Ainara Azpiazu: “Oso mundu abstraktua da koloreena, baina oso zirraragarria”

Ainara Azpiazu Aduriz irudigileak ilustrazioak, komikiak eta horma-irudiak egiten ditu. Harekin hitz egin dugu, lan prozesuaz, inspirazio iturriez eta irudigintzan adimen artifizialak duen eraginaz, besteak beste.

Ainara Azpiazu Aduriz, ongi etorri TTAPera!

Eskerrik asko.

Txikitatik marrazten duzu?

Bai, eta, gainera, gure ama zenak Donostiako Avenidan zegoen eta material artistikoa saltzen zuten dendan lan egiten zuen, Nerecan. Garaiko artistek han erosten zuten materiala eta amak handik azken berrikuntzak eta opariak ekartzen zizkidan. Gogoan dut behin arkatz akuarelagarriak ekarri zizkidala, eta uste dut horrek ere eragin zuela nire zaletasunean. Ume askok marrazketarako joera du; hau da, errazagoa da marrazten duten haurrak topatzea helduak baino. Niri esaten didatenean: “Ez dakit pertsona bat marrazten, ze pena”. Nik esaten diet: “Noiz utzi zenion marrazteari? 6 urterekin?”. Nik Matematika adin harekin utzi izan banu, ez nukeen alor horretan askorik egingo. Marraztea ez da dohain zerutiar bat, eginez egiten den zerbait bat baizik. 

Marrazketarekin gogoan duzun txikitako oroitzapenik baduzu?

Hernanin hasi nintzen ikasten, eta 7 urterekin Donostiara aldatu nintzen, baina Hernaniko eskolatik gogoratzen naizena da denak ilaran jartzen zirela eta guztiei My little pony marrazki bizidunetako pony bat marrazten niela. Poz handia ematen dit oroitzapen horrek. Nerabezarora hurbiltzean, lizeoan, Son Gokuak egiten nituen. Eta irakasleren batek arbelean idazteko letra ona nork zuen galdetzen zuenean, denek Ainara esaten zuten eta ni poz-pozik ateratzen nintzen. “Nire momentua iritsi da”, pentsatzen nuen. Letrekin ere jolasten nintzen. Izan ere, gure garaian pintadak oso modan zeuden; arte urbanoa hori zen. Hernanin horrelako asko genituen eta tipografiarekin jolasten aritzen nintzen. 

Soziologia ikasi zenuen unibertsitatean.

Osaba eskultore bat neukan, Oteizarekin-eta ibiltzen zena. Oso bohemioa zen, eta hark bidea ireki zuen. Baina gure etxean beldurra zuten ni hura bezalakoa izango ote nintzen, eta gurasoek beste alde batera bideratu ninduten. Arte Ederrak ez ziren beste edozer gauzarekin konformatuko ziren. Nahiko nota onak ateratzen nituen, eta ingeniaritza bat egitera animatu ninduten, baina ni horrek ez ninduen batere erakartzen. Ez zen nik egin nahi nuena. Azkenean, Bilboko unibertsitate zerrenda hartu, eta Soziologia aukeratu nuen. Nire pisukideak Arte Ederretakoak ziren, eta goizetan haiekin eskoletara joaten nintzen. Lehendabizi, Soziologia bukatzea pentsatu nuen, eta gero, lanean hasi nintzenean, diru horrekin Arte Ederretako ikasketak egiteko neure buruari dirulaguntza eman nion.

Gozatu zenuen Arte Ederrak egiten?

