Agus Barandiaran: “Musika munduaren onena eta txarrena ezagutu ahal izan dut”

Trikitia da Agus Barandiaranen bizia. Zaletasun gisa abiatutakoa “poliki-poliki ofizio” bilakatu zen. Ugarbe taldean lehenik, 2004. urtetik Korrontzi taldean dihardu, baina “trikitiari esker” irakasle, aktore eta telebista aurkezle ere izan da Mungiako musikaria.

Film baten aktore, trikitiari esker; telebista saio bateko aurkezle, trikitiari esker; talde bateko buru, trikitiari esker; enpresa bateko buru ere izan zinen, musikari esker; abeslari ere ibiltzen zara, trikitiari esker; irakasle, trikitiari esker… Zer gelditzen zaizu egiteko trikitiari esker?

Gauza asko. Burutxo hau beti dabil gauzak pentsatzen, proiektu berriak eta halakoak. Baina egia da, trikitiari esker. Trikitia da nire bizia; 35 urte daramatzat trikitia jotzen, hasieratik horren inguruan aritu naiz eta trikitiak eman dit dena. Trikitilari guztiak bezala, zaletasun gisa hasi nintzen ikasten eta poliki-poliki ofizio bilakatu zen. Bizitza honetan asko ikasi dut trikitiari esker, asko kolaboratu dut, lagun asko egin ditut eta benetan esperientzia oso onak jaso. Eta aurrerantzean ere trikitiari esker jarraituko dugu.

Txapelketetan ere aritu izan zara.

Bai. 90eko hamarkadan txapelketetan ibili nintzen, Euskal Herrikoan, Bizkaikoan… Horren ondoren, Urgabe sortu nuen, hasieran erromeria taldea zena eta amaierarako rockerako bidea egin zuena. Urgaberekin lau disko atera genituen. Oihartzun nahikotxo lortu genuen amaiera aldera; gogoan dut Kartzelako gutuna eta halako kantuak kaleratu genituela. Eta halako baten pentsatu nuen epe hura amaitu zela eta Korrontziri eman behar niola hasiera. Banituen trikiarekin konposatzen nituen kantu mordo bat eta 2004. urtean hasi ginen Galdamez Folk izeneko jaialdian. Izenik ere ez genuen orduan, baina hasi ginen eta gaur egunera arte.

Gauzak asko aldatu dira Urgaberen sasoitik?

Asko. Asko ikasi dut industriari buruz. Baga Biga diskoetxea ere sortu nuen. Hasieran ez dakizu ondo non sartzen zaren, baina ilusioz beteta zaude, diskoak kaleratu nahi dituzu… industria aldatzeko amets hori daukazu, tokitxo bat egin nahi duzu. Hamabi bat urte bota nituen Baga Bigako buru eta une bat iristen da non etapa hori amaitu egiten den, baina bien bitartean asko ikasten duzu. Talde mordoa ikusten dituzu eta harremana egiten duzu eurekin, eta hamaika esperientzia eta hamaika anekdota eta une zoragarri. Momentu txarrak gutxi izan ziren eta onak asko.

Zure fazeta desberdinetako izen batzuk botako dizkizut eta horiengandik zer ikasi duzun jakin nahiko nuke: Basque selfie filma, Itziar Ituñorekin.

Itziar izan zen sekulako aurkikuntza niretzat, sekulako pertsona da, aktore zoragarria, baina pertsona gisa are hobea. Musutxo bat hemendik.  Eta berak lagundu zidan nire papera egiten. Ni ez naiz aktorea eta errespetu handia diot ofizio horri, nahiko daukat musikari izatearekin. Esperientzia zoragarria izan zen eta neu deskubritzeko modu bat ere bai. Izan ere, neure historia bat kontatzen zen filmean, neuk bizi izandakoa; une oso tristeak izan ziren garai hartakoak eta hori film batean jartzea terapia antzekoa izan zen. Batzuk psikologoarengana joaten dira gauza horiek azaltzera eta nik kamera baten aurrean egin nuen. Eta besteak beste, Itziar Ituñori esker.

Terapia diozu, baina omenalditxoa ere bai.

