Aguxtin Alkhat: “Euskaldunak nostalgiko samarrak gara”
Ipar Euskal Herrian kulturarekiko zabaltzen hasi zen folklorizazioak aienatuta, oso gaztetatik kantuak egiteari ekin zion. Folk eta rock iturri zahar hartatik edan duen kantugilea da baxenafarra. Gitarra eskuan hurbildu zen TTAPekin zuen hitzordura.
Eskerrik asko eta ongi etorri TTAPera, Aguxtin. Zer moduz zaude?
Milesker zuei. Biziki ongi nago.
Nafarroa Beherean sortua, zer nola ikusten da Euskal Herria zure talaiatik? Kantaera lirikoa duzula esango nuke, eta rock musikaren erroak oso barneratuta dituzula ere bai. Dylan dabilkit buruan, baina ez hori bakarrik. Emanaldiak eskaini dituzu berriki, baina, zoritxarrez, esan behar dut Ipar Euskal Herrian eta atzerrian zabiltzala gehiago. Ez dakit zenbat garen, baina bagara batzuk faltan sumatzen zaitugunak Hego Euskal Herrian…
Egia erran, gehienbat, Ipar Euskal Herrian ari naiz, han hasi naizelako. Donibane Garazi aldean hasi nintzen gitarra astintzen, Kalaka ostatuan. Igandeetan ari ginen, giroa animatzen. Horrela hasi nintzen kantuz Laboa, Lete eta antzeko kantarien kantuak abesten. Gero, emeki-emeki, besteen kantuak egiten dituzularik une batean mugak antzematen dituzu eta sortzen hasi nintzen. Aski goiz hasi nintzen, 16 urterekin, kantugintzan. Ohartu bainintzen erraztasunak banituela kantuak sortzeko. Idazteko eta gitarra sortzeko maila ttipia banuen. Biak behar dira kantugintzan aritzeko, eta horretan lotu nintzen.
Ernest Alkhat bertsolariaren semea… rockzalea atera zen!
Bai. Aita bertsolaria nuen, zendu zen duela hamabi urte. Bera ibiltzen zen eskuin-ezker Euskal Herrian txapelketetan parte hartzen. Bi aldiz Nafarroako txapelduna izan zen, eta, beraz, txikitandik hasi ginen bertsoak idazten. Bat-bateko hori ez dut sekula gainditu, herabeegia-edo nintzen. Beti izan dut gogoko idaztea, eta txikitandik gogoko izan dut kantuak egitea eta bertsoak errimekin idaztea. Aitari kantuetarako letrak eskatzen zizkioten, eta bere lanaren parte letrak idaztea zen. Kantarientzat zein taldeentzat: Mixel Ducau, Minxoriak eta beste talde askorentzat. Alderdi hori gogoko nuen eta hortik joan naiz ni ere.
Hitza eta doinua gertu izan dituzu beti, beraz.
Bai. Hertzainak taldea errebelazio modukoa izan zen niretzat. 11 urte nituela aitari Hertzainak taldearen kasetea erostea eskatu nion, eta hor ohartu nintzen zinez musika azkarra eta hitzak uztartu zitezkeela. Eragin handia sortzen zuen nire sabelean, eta beti efektu horren bila aritu naiz. Eta ari naiz oraindik.
“Musika jotzen jarraitu nahi dut, haria ez dadin eten”
Xan Airek elkarrizketa gogoangarria egin zizun, EKEren webgunean irakurri daitekeena. “Euskara gabe, ez naiz deus”, zenion. Hizkuntza bizitzaren erdigunean.
Herri txiki batean hazi naiz, Armendaritze herrian. Arras gutxi ginen ikastolara joaten ginenak. Hiru familia ginen eta Donapaleuraino joaten ginen ikastera. Amak bertan utzi eta kostaldera joaten zen lanera. Armendaritze inguruko eskualdea, nahiz eta jendea euskalduna den errotik, ez dute asumitu nahi izan euskalduntasuna eta nahiago izan dute frantses bilakatu. Eskolaren eraginak badu horretan, Errepublikaren aldeko nortasunean. Euskaraz lotsatzen erakutsi diete, eta frantses bilakatu behar zirela erakutsi zieten. Belaunaldien artean transmisiorik eza egon da. Gutxi batzuek ukan dugu transmisio hori eta ikastolan ibili izan gara. Gainerakoak euskaratik aldendu dira; beraz, nik helburutzat hartu dut erakustea harro izan behar ginela gure hizkuntzaz eta gure nortasunaz.