Garai hartan nik banuen marrazketan nahiko maila polita, eta pintura pixka bat ere ikasi nuen. Une hartan zerbait kontatu nahi nuen, narrazioetara bueltatu nahi nuen marrazkien bidez. Beharbada, behar hori aurretik Soziologia egin nuelako etorri zitzaidan. Soziologian gauza sinpleak oso modu konplexuan azaltzen zirela iruditzen zitzaidan, eta hausnarketa haiek beste modu batera egin zitezkeela pentsatzen nuen. Batzuek esaten zidaten Soziologia eta Arte Ederrak oso desberdinak zirela, baina niretzat gauza bera ziren. Arte Ederrek ez ninduten erabat asetzen. Halako batean, ikusi nuen Segoviako Sepulveda herrian ilustrazio ikastaro bat zegoela, eta hara joan nintzen asteburu bat pasatzera. Han jakin nuen irakasle hura bezalakoa izan nahi izan nuela. Oso eskuzabala zen, eta liburu bat egitearen ideia erakargarria egin zitzaidan. Nire nahiak gauzatzeko aukerak ikusten hasi nintzen une hartan. Orduz geroztik, gero eta ikastaro gehiago egiten hasi nintzen penintsulan zehar, eta Arte Ederrak ez nituen bukatu; ikasgai gutxi falta zaizkit. Gero, unibertsitatean Bolognako erreforma etorri zen, eta presentzialtasuna eskatzen zuen, eta, ni ordurako lanean nengoenez, ezin izan nuen bukatu. Hortxe geratu zait. Baina masterra egin nuen, Italian: Ars in fabula: Master in Illustrazione per l’Editoria (Macerata, Italia). Hau da, publikatua izateko masterra zen eta ilustrazioan zegoen espezializatua. Han, Europa mailako oso irakasle onekin formatu nintzen. Eta oraindik ere jarraitzen dut formatzen. Aurten, adibidez, Kitty Krauterren eta Jesus Cisnerosekin egin ditut ikastaroak, asko miresten ditudan irudigileak. Arte garaikideak baino gehiago,  ilustrazioak eta komikiak gehiago erakartzen nindutela ikusi nuen.

Lan mota asko egiten dituzu: ilustrazioak, komikiak, horma-irudiak…

Horma-irudi batekin museoa kalera ateratzen duzu eta pertsona zure obran sartzen duzu. Sortzeko garaian ere oso fisikoa da, eta esperientzia asko gustatzen zait. Baina lan bakoitzak dauka berea. 27 urterekin argazkilaritzarekin ere asko jolastu nintzen, baina digitala iritsi zen eta albo batera utzi nuen. Orduan, marrazketan gehiago sakontzen hasi nintzen. Lagun batek ekintzailetza ikastaro bat egin zuen une hartan, eta diru-laguntza batzuk jasotzeko bideragarritasun plana egin behar izan nuen. Bertan definitu behar izan nituen zeintzuk izango ziren nire lanbideko diru-iturriak, eta orduan ikusi nuen ilustrazioa bakarrik egin nahi banuen artista on guztiak bezala oso-oso pobre biziko nintzela. Konturatu nintzen ezin nuela gauza bakarra egin. Egia esan, gauza desberdinak egiteak nire izaerarekin bat egiten du; alor desberdinetan neure burua proban jartzea gustatzen zait. Gero, emaitzak, beharbada, ez dira hain onak, baina bidean ikasten dut.

Sortzaileok sortzen jarraitu nahi dugu

Sormen prozesua bera da lan mota batean edo bestean?

Prozesua gehien aldatzen duena da enkargua den edo ez. Enkargua denean, ematen dizuten gaian pentsatzen hasi behar duzu; gero, ideia hori irudietara nola eraman erabaki; ondoren, kolore-paleta aukeratu; eta azkenik, egin.

Zerk inspiratzen zaitu?

Normalean, inguruko gauzei asko begiratzen diet. Beti izan naiz oso behatzailea. Gai bat proposatzen didatenean, neure buruan dauden irudi, nahi eta mezuekin nahastu, eraldatu eta emaitza batera ekartzen dut. Bestetik, badaude gauza batzuk nire interesekoak direnak eta landu nahi ditudanak. Gaur egun, hasitako ez dakit zenbat proiektu ditudan.

Gaiak errepikatu egiten dira zure lanetan?

