Afrika Baeta: “Hedabideetan klik baten erritmora ohitzen ari gara”

ETB2 kateko Teleberri saioaren aurpegi ezaguna da Africa Baeta (Bartzelona, 1969). Ia mende laurden eman du Baetak albistegia aurkezten.

23 urte bete dituzu Teleberri aurkezten. Urte mordoa dira, egunero kameren aurrean…

Bertigoa ematen du pentsatzeak… Era berean, sekulako eskertza sentitzen dut nigan konfiantza jarri dutenekiko eta egunero berriak kontatzeko haien etxeetan sartzeko aukera ematen didatenekiko. Umea nintzenetik kazetaritza nire gorputzeko zelula bakoitzean txertatuta dagoen zerbait dela uste dut; beraz, imajinatu dezakezu niretako zer den informazioaren lehen lerroan bizitzea.

EITBk 40 urte bete ditu. Nola ikusten duzu hedabidea 40. urteurren honetan?

Internet eta, batez ere, smartphoneak etorri direnetik sekulako eraldaketa bizitzen ari gara hedabide guztiak. Gizartea pantailara itsatsita bizi da, informaziora, etengabeko bonbardaketa horretara. Hedabideetan klik baten erritmora ohitzen ari gara, gehiegizko estimulaziora. Horregatik, ezinbestekoa da sinesgarritasunaren plus hori ematea, kalitatezko edukiak eta informazio kontrastatua. EITBk kalitatezko edukien eta gizarte erantzukizunaren alde egiten du. Horrek izan behar du gure identitate zigilua. Aniztasuna dimentsio sozial eta politiko guztietan errespetatzea, eta egiazkotasunarekin konpromisoa.

Erronka handia da garai hauetan fake news-ak kudeatzea. Nola ihes egin daiteke fenomeno horretaz?

Fake news-ak, izan ere, ez dira kazetaritzaren parte. Plataforma digital handiek sortzen dituzte. Desinformazioa betidanik existitu da, baina orain, kezkagarriena da plataforma hauen bidez oso azkar zabaltzen direla. Ezkutuko manipulazioak ematen dit niri beldurra, ez dutelako informazioa kontrastatzen. Egia erdiak edo egia bihurtutako gezur erdiak arriskutsuak dira. Hala ere, alde positiboari erreparatzen diot. Uste dut fake news-en fenomenoak herritarrak egia bilatzera motibatzen dituela. Benetako kazetaritzaren lana indartzen dute. Gure lanbidea zalantzan egon da urte luzez, eta legitimazio moduko bat etorriko dela uste dut.

Aurkezle izateaz gain, terapeuta zara eta emakumeekin tailerrak antolatzen dituzu. Zure alde hori ez dugu hainbeste ezagutzen…

Gizakia, adimena, giza jokabidea, filosofia… beti liluratu naute gai hauek. Nerabezaroan bizitzaren zentzua bilatzen nuen… Duela urte gutxi batzuk, antsietate-sasoi sakona bizi izan nuen. Orduantxe hasi nuen autoezagutza bide bat, nire antsietatearen atzean zer zegoen jakin nahi nuen, hortik askatzeko. Beraz, terapeuta emozional, mindfulness irakasle eta psikologo transpertsonal moduan formatu nintzen, eta autoezagutzarako teknikak ikasi nituen. Besteei laguntzeko zure itzalak ikusi behar dituzu lehenbizi, zeure buruak eta gorputzak nola funtzionatzen duten ikasi behar duzu. Lanketa honen bidez ikus dezakezu mina saihestezina dela, baina sufrimendua aukerakoa dela, eta gure buruaren erabilera oker batek amildegi baten ertzean koka gaitzakeela. Buruak gure aliatua behar du izan, ez gure etxeko zuzendari zoro bat.

Depresioaz edota antsietateaz berba egin duzu, publikoki. Garrantzitsua da normalizatzea eta plazaratzea gaia?

Ezinbestekoa da. Nork ez du izan krisiren bat bizitzan? Krisiak aukerak dira, eraldaketa pertsonalerako tarteak. Zure zati bat hiltzen da; duelua gainditu eta jakintza handiagoarekin berpiztu behar da. Norberaren esperientziak antzeko zerbait bizitzen ari den beste bat lagun dezake. Azkenean, denok gara berdinak, forma ezberdinarekin, eta garrantzitsua da besteengan geure burua ere ikustea.

