Abel Barriola: “Maitasuna bezalako antidepresiborik ez dago”

Abel Barriolarekin egon gara. Duela bi urte pilota utzi zuenetik bizitza aldatu zaio, beste kirolari askori bezala. Komertzio Internazionala ikasten hasi da eta ETBko esatari berria ere bada leitzarra. Pilotaz, kirolaren ikasgaiaz eta bizitzak dituen aldaketaz hitz egin dugu.
MIKEL IDOATE: Kaixo, Abel, Eskerrik asko TTAP aldizkarian egoteagatik. Labrit pilotalekuan gaude; zer sentitzen da berriz ere kantxa honetan egonda?
ABEL BARRIOLA: Bueno, badaude toki batzuk pilota utzi ondoren nolabaiteko indarra ematen dizutenak, eta, nire kasuan, bat herria da. Berriobeitin bizi naiz, eta herrira joan eta nolabaiteko energia positiboa esaten zaiona. Beste bat Eibar da, izugarrizko bizipenak izan ditudalako. Eta beste bat Labrit pilotalekua da. Bizipen asko, entrenamendu asko, zuk, nik eta hainbat pilotarik, poz asko, tristura asko ere bai, eta, batez ere, bizi esperientzia pila bat. Hona bueltatzen zarenean, subidoia esaten den hori sentitzen dut.
Bi urte eta erdi dira pilota profesionala utzi zenuenetik; asko aldatzen da Labritera etortzea pilotaria izanda edo pilotari ohi izanda?
Bai, bai, asko aldatzen da. Batetik, beste lasaitasun batekin etortzen zara. Ni oso urduria naiz, eta aurreko kezka hori duzu jokatzen duzunean. Orain, disfrutatzera nator. Beste alde batetik, inbidia sentitzen dut beste pilotari batzuk entrenatzen edo jokatzen ikusten ditudanean. Egia esan, telebistatik ikusten ditudanean, ez dut inbidiarik, baina zuzenean bai: pilotaren soinua, esfortzua…
Gogoratzen duzu zure azkeneko pilotakada edo azkeneko partida hori?
Bai, oroitzapen onak eta tristura. Onak, polita izan zelako azken partida hura, eta pena, partida txarra jokatu nuelako. Baina jada nire buruari barkatu diot. Edozein pilotariren agurraren aurreko asteak oso mugituak izaten dira eta ez duzu behar bezala entrenatzeko denborarik.
Labrit eta Eibar esan duzu direla zure pilotaleku berezienak. Zergatik? Zerk egiten du pilotaleku bat berezi?
Pilotaleku bat berezia da, nire bizitzako partida garrantzitsuenak bertan jokatu ditudalako. Pilotari guztion ametsa da partida garrantzitsuak jokatzea eta bizi-esperientzia horiek gozatzea. Aurreko asteak, prestatu, ongi nago, gaizki nago… buruko gorabeherak pilotaleku hauetan bilatu eta aurkitu ditut. Gainera, Iruñea pilotari nafarren etxea da.
Buruko gorabeherak faltan igartzen dituzu? Edo oso estresatuta bizi zinen?
Estresatuta bizi zara, baina nahi duzun estresa da. Esfortzurik gabe eta sakrifiziorik gabe zure ametsak lortzea ezinezkoa da. Pilota uztean, hasieran lasaitasuna sentitu nuen eta aspaldian egiten ez nituen gauzak egin nituen; adibidez, mendira joan…
Lehen debekatuta zenuena…
Bai, baina behin denbora bat pasata, pilota asko igarri nuen faltan. Beste pilotarien kasua ez dakit, baina denbora bat pasata buruari buelta asko eman nizkion eta pertsonalki ez zen erraza izan. Badakit utzi behar nuen momentuan utzi nuela, eta lasaitasun hori dut, baina ez da erraza. Pilota eta geroko bizia asko kosta zitzaidan, pixka bat galduta, etorkizunean zer egin jakin gabe. Pilotaria nintzenean uste nuen dena pilotari dedikatu beharra niola eta gero gerokoak, ikusiko nuela zer egin.
Profesionaletan zaudenean ez duzu etorkizunean pentsatzen.
Nire kasuan ez, behintzat.
Eta pilotariek?
Gaur egungo pilotari askok mentalitatea aldatu dute. Irribarria, Elezkano eta beste batzuk bere ikasketak egiten dituzte pilotatik aparte eta hori da nik egin nuen akatsa.
Egia da, horrek lasaitasuna ematen dizu, baina, bestetik, energiak kentzen dizkizu, kirolak dedikazio handia exijitzen du.
