Adriana Sanchez: “Go!azen’-ek familia bat eman dit; bihotza bete-bete daukat”


Go!azen-eko 13. denboraldian itzuliko da Alaia, zure pertsonaia. Zuretzat, hirugarren denboraldia izango da. Zer ari da izaten?
Niretzat, Go!azen nire bizitzan zehar bizi izan dudan esperientziarik politenetako bat izan da. Aipatu bezala, nire hirugarren denboraldia izan da aurtengoa, eta ezin dut azaldu zenbateraino betetzen nauen. Pertsona ezin hobeez inguratu naiz, eta asko ikasi dut, bai arlo profesionalean bai pertsonalean; hazten lagundu dit. Gaur egun, nire bizitzako ehuneko handi bat da, eta oso eskertuta nago proiektuaren parte izateagatik. Go!azen-ek familia bat eman dit, bihotza bete-bete daukat.
Telesaileko beste aktore batzuek lantalde bikaina dagoela eta aktore izateko eskola ederra dela aipatu dute. Zuk ere horrela ikusten duzu?
Bai! Horrela da, guztiz! Go!azen bi hilabetetan grabatzen dugun proiektu bat da, eta, nahiz eta oso neketsua eta gogorra izaten den, oso aberasgarria da, asko ikasten da. Interpretazio-ikastaro bat bezalakoa da, eta, aktore bezala, zure burua eta mugak ezagutzeko ezin hobea. Sekulako erronka!
Alaia-ren eta Adrianaren artean badago antzik? Ala guztiz ezberdinak zarete?
Bai, badago! Azken finean, guk, aktoreok, ematen diegu bizitza pertsonaiei, eta beti oparitzen diegu gure izaeraren zatitxo bat, nahiz eta oso txikia izan. Itxuraz oso desberdinak garela dirudien arren, biak oso sentiberak eta barrukotasun handikoak gara, eta asko kostatzen zaigu besteengan konfiantza izatea. Hori bai, behin harreman sendoak eraikita, asko zaintzen eta maitatzen ditugula esango nuke.
Lucia film laburrarekin eman zenuen ezagutzera zure burua, eta, gainera, sariak ere irabazi zenituen. Zer suposatu zuen horrek zuretzat?
Lucia film laburra ikus-entzunezko mundu honetan egin nuen lehenengo proiektua izan zen, eta kristoren goxotasunarekin gogoratzen dut. Niretzat, opari bat izan zen, jende oso ederra ezagutu nuelako, eta, lan horri esker, erabaki nuelako honetan jarraitzea; hala sentiarazi zidan Marta Etura zuzendariak, baita jaso nituen sariek ere. Egia esan, ez dakit nola azaldu, baina nire buruarengan konfiantza izaten lagundu zidan, eta oso une politak oparitu zizkidan, beti nire gurasoak alboan izanda. Asko hunkitzen nau gogoratzeak.
Antzerkian ere aritu izan zara. Zer du oholtzak harrapatzen zaituena?
Niretzat, antzerkian aritzea jolastea da. Antzerkiak nahi duzuna izatea, egitea edo pentsatzea ahalbidetzen dizu, zeure burua epaitu gabe, eta leku seguru batean sentitzen zara.
2026 bukaerako hilabeteetarako edota 2027rako proiektu berririk baduzu esku artean?
Oraingoz, ez. Egia da udan zehar hainbat casting egin ditudala, baina, momentuz, erantzunik ez.
Kaletik zoazenean, ume eta gaztetxoek “Alaia!” esan izan dizute? Nola bizi duzu hori?
Bai! Askotan gertatzen zait, kaletik joan eta bat-batean: “Begira, Alaia da, Go!azen-ekoa!” Hasieran, lotsa pila ematen zidan eta arraroa egiten zitzaidan, baina, gaur egun, oso ondo eta gustura bizi dut hori. Egia esan, umeek oso ondo jaso dute Alaia, eta ni super eskertuta nago, kristoren ilusioa egiten dit nire lanarengatik zoriontzen nautenean, baita beraiengan nolako eragina dugun ikusterakoan ere. Ikuslerik onenak dira haurrak!
Ezagutu nahiko zenukeen herrialde bat?
Italia. Egia da Erroman egon nintzela, baina gustatuko litzaidake beste hiri batzuk ere ezagutzea: Venezia, Napoles, Florentzia, Puglia…
Gomendatu, azkenaldian ikusi duzun pelikula edo telesailen bat.
El diario de Noa pelikula. Orain dela urtebete edo ikusi nuen lehen aldiz, eta duela gutxi berriz ikusi nuen. Oso polita eta hunkigarria da; ikusi eta gero beste gorputz batekin geratzen naiz beti.
Zer da aktore lanak duen onena eta zer txarrena?
Niretzat, aktore lanak duen gauzarik onena da beste bizitza eta esperientzia batzuk bizitzeko aukera ematen dizula. Aktore izango ez banintz agian inoiz imajinatuko ez nituzkeen gauzak bizitzeko aukera ematen du lanbide honek. Gainera, lan honen bidez, jende oso ederra eta interesgarria ezagutzen da, eta proiektu bakoitzetik zerbait berria ikasten da, bai lanari buruz, bai zeure buruari buruz. Alde txarrari dagokionez, niretzat zailena itxaronaldi luzeak dira. Lan honek casting asko egitea eta etengabe prestatzen eta formatzen jarraitzea eskatzen du, baina horrek ez dizu ziurtatzen lana lortuko duzunik. Askotan, ezezko asko entzun behar ditugu, eta hori ez da beti erraza. Gainera, batzuetan, lehiakortasun eta inbidia handia egoten da mundu honetan.