Uste duzu emakumeei gizonei baino gehiago exijitzen zaiela albistegiak aurkezteko orduan?

Autoexijentzia norberak ezartzen du. Nire bizitzaren jabe naiz, eta baita nire erabakiena ere. Hortik abiatuta, askea naiz nire mugak ezartzeko eta pertsona moduan noraino hel naitekeen erabakitzeko. Horrek ez du kentzen telebista kate batzuetan emakume perfektuaren kanona exijitzen denik. Akats larria da. BBCko aurkezleak ikusten dituzu euren beteranotasunarekin, esperientziarekin, jakintzarekin… eta sinesgarritasuna ematen duen plus bat ere bada. Aurrerapausoak ematen ari gara, baina emakumeoi gizonei baino gehiago exijitu zaigu. Gaur egun, kanon guztiak zalantzan jartzen ditut. Zer da perfektua izatea? Norentzat? Nik exijentzia ez dut inoiz jaso lan egiten dudan hedabidetik, nik neuk ezarri diot neure buruari. Profesional on batek bere balioak argi eduki behar ditu, eta horien aldeko apustua egin.

Badakigu Bruce Springsteenen zale amorratua zarela. Nondik datorkizu zaletasuna?

15 urterekin, bizitzari abesten zion musikari bat entzun nuen, eta haren mezuak barrutik zeharkatu ninduen. Bizitzaren zentzua bilatu nahi nuen eta Brucek bere kantekin hitz egiten zidala sentitzen nuen, nituen galderei erantzuten zien… 16 urterekin ikusi nuen zuzenean, eta betirako liluratu ninduen. Haren mezua barneraino heltzen zitzaidan, eta beraren zuzeneko musikarekin mezu horiek emozio sakon bilakatzen ziren. Nire bizitzaren soinu-banda da. Harekin hazi naiz, eta nire programazio neurolinguistikoan txertatuta dago dagoeneko beraren musika; kar-kar-kar.

2022 honetan Kongoko Errepublika Demokratikora bidaia berezia egin duzu. Zer aurkitu duzu han?

Jakintza, sonoritatea, enpatia, entzumena. Zein gaizki portatzen garen Afrikarekin. Bihotza lapurtzen dizun kontinentea da. Mundu kapitalistak min handia egin dio eta egiten jarraitzen dio Afrikari. Haren ondasun guztiak espoliatzen ditu, eta suntsitzea eta bortxatzea ikasi besterik ez duten gerrillak finantzatzen ditu. Han bizitza lazgarriak izan dituzten emakumeak entzun ditugu, egunero bizirauteko borrokatzen direnak, babesteko borrokatzen direnak, injustiziak bukatzeko borrokatzen direnak… Ubuntu kontzeptua erakutsi zidaten han: “Ni naiz, gu garelako”. Haien artean babes-sareak sortzen dituzte horrenbeste biolentzia eta esplotazio gelditzeko asmoarekin. Haien mina indar eraldatzaile bihurtzeko gai dira. Baina zergatik begiratzen dugu beste alde batera? Zergatik Afrikan gertatzen dena ez da albistegietako lehen lerroan agertzen? Zergatik ez dugu geure burua islatuta ikusten afrikarrengan? Alboan erakundeari eskerrak eman nahi dizkiot, kazetari talde bati errealitate hori ezagutzeko aukera emateagatik. Eredugarria da haien lana.

Konta egiguzu zutaz ez dakigun zerbait.

Milaka gauza konta ditzaket! Abenturazalea izan naiz eta abenturetan jarraitu nauen bikotekidea izatearen zortea dut. Beraz, gure hiru seme-alabak jaio zirenetik abentura gure bizitzetako parte garrantzitsua izan da. Mundua elkarrekin zeharkatu dugu. Beste anekdota bat kontatzearren, nire lehen lana klinikako laguntzaile moduan egin nuen. Hemodialisian egin nuen lan unibertsitateko klinikan. Doktore-tesia egiten hasi nintzen, baina ez nuen bukatu, telebistara saltoa eman nuelako jarraian.