Aimar Olaizola: “Etorkizunari ez diot beldurrik gogoa baizik”

Aimar Olaizola pilotariak 39 urterekin oraindik ere pilotalekuak betetzen ditu. Izar handi baten atzean zer dago? Hondarribian hartu gaitu eta inoiz baino irekiago hitz egin du etorkizunaz, psikologiaz, Irujoz, pilotaren zirkuaz eta bere inguruan dauden semeez eta emaztea.

Kaixo, Aimar. Eskerrik asko TTAP aldizkaria zure etxe ondoan hartzeagatik; lehenik, zer moduz zaude?

Orain, ongi; kontuan edukita hiru-lau hilabete nola nintzen, oso pozik. Lesio larri bat, oso larria, hasieran uste nuen baino larriagoa eta jada partidak jokatzen hasita. Uste baino lehenago errekuperatu naiz. Hortik aparte, molestiarik gabe eta, normala den bezala, lehengo mailara iristeko dezente falta. Baina oso pozik bueltan izateagatik.

Mikel: Esan duzu oso lesio larria izan dela; izan duzun larriena?

Nire karreran hiru lesio larri izan ditudala esanen nuke. Dortsalean, lehenengoa; belauneko lotailua, bigarrena; eta hau, hirugarrena. Eramateko errazena, agian, azkeneko hau izan da. Lehenbiziko 15-20 egunak kenduta, bizimodu normala egiteko arazorik ez dut izan, eta hori oso inportantea da. Gasteizera egunero joan behar izan dut eta inori ez molestatzea oso garrantzitsua da, eta, gainera, laugarren astetik aurrera gauza asko egiten hasi nintzen, eta erraza egin zait.

Albisurekin zeunden, final-laurdenetako ligaxkako lidergoan, finalerdietarako ateetan eta finala jokatzeko faborito. Adinean aurrera denok goazela kontuan izanda, kolpe psikologiko handia izan zen?

Lehen esan dizut eramateko lesio errazena hau izan dela, baina psikologikoki kolpe gehien eman didana hau izan da. Gehienbat, izan den momentuagatik, Abisurekin, enpresako atzelaririk hoberenarekin, beti eskatu dudanarekin, biak oso gustura eta hiruzpalau partiduren faltan, bat irabaztearekin finalerdietan eta, gainera, pertsonalki maila ona ematen nenbilen. Adina kontutan edukita gero eta txapelketa gutxiago geratzen zaizkidala badakit, eta, agian, horregatik, lehenengo bi egunetan kolpe dezente eraman nuen. Lesioa gertatu zen modua ere berezia izan zen, entrenamendu batean, bukaeran; tontamente, esaten den bezala. Baina beste kasuetan bezala, oso positiboa izaten saiatzen naiz eta Mikel Sanchezekin berehala hasi nintzen lanean errekuperazioan.

Horrelako kolpe bat hartzen duzunean, desagertzen zarenetakoa zara edo hurrengo egunetik partidak ikusten jarraitzen duzu?

Ez, Albisurekin oso erlazio ona dut eta hurrengo egunetik berarekin hizketan ibili nintzen. Hurrengo egunetik errekuperazioa programatu eta positiboki pentsatzen hasten naiz.

39 urte dituzu, aurten 40 beteko dituzu eta 21 urte profesionaletan; asko aldatu da pilota urte hauetan?

Bai, noski. Pilotan, bizitzan bezala, gauza asko aldatu dira. Pilotak, pilotalekuak, jokatzeko era, anbientea…

Hasi zinenean, belaunaldi bat zegoen, zuek heldu eta egon den belaunaldirik hoberena izan zarete, eta orain, beste gazteak datoz; zein da belaunaldi aldaketen zergatia?

Nik uste dut 21 urte hauetan ondo moldatu naizela lehengo jokatzeko modura eta oraingora. Zaila egiten zait bat bestea baino hobea izan den esatea. Zuk esan bezala, gu hasi ginenean Eugi eta Beloki zeuden, gero Irujo, Xala, Barriola, ni… eta orain, ni oraindik hor nabil binakako txapelketetan. Orain dauden gazteak oso onak dira eta konparazioak ez ditut gustuko.

Zuk, kirolari bezala, zure prestakuntza aldatu duzu?

Bai, iritsi nintzeneko belaunalditik gure belaunaldira aldatu zen. Bestalde, nik debutatu nuenetik, gero eta azkarrago jokatzen joan da.

Pilotengatik edo zergatik?

Pilotariengatik dela esanen nuke.

Irujo aipatu duzu; duela 3 urte pilota utzi behar izan zuen. Nola bizi izan zenuen berri hori? Lasaitasuna izan zen edo pena hartu zenuen?

Nahiz eta askotan aurkariak izan, pena hartu nuen. Oso sasoi onean zegoen eta izan zen moduagatik pena handia hartu nuen. Elkarren aurka jokatzen genuenean sumatzen genuen zerbait berezia gertatzen ari zela, giroa, saltsa, eztabaidak…

Zuen arteko polemikak, eztabaidak, probokatuak izaten ziren?