Eta bere garaian baserriaren inguruan gertatutakoa isilarazitakoak kaleratzea, ez inor salatzeko, baina bai ezagutzera emateko. Filma egiteko orduan ez zen izan inoren kontra joatea, guztiz kontrakoa; zen gizartea, hau da, gu, ni barne, ze egiten ari garen erakustea eta kamera aurrean hori azaltzea. Izan ere, bizitza azkar doa, denok ditugu mila gauza egiteko eta batzuetan hartzen dira erabaki batzuk, nire ustez, ez direnak egokienak. Eta filma autokritika bat zen, gure gizarteari halako argazki bat ateratzea eta esatea batzuetan ez garela ari egiten behar dena, eta hortik izenburua ere, Basque selfie, euskal gizartearen selfie-a.

Aurkezle eta aktore sen hori ateratzen ari zara, baina musikari batek oholtzara igotzen den unean ez du aktore eta aurkezle puntu bat behar?

Guztiz. Niretako bai, behintzat. Filmean eta telebistan erakutsi dudan on edo txarra oholtzan zuzenekoetan ikasitakoa da. Zuzenekoetan asko ikasten da eta hori beste proiektu batzuetara eramaten duzu. Eskolarik onena, nire kasuan, zuzenekoa izan da.

Basauriko Musika Eskola ere aipatu nahi dizut, han ari zarelako irakasle. Ze esango zenioke trikitiari esker bizi ezin dela dioenari?

Musikari bezala bizitzea gogorra dela eta ez pentsatzeko musikaren esparru bakarretik bizi daitekeenik. Hainbat arlo desberdinetan sartzen duzu muturra, eta hortik, akaso, bizi zaitezke. Nire kasuan, izan nituen garai batean zalantzak musikatik bizi ahalko nintzatekeen. Lantegi baten egiten nuen lan, baina argi neukan urteak bertan igaro ahala handik atera beharra nuela. Finko egin behar nindutela esan zidatenean ez dakit berri ona edo txarra izan zen; ez nuen nire burua bertan ikusten. Hala, finko egin arte itxaron nuen eszedentzia eskatu ahal izateko. Eta finko egin eta astebetera eszedentzia eskatu nuen eta joan egin nintzen eta gehiago ez naiz itzuli. Zorionez. Baina norberak izaten du zalantza hori, musikatik bizi ahalko zaren edo ez. Den den, nire formula izan da musikaren hainbat esparrutatik bizitzea edo, gutxienez, frogatzea. Nire kasuan, zuzenekoetatik bakarrik bizitzea ezinezkoa da; akaso, zuzenekoetatik, eskolak ematetik eta musika industria horren inguruko gauzetatik bizitzea, guztia batuta, akaso, bai. Eta horretan saiatu naiz eta gaur egun hori egiten dut. Eta hasiberri bati zer esango niokeen? Ogibide gisa ez hartzeko hasieran, instrumentua ikasi behar dela afizioagatik, ez ogibide bezala, eta gero, afizio hori bilakatzen bada ogibide, orduan pentsatzeko beste esparru batzuetatik ere edan beharko duela.

“Ez da egia guk musika tradizionala egiten dugula”

Afizio moduan hasi ofizio bilakatzeko.

Baina gaur egun asko egiten dira ofizio moduan hasi eta pentsatzen dute hori izango dela euren ofizioa, baina afizio barik, eta niretako oinarrizkoa da afizioa izatea, eta gero, zortea baduzu eta hortik bizi, bada, primeran.

Hortik bizi da, eta esango nuke zuretzat pertsona garrantzitsua dela, Xabier Zabala handia.

Handietan handi. Berak ere egin zuen lan ikastola baten eta eszedentzia eskatu zuen… Berak ere izan ditu nondik biziko naiz bezalako barne hausnarketak. Xabier Zabala ezagutu nuenean, izango dira 10 bat urte, gustuko izan eta bota nion erronka: egin behar dugu Korrontzirekin sinfonikoa. Berak konponketak egin zituen. Niretzako altxor bat izan zen eta kristoren oparia berak egin zidana. Gogoan dut ez nintzela oso kontziente non ari nintzen sartzen. Gogoan dut 2014. urtean, jaietan, Abandoibarrako emanaldian nire atzean zeuden 60 musikariak nire musika jotzen hasi zirenean negar egiteko gogoa nuela eta orduan bai ikusi nuela, nolabait, Xabier Zabalak egin zidan oparia. Berak egindako konponketak entzutea nire atzean eta 2.000 pertsona aurrean izanda horrekin gozatzen… negar egiteko gogoa neukan. Panderotxoa edo halako kantak hasi zirenean, orkestraren preludioarekin eta Xabier Zabalaren zuzendaritzapean… Orduan jabetu nintzen zer opari egin zidan. Hari buruz hitz onak bakarrik ditut, kristoren pertsona da.

