ADDAR taldea

Buru-belarri ari dira ADDAR taldeko kideak euren lan berriekin lanean, Ezin ulertu single-a, eta, gaur-gaurkoz, Ezin ulertu da kaleratu duten azken abestia. Aurrerantzean lanean jarraituko dute, etorkizunean euren abestiak oholtza gainean interpretatzeko.

Urteko bigarren singlea da Ezin ulertu; nolako harrera izan dute biek?

Oso pozik gaude emaitzarekin. Jaso dugun feedbacka oso positiboa izan da eta abestiak euskal hedabideetan kokatzea lortu dugu. Haiekin genituen helburuak bete ditugu.

Lan luze bat argitaratuko duzue? Hala bada, noizko aurreikusten duzue?

Oraindik ez dugu erabaki hori hartu; hori bai, oraindik abesti berriak estreinatu behar ditugu, baina hori uda igaro eta gero izango da. Lan luzea egotekotan, urte amaieran izango da.

Duela hiru bat urte argitaratu zenuten lehen lan luzea; nola aldatu da taldea ordutik?

Denbora laburrean gauza asko aldatu dira: pandemia erdian, bigarren lan luzea, taldekide aldaketak, GOR diskoetxearen bukaera… Egia da talde honek 5 urteko ibilbidean gorabehera asko izan dituela aipatu ditudan arrazoiengatik, baina hemen jarraitzen dugu. Denbora laburrean lan asko egin da, baina momentu bakoitza irakurtzen saiatzen gara eta gure egoeraren arabera erabakiak hartzen ditugu; betiere, aurrera begira.

Uda ate joka dago; kontzertuak eskainiko dituzue ala “isilpeko lana” egiten jarraituko duzue?

Ez dugu kontzertu askorik egingo; arnasa hartu eta falta zaizkigun abestiak estreinatuko ditugu. Kontzertuak helduko dira, baina orain guretzako denbora hartu nahi dugu, indarrarekin bueltatu ahal izateko.