Gudari ttipi sentitzen zineten frantses giroan, Amikuzeko ikastolan. Horixe adierazi izan duzu.
Ba, bai. Ez nuke esango baztertuta geundela, baina bereziak ginen gu ikastolan izanki.
Hizkuntzak janzten gaitu eta mundu honetan kokatu. Iaz, garai honetan, Pello Lizarralde elkarrizketatu nuen TTAPen bertan eta folklorearen inguruan egin zituen adierazpenek hautsak harrotu zituzten. Esan nahi zuena uste dut zuk hobeto azaldu zenuela Xan Aireren elkarrizketa hartan: “Ez naiz euskal kantagintzarekiko hasi, baizik-eta Ipar Euskal Herriarekiko. Geroz-eta piper eta espartin gehiago ikusten nituen, eta interprete batzuk ederki horretaz baliatzen. Euskaraz kantatzen, euskaraz jakin gabe: ez, memento batetik goiti, ez da posible. Nik uste folklorizazio horri erreakzionatu beharrez ere hasi naizela sortzen”.
Turismoarekin batera, gure kulturaren folklorizazio bat gertatu da. Gaur egun oraindik, zikiroetan-eta, entzuten da jendea Xalbadorren heriotzean abesten orroka, oihuka, eta ez dute abesten dutenaz ezer ulertzen. Kantu tristea da, oso sakona… eta hori oso gauza alaia balitz bezala abesten dute. Horrek aienatzen ninduen. Eta horregatik hasi nintzen kantari, kantua beste zerbait zela erakusteko. Irekiagoa, modernoagoa eta euskaldunei zuzendutakoa, eta ez hainbeste turistei.
Iturri zaharretik ur berria edanez, alegia.
Era berean, euskaldunak nostalgiko samarrak gara. Hogei urtetan zehar entzuten ditugu lehengo taldeak, talde berberak, eta iruditzen zait hogei urte behar direla itxoin kantari bat ezagun egiteko. Badirudi kantu horiek behar ditugula liseritu, eta gero, “hara, ona zen bera!”, esango dugu, eta dagoeneko hila dago; kar, kar.
Ikusi nahiko nuke, adibide bat jartzearren, Pantxoa eta Peio Lore bat bakeari, konponbideari abesten. Zure kantu bat, alegia. Zergatik ez zure kantu bat? Izan ere, zure kantu batzuk ereserki modukoak izan daitezke. Aipatu berri dudana, adibidez. Nola azalduko zenuke kantu hori?
Burutu nuen lehenbiziko kantuetakoa da. Lizarra-Garazi akordioaren garaian, halako ilusio berezia piztu zen nigan. Gaztea nintzen, eta ilusio hori askorengan piztu zen. Halako bake prozesu bat, alderdi abertzaleen arteko akordioa, Lizarra-Garazi… Garazi hitzak ere bazuen bere inportantzia baxenafar batentzat. Nazio ikuspegia ematen zion izenak akordio horri, eta ilusioz bete nintzen. Kantu hori idatzi nuen garai hartan.
“Hertzainak taldea errebelazio modukoa izan zen niretzat”
Ez omen da berantegi kantua entzungo dugu, beraz.
{Abestia entzuten da}
Dylan aipatu dut. Jakin badakizu Bob Dylanek baduela seme bat, Jakob. Hori ere kantaria da, eta bietatik baduzula esango nuke. Hertzainak aipatu duzu; zein kantari gehiago aipatuko zenituzke? Zirrara berezia eragin dizutenak.
Gaztetan euskal folka ainitz entzuten zen etxean: Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Xabier Lete… Nire idazkeran, gutxienez, izan dute eragina nigan. Gero, bistan dena, rock erradikala deitzen zaion estilo horretatik hainbat talde ezagutu ditut: Hertzainak, Su Ta Gar eta beste asko. Nazioartean Bob Dylan ezagutu aitzin Ben Harper ezagutu nuen. 1994an Welcome to the cruel world diskoa atera zuen eta berak erakutsi zidan gauza sinpleekin kantu politak egin zitezkeela. Beste talde asko ezagutu ditut. Dylan geroago, 18 urtetik goiki.