Plazarik plaza aritzen zara. Zer da plaza bakoitzetik zugan eragina duena?

Publikoa. Publikoa da kontzertu bakoitza berezi egiten duena. Ez da berdina Euskal Herrikoa edo AEBetakoa. Nola jartzen den publikoa dantzan, nola hartzen duen zure musika eta batzuetan ze desberdinak diren dituzten jarrerak… Hori guztia ikustea oso polita da, eta norberarendako erronka. Eta Euskal Herritik kanpora ateratzen garenean, zer esanik ez; euskal musika zer den erakustea, trikitia zer den erakustea… Nire ustez, publikoak egiten du kontzertu bakoitza desberdin; taula berdin-antzekoa da. Tokia handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, baina publikoa beti da desberdina eta horrek egiten du zure musika berezi eta zure egin hori berezi. Eta nahiz eta batzuetan egia den lau edo bost kontzertu ematen dituzunean segidan laugarren edo bosgarrenerako nekatuta zaudela, ateratzen zarenetan taulara eta ikusten duzunean jendeak zela hartzen duen zure musika, txaloka hasten dela eta halakoak, piztu egiten zara eta kontzertu hori, dagoeneko, desberdina da. Ilusioa daukat kontzertu bakoitza emateko; ilusioa galduz gero, Korrontzi galduko litzateke.

Nondik dator Korrontzi izena?

Akordeoia jotzen zuen gizon bat zen Korrontzi, Mungiakoa, duela urte asko. Igandero Mungiako San Pedro elizara joaten zen astoarekin. Meza amaieran akordeoia jotzen zuen txanpon batzuen truke. Aspaldi hil zen eta haren oinordekoek Korrontzi izeneko taberna dute Mungian. Bada, izena bera hasieran horren polita iruditzen ez zitzaidan arren, atzean duen istorioa oso polita da: garai haietako musikaria, musikatik bizi ezin ez eta eskean aritzen zena. Eta omenaldi moduan ere jarri genuen izena.

Gerora laga bazenuen ere, Baba Biga diskoetxeko buru ere izan zinen. Horixe da, akaso, musikaren alderik ilunena edo ezagutu duzun arlorik ilunena?

Ezagutu dut onena eta txarrena. Bi aldeak ezagutu ditut. Eta alde txar asko ere baditu, hori egia da. Ez dut kritika egin nahi ezeri buruz, ez naizelako inor halako aholkuak emateko, baina bai ikusten nuen hasiera batean ilusioz egindako gauza bat zela, eta hasi nintzela Korrontziz gain beste talde batzuekin lan egiten –Gatibu, Doctor Deseo,  Esne Beltza–. Agendak aurrera eraman, kontzertuak prestatu, diskoak kaleratu… baina, halako batean, nik galdu nuen ilusio hori. Mundu ilun hori ikusten duzu, batzuetan arazoak daude, eta zurrunbilo horretan sartzen zara. Ba, halako batean, hori ez nuela egin nahi konturatu nintzen. Horregatik utzi nuen. Gainera, Korrontzirekin oso gustura nenbilen, nire proiektu pertsonala zen eta hori aurrera eraman nahi izan nuen. Bestearen norabidea ez zela nire gustukoa ikusita utzi egin nuen, eta orain, oso gustura nago. Baina ez nuke Baga Bigaren esperientzia aldatuko, horrekin industriari eta komunikabideei buruz asko ikasi dudalako. Taldekideekin zoragarri ibili nintzen, gainera.

Aipatu duzu industria handi horretatik asko ikasi duzula. Ez dakit zerbait ikasi duzun edo kontrakoa, gehiago nahastu dizun zuk buruan trikitiarekin zeneukan egitura. DJ Makalarekin disko berria jarri duzu martxan. Ze abentura da hau?

Erdi kasualitatez sortutako proiektua da. Kanpoko jaialdietan asko ibiltzen gara Korrontzirekin eta DJ Makala ere horrela ezagutu nuen, jaialdi baten. Urtero Womex jaialdi horretan egoten ginen eta hitz egiten genuen, eta erdi brometan zerbait egin behar genuela esaten genuen. Aurten, bazegoen Womex jaialdi horretatik deialdi bat, euskal tradizioari lotutako zerbait eramateko eta kontzertu bat emateko. Disko gabe pentsatu genuen Makalak eta nik gure ekarpena egingo genuela eta proiektu bat hasiko genuela. Horrela, Finlandian egon ginen Topakarekin jotzen, laukote ereduan, Makala, bi dantzari eta ni. Emaitza zoragarria izan zen eta, hasiera batean, proiektua kontzertu bat eskaintzea bakarrik zen, baina gure musikarekin aretoa bete eta dantzan jarri genuen, eta, kantuak prest zeudenez, Durangoko Azokarako diskoa kaleratzea pentsatu genuen.

