Agur, martxoaren 8a
Hemendik entzuten da hainbaten lasaitasun hasperena martxoaren 8a atzean gelditu delako. Ufff, utzi dezakegu gaia bere bazterrean eta benetako arazoetara itzuli. Labainkorra da gizonen eta emakumeon arteko eskubide berdintasunaren kontua, ondo ezagutzen ez den hizkuntza batean mintzatzea bezain deseroso.
Bitxia aurtengoa, harrotasunaren kontuarekin. Nik, behintzat, ez dut harrotasun hori ulertzen, euskaraz harro dagoenaren egoera azaltzeko bi hitz baditugu ere: harrotasuna eta harrokeria. Ez dut ulertzen nola egon gintezkeen harro aitzindariek egindakoaz. Eskertuak bai, haiei esker zabaldu baitzen lehen bidezidorra, honezkero benetako bide bilakatutakoa.
Iruditzen zait harrotasuna norberak egindakoaz senti daitekeela soilik. Ez nago harro euskaldun izateaz, horren meritua gurasoena baita erabat. Eskertua bai, aitaren temagatik izan ez balitz ez baitakit euskaldun berri izateko adorea izango ote nukeen.
Ez nago harro emakume izateaz, hori ere ez delako nire meritua. Esker onekoa bai, errazago baita bazterkeria edo diskriminazioa antzematea kaltetuen artean bazaude. Zailago dute kaltegileen artean daudenek; are gehiago, askotan iruditzen zaie bazterkeria zehatz bat salatzen duena gehiegikeriatan ari dela. Horregatik esaten zaigu sarritan feministoi tematiegiak garela. Baina martxoaren 8a atzean geldituta ere, errealitatea da tematia, ez gu. Errealitatea aldatu behar dugu, ez horri aurre egiteko modua.