Naturak asko inspiratzen nau. Baita behaketak ekartzen dizkidanak ere. Adibidez, eguneroko zerbait beste begirada batetik deskubritzea arrazoi bat izango da liburu bat egiteko. Batzuetan, liburuak aitzakiak dira jolas bat egiteko. Adibidez, ipuin klasikoak asko gustatzen zaizkit, edo horretara narama gogoak. Gauza klasikoak egunerokora nola ekarri pentsatzen nabil orain. Gauza pila batek inspiratzen naute: injustizia sozialak, emozioek, bizitzako zailtasunek, niregan ikusten ditudan gauzek eta ingurukoei gertatzen zaizkienek.

Kolorezalea zara.

Nire bikotekideak barre egiten du, baina nik esaten diot: “Bihar zein arropa jantziko ditudan erabakitzera noa”. Niretzat, hori festa hutsa da. Gero, konturatzen naiz denok ez dugula horrela bizi. Gustatzen zait pentsatzea kolore batek nola konbinatuko duen beste batekin, baita ze emozio sortuko didan batuketa horrek ere. Barrena betetzen dit. Orain, adibidez, pastel-koloreek arreta ematen didate. Oso mundu abstraktua da koloreena, baina oso zirraragarria.

Eta zuri-beltzak ez zaitu erakartzen?

Ez da askorik aztertu dudan zerbait. Faltan sumatzen dut nire lanean hori. Duela gutxi, grafitoarekin ikastaro bat egin nuen. Koloreko irudi bat zuri-beltzera eramanda ikusten da kontrasteek eta tonuak ondo funtzionatzen duten edo ez. Zuri-beltza menperatzea oso garrantzitsua da, baina nik ez dut horretara jotzen.

Adimen artifizial sortzaileari buruz zer iritzi daukazu?

Gaizki bizi dudan zerbait da. Hamasei urte daramatzat autonomo. Nik oraintxe utziko banu lana, ez nuke bi urteko langabeziarik edukiko, beste langile askok duten bezala. Nire lanbideak berezko hainbat zama ditu; adibidez, ezegonkortasuna. Ez dakizu noiz edukiko duzun lana, noiz kobratuko duzun… Horretaz gain, gure kultura sortzeari ez diogu nahikoa garrantzirik ematen. Guk ez badugu kontatzen, beste batzuek kontatuko dute. Euskaldunok ez dakit geure burua kontatzera iristen garen ere, nahikoa dugu lana euskaraz egitearekin. Eta horri guztiari adimen artifizialaren kontua gehitu behar diogu. Pertsona batzuei filtrorik gabe sartuko zaie adimen artifizial sortzailearen kontua. Esango dute: “Testu bat egin dut eta irudi bat jarri ahal izango diot, ahalegin handirik gabe”. Gaur egun, adimen Artifizial horrek ez ditu oso emaitza onak ematen, baina hemendik bost urtera oso emaitza onak emango ditu. Gaizki daramat. Aurrekoan, musikari batekin honetaz hitz egiten aritu nintzen, eta hura oso teknologia-zalea da. Baina musikariek zuzenekoak dituzte, eta guk ez. Adimen artifizialak lan berriak sortzeko guk sortutako lanetatik edaten du. Oso gauza bidegabea iruditzen zait. Nire lana erabiliko du makina batek jende guztiak irudi sorta bat eskura eduki dezan. Batzuek esaten dute artistaren lana ez dela galduko, baina ez dakit. Ni horrelako gauzen aurrean beldurtu egiten naiz, bestela ere oso kolokan nago eta. Momentu batean pentsatu nuen ea 55 urterekin ere berdin jarraituko dudan, eta badaezpadako oposizio batzuk egin nituen. Uste dut neure buruari asko eskatu diodala, erronka asko gainditu ditudala eta ez dakidala nahi dudan nire bizitza hain zaila izatea. Horretaz gain, aldamenean lan egonkorra duen norbait dut, eta horrela ere bizi daitekeela pentsatzen dut. Lehen, ez nuen inor konparatzeko.

Zein amets bete nahiko zenuke?

Publikatzen jarraitzea eta gauzak egiten jarraitzea, orain arte bezala. Ez litzateke gutxi. Ahal dela, lan baldintza hobeekin eta, tarteka, langabeziarekin. Azken finean, sortzaileok sortzen jarraitu nahi dugu.