Garikoitz Mendizabal txistulariak esan zidan Ttap aldizkarirako ere txistuak ez duela modaz pasatzeko arriskurik inoiz ez delako modan egon. Trikitia oso modan egon da, eta orain, DJ batekin uztartuta, proiektu berriak… Agian, trikitia modaz pasatu ez dadin? Modaz pasatzeko arriskua du?

Arriskua bai. Moda hitza erabiltzea arriskutsua egiten zait. Trikitilaria edo txistularia edo Euskal Herriko edozein musika-tresna tradizional askotan plazetan ikusten ditugu, ikusten ditugu ere goizeko hamarretan kalejiran, eta, batzuetan, jendeak, gazteek batez ere, ez du baloratzen hori zer den euskal kulturarentzat. Hori “betikoa” dela esango dizute, ez dela modernoa, ez dela polita. Hori ere badago gaur egun. Gure nahia beti izaten da, Korrontzirekin edo Topakarekin belaunaldi berriei erakustea ez gure tradizioa, guk gure kantuak egiten ditugulako, eta ez nuke esango tradizionalak direnik, inondik inora. Baina euskal tradizioan oinarrituta daude, bai noski. Ez da egia guk musika tradizionala egiten dugula. Guk musika tradizionalean oinarritutako kantu berriak egiten ditugu. Zorionez, jendeak euskal kultura edo euskal kantu bezala hartzen ditu eta hori oso polita da. Baina belaunaldi berriek ez dute ikusten modan egon daitekeenik trikitia, txalaparta edo txistua. Hori haiei hurbiltzea da gure nahia, eta erakustea “modernoa” izan daitekeela, eta ez dela bakarrik Rosalia bat entzutea. Ez gaude hori baztertzen, baina gurea ere baliagarria da. Eta DJ batekin batera trikitia beste “jantzi” batekin haientzat modernoagoa baldin bada, ba, bejondeiola. Eta, agian, abiatuko dira Korrontziren kanta batetik eta bilatuko dute Sakabi bat nor zen. Eta hori izango da tradizioari egingo diogun gure ekarpena.

Hurrengo belaunaldiei transmisioa aipatu duzu. Aipatu dituzu ere aurreko belaunaldietako batzuk. Zuretzat asko izan direla imajinatzen dut, eta, Azkuna Zentroan gaudela, azkenekoz hemen elkartu nintzen Kepa Junkerarekin. Zer da zuretzako Kepa?

Maisu bat. Kepa zen erreferentea. Bera erreferentea zenean nik trikitia jotzen hasi nintzen eta bere diskoak entzuten nituen, eta ezinezkoa jotzen zenuen maila hori. Eta gero, egin duen ibilbide guztia! Nik beti esaten dut, hegazkin batetik jaisten naizenean –Kanadan, Cabo Verden edo beste edozein lekutan–, beti esaten didate hemen Kepa Junkera egon zen. Horrekin, gero ohartzen zara are gehiago berak egindako lanarekin. Madisonen hegazkinetik jaitsi, eta bertako tipo batek esatea hemen Kepa Junkera egon zen… Horrek esan nahi du Junkerak egin duela ekarpen bat euskal kultura hara eta hona eramateko.

Kepa Junkerak egin duen bide oparoa aprobetxatzen ari zarete beste batzuk?

Bai, noski. Eta Kepa baino lehenago, agian, Oskorri, nahiz eta nazioartean ez ziren hainbeste mugitu. Baina Kepak lan handia egin zuen, eta Grammyaren bitarte…. Bere bide hori jarraitu dugu askok, bai, eta, zorionez, jende askok deitzen gaitu. Gure musikan badu oihartzuna Kepa Junkerak, hori argi daukat. Eta bere kantuek nire buruan izan dute oihartzuna, eta seguru nago nire trikitia jotzen dudanean, horrek ekarpena baduela, eta batzuek Kepa Junkeraren jatorri hori nabarituko dutela. Zoritxarrez, orain, gaizki pasatzen ari da, eta, etxean dagoela, ea azkar berreskuratzen den.

Eskerrik asko, Agus, eta espero dut Kepa zuretzat izan den moduan, zu ere erreferente izatea askorentzat.