren neurrian. Artista askoren berri Instagram bidez izan dut. Aukera bezala bizi ditut sare sozialak. Baina gauza bat da aukera izatea eta beste bat da erakusketa bat aurrez aurre ikusteko plaza ordezkatzea.
“Ideiak berak eramaten nau euskarri batera edo bestera”
Ba al dago artisten arteko zirkuiturik?
Ez, eta zalantza dut nolakoa izan beharko lukeen. Uste dut askotan karta bakarrera jokatzen dugula, eta esaten dugula “Euskal Herriko artista plastikoen mugimendua”. Nazio ikuspuntutik hainbat gauzatan herri ikuspegia eduki behar dugu, baina dinamika lokalagoak ere interesatzen zaizkit. Kontua da elkargune horiek ez direla etorriko besteek fabrikatuta, guk geuk sortuta baizik. Askotan sentitzen dut dinamika horiek badaudela, baina elkarlan horiek bistaratzeko espaziorik ez, zirkuitu desberdinak ez daudelako. Askotan gertatzen da herri askotan artisautza, arte plastikoa eta tailerretan ari direnen lanak behar ez bezala gurutzatzea, eta anabasa handia dago. Ez dago arte plastikoen programaziorik, eta arte plastikoekin zer egin pentsatu behar dugu. Arte plastikoei plazak eman behar zaizkie, eta beti ez dira aretoetan erakutsi behar. Arteari begira jartzeko aukerak sortu behar dira eta nik uste dut aukera horiek artistengandik eta lankidetzagatik sortzen direla. Mugimendua badago, baina ez dago hori ikusteko plaza, baliabide eta txipik. Arte plastikoak diziplinetan urrutien daudenak dira, eta, ez badira elikatzen, zaila da hobetzea.
Feminismoak ere zeharkatzen zaitu zu eta zure lana.
Feminismoak ni zeharkatzen nauen momentutik nire artea zeharkatzen du. Toki jakin bat ematen dit euskalduna izateak eta feminista izateak eta hortik begira jartzen naiz interesatzen zaidan guztiari. Egia da esplizituki ez dudala proiektu feministarik bere horretan egin, baina zeharkatzen nau. Baditut hainbat ideia, baina denbora falta zait. Ereiten elkarteak Oiartzungo Udaleko XVIII. mendeko akten hustuketa eta genero irakurketa egin zuen, eta gai horrek interesa piztu zidan plastikoki zerbait sortzeko.
Feminismora zuzenean lotzen zaituen proiektua Lokatza podcasta izan da.
Harrera oso beroa izan du eta asko pozten gara, interes eta ilusio handiarekin garatu dugun proiektua izan delako. Mimo handiz egin nahi izan dugu; elkarrizketak sartzeaz gain, estetikoki ere beste proposamen batzuk egin ditugu, gauza plastikoagoa lortuz. Jakin-ek ekoitzitako podcasta da. Jakin-en testuinguruan talde lanean beste proiektu batzuk garatu izan ditugu; Eskafrandra bilduma, esate baterako. Lokatza Jakin-ek proposatuta talde-lanean egiteko proiektu bat izan da eta nik poz handiz parte hartu dut. Askotan gertatzen zait gai bati buruz askorik ez jakitea, baina proiektua sentitzea aukera bat dela gai hori buruz gehiago ikasteko. Eta honekin ere horrela gertatu zait. Feminismoaren talaia horretatik eta izate feminista horretatik kezkatzen gaituzten hainbat auziri buruz talaia horretatik hitz egin ahal izan dugu, pentsamendu feministaren inguruan sakontzen jarraitzeko aukera izan dugu, euskaraz, eta ahalik eta proiektu koralena eginez. Inplizituki adierazi nahi genuen zenbat ertz uzten ditugun kanpoan ez baditugu feminismotik aztertzen. Zer uzten dugun kanpoan desira ez badugu begirada feministatik aztertzen. Zer uzten dugun kanpoan gatazka ez badugu ikuspegi feministatik eta baita gauden tokitik, gauden herritik, hitz egiten dugun hizkuntzatik, ez baldin badugu abordatzen. Nik uste dut sekulakoa dela Lokatza-n bildu dugun materiala, eta jendearen harrera ere izugarria izan da. Azkenean, gogoetarako gaiak mahai gainean jartzea izan da helburua, begirada feminista eta kritikotik.
Proiektuak jarraituko du?
Hasiera batean, planteamendua zortzi saio horiek egitea zen. Jende askok galdetu digu ea jarraituko dugun, eta hori Lorea Agirrek erantzun beharko lizuke zehatzago. Baina nik ez diot beldurrik proiektuak hasi eta bukatzeari. Gehiago kezkatuko ninduke pentsamendu feministaz euskaraz gogoetatzen ez jarraitzeak. Etorriko dira gauza berriak, nik konfiantza handia dut. Gai horiek mahai gainean daudelako, puri-purian daudelako, eta beharra ikusten delako. Nik badut joera bukaerak beste zerbait egiten hasteko aukera bezala.
Zure ogibidea euskararekin lotuta dago; izan ere, Berria-ko marketin saileko koordinatzailea zara. Irudimen asko behar duzu lanean, ezta?
Gurea bezalako proiektuetan zer egiten dugun esatea ez da erraza, gauza asko egiten ditugulako. Nik saila koordinatzen dut, baina, zorionez, talde handi bat gara; oso talde irudimentsua, konprometitua eta profesionala. Nire lana momentu honetan –lanaldia murriztuta dudalako–, batez ere, saila koordinatzea da. Urteko egitasmoa dugu, helburu batzuk finkatuta ditugu, eta horien jarraipena egin, taldea dinamizatu eta aurrera begira jartzen naiz. Hori izaten baita askotan daukagun arazoetako bat: egunerokotasunari eutsi beharrak aurrera begira jartzea zailtzen digu. Berria-ren kasuan, marketinak esan nahi du zer eta nola egingo dugun irakurle gehiago ekartzeko eta zer eta nola egingo dugun ekartzen ditugun irakurle horiek ekarpen ekonomikoa ere egin dezaten irakurtzen duten hedabide horretan. Prentsa digitalaren irakurle kopuruak gora eta paperekoak behera egin du, baina nik konfiantza handia dut paperekoak betetzen duen funtzioan eta beteko duenean. Baina ukaezina da digitalizazioak aldaketa handia ekarri duela eta gure egitekoa da Berria-ren kalitatezko edukiak, sakontasun handikoak eta aktualitateari lotuago dauden horiek ahalik eta irakurle gehiengana iristea. Euskarazko hedabideek ezinbesteko rola betetzen dute euskararen normalizazioan eta guk ardura horretatik egiten dugu lan. Euskal Herrian bizi gara, hizkuntza gutxiagotu batean, kulturak beharko lituzkeen adina erakusleiho ez dauzka eta Berria-k hor funtzio sozial handia betetzen du.
Zein da betetzea gustatuko litzaizukeen ametsa?
Aurora borealak ikustera joan nahiko nuke! Eta, bestetik, oso gustura kudeatuko nuke egonaldi artistikoetarako eta sormenerako gune izango den baserri bat. Artistak hartu, jendearekin egon… Nik neuk erabili izan ditut horrelako espazioak sormenerako, eta gustura egingo nukeen zerbait da.