Kar, kar, kar. Nire partetik, behintzat, ez; berak esan beharko… Egia da bakoitzak izaera diferentea dugula, bera ni baino beroagoa, ni lasaiagoa, baina beti pike sanoak izan dira, inoiz ez dugu arazo bat bera ere izan.

Hori egia da.

Bai; lehen ongi moldatzen ginen eta orain ere bai, bakarrik jendearekiko sumatzen genuen zerbait diferente suertatzen zela.

Kontziente zinen zerbait historikoa suertatzen ari zela?

Nik ez diot inoiz gehiegi begiratu horri. Giro berezia zela argi zegoen, baina ez nintzen kontziente historikoa zela eta, gainera, ez diot garrantzi gehiegirik ematen. Agian, pilota uzten dudanean horretaz konturatuko naiz, baina oraingoz, behintzat, ez.

Zuk aldaketa handia eman zenuen. Irujo airez jokatzen hasi zenean, gehiago kostatzen zitzaizun aurre egitea. Bat-batean, pilota biziagoak aukeratu eta airez jokatzen hasi zinen. Nola hartu zenuen erabaki hori?

Bera airez jokatzen hasi zenean oso arraroa zen denontzat. Ordura arte, Titin zen airez gehien jokatzen zuena eta ez zuen buruz burukoa jokatzen. Juan hasi zenean horretan ezustekoa izan zen, eta, horregatik, bi final irabazi zizkidan nahiko erraz. Final bat izan zen bera niri erraz irabazten zebilela eta nik jokatzeko era aldatu eta irabazi niola. Orduan konturatu nintzen nik berari irabaztekotan bere erara jokatu behar nuela. Jende askok esaten du ni kantxan oso argia izan nintzela nire jokatzeko era aldatzeagatik, baina, nire ustez, 2-3 urtetan ez nintzen argiegia izan. Nik bere erara jokatzen hasi nintzenean irabazitakoak gehiago dira galdutakoak baino.

Nik beti pentsatu dut pilotaren zirkua hobekien ulertzen duzuna zarela. Oso gazte zinelarik egin zenuen debuta profesionaletan; zenbat kosta zitzaizun zirku hau ulertzea?

Ba, ez dakit, urteekin ikasten dela argi dago, baina bakoitzaren karakterra nolakoa den ere garrantzitsua da. Nire aldetik, behintzat, urteak pasa ahala gero eta gehiago gauzak ulertzen eta aldatzen joan naiz.

“Irujoren eta bion arteko polemikak ez ziren probokatuak, baina ez dugu arazo bat bera ere izan”

Pilotari oso burutsua zara. Orain, kirolean psikologoen lana gero eta gehiago azaleratzen doa. Noizbait psikologoren batekin lan egin duzu?

Ez, nire kasuan ez dut behar izan, baina egia da pilotari askori oso ongi etorri zaiela horretan lan egitea. Goi mailan egoteko, partidu garrantzitsuenetan zure hoberena eman behar duzu eta nik, suertez, ez dut horren beharrik izan, baina, gaur egun, zalantzarik gabe, psikologia oso garrantzitsua da.

Elikadura ere zaintzen duzu?

Bai, betidanik.

Dietista?

Ez, nire kabuz. Probaren bat egin izan dut, pisua galdu lau eta erdirako…

Bai, gogoratzen dut.

Ia beti emaitza txarrak eman dizkit eta nire kabuz eramatea erabaki nuen.

Eta zer jaten duzu? Pasta, arroza?

Arroza, sekula ez. Partida egunean pasta eta oilaskoa beti, ordu berean. Gazteak nirekin harritu egiten dira, nik oso goiz bazkaltzen dut eta. Normalean, 2-3 ordu lehenago bazkaltzeko esaten dute, baina nik nahiago dut 5-6 ordu lehenago jan.

Goizeko hamaiketan?

Bai, eguerdiko hamabietarako bazkalduta nago. Nahiago dut kantxara gose puntu batekin atera beteta baino, horretan bai naizela pixka bat arraroa.

Gazteak harritu egiten direla diozu; zure rol-a aldagelan aldatzen joan da?

Bai; adinak egiten du hori. Askotan ibiltzen naiz txantxetan aldagelan, baina gero, kantxan eta entrenamenduetan saiatzen naiz gazteei erakusten. Konturatzen naiz ni gaztea nintzenean beteranoek egiten zutena egiten hasi naizela.

Zure nortasuna ere aldatu da? Gaztea zarenean konpetitiboagoa zara, itxiagoa eta beteranoa zarenean irekiagoa…

Bai, noski. Adibidez, orain, Urrutikoetxearekin. Ni goian nengoenean bera etortzen zen sparring gisa eta orain ni noa berarekin entrenatzera. Beti gustatu zait gazteei erakustea, eta eroso sentitzen naiz.