Bai, horrela pentsatzen nuen nik, baina atzera begira… Ez naiz damutzen. Nik egin nuena egin beharrekoa zela uste nuen, baina ez da erraza. Erretiroa hartzean, edozer egiten duzularik, hutsetik hasten zara.
Gauza asko ikasten dira kirol profesionalean; asko kostatzen da erretiroa hartzean ikasitako guztia azaleratu eta ordenatzea?
Nire ustez, ez. Nire bizitza-eskola kirola izan da. Kirolak gauza asko erakusten dizkizu. Oreka handia ematen dizu, gizatasun asko, eta gero, hori zure bizitzan aplikatzen duzu. Gauza da behin erretiratuta urte asko dituzula aurretik, eta hori aplikatu bai, baina beste ezagutza batzuk behar dituzu beste gauza batean aplikatzeko.
Gauza teknikoagoak…
Bai, gauza teknikoak; hori gabe herren zaude. Horregatik, hoberena da biak uztartzea.
Eta kirolean ikasitakoa nola ikasten da, esperientziaz, ala irakasleak izan dituzu?
Irakasleak izan ditut. Handienak familia eta lagunak izan dira. Beti eskertu dut partida bat bukatu eta gero lagun bat zetorrenean, bere umiltasun osoz bere iritzia ematea eta bere laguntasuna. Hori bezalako medizina edo antidepresiborik ez dago, maitasuna. Kirolari baten inguruan beti dago talde bat. Talde horretan beti daude pertsona batzuk behar den gauza behar den momentuan esaten dizutenak eta nolabaiteko sentsibilitate eta inteligentzia badutenak, eta zuk ere pertsona horietatik asko ikasten duzu. Azkenik, niri asko lagundu didana irakurketa izan da; beste kirolari batzuen autobiografiek, batez ere, baita heldutasun liburuek ere.
Eta zein izan da gehien markatu zaituen liburua?
Asko gustatu zitzaidan orain oso kritikatua den Lance Armstrong-ena. Bere liburu guztiak irakurri nituen.
Aggasiren Open, agian…
Ez; hori hasi, baina ez nuen bukatu.
Gomendatzen dizut…
Guerreros de la roca ere bai. Hainbat irakurri ditut. Batzuk ahaztuak ditut, baina ikasitako ikasgaiak, ez.
“Pilota uztean lasaitasuna nahi nuen, baina orain, adrenalina faltan sumatzen dut”
Lehen esan duzu zure taldea oso garrantzitsua dela. Sekula ardi beltzen bat sartu da zure taldean?
Ez. Nire kasuan, ez. Zuk inguruan duzun taldea talde txikia da. Askotan, selekzioa naturala da. Alde batetik, zuk zure inguruan duzun jendea, beraiekin gustura zaudelako, egia esaten dizutelako eta konfiantza osoa duzulako haiengan.
Bai, baina kasu asko daude kirolariek esaten dutena: “Nire inguruan ez nituen pertsona egokiak…”. Beti daude sateliteak inguruan, interesen arabera mugitzen direnak.
Bai; Arantxa Sanchez Vicarioren kasua, adibidez. Nire kasuan, ez. Nire lagunek nire lagun izaten jarraitzen dute. Ni kantxara ateratzen nintzen, baina egin dudan guztia, ona edo txarra, beraiengatik izan da.
Labriteko kantxan gaude, eserita, atzean harmailak, baita aldagelak ere; zer igartzen duzu faltan gehien?
Dena. Batez ere, adrenalina. Nolakoak diren gauzak. Uztean, eskertzen nuena lasaitasuna zen, asteburuak etxean egotea. Orain, aldiz, adrenalina, ezinegona, igartzen ditut faltan. Zergatik? Bizitzan gauza batzuk daude bizirik sentiarazten zaituztenak, eta, nire esperientzian, bizirik sentitzen nintzen pilotarengatik. Horrenbesteko ilusioa, pasioa, bizirik sentitzen zara. Hau bizitzea merezi du.
Bai, baina adrenalina horrek momentu oso gogorrak bizitzera ere eramaten zaitu. Ingurukoek hori ulertzen dute? Erraza da pilotari baten inguruan egotea, hainbeste gorabeherarekin?
Ez dut uste erraza denik kirolari batekin egotea. Kirolari bat ulertzeko beste kirolari bat da hoberena. Pertsona askok ez du ulertzen triste egotea partida bat galtzen duzunean. Kirolariek badakite gauza askoz gogorragoak daudela partida bat galtzea baino; aldiz, momentu horretan ez dago ezer gogorragorik. Ingurukoek hori ulertzea ez da erraza; horregatik dute hainbesteko garrantzia.
Eta orain, zer egiten du Abel Barriolak?
Orain, ikasten nabil.
Zer?
Komertzio Internazionala, hau da azken urtea, horrela espero dut, behintzat. Kar, kar, kar.
Ikasle ona izanen zara zu, pilotan bezala, serioa eta langilea.
Lanerako ez dut arazorik. Kirolak diziplinatua izaten erakusten dizu.
Batzuei.
Kar kar, kar. Bai, orokorrean. Kristoren borroka dut ordenagailuekin. Nire belaunaldian ez genuen askorik erabiltzen. Orain, dena ordenagailuz da, eta ikasten nago. Lehen esan bezala, kirolak erreminta asko ematen dizkizu, baina beste batzuk hezkuntzak ematen dizkizu.
Zergatik erabaki duzu berriz ere gaztetxoekin klasera joatea? Lehenengo formatu eta gero lana?
Hasieran, denbora bat lasai egotea erabaki nuen. Emaztearekin hitz egin eta pentsatu nuen berriz ere hezkuntzan hastea eta gehien gustatzen zitzaidana ikastea. Batetik, arantza bat kendu nahi nuen, ikasketak bukatzearena, eta, bestetik, bakoitzak bere ametsak ditu eta nireak ez doaz pilotaren bide berean, eta bide hori jarraitzeko ikasketak behar nituen.
Gazteen inguruan, joan den egunean Toni Nadalen hitzaldi batean egon nintzen eta berak zioen gazteei esfortzua eta exijentzia falta zitzaiela. Zu beraiekin egonda, horrela uste duzu?
Ez dakit… nik ikusitakoarekin ezetz esanen nuke. Nire garaian gertatzen zen berdina gertatzen da orain. Denetarik dago, ikasle alferrak, langileak, errespetu gabekoak eta errespetu osokoak, denetarik. Nire esperientzia bikaina da. Desberdina da gure belaunaldiarekin alderatuta; adibidez, ez dira mendira joaten eta hori gurean oso arraroa zen, baina, orokorrean, jende bikaina da. Gazteen debatean betikoa da, Grezian ere horrela zeuden.
ETBn pilota partidetan esatari lanetan hasiko zara. Lehenik, zorionak! Zergatik pilotara itzulera hori? Ez da kargu erraza…
Ez da kargu erraza, ez. Kirolariok gure egoa badugu eta ez dugu gustuko kritika batzuk entzutea. Ilusioz nago, nire pasioa pilota da, gure kirola, eta aukera ikusten dut ekarpen txiki bat egiteko. Protagonistak pilotariak dira, eta, beno, lau begi berri egonen dira, zureak eta nireak. Bestetik, astean ikasten nago eta asteburuko lan bat da, ongi datorkit eta ilusionagarria da oso.
Bi urte pilotaren egunerokotik kanpo daramazu. Asko aldatu da pilota?
Ezetz uste dut, pilotan ere gauzak hobetzen daude. Azkarrago eboluzionatu lezake, bai, baina pilota bizirik dago, jendearen ahotan, eta hori da albisterik onena. Eta aldatu? Nire ustez, pilota, oinarrian, ez da inoiz aldatuko. Pilotariak berdin ikusten ditut, irabazten dutenean pozik, galtzean triste… beraien burua irekiko bagenu, pilota bat izanen lukete barruan, beti berdinean pentsatzen. Pilota pasio bat da, 60ko hamarkadan, 80ko hamarkadan eta gure gaur egungo belaunaldian. Pilotarekiko maitasun hori ikusten dut oraindik eta beti ikusiko dugu.
Gaur egungo pilotarien artean zeinek markatzen zaitu gehien?
Ez dakit. Denak dira desberdinak, baina denak erakargarriak. Batetik, Altuna, artista, kreatiboa, sormena. Ezkurdia, kirolaren balioak, beti lana, beti dago hor. Irribarria, potentzia. Bengoetxea, esperientzia eta inteligentzia. Aimar Olaizola, kalitatea eta pilotarekiko maitasuna. Beste hainbat pilotari ere badaude, bakoitzak bere puntua ematen dio pilotari.
Bueno, Abel, analisi zoragarri hau egin eta gero, eskerrak besterik ez. Oso motza egin zait elkarrizketa, plazera izan da Labriten zurekin egotea.
Niretzako ere plazera izan da, eta nahi duzun arte, Mikel.