Beste argitalpen batzuen artean, Haizeen meneko eta Hutsaren hatsa dira zure izenpean argitaratutako bi diskoak, 2015ekoak eta 2020koak. Lehen diskoarekin hainbat zale bildu zenituen, eta bigarrenarekin presio edo zailtasun handiagoa sentitu al zenuen? Zailagoa da kantuak egitea? Ardura handiagoa al da?
Ihes egin sei kantuko disko txikia atera nuen 2013an, Usopop jaialdiarekin batera. Haizeen meneko Elkarrek egindako proposamenaren ostean egin nuen. Ez nuen presio handirik sentitu neure buruan, Hutsaren hatsa dira diskoa atera bitarte bost urte igaro zirelako. Ez zait iruditzen jendea nire zain dagoela. Kantuak egiten ditut emeki, heldu zaizkidanean. Ez naiz sekula jartzen paper huts baten aitzinean. Ideiak behar ditut, eta behar den denbora hartzen dut. Saiatzen naiz ahal bezain ongi egiten, eta xumeki. Baina presio handirik gabe.
Badituzu kantu gehiago eginda, gordeta?
Bai; baditut ideia batzuk gauzatuko direnak, agian, hurrengo hilabeteetan.
Eta nola dihoakizu musika bizitza garai zail honetan? Bi urte oso txarrak izan dira zuzeneko emanaldiak eskaintzen dituzuen kantarientzat. Bestalde, ikastetxeetan bazabiltza. Nafarroan, esaterako, Musikariak ikastetxean zikloan. Hori zuretzat ere bada lana.
Ipar Euskal Herriko kultur proposamenaz desesperatuta hasi nintzen kantugintzan. Ikuspegi nahiko txar batetik abiatu nintzen, musikaren egoerari buruz. Baina Ipar Euskal Herrian emanaldiak eskaintzen ditut. Zailagoa da entzulearen arreta bereganatzea, baina formakuntza bezala biziki gauza ona da. Maleruski, uste nuen Hego Euskal Herrian bazegoela indar gehiago, baina bai ipar eta hego Euskal Herrian egoerak hurbiltzen ari dira.
Okerrera.
Bai, maleruski bai. Esperantza badut tokiko musikariei toki gehiago emango diegula, baina geroak esango du.
Kantu ederrak sortu dituzu. Kuttuna dut Laia, baita zuretzat ere. Zure alabari eskainitako kantua delako.
Jaio aitzin, bere amaren sabelean zegoelarik bururatu zitzaidan kantua. Pianoarekin sortu nuen, ez nekien orduan aita izatea zer zen eta bere amak ere ez zer zen ama izatea. Izena aukeratuta genuen, Laia. Hitz eman nahi nion alabari, zintzoki, hitz emaiten ahal zen gauza bakarra: Mundua beretako zela. Bazirela zailtasunak, bazirela ausardiak, ihesiak… eta laguntzeko hor izango nintzela.
Kantagintzan zer jaso duzu trukean? Nire ustean, musika bada Euskal Herria eta herritar asko ezagutzeko tresna.
Hori zait gehien gustatzen. Ez dut musika egiten nire fama lantzeko, baina musikari esker Euskal Herriko antolatzaileak eta musikariak ezagutzen ditut. Hori aberastasun handia da. Durangon Ruper Ordorikarekin aritu nintzen. Zangoan dardara nuen, gela bete-betea zegoen… Lagundu ninduen Elkarren diskoa egiteko, Durangon aritzeko…
Etorkizuna nola irudikatzen duzu?
Musika jotzen jarraitu nahi dut, eta nahiko nuke beste gazte batzuek ere bide beretik jarraitzea. Haria ez dadila eten. Maleruski, musikak ez du gizartean lehen zuen influentzia. Nik segitzen dut haria mantentzeko eta, agian, beste gazte batzuei gogoa pizteko.
Zorterik onena, Aguxtin. Mundua aldrebes kantua joz agurtuko gaituzu.
Milesker zuei.