Beldurra diozu etorkizunari?

Ez. Oraindik 2 urterako kontratua dut, baina nire burua goi mailan ikusten ez badut neronek uko eginen diot jarraitzeari. Etorkizunari begira, beti esan dut gustatuko litzaidakeela enpresan jarraitzea, baina ikusi beharra dago. Pilota mundua maite dut. Badakit batzuek gaizki pasatzen dutela hau bukatzean, baina mentalizatuta nago hau bukatuko dela eta inor ez dela nitaz oroituko.

Hala izaten da bai…

Gainera, hori iristeko gogoa ere badut, toki batzuetara joan eta inork ez ezagutzea…

Non ikusten duzu zure burua, non sentitzen zara erosoen?

Erakustea gustatzen zait. Teknikari bezala, gazteei erakusten.

Pilotari baten inguruko jendeak garrantzi handia du bere emankizunean, zaila al da pilotari baten inguruan egotea?

Kar, kar, kar. Ingurukoei galdetu beharko diezu. Nik, behintzat, mania asko izan ditut partida baino lehenagoko egunetan eta, normala den bezala, gehien sufritzen duena emaztea da, eta meritu handia du horrek. Kirolari batek ez du ongi erantzuten burua ez badu ongi. Etxean ongi egotea, umeekin, emaztearekin, gurasoekin, eta hori bere meritua da.

Bi seme dituzu; badakite bere aita nor den?

Aimar: Nik uste dut baietz. Iraiek, zaharrenak, 8 urte ditu, Joanek lau egingo ditu eta zaharrena, behintzat, konturatu egiten da. Partidetara beti emaztea eta bi semeak goaz eta ikusten naute jokatzen eta argazkiak eskatzen dizkidatela. Txikia, agian, oraintxe hasi da konturatzen.

Pilotariak izanen dira?

Biak aritzen dira. Ez dakit pilotariak izanen diren, baina afizioz, behintzat, baietz uste dut. Txikiarentzat dena pilota da, lotara ere pilotarekin doa. Handiena futbolean asko aritzen da, hor ez da sekula aspertzen; aldiz, pilotarekin, batzuetan, bai. Nire aldetik, kirola egin dezatela eta libre erabaki dezatela zer duten gustukoen.

Zu ez dakit ikasle ona zinen…

Kar, kar, kar. Erdipurdikoa.

Zure semeei zer esaten diezu, lehenengo kirola ala ikasketak?

Ama andereñoa dute… kar, kar, kar. Niretzako, ikasketak oso garrantzitsuak dira; orduan, lehenengo, ikasketak, eta bigarrenik, pilota, futbola edo nahi dutena, baina kirola. Kirola oso garrantzitsua da, zer egin ez dakitela ez ibiltzeko.

Bukatzen joan beharra dugu: zein izan da pilotan izan duzun unerik politena?

Askok debuta esaten dute, baina, niretzako, buruz buru irabazi nuen lehenengo txapela. 16-9 galtzen nengoen eta buelta eman nion. Lau eta erdikoa izan dut beti gustukoen, baina, niretzako, lehenengo txapel hori bereziena izan zen. Nire ezaugarriengatik ez nuen nire burua ikusten kapaz buruz burukoa irabazteko; lehen, kristoren kolpea behar zenuen irabazi ahal izateko, eta kolpe nahiko normala nuen. Donostian irabazi nueneko momentu hori beti gogoratuko dut.

Eta okerrena?

Lesioak. Azkeneko hau eta belaunekoak oso larriak izan ziren, baina dortsalarena, agian, izan da unerik okerrena. Lesioa baino gehiago, txapelketan nengoelako. Final-laurdenetan izan zen, gero kristoren saltsa izan zen eta finalean lehenengo pilotakadan hautsi nuen berriz ere. Jendeak uste zuen lesionatuta irten nintzela kantxara, baina ez, osatuta nengoen eta lehenengo pilotakada horretan hautsi nuen berriro dortsala.

Bueno, Aimar, azkenekoa. 2012. urtean zure anaia Asierrekin buruz burukoan final-laurdenak jokatu eta polemika handia sortu zen nik atxikia egiten nuelakoan. Kar, kar, kar. Zuk zer uste duzu, atxikirik egiten nuen?

Uf… atxikien asuntoarekin, gaur egun, 5-6 pilotarik, nahiz eta disimulatu egiten duten, hartu eta bota egiten dute… baina, azkenean, epaileek erabakitzen dute. Egia esateko, gogoratzen dut buruz buru oso ongi aritzen zinela, baina partida hori ez dut gogoratzen… Kar, kar, kar.

Bueno, Aimar, eskerrik asko bihotz-bihotzez eta zorte on geratzen zaizkizun urte mordoxka hauetan.

Mordoxka…

Eta ongi segi.

Eskerrik asko.