721 Gogor Gabiltza taldearen ‘Norabide bakarrean’ diskoa

Disko berria kaleratu du Aretxabaletako 721 Gogor Gabiltza taldeak. Dagoeneko hasi dira diskoa aurkezteko kontzertuak ematen, eta datozen asteburuetan ere oholtza gainera igotzen jarraitzeko asmoa dute.

– Nortzuek osatzen duzue taldea? Aurkeztu zuen taldea.

Zazpi pertsonak osatzen dugu taldea: Gusilu DJ lanetan ibiltzen da, Ekso eta Poli abesten, Liher bateria-jotzailea da, Okina baxu-jotzailea, Parra gitarra-jotzailea eta Julene gitarra- eta tronpeta-jotzailea.

– Urtebete baino gehiago daramazue lanean eta dagoeneko kaleratu duzue zuen lehen lan luzea; nolakoa izan da prozesua? 

Urtebete baino gehiagoz ibili gara disko honekin lanean, eta gogorra izan da. Ordu asko sartu behar izan ditugu, baina azken emaitzarekin oso pozik gelditu gara. Bikaina izan dela uste dugu.

– Nahiko estilo berritzailea duzuela esan daiteke, ezta? 

Berritzailea izan daiteke, bai. Ez dugu estilo horretako musikarik entzuten; ez gure inguruan, behintzat. Taldeko kideak, musika estiloari dagokionez, oso ezberdinak gara. Denon artean sortu dugu gustuko dugun musika bat, eta hori da garrantzitsuena.

– Danbaka musika lehiaketan parte hartu zenuten, eta Ekinez saria irabazi, gainera; zer da halako ekitaldi batean jotzea? 

Plazera izan da sari hori jasotzea. Gainera, disko berria kaleratu dugula kontuan hartuta, horri ikusgarritasun handiagoa emateko aukera paregabea dela iruditzen zaigu.

– Horrez gain, baduzue kontzertu gehiago lotuta?

Bi kontzertu jo ditugu dagoeneko, eta beste hiru ditugu lotuta: maiatzaren 2an, Arrasateko San Andreseko jaietan jo genuen; eta 9an Oñatin, San Miel Txiki jaietan. Hortik aurrera, hilaren 24an, Gernikan joko dugu, Nexo 60 jaialdian; maiatzaren 31n, Bergarako Ekinez jaialdian; eta, azkenik, ekainaren 14an, Aretxabaletako Ezkutu tabernaren bederatzigarren